Non aurkitu dezakezu benetako esperantza?
Non aurkitu dezakezu benetako esperantza?
IMAJINATU zure erlojua gelditzen zaizula, hondaturik dagoelako. Konpontzaile baten bila zabiltza eta iragarki asko ikusten dituzu. Denek fidagarriak eman arren, batzuk nahaskorrak dira. Orduan, zure bizilagun batek duela urte batzuk zure erlojua diseinatu zuela esaten dizute. Are gehiago, badirudi zure erlojua doan konpontzeko prest dagoela. Egoera horretan, erabakia hartzea erraza da, ezta?
Konparatu dezagun erlojua zure esperantzarekin. Garai zail honetan esperantza galtzen ari zarela sentitzen baduzu, jende askori gertatzen zaion bezala, nora joko duzu laguntza bila? Pertsona askok, arazoa konpondu dezaketela diote. Baina euren proposamenak nahaskorrak izan eta kontraesanean egon daitezke. Orduan, zergatik ez duzu jotzen gizakia diseinatu zuen Horrengana? Azken finean, gizakia esperantza sentitzeko gaitasunarekin sortu zuen. Bibliaren arabera, ez dago «guretako bakoitzarengandik urruti» eta gu laguntzeko irrikitan dago (Eginak 17:27; 1 Pedro 5:7).
Esperantzaren definizio zehatz eta sakonagoa
Gaur eguneko medikuek, zientzialariek eta psikologoek esperantzari buruz normalean duten kontzeptua eta Bibliarena, ez datoz bat. Izan ere, esperantzaren esanahia Biblian zehatza eta sakonagoa da. «Esperantza» hitzari Bibliako jatorrizko hizkuntzetan, ondorengo esanahia du: Gauza onak desiratzea eta hauek gogotsu itxarotea. Beraz, esperantza bi elementuz osaturik dago. Alde batetik, ona dena desiratzea eta, bestetik, hori gertatuko dela sinesteko oinarria izatea. Bibliak eskaintzen duen esperantza ez da ilusio hutsa. Ekintza eta frogetan tinko oinarriturik dago.
Alderdi honetan, esperantza eta fedea antzekoak dira. Azken honek ere ekintzetan oinarrituta egon behar du, eta ez sinesmen hutsean (Hebrearrei 11:1). Hala ere, Bibliak fedea eta esperantza bereizten ditu (1 Korintoarrei 13:13).
Adibidez, imajinatu lagun min bati mesede bat eskatzen diozula. Seguraski, berak lagunduko zaituela espero duzu. Zure esperantzak, oinarri sendoa du, berarengan fedea edo konfiantza duzulako. Izan ere, oso ondo ezagutzen duzu, bere ekintza onak eta eskuzabaltasuna askotan ikusi dituzu. Zure fedeak eta esperantzak lotura estua dute, elkarren menpe daude; baina ez dira gauza bera. Nola lortu dezakezu honelako esperantza Jainkoarengan?
Esperantzaren oinarria
Jainkoa benetako esperantzaren iturria da. Bibliaren garaian, Jehobari, Israelen esperantza deitzen zioten (Jeremias 14:8). Bere herriak berarengan esperantza ziurra izan ahal zuen. Hau da, Jehoba zen euren esperantza. Beraien esperantza ez zen desio hutsa, Jainkoak esperantza izateko oinarri sendoa eman baitzien. Mendeetan zehar, bere promesak beti betetzen zituela argi eta garbi erakutsi zuen. Josuek, Israelgo buruzagiak, esan zien: «Zuek aitor ezazue [...] Jaunak, zuen Jainkoak, eginiko agintzari ederretatik batek ere ez duela huts egin» (Josue 23:14).
Milaka urte ondoren, Jehobak bere promesak betetzen jarraitzen du. Biblian, Jainkoaren promes nabarmen ugari dago. Eta bertan, hauek bete zirenaren froga historikoak aurkitzen ditugu. Bere promes profetikoak guztiz fidagarriak dira. Are gehiago, promes hauek idatzita dauden modua kontuan izanik, badirudi aipatu zirenerako jadanik beteta zeudela.
Horregatik Biblia esperantzaren liburua dela esan dezakegu. Jainkoak gizakiekin izandako jokabidea aztertzen dugun heinean, berarengan esperantza izateko arrazoiak sendotuko dira. Paulo apostoluak idatzi zuen: «Liburu Santuetan idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eroapenaz eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun» (Erromatarrei 15:4).
Zer nolako esperantza eskaintzen digu Jainkoak?
Noiz sentitzen dugu esperantzaren beharrik handiena? Ez al da heriotzaren aurrean? Hala ere, egoera horretan, jende askori esperantza sentitzea asko kostatzen zaio. Honela sentitzen dira, batez ere, maite duten norbait galtzen dutenean. Azken finean, etsipenik handiena heriotzak sortzen du. Gure atzetik dator. Denbora batez saihestu dezakegu, baina ezin dugu emaitza aldatu. Horregatik, Bibliak heriotza azken etsaia dela dio (1 Korintoarrei 15:26).
Orduan, heriotzari aurre egitean, nola mantendu dezakegu esperantza? Lehen aipatutako bertsetak, heriotza azken etsaia dela esateaz gain, ezabatua izango dela ere esaten du. Jehoba heriotza baino boteretsuagoa da, eta askotan frogatu egin du. Nola? Hildakoak berpiztuz. Jainkoak, bere boterea erabiliz, bederatzi berpizkunde egin zituela adierazten da Biblian.
