Maite dituzula esaiezu
Ong-Li Bulgariako Jehobaren lekukoa da. Zlatka izeneko emakume gazte bati Biblia irakasten zion. Bere senarrak ez zuen Biblia ikasten. Honakoa dio Ong-Lik: «Familia bizitzari buruz hitz egitean, senar-emazte eta seme-alabei maite ditugula esatearen garrantzia azpimarratu nion. Zlatkak tristuraz begiratu zidan eta ez ziela inoiz senarrari eta bederatzi urteko alabari maite zituela esan azaldu zidan».
Hau esan zuen Zlatkak: «Beraiengatik edozer gauza egiteko gogotsu nago, baina ez zaizkit hitz horiek ateratzen. Nire amak ez dit inoiz maite nauela esan eta nire amonak ez zion inoiz nire amari maite zuela esan». Jehobak Jesus maite zuela ozenki esan zuela erakutsi zion Ong-Lik Zlatkari (Mateo 3:17). Jehobari horri buruz otoitz egiteko eta bere senar eta alabari maite zituela esatera animatu zuen Zlatka.
Honela dio Ong-Lik: «Bi egun beranduago, Zlatkak Jehobari laguntza eske egin ziola otoitz esan zidan pozez. Bere senarra etxera itzuli zenean, Zlatkak Biblian emazteak bere senarra errespetatu eta maitatzea oso garrantzitsua dela ikasi zuela esan zion. Gero, asko maite zuela esan zion! Alaba etxera itzultzean Zlatkak besarkatu eta maite zuela esan zion! Honakoa esan zidan: «Orain oso lasai sentitzen naiz. Urte hauetan guztietan sentimenduak nire barrenean gordeta izan ditut, baina Jehobaren laguntzaz nire familiari maitasuna erakusteko gai naiz orain».
«Astebete beranduago» dio Ong-Lik, «Zlatkaren senarrarekin egin nuen topo eta honakoa esan zidan: “Askok Zlatkak ez lukeela zuekin Biblia ikasi behar esan didate, baina zalantzarik gabe, biblia-ikastaroak asko lagundu dio gure familiari. Orain harreman bero eta zoriontsuagoa dugu”».