Jehoba: Ezagutzea merezi duen Jainkoa
Jehoba: Ezagutzea merezi duen Jainkoa
FALTA al liteke gure bizitzan inportantea den zerbait? Seguruenik hala gertatu daiteke Jainkoari buruz gutxi baldin badakigu. Zergatik? Milioika lagunek ikusi duten bezala, Bibliako Jainkoa ezagutzeak izugarri laguntzen duelako bizitzan. Jainkoa ezagutzearen bedeinkapenak berehala hasten dira eta iraun egiten dute.
Jehobak, Bibliaren Autoreak, bera ezagutu dezagun nahi du. Salmogileak honakoa idatzi zuen: «Jakin bezate zu, zu bakarrik, zarela Jauna, zu bakarrik lur guztiaren gain Goi-goikoa». Badaki guk bera ezagutzea geure onerako dela. «Neu naiz Jauna, zure Jainkoa, zeure onerako irakasten dizudana». Nola laguntzen digu Jehoba, Jainko Gorena, ezagutzeak? (83. Salmoa 19 [83:18, NWT]; Isaias 48:17).
Jainkoa ezagutzean eguneroko arazoei aurre egiteko gida, etorkizunerako itxaropen sendoa eta barneko bakea lortzen dugu. Gainera, Jehoba ondo ezagutzeak mundu guztiak aurre egin behar dituen galdera garrantzitsuenen aurrean jarrera desberdina izatera bultzatzen gaitu. Zer galdera dira horiek?
Ba al du biziak zentzurik?
Nahiz eta teknologian gizadiak aurrerakuntza txundigarriak egin dituen, oraindik ere jendeak oinarrizko galdera berdinak egiten dizkio bere buruari: «Zergatik gaude hemen? Nora goaz? Zein da biziaren helburua?». Erantzun asegarriak aurkitzen ez direnean, biziak ez du benetako zentzurik. Horrela sentitzen al da jende asko? 90. hamarkadaren amaieran Alemanian egindako inkesta batean, galdetutako lagunen erdiak askotan edo batzuetan biziak ez duela zentzurik sentitzen zuela aitortu zuen. Agian, bizi zaren lekuan ere asko horrela sentitzen dira.
Norbaitek biziaren zentzua argi ez duenean, bere helburuak lortzeko oinarria falta du. Gabezia hori konpentsatzeko, asko lanean arrakasta izaten eta aberastasunak lortzen saiatzen dira. Baina bizitzan hutsik sentitzen dira. Batzuek biziaren zentzua ez aurkitzeak hainbeste nahigabetzen ditu, ez dutela gehiago bizi nahi. Horixe da emakume gazte eder bati gertatu zitzaiona. International Herald Tribune egunkariaren arabera, «pribilegio eta aberastasun ugariren artean hazi zen». Luxuzko bizimodua izan arren, bakarrik sentitzen zen eta ez zion bere bizitzari zentzurik aurkitzen. Azkenean, lo egiteko pastillen gehiegizko dosia hartu eta hilda aurkitu zuten. Agian zuk ere ezagutu dituzu bakarrik sentitu eta bizitzan gaizki bukatu duten beste batzuk.
Entzun al duzu inoiz zientziak biziari buruzko gauza guztiak azaldu ditzakela? Die Woche astekari alemaniarrak honakoa dio: «Nahiz eta zientzia oso zehatza izan, gai espiritualetan ahula da. Eboluzioak sinpleegia dirudi. Fisika kuantikoak, aldiz, hain konplexua izanik, ez du kontsolamendurik eta segurtasunik eskaintzen». Aurkikuntza zientifikoei esker, bizi mota desberdinak eta naturako ziklo eta prozesuak azaldu ahal izan dira. Hala ere, zientziak ezin digu esan zergatik gauden hemen eta nora goazen. Zientzian bakarrik oinarrituko bagina, biziaren zentzuari buruzko galderak erantzunik gabe geratuko lirateke. Ondorioz, Süddeutsche Zeitung egunkariak dioen bezala, «oso zabaldua dago gida jasotzeko beharra».
Nork eman lezake gida hori gure Sortzaileak baino hobeto? Gizakiak hasieratik lurrean jarri zituenez, berak badaki zergatik gauden hemen. Gizakiak Lurra betetzeko eta zaintzeko sortu zituela esaten du Bibliak. Egiten zuten guztian Jehobaren ezaugarriak erakutsi behar zituzten, esaterako, justizia, jakinduria eta maitasuna. Jehobak zergatik sortu gintuen jakiten dugunean, zergatik gauden hemen ulertzen dugu (Hasiera 1:26-28).
Zer egin dezakezu?
