Saltatu edukira

GAZTEEN GALDERAK

Nola lagundu ahal dit Bibliak? 3. zatia: Biblia irakurketari probetxurik handiena ateraz

Nola lagundu ahal dit Bibliak? 3. zatia: Biblia irakurketari probetxurik handiena ateraz

 Biblia irekitzen duzunean, hitzez josita dagoela ikusiko duzu. Baina ez desanimatu! Horren ordez, imajinatu Biblia janariz gainezka dagoen buffet bat dela. Ezinezkoa da dena jatea. Baina nahikoa hartu ahal duzu asetzeko.

 Zure Biblia irakurketari probetxurik handiena ateratzeko, irakurtzen duzunean arreta jarri behar duzu. Artikulu honek hori lortzen lagunduko dizu.

Artikulu honetan aztertuko dena

 Zergatik jarri behar duzu arreta Biblia irakurtzean?

 Gero eta gehiago ahalegindu zure Biblia irakurketan, orduan eta probetxu handiagoa aterako duzu. Hausnartu hurrengo konparaketan: te poltsatxo bat ur berotan denbora gutxiz sartzen baduzu, urak zapore pixka bat hartuko du. Baina uretan denbora luzez uzten baduzu, askoz zapore gehiago lortuko duzu.

 Antzekoa gertatzen da Biblia irakurketarekin. Biblia azkar irakurri beharrean, hartu denbora irakurtzen ari zarenaz hausnartzeko. Hori da 119. Salmoaren idazleak egin zuena. Jainkoaren Legeari buruz hitz eginez, honakoa esan zuen: «Bera dut hausnargai egun osoan» (119. Salmoa 97).

 Noski, honek ez du esan nahi egun osoa Biblia irakurtzen eta honetan hausnartzen eman behar dugunik. Gakoa hau da: Salmogileak denbora hartu zuen Jainkoaren Hitzean hausnartzeko. Hori egiteak erabaki onak hartzen lagundu zion (119. Salmoa 98-100).

 «Amak behin esan zidan: “Asteak zazpi egun ditu eta hauetan gustuko dituzun gauza asko egiten dituzu. Zergatik ez diozu Jehobari denbora pixka bat ematen? Bidezkoena da”» (Melanie).

 Biblia printzipioetan hausnartzen baduzu, errazagoa egingo zaizu erabaki onak hartzea. Esaterako lagunak aukeratzen edo gauza txar bat egiteko tentazioari aurre egiten lagundu ahal dizu.

 Nola atera ahal diozu probetxurik handiena Biblia irakurketari?

  •   Plan bat egin. «Biblia irakurtzeko errutina bat jarri», gomendatzen du Julia izeneko nerabe batek. «Zer irakurriko duzun, noiz irakurriko duzun eta non irakurriko duzun erabaki».

  •   Sortu egoera aproposa. «Bilatu lasaia den toki bat», gomendatzen du Gianna izeneko emakume gazte batek. «Gainera, zure Biblia irakurtzeko ordutegia familia kideekin partekatu, irakurtzen ari zarela moztu ez zaitzaten».

     Gailu elektroniko bat erabiltzen ari bazara, notifikazioak itzali. Paperezko Biblia irakurtzen ere saiatu zaitezke. Ikerketen arabera, paperezko argitalpen bat erabiltzean, irakurtzen ari garena ulertzea errazagoa da. Bestalde, kontzentrazioa mantentzea zailagoa da pantaila batetik irakurtzen ari garenean.

     «Pantaila batetik irakurtzeak distraitzen nau. Nire gailuak notifikazioak jasotzen ditu, bateria gabe geratzen da edo Interneta joaten zaio. Paperezko liburu batekin, aldiz, arduratzen nauen gauza bakarra nahiko argi izatea da» (Elena).

  •   Otoitz egin hasi aurretik. Eskatu Jehobari irakurriko duzun Biblia pasartea ulertzen, gogoratzen eta nola lagundu zaitzakeen ikusten laguntzeko (Santiago 1:5).

     Otoitzean eskatu duzunarekin bat egiteko, sakondu irakurtzen ari zaren pasartean. Nola egin dezakezu? Biblia JW Library aplikazioan edo online irakurtzen ari bazara, bertset batean klik egin dezakezu ikerketa gehigarria edo honi buruzko artikuluak aurkitzeko.

  •   Galderak egin. Adibidez: «Zer irakasten dit pasarte honek Jehobari buruz? Imitatu dezakedan bere ezaugarriren bat azpimarratzen al du?» (Efesoarrei 5:1). «Nire bizitzan aplikatu dezakedan zer irakaspen ateratzen dut?» (119. Salmoa 105). «Erabili al dezaket irakurritakoa norbaiti laguntzeko?» (Erromatarrei 1:11).

     Gainera, zure buruari galdetu ahal diozu: «Zer lotura dago irakurri dudana eta Bibliaren gai nagusiaren artean?». Galdera hau bereziki garrantzitsua da. Zergatik? Biblian dagoen guztia, Hasieratik Apokalipsira, gai nagusi batekin erlazionaturik dagoelako. Alde batetik, Jehobak bere izena santutuko du bere zeruko Erreinuaren bitartez; beste aldetik, agintzeko eskubidea du eta bere agintzeko modua hoberena da.