GAZTEEN GALDERAK
Zer egin dezaket nire irakaslearekin ondo konpontzeko?
Hau irakasle jasanezina!
Goiz edo berandu, ia ikasle guztiek izaten dute bidegabea, zorrotzegia edo bihotz-gogorra dela iruditzen zaien irakasleren bat.
21 urteko Luisek dio: «Askotan hitz itsusiak esaten zituen irakasle bat izan nuen eta bere ikasleak ere ez zituen errespetuz tratatzen. Erretiratzear zegoenez, bazirudien ez zuela lana galtzeko beldurrik».
25 urteko Melaniek, bere irakasleak bereziki bera gaizki tratatzen zuela gogoratzen du: «Erlijio minoritario baten parte nintzen aitzakia jartzen zuen. Beraz, gaizki tratatua izatera ohitu behar nintzela esan zidan».
Irakasle gogorren bat baduzu ere, ez du zoritxarreko ikasturtea izan beharrik. Zergatik ez zara honakoa egiten saiatzen?
Bizirauteko aholkuak
Izan moldakorra. Irakasle bakoitzak gauza desberdinak eskatzen dizkie ikasleei. Beraz, saiatu zure irakasleak zugandik espero duena jakiten, eta betetzen ahalegindu zaitez.
Biblia printzipioa: «Zuhurrak entzun [...] eta zuhurrago bihurtuko da» (Esaera Zaharrak 1:5).
«Nire irakaslearen estilora egokitu behar nuela konturatu nintzen. Beraz, etxeko lanak berak nahi zituen bezala egiten saiatu nintzen. Hau egiteak berarekin hobeto konpontzen lagundu zidan» (Christopher).
Erakutsi errespetua. Atsegina izan zure irakasleekin hitz egiterakoan. Ez iezaiezu errespetu faltarekin hitz egin, nahiz eta hori merezi dutela uste izan. Eta gogoratu: Beraien ikaslea zara, ez kidea.
Biblia printzipioa: «Zuen hizketa izan dadila beti atsegina eta gatzduna, bakoitzari dagokion eran erantzuten jakinez» (Kolosarrei 4:6).
«Ikasleek ez diete beti irakasleei merezi duten errespetua erakusten. Baina beraiek errespetatzen saiatzen bazara, askoz hobeto tratatuko zaituzte» (Ciara).
Izan ulerkorra. Irakasleek, beste guztiok bezala, presio eta antsietateari egin behar diete aurre. Beraz, ez pentsatu irakaslea bihotz-gogorra denik edo begitan hartu zaituenik.
Biblia printzipioa: «Denok baitugu askotan huts egiten» (Santiago 3:2).
«Irakasleek lan gogorra dute. Ez dakit zer egingo nukeen hainbeste ikasle ondo portatu daitezen eta zerbait ikasi dezaten lortzeko. Horregatik, beti saiatu nintzen nire irakasleei gauzak errazten eta lan gehiago ez ematen» (Alexis).
Hitz egin zure gurasoekin. Zuri ikasketetan ondo joatea nahi dutenez, aholku onak eman ahal dizkizute irakasle zail batekin ondo konpontzeko.
Biblia printzipioa: «Plangintzarik gabe egitasmoek porrot» (Esaera Zaharrak 15:22).
«Gurasoek gazteek baino esperientzia handiagoa dute arazo zailak konpontzen. Beraz, kasu egiezu eta seguruenik ondo joango zaizu» (Olivia).
Hitz egin zure irakaslearekin
Kasu batzuetan baliteke zure irakaslearekin hitz egin behar izatea berarekin duzun arazoari buruz. Zure irakasleari aurre egiteak beldurtzen bazaitu, ez kezkatu. Gogoratu hau ez dela borroka bat, elkarrizketa bat baizik, eta agian harrituko zaitu zuk uste baino errazagoa dela ikusteak.
Biblia printzipioa: «Saia gaitezen, bada, bakea indartzeko [...] lagungarri diren gauzetan» (Erromatarrei 14:19).
«Zure irakasleak zurekin bakarrik jokatzen duela gaizki badirudi, galdegiozu haserretu duen zerbait egin duzun. Berak esaten dizunak zertan hobetu dezakezun jakiten lagunduko dizu» (Juliana).
«Agian onena zure irakasleari nola sentitzen zaren azaltzea da. Horretarako, hitz egin ezazu berarekin bakarrik eta lasaitasunez, klasea hasi aurretik edo ondoren. Baliteke irakaslea arrazoitsua izatea eta egoera honi aurre egiteko moduagatik zu errespetatzea» (Benjamin).
BIZIPENA
«Nota txarrak ateratzen ari nintzen eta nire irakasleak ez zidan batere laguntzen. Eskola utzi nahi nuen berarengatik gorriak ikusten ari nintzelako.
Beste irakasle batengana joan nintzen aholku eske. Honakoa esan zidan: “Berak ez zaitu ezagutzen eta zuk ere ez duzu bera ezagutzen. Arazoak dituzula azaldu behar diozu eta horrela agian berarekin hitz egiteko beldur diren beste ikasle batzuk lagunduko dituzu”.
Ez zidan batere graziarik egin hori egin behar izateak! Baina berak esandakoan pentsatu eta, gero, arrazoi zuela ikusi nuen. Egoera aldatzea nahi banuen, nik eman behar nuen lehenengo pausoa.
Beraz, hurrengo egunean, nire irakaslearekin hitz egin nuen. Errespetuz esan nion benetan baloratzen nituela bere klaseak eta ondo aprobetxatu nahi nituela. Hala ere, asko kostatzen ari zitzaidala eta ez nekiela zer egin esan nion. Hainbat aholku eman zizkidan eta, gainera, klasea bukatu eta gero edo e-mailez laguntzeko eskaini zuen bere burua.
Ezin nuen sinetsi! Berarekin hitz egin eta gero, hobeto konpontzen hasi ginen eta eskolan gauzak hobeto joaten hasi ziren» (Maria).
Aholkua: Irakasle batekin arazorik baduzu, heldua izatean lagunduko dizun trebakuntza bezala ikusi. 22 urteko Katiek dio: «Eskola bukatu eta gero, hain atsegina ez den autoritate gehiagoko jendearekin aurkituko zara seguruenik. Zure irakaslearekin ondo konpontzen ikasten baduzu orain, etorkizunean errazagoa izango zaizu tratatzeko zaila den jendearekin ondo konpontzea».