Jainkoa ohoratzen al du gure janzteko moduak?
«Egizue dena Jainkoaren aintzarako» (1 KO 10:31).
1, 2. Zergatik apaintzen eta jazten dira modu egokian Jehobaren lekukoak? (Ikusi azaleko irudia)
«Pertsona asko arropa informalez jantzita zeuden, bereziki beroa egiten zuelako» dio Holandako egunkari batek erlijio buruen bilera bati buruz. «Jehobaren lekukoen biltzarretan ez da hori gertatzen. Gizonezkoek eta mutil gaztetxoek amerikana eta korbata eramaten dute, eta emakumeen gonen luzera modernoa eta gustu onekoa da». Izan ere, Jehobaren lekukoak «egoki jantzita», hau da, modestiaz eta zentzu onez janzteagatik dira ezagunak. Era honetan, «jainkozale» direla edo Jainkoari debozioa diotela erakusten dute (1 Tm 2:9, 10). Paulo apostoluak emakumeei buruz hitz egiten du, baina, esandakoa gizonentzako ere aplikagarria da.
2 Janzkerari buruzko printzipioak guretzat inportanteak dira, Jainkoarentzat ere inportanteak direlako (Has 3:21). Bibliak argi uzten du Jehobarentzat oso inportantea dela bere zerbitzarien janzteko modua. Horregatik, gure janzteko eta apaintzeko modua ez da gure gustuetan bakarrik oinarrituta egon behar. Jehobari gustatzen zaiona ere kontuan hartu behar dugu.
3. Zer ikasi dezakegu janzkerari buruz Jainkoak israeldarrei emandako Legetik?
3 Adibidez, Jainkoak israeldarrei emandako Legeak, inguruan zituzten nazioetako bizimodu moralgabetik babestu zituen. Jehobak gizon eta emakumeak bereizten ez dituen arropa gorroto du, eta Legeak hau argi erakusten zuen (Irakurri Deuteronomioa 22:5). Jainkoak janzkerari buruz emandako arauek argi uzten dute ez zaiola batere gustatzen gizonezkoei emakumeen itxura ematen dien janzkera, edo emakumeei gizonezkoen itxura ematen diena, edo gizon eta emakumeak bereiztea zaila egiten duen arropa.
4. Zerk lagundu ahal digu janzteko moduari buruz erabaki onak hartzen?
4 Jainkoaren Hitzak, kristauoi janzteko orduan erabaki onak hartzeko printzipioak ematen dizkigu. Hauek lagungarriak dira non bizi garen edo gure kultura eta klima zein den inporta gabe. Ez dugu onargarriak diren janzkeren edo ez direnen lista zehatzik behar. Horren ordez, Biblia printzipioak jarraitzen ditugu eta hauek, gustu pertsonalerako aukera asko ematen dizkigute. Aztertu ditzagun Biblia printzipio batzuk gure janzkerari buruz erabakiak hartzean Jainkoarentzat «zer den ona, atsegingarri zaiona eta bikaina» dena argi ikusten laguntzeko (Erm 12:1, 2).
«GAUZA GUZTIETAN JAINKOAREN ZERBITZARI GARELA AGERTZEN DUGU»
5, 6. Zer eragin du gure janzteko erak besteengan?
5 Paulo apostolua inspirazio bidez 2 Korintoarrei 6:4an (irakurri) aurkitzen dugun printzipio inportantea azpimarratu zuen. Gure janzteko eta apaintzeko moduak asko esaten du guri buruz. Jende asko guri buruzko iritzi bat egitera iristen da «gizakiak itxurari begiratzen baitio» (1 Sm 16:7). Jainkoaren zerbitzari garenez, ez diogu garrantzia eroso egoteari edo arropa gure gustukoa izateari bakarrik eman behar. Jainkoaren Hitzeko printzipioek, estuegia den arropa, gehiegi erakusten duena, edo sexya dena baztertzera motibatzen gaituzte, hau da, gure gorputzeko parte intimoak nabarmentzen dituen arropa. Ez litzateke inor gure janzkera ikustean deseroso edo beste leku batera begiratzeko behartuta sentitu behar.
6 Garbia, modestoa eta aproposa den arropa eramaten dugunean, pertsonek errazago onartuko dute gu Jehobaren zerbitzari garela, eta adoratzen dugun Jainkoarengandik erakarriak sentitu daitezke. Gainera, gure erakundeari buruz inpresio ona emango dugu. Ondorioz, batzuk, agian, gure mezua entzuteko prest egongo dira.
7, 8. Noiz bereziki jantzi behar dugu arropa aproposa?
7 Predikatzen dugun mezuaren duintasuna mantentzen duen eta Jehobari gorespena ematen dion arropa jantzi behar dugu. Zergatik? Jainkoa, gure anai-arrebak eta eremuko pertsonak errespetatzen ditugulako (Erm 13:8-10). Hau kontuan hartzen dugu, batez ere, gure kristau jardueretan parte hartzen dugunean, bileretara joatean edo predikatzean adibidez. «Jainkozale diren [pertsonei] dagokien» moduan jantzi beharko ginateke (1 Tm 2:10). Noski, toki batean aproposa den arropa, agian, ez da aproposa beste toki batean. Beraz, mundu osoko Jehobaren lekukoek inguruko ohiturak kontuan hartzen dituzte inor ez mintzeko.
