Zer dio Bibliak adineko gurasoak zaintzeari buruz?
Bibliaren erantzuna
Seme-alaba helduek euren gurasoak zaintzeko ardura handia dute. Bibliaren arabera, seme-alabek «ikasi behar dute lehenik beren etxekoenganako eginbeharrak betetzen eta gurasoei zor dietena itzultzen, hori baitu atsegin Jainkoak» (1 Timoteori 5:4). Hau euren fedearen arduren artean dago. Seme-alaba helduek euren gurasoak ondo zaintzen dituztenean, Bibliak gurasoak ohoratzeari buruz ematen duen agindua betetzen ari dira (Efesoarrei 6:2, 3).
Bibliak ez du adineko gurasoak zaintzeari buruzko argibide zehatzik ematen. Hala ere, iraganeko gizon eta emakume batzuek zer egin zuten azaltzen du. Gainera, edadetua den norbait zaintzen duenarentzat lagungarriak izan daitezkeen aholku praktikoak ematen ditu.
Biblia garaian, nola zaindu zituzten pertsona batzuek euren adineko gurasoak?
Egoeraren arabera, hainbat modutan zaindu zituzten.
Jose, Jakob bere adineko aitarengandik urrun bizi zen. Gertuago bizitzeko aukera izan zuenean, hala egin zuen Josek. Bere aita babestu zuen, bizitzeko toki bat eta janaria eskainiz (Hasiera 45:9-11; 47:11, 12).
Rut bere amaginarrebaren herrialdera bizitzera joan zen eta gogor lan egin zuen bera zaintzeko (Rut 1:16; 2:2, 17, 18, 23).
Jesusek, hiltzear zegoenean, norbait aukeratu zuen dirudienez alarguna zen bere ama Maria zaintzeko (Joan 19:26, 27). a
Zein Biblia aholku praktikok lagundu ahal diete gurasoak zaintzen dituztenei?
Gurasoak zaintzea batzuetan nekagarria izan daiteke, bai fisikoki, bai emozionalki. Hala ere, Bibliak lagungarriak diren aholkuak ematen ditu.
Errespetua eta duintasuna erakutsi gurasoei.
Bibliak esaten duena: «Ohoratu aita-amak» (Irteera 20:12).
Nola jarri dezakezu hau praktikan? Gurasoen mugak kontuan hartuta, utzi euren bizitzen jabe izaten. Ahal den heinean, utzi euren zaintzarekin lotuta dauden erabakiak hartzen. Errespetua eta duintasuna erakutsi gurasoei, beraiek zaintzerakoan ahal duzuna eginez.
Ulerkorra eta barkabera izan.
Bibliak esaten duena: «Zentzudunak menderatu egiten du haserrea, ohoragarri zaio iraina kontuan ez hartzea» (Esaera Zaharrak 19:11).
Nola jarri dezakezu hau praktikan? Gurasoek atsegina ez den zerbait esaten badute edo zure zaintzeko moduagatik esker txarrekoak direla badirudite, honakoa galdetu zeure buruari: «Nola sentituko nintzateke antzeko mugak edo frustrazioak izango banitu?». Ulerkorra eta barkabera izaten saiatzen zarenean, egoera okerrera joaten saihestuko duzu.
Besteei galdetu.
Bibliak esaten duena: «Plangintzarik gabe egitasmoek porrot, askoren aholkuez arrakasta» (Esaera Zaharrak 15:22).
Nola jarri dezakezu hau praktikan? Informazioa bilatu gurasoen osasun arazoez nola arduratu zaitezkeen jakiteko. Ikusi zer laguntza eskaintzen diren bizi zaren tokian. Guraso helduak zaindu dituztenekin hitz egin. Anai-arrebak badituzu, beraiekin bildu gurasoen beharrei, hauen zaintzari eta ardurak banatzeari buruz hitz egiteko.
Zure mugak onartu.
Bibliak esaten duena: «Zuhurtzia apaltasunaren lagun» (Esaera Zaharrak 11:2).
Nola jarri dezakezu hau praktikan? Kontuan izan zein gauza egin ditzakezun eta zeintzuk ez. Guztiok ditugu denbora eta energia mugatuak. Horregatik, agian ezingo duzu gurasoengatik gustatuko litzaizukeen guztia egin. Gurasoak zaintzea gehiegizkoa bada zuretzat, beste familia kideei edo profesionalei laguntza eskatu.
Zeure burua zaindu.
Bibliak esaten duena: «Ez du inork bere gorputza gorrotatzen, baizik eta jaten eman eta zaindu egiten du» (Efesoarrei 5:29).
Nola jarri dezakezu hau praktikan? Nahiz eta zure gurasoak zaintzeko ardura izan, zeure burua zaindu behar duzu eta, ezkonduta bazaude, baita zure familia ere. Ondo elikatzea, eta nahikoa deskantsatzea eta lo egitea beharrezkoa da (Kohelet 4:6). Ahal denean, komenigarria da etenalditxoak egitea. Horrela, zure gurasoak zaindu ahal izango dituzu, emozionalki, mentalki eta fisikoki hobeto egongo zarelako.
Esaten al du Bibliak seme-alabek gurasoak etxean zaindu behar dituzten ala ez?
Bibliak ez du honen inguruan jarraibide zehatzik ematen. Familia batzuek gurasoak etxean bizitzea erabakitzen dute ahal duten arte. Hala ere, uneren batean, zahar egoitza batean egoteko momentua iritsi dela pentsa dezakete, bertan jasoko duten zaintza hobea izan daitekeelako. Komenigarria da familia biltzea, guztiontzat hoberena zer den erabakitzeko (Galaziarrei 6:4, 5).
a Pasarte honen inguruan, Biblia komentarista baten arabera, ziurrenik Jose [Mariaren senarra] denbora luzez hilda zeramanez, Jesus izan zen bere amaz arduratu zena. Baina, zer gertatuko zitzaion Mariari Jesus hiltzear zegoenean? Biblia komentarista honek dioenarekin jarraituz, «Jesusek seme-alabei euren adineko gurasoak zaindu eta kontsolatu behar zituztela irakatsi zien» (The NIV Matthew Henry Commentary in One Volume [Matthew Henryren NIV-ko Iruzkinak Liburuki Batean], Matthew Henry, 428 eta 429 or.).