Baina zer gertatzen da «Zergatik gaude hemen?, «Nora goaz?» eta «Zein da biziaren helburua?» galderei ez badiezu erantzun asegarririk aurkitu? Bibliak Jehoba sakonki ezagutzea gomendatzen dizu. Izan ere, Jesusek esan zuen: «Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean». Honetaz gain, Jainkoak dituen ezaugarri berak garatzea komenigarria da, batez ere, maitasuna. Gainera, laster etorriko den Jainkoaren Erreinu Mesianikoaren agindupean bizitzeko helburua izan behar zenuke. Horrela, zure biziak zentzua izango du eta etorkizunerako esperantza zoragarri eta segurua izango duzu. Orain arte kezkatzen zintuzten galderek seguruenik erantzuna izango dute (Joan 17:3; Kohelet 12:13).
Zer eragin izango dute zugan oinarrizko galderen erantzunek? Hans izeneko gizonak ondo daki hori. * Duela urte batzuk oso gutxi ezagutzen zuen Jainkoa eta bere fedeak ez zuen bere bizimoduan eraginik. Bere mundua drogak, emakumeak, krimen txikiak eta motorrak ziren. Hansek honakoa azaltzen du: «Baina nire bizitza hutsik zegoen. Ez ninduen asetzen». 25 bat urte zituenean, Biblia arretaz irakurriz, Jainkoa hobeto ezagutzea erabaki zuen. Jehoba sakonki ezagutu eta biziaren zentzua ulertu zuenean, Hansek bizimodua aldatu eta Jehobaren lekuko izateko bataiatu zen. Azkeneko hamar urteetan denbora osoko zerbitzuan egon da. Honakoa dio: «Jehoba zerbitzatzea bizimodurik onena da. Ezin daiteke beste ezerekin konparatu. Jehoba ezagutzeak nire bizitzari zentzua eman dio».
Noski, askorentzat biziaren zentzua ez da kezka bakarra. Munduaren egoerak okerrera egiten duen heinean, geroz eta jende gehiago dago beste galdera batengatik kezkatuta.
Zergatik gertatu behar izan zuen?
Ezbeharrak jotzean, kaltetuak galdera honetan bakarrik pentsatzen du askotan: «Zergatik gertatu behar izan zuen?». Ezbeharrari emozionalki aurre egiteko gaitasuna, neurri handi batean, galdera horri erantzun aproposa aurkitzearen baitan dago. Ez badago erantzunik, sufrimenduak jarraitu egiten du eta kaltetua samindu egin daiteke. Ikus dezagun Bruni izeneko ama baten bizipena.
«Duela urte batzuk nire alabatxoa hil egin zen», azaltzen du Brunik. «Jainkoarengan sinesten nuenez, apaizarengana joan nintzen kontsolamendu bila. Jainkoak Susanne zerura eraman eta, orain, aingeru bat dela esan zidan apaizak. Nire alabaren heriotzaren ondorioz mundua gainera etortzeaz gain, Jainkoa gorrotatzen hasi nintzen». Bruniren minak eta sufrimenduak hainbat urtetan jarraitu zuen. «Gero, Jehobaren lekuko batek ez neukala Jehoba gorrotatzeko arrazoirik erakutsi zidan Biblia erabiliz. Ez zuen Susanne zerura eraman eta ez da aingeru bat. Bere gaixotasuna giza inperfekzioaren ondorioa izan zen. Susanne heriotzan lo dago, Jehobak noiz berpiztuko duen zain. Gainera, gizakia Lurrean betiko bizitzeko sortua izan zela eta hori laster beteko dela ikasi nuen. Jehoba benetan nolakoa den ulertzen hasi nintzenean, berarengana hurbildu nintzen eta nire mina joaten hasi zen» (37. Salmoa 29; Eginak 24:15; Erromatarrei 5:12).
Milioika lagunek sufritzen dute ezbeharra era batera edo bestera: norberari gertatzen zaizkion zoritxarrak, gerrak, goseteak edo hondamendi naturalak. Jehoba ez dela ezbeharren erruduna, bere helburua ez dela inoiz gizakiak sufritzea izan eta laster gaiztakeria kenduko duela ikasi zuen Brunik Biblian, eta horrek asko lasaitu zuen. Geroz eta gaiztakeria gehiago egotea, mundu honen «azken egunetan» bizi garen seinale da. Gauzak erabat hobetuko dituen aldaketa laster etorriko da eta egun hori iristeko irrikan gaude (2 Timoteori 3:1-5; Mateo 24:7, 8).
Nola ezagutu dezakegu Jainkoa?