8 Irakurri 1 Korintoarrei 10:31. Biltzar batera goazenean, gure arropak egokia eta modestoa izan beharko luke. Ez genituzke mundu honetan ohikoak diren moda extremoak imitatu behar. Hotelera iristean edo ateratzean, eta biltzarraren aurretik eta ondoren aisialdian gaudenean ere, ez genuke itxura informalegia edo narrasa izan nahi. Horrela harro sentituko gara Jehobaren lekukoak garela esateaz. Gainera, aukera dugunean, predikatzeko eroso sentituko gara.
9, 10. Nola laguntzen digu Filipoarrei 2:4ak zer jantziko dugun erabakitzen?
9 Irakurri Filipoarrei 2:4. Zergatik izan behar dugu kontuan kristau guztiok gure janzteko eta apaintzeko moduak beste anai-arrebengan duen eragina? Arrazoietako bat Jainkoaren zerbitzari guztiok Bibliako ondorengo agindua betetzen gogor saiatzen garela da: «Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, zikinkeria, irrits eta grina txarrak» (Kol 3:2, 5). Ez dugu anai-arrebek agindu hau betetzeko oztopo bat izan nahi. Iraganean bizimodu moralgabea izan duten anai-arrebek, agian, oraindik ere desio txarren aurka borrokan ari dira (1 Ko 6:9, 10). Eta guk ez diegu borroka hau zailagoa egin nahi, ezta?
10 Gure anai-arrebekin gaudenean, gure janzteko moduak kongregazioa garbi mantentzen lagundu beharko luke, bai bilera aretoan gaudenean, zein hortik kanpo elkartzen garenean ere. Zer jantziko dugun aukeratzeko askatasuna dugu, baina aldi berean, arropa aukeratzean, besteei garbi mantentzen eta pentsamenduz, hitzez eta ekintzez Jainkoaren santutasun arauak betetzen laguntzeko ardura dugu (1 P 1:15, 16). Benetako maitasuna «ez da lotsagabea, ez berekoia» (1 Ko 13:4, 5).
JANTZI DEZAGUN EGOERA BAKOITZERAKO APROPOSA DEN ARROPA
11, 12. Zer jantziko dugun erabakitzerakoan, zer hartu behar dugu kontuan?
11 Zer jantziko dugun erabakitzerakoan, Jainkoaren zerbitzariok ekintza eta jarduera bakoitzarentzat denbora bat dagoela gogoratu behar dugu (Koh 3:1, 17). Logikoa da klimak, urtaroak edota egoera pertsonalak janzten dugunean eragina izatea, baina, Jehobaren arauak ez dira eguraldiaren araberakoak (Ml 3:6).
12 Klima beroa den lekuetan, erronka handiagoa izan daiteke erosoa, egokia eta zentzu ona erakusten duen arropa janztea. Horregatik, gure anai-arrebek asko eskertzen dute gure arropa estuegia edo gehiegi erakusten duena ez izatea (Jb 31:1). Hondartzan edo igerileku batean gaudenean ere, gure bainujantziak modestoa izan beharko luke (Es 11:2, 20, NWT). Nahiz eta munduko jende askok gehiegi erakusten duten bainujantziak erabili, Jehoba zerbitzatzen dugunok, maite dugun Jainko santuari ohorea eman nahi diogu.
13. Zergatik izan beharko genuke kontuan 1 Korintoarrei 10:32, 33ko aholkua jantziko dugun arropa erabakitzerako orduan?
13 Arropa egokia aukeratzerako orduan, beste printzipio garrantzitsu bat kontuan hartu behar dugu: Anai-arrebak direnen eta ez direnen kontzientzia kontuan hartzea (Irakurri 1 Korintoarrei 10:32, 33). Gure ardura da besteak mindu dezakeen arropa edo janzkera ez erabiltzea, eta hau serioski hartu behar dugu. Paulok honakoa esan zuen: «Saia gaitezen guztiok lagun hurkoari atsegin ematen, ona eta fedean hazteko lagungarri zaiona bilatuz». Eta beste arrazoi bat ere eman zuen: «Kristok ere ez zuen bere atsegina bilatu» (Erm 15:2, 3). Bai, Jesusek besteak laguntzea bere interesen gainetik jarri zuen. Berarentzat, Jainkoaren nahia egiteko funtsezkoa zen besteak laguntzea. Beraz, guk ere gure arropa gustukoa izan arren, mezua entzun behar duten pertsonentzat oztopo bat bada, baztertu egin beharko genuke.
