AURRE EGIN ESTRESARI
Zer da estresa?
Estresa egoera oso zail baten aurrean gorputzak duen erantzuna da. Garunak hormona asko bidaltzen ditu gorputzeko atal guztietara. Hauek bihotz erritmoa handitu, odol presioa aldatu, biriken gaitasuna handitu edo txikitu eta muskuluak tentsioan jartzen dituzte. Zer gertatzen ari den konturatu aurretik, gure gorputza erantzuteko prest dago. Estresaldia bukatzen denean, gure gorputzak «alarma egoeran» egoteari uzten dio eta normaltasunera itzultzen da.
ESTRES ONA ETA ESTRES TXARRA
Estresa gorputzaren erantzun naturala da eta egoera arriskutsu eta zailei aurre egiten laguntzen digu. Dena garunean hasten da. Estres onak azkar jokatzen laguntzen digu. Gainera, estres neurri batek gure helburuak betetzen edo emaitza hobeak lortzen lagundu gaitzake, adibidez, azterketa batean, lan elkarrizketa batean edo kirolen bat praktikatzen dugunean.
Hala ere, estres kronikoa, larria edo denboran luzatzen dena oso kaltegarria izan daiteke. Gorputza «alarma egoeran» etengabe dagoenean, fisikoki, emozionalki eta mentalki sufritzen hasi gaitezke. Gure jokabidea, besteak tratatzen ditugun modua barne, aldatu egin daiteke. Estres kronikoa dutenak alkohol gehiegi edaten edo drogak eta beste substantzia batzuk hartzen hasi daitezke, baita osasuntsuak ez diren ohiturak izaten hasi ere. Depresiora, neke larria izatera edo suizidioan pentsatzera ere eraman ditzake.
Nahiz eta estresak guztiongan eragin berdina ez duen, gaixotasun asko sortu ditzake eta gorputzeko ia atal guztiei eragin ahal die.