ARAZOA
Zerk mehatxatzen du gure segurtasuna?
«Belaunaldi honek inoiz baino baliabide teknologiko, zientifiko eta ekonomiko gehiago ditu […]. Eta, aldi berean, munduko sistemak [ingurumena eta sistema politiko eta ekonomikoa] kolapsora eraman ditzakeen lehen belaunaldia izan daiteke». (Informe de riesgos mundiales 2018 [2018ko mundu mailako arriskuen txostena], Munduko Ekonomia Foroa)
ZERGATIK DAUDE HAINBESTE ADITU LURRAREN ETA GURE ETORKIZUNAZ KEZKATUTA? AZTERTU DITZAGUN AURREAN DITUGUN ERRONKA BATZUK:
-
ZIBERDELITUA: «Internet gero eta arriskutsuagoa bihurtzen ari da. Erasotzaile, troll, hacker eta pederastentzat paradisu bat da», dio The Australian aldizkariak. «Identitatea lapurtzea mundu osoan gehien handitzen ari den delituetako bat da. […] Internetek jendeari bere alderdirik okerrena erakusteko aukera ematen dio: bihozgabe eta krudela izatea».
-
DESBERDINKERIA EKONOMIKOA: Oxfam International-ek duela gutxi egindako txosten baten arabera, munduko zortzi pertsona aberatsenek eta munduko 3.600 milioi behartsuenek (munduko biztanleriaren erdia gutxi gorabehera) aberastasun berdina dute. Txosten honek dioenez, gure ekonomia pentsatuta dagoen moduak ez du funtzionatzen. Izan ere, «aberastasuna elite aberats baterantz bideratzen da gizarteko behartsuenen kontura, gehienak emakumeak direlarik». Desberdinkeria honek istilu sozialak sortuko dituen beldur da jende asko.
-
GERRAK ETA PERTSEKUZIOA: Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzaren 2018ko txosten baten arabera, «gaur egun, euren bizilekuak utzi behar izan dituzten pertsonen kopurua inoiz baino altuagoa da». 68 milioi lagunek baino gehiagok euren etxeak utzi behar izan dituzte, gehienbat gerren eta pertsekuzioaren ondorioz. «Bi segundoro pertsona batek ihes egin behar du», dio txostenak.
-
INGURUMEN ARAZOAK: Informe de riesgos mundiales 2018 txostenak honakoa dio: «Biodibertsitatea oso azkar suntsitzen ari da, […] eta airearen eta itsasoaren kutsadura gizakiaren osasunerako gero eta mehatxu handiagoa bihurtzen ari da». Bestalde, intsektuen kopurua asko txikitzen ari da herrialde batzuetan. Intsektuek landareak polinizatzen dituztenez, zientzialariek ingurumena guztiz suntsitu daitekeela ohartarazten dute. Koralezko arrezifeak ere arriskuan daude. Azken 30 urteetan, mundu osoko arrezife kopuruaren erdia gutxi gorabehera hil dela kalkulatzen dute zientzialariek.
Egin al ditzakegu beharrezko aldaketak mundua seguruagoa izateko? Batzuek konponbidea heziketan dagoela uste dute. Hala bada, zein heziketa mota behar da? Hurrengo artikuluek galdera horiek erantzungo dituzte.