14. Nola irakatsi ahal diete gurasoek euren seme-alabei Jainkoa gorestuko duen moduan janzten?
14 Guraso kristauek euren familiei Biblia printzipioak praktikan jartzen irakasteko ardura dute. Horregatik, euren familia osoak Jainkoa poztuko duen janzteko eta apaintzeko modu modestoa duela ziurtatzen saiatuko dira (Es 22:6; 27:11). Gurasoek beraien eredu onarekin eta argibide maitekorrekin, euren seme-alabei santua den Jainkoari begirune izaten laguntzen diete. Seme-alabei egokia den arropa non eta nola aurkitu dezaketen irakasten dieten gurasoek, zoriontzea merezi dute. Honela, gustukoa izateaz gain, Jehobaren izen ona ohoratuko duen arropa izango dute.
JEHOBA OHORATZEN DUTEN ERABAKIAK HARTU
15. Zerk gidatu beharko lituzke janzkerari buruz hartzen ditugun erabaki pertsonalak?
15 Bibliako printzipioek Jainkoa ohoratzen duten erabakiak hartzen laguntzen digute. Noski, janzten dugun arropa gure gustu pertsonalaren eta gure egoera ekonomikoaren araberakoa izango da. Baina, gure janzteko moduak beti txukuna, garbia, modestoa, egoera bakoitzarentzako egokia eta bizi garen lekuan onargarria izan behar du.
16. Zergatik merezi du egoki janzteko ahaleginak egitea?
16 Onartu behar dugu, erabaki bat hartzean, ez dela beti erraza zentzu ona erakustea edo lehen aipatu ditugun faktore guztiak kontuan hartzea. Denbora hartu behar da eta ahaleginak egin behar dira egokiak diren gona, soineko edo blusak, edota estuegiak ez diren traje edo prakak aurkitzeko. Denda askotan, modan dagoena bakarrik saltzen dute. Baina, gogora dezagun anai-arrebek asko eskertuko dutela arropa polita eta egokia eramateko egiten ditugun ahaleginak. Gainera, gure janzkerarengatik Jehoba ohoratuko dugu; eta honek ematen digun poztasunak arropa egokia bilatzeko izan dezakegun edozein zailtasun konpentsatuko du.
17. Zer izan behar du kontuan anaia batek bizarra eraman edo ez erabakitzean?
17 Eta zer esan dezakegu bizarrari buruz? Egokia al da kristau batentzat? Moisesen Legeak gizonezkoei bizarra eramatea eskatzen zien. Hala ere, kristauok ez dugu Moisesen Legea bete beharrik (Lb 19:27; 21:5; Ga 3:24, 25). Kultura batzuetan, ondo zaindutako bizarra eramatea onargarria eta errespetagarria izan daiteke, eta beraz, ez dio Erreinuaren mezuari oztoporik jartzen. Horregatik, anaia izendatu batzuek bizarra daramate. Hala ere, beste anaia batzuek ez eramatea erabakitzen dute (1 Ko 8:9, 13; 10:32). Beste kultura edo leku batzuetan, ez da ohikoa bizarra eramatea eta ez dago ondo ikusia Jehobaren lekuko batek bizarra izatea. Ondorioz, gizonezko batek bizarra uztea oztopo bat izan daiteke Jainkoari ohorea emateko eta izen ona mantentzeko (Erm 15:1-3; 1 Tm 3:2, 7).
18, 19. Nola laguntzen digu Mikeas 6:8ak, NWT gure arroparekin Jehoba pozten?
18 Asko eskertzen diogu Jehobari, janzteko eta apaintzeko moduari buruz, arauez betetako zerrenda luze bat ez emateagatik. Horren ordez, Bibliako printzipioetan oinarrituz, erabaki pertsonalak hartzeko askatasuna ematen digu. Beraz, gure janzteko eta apaintzeko moduarekin ere, Jainkoarekin modestiaz ibili nahi dugun erakutsiko dugu (Mi 6:8, NWT).
19 Badakigu Jehobarengandik jasotzen dugun gida hoberena dela eta behar-beharrezkoa dugula. Horregatik, modestoak eta apalak garela erakusten dugu Jehobaren arau garbi eta santuak jarraitzen ditugun ala ez aztertzen dugunean. Gainera, modestoak bagara, besteen sentimenduak eta iritziak errespetatzen ditugula erakutsiko dugu. Beraz, Jainkoarekin modestiaz ibiltzen gara bere arau altuak jarraitzen ditugunean, eta besteen sentimenduak errespetatzen ditugunean.
20. Zer eragin izan beharko luke gure janzteko eta apaintzeko moduak besteengan?
20 Gure arroparekin jendeak eta anai-arrebek Jehobaren adoratzaileak garela eta bera modu egokian ordezkatzen dugula argi eta garbi ikusi behar dute. Berak arau moral altuak ditu eta poz-pozik hauen arabera bizitzen saiatzen gara. Beraien itxura eta jokaera onarengatik bihotz oneko jendea Jehobarengana erakartzen duten anai-arrebak zoriondu nahi ditugu. Horrela, Jehobari ohorea ematen diote bera poztuz eta jendeak Bibliako mezu salbatzailea entzuteko aukera du. Jarraitu dezagun janzteko moduari buruzko erabaki zentzudunak hartzen Jehobari ohorea emateko, bera «distiraz eta handitasunez» baitago jantzita (Sal 104:1, 2).