Hansek eta Brunik Jainkoarengan sinesten zuten, baina ez zuten gehiegi ezagutzen. Jehoba ondo ezagutzeko denbora hartu zutenean, beraien ahalegina saritua izan zen. Gaur egungo galdera garrantzitsuenen erantzunak aurkitu zituzten eta honek barneko bakea eta etorkizunerako itxaropen segurua eman zien. Jehobaren milioika zerbitzariri antzekoa gertatu zaie.
Jehoba ezagutzeko, lehenengo Biblia arretaz aztertu behar dugu, berari buruz eta guregandik eskatzen duenari buruz hitz egiten baitu. Hori da lehen mendean batzuek egin zutena. Lukas historialari eta medikuak honakoa esan zuen Bereako (Grezia) juduen kongregaziokoei buruz: «Gogo biziz hartu zuten mezua; egunero aztertu ohi zituzten Liburu Santuak, gauzak hala ote ziren ikusteko» (Eginak 17:10, 11).
Lehen mendeko kristauak kongregazioetan ere elkartzen ziren (Eginak 2:41, 42, 46; 1 Korintoarrei 1:1, 2; Galaziarrei 1:1, 2; 2 Tesalonikarrei 1:1). Gaur egun gauza bera gertatzen da. Jehobaren lekukoen kongregazioak ere bileretan elkartzen dira. Bilera hauek Jehobarengana gerturatzeko eta bera zerbitzatzean poza izateko diseinatuta daude. Lekukoekin elkartzeak beste modu batean ere laguntzen du. Gizakiak pixkanaka-pixkanaka adoratzen duten jainkoaren antzeko bihurtzen direnez, Jehobaren lekukoek Jehobak dituen ezaugarriak erakusten dituzte, neurri batean behintzat. Beraz, Lekukoekin biltzeak Jehoba hobeto ezagutzen laguntzen digu (Hebrearrei 10:24, 25).
Iruditzen al zaizu gehiegizko ahalegina dela Pertsona bakarra ezagutzeko? Egia da ahaleginak egin behar ditugula. Baina ez al da berdina gertatzen bizitzan lortu nahi ditugun beste gauza askorekin ere? Pentsatu goi-mailako kirolariek entrenatzeko egin behar dituzten ahaleginetan. Jean-Claude Killy frantziarrak, eskian urrezko medaila olinpikoa irabazi zuenak, nazioarteko kirol lehiaketa bat irabazteko behar dena aipatzen du: «Lehiaketa baino hamar urte lehenago hasi behar da prestatzen, urteetan zehar plangintza eginez eta egunero-egunero horretan pentsatuz. [...] Urteko egun bakoitzean egin beharreko lana da, bai mentalki, baita fisikoki ere». Eta denbora eta ahalegin hori guztia agian hamar minutu besterik iraungo ez dituen lehiaketa baterako! Pentsatu zenbat gehiago dagoen jokoan Jehoba ezagutzearekin.
Geroz eta adiskidetasun estuagoa
Nork nahi luke bere bizitzan inportantea den zerbait faltan egotea? Inork ez. Beraz, biziak zentzurik ez duela sentitzen baduzu edo ezbeharren zergatia jakin nahi baduzu, Jehoba, Bibliako Jainkoa, ezagutzeko erabakia hartu. Bera ezagutzeak bizitza hoberako eta betiko aldatuko dizu.
Amaituko al dugu inoiz Jehobari buruz ikasten? Urtetan bera zerbitzatzen egon direnak oraindik ere txundituta geratzen dira berari buruz ikasi dutenarekin eta berari buruz ikasten jarraitzen duten gauza berriekin. Hobeto ezagutzen dugun heinean, zoriontsuago sentituko gara eta berarekin dugun adiskidetasuna estuagoa izango da. Egin dezagun bat Paulo apostoluak esandakoarekin: «Bai handi eta sakonak Jainkoaren eskuzabaltasuna, jakinduria eta ezaguera! Bai aztergaitzak beraren erabakiak eta sumaezinak haren bideak! Nork ezagutu du Jaunaren pentsamendua? Nor izan da haren aholkulari?» (Erromatarrei 11:33, 34).
[Oin-oharra]
^ Izenak aldatu egin dira.
[Iruzkina]
Gizakiok oinarrizko galdera hauek egiten jarraitzen dugu: «Zergatik gaude hemen?», «Nora goaz?», «Zein da biziaren zentzua?».
[Iruzkina]
«Jehoba benetan nolakoa den ulertzen hasi nintzenean, berarengana hurbildu nintzen»
[Iruzkina]
«Jehoba zerbitzatzea bizimodurik onena da. Ezin daiteke beste ezerekin konparatu. Jehoba ezagutzeak nire bizitzari zentzua eman dio»