Egoera berezi batean, Jehobak bere Semeari, Jesusi, honen lagun mina zen Lazaro berpizteko boterea eman zion. Botere hau erabili zuenean, lau egun ziren Lazaro hilda zegoela. Gainera, Jesusek ez zuen hau ezkutuan egin, jendetza baten aurrean baizik (Joan 11:38-48, 53; 12:9, 10).
Agian, galdetu dezakezu: «Zergatik izan ziren berpiztuak pertsona haiek? Azken finean, zahartu eta berriz hil ziren». Eta hau egia da. Baina, berpizkunde horiei buruzko pasarte fidagarriei esker, maite ditugunak ere berriz biziko direla sinesteko arrazoiak ditugu. Ez da desio hutsa. Beste era batera esanda, benetako esperantza lortzen dugu.
Jesu Kristok esan zuen: «Neu naiz piztuera [edo berpizkundea] eta bizia» (Joan 11:25). Jehobak mundu osoan zehar berpizkundeak egiteko boterea, berari emango dio. Gainera Jesusek ziurtatu zuen: «Baitator ordua hildako guztiek [Jesu Kristoren] ahotsa entzungo dutena, eta hilobietatik aterako direna» (Joan 5:28, 29). Hala da, hilobian dauden guztiak berpiztuak izango dira paradisu batean lurrean bizitzeko.
Isaias profetak berpizkundea ondorengo hitz hunkigarriekin deskribatu zuen: «Zure hildakoak bai, berpiztuko dira, haien gorpuak altxatuko! Lurpean etzanak esnatuko dira eta pozez oihuka ekingo. Izan ere, zuk, Jauna, argia bidaltzen duzu ihintza bezala, eta lurpetik argitara ateratzen hildakoak» (Isaias 26:19).
Ez al da kontsolagarria promes hau? Hildakoak imajinatu dezakegun egoerarik seguruenean daude, haurtxo bat bere amaren umetokian bezalaxe. Izan ere, hilobian daudenak, Jainko Ahalguztidunaren mugarik gabeko oroimenean babesturik daude (Lukas 20:37, 38). Eta, laster, zorionez beteriko mundu batean bizitzeko berpiztuak izango dira! Familia maitagarri batek, gogo handiz espero duen jaioberria jasotzen duen antzeko egoera izango da. Beraz, heriotzari aurre egitean ere, esperantza dago.
Zer lortu dezakegu esperantzari esker?
Paulok esperantzari buruz asko irakasten digu. Berak esan zuen, esperantza armadura espiritualaren funtsezko atal bat dela: kaskoa (1 Tesalonikarrei 5:8). Bibliako garaietan, gerran parte hartzen zuten soldaduek metalezko kasko bat eramaten zuten. Kasko hau, feltrozko edo larruzko txano baten gainean janzten zuten. Kaskoari esker, buruak jasotzen zituen kolpe gehienek ez zuten heriotzarik sortzen. Orduan, zer esan nahi zuen Paulok adibide honekin? Kasko batek burua babesten duen bezala, esperantzak pentsatzeko gaitasuna babesten duela. Jainkoaren helburuekin loturiko esperantza sendoa lortzen badugu, barneko bakea izango dugu. Are gehiago, zailtasunen aurrean sentitzen ditugun beldurrak eta etsipenak ez digute bake hau kenduko. Egia esan, guztiok behar dugu honelako kasko bat.
Paulok beste adibide adierazgarri bat aipatu zuen esperantza Jainkoaren nahiarekin lotuta dagoela azaltzeko. Berak idatzi zuen: «Itxaropen hau geure bizitzaren aingura tinko eta segurua dugu» (Hebrearrei 6:19). Itsasoan istripu ezberdinetatik bizirik atera zenez, Paulok ainguraren balioa ondo ezagutzen zuen. Ekaitza bat etortzear zegoenean, marinelek itsasontziaren aingura uretara botatzen zuten. Aingurak itsas hondoari tinko eusten bazion, itsasontziak kalte handiegirik gabe ekaitza jasateko aukera zuen. Bestela, ekaitzak itsasertzerantz bultzatuko zuen, haitzen aurka suntsituz.
Era berean, Jainkoaren promesak esperantza seguru eta tinkoa izan daitezke guretzat. Honela, esperantza honek, gaur eguneko zailtasunei aurre egiten lagunduko digu. Jehobak laster gizakiok ez dugula gerrarik, deliturik, nahigaberik ezta heriotzarik ere sufrituko promesten digu (Ikusi 10. orrialdeko taula). Esperantza horri tinko eusteak, hondamendia baztertzeko laguntza ematen digu. Izan ere, esperantza honek Jainkoaren arauak jarraitzera bultzatzen gaitu mundu honen jarrera moralgabea baztertuz.
Jehobak esperantza hau zuri ere eskaintzen dizu. Berak, hasiera batean gizakiontzat pentsatua zuen bizia izan dezazun nahi du. Bere desioa «gizaki guztiak» salbatzea da. Eta nola? Lehenengo, denok «egia» ezagutu behar dugu (1 Timoteori 2:4). Bizia ematen duen Bibliaren ezaguera lortzera animatzen zaitugu. Ondorioz, Jainkoak emango dizun esperantza, mundu honetan aurkitu dezakezun esperantza baino askoz ere nagusiagoa da.
Esperantza honi esker, ez zara inoiz etsipenean eroriko. Jainkoak, bere nahiarekin loturik dagoen edozein helburu lortzeko indarrak emango dizkizu (2 Korintoarrei 4:7; Isaias 12:2). Ez al da hau guztiok behar dugun esperantza? Beraz, esperantza behar baduzu eta honen bila bazabiltza, animatu zaitez! Zure esku dago, aurkitu dezakezu!
[Taula/Irudia]
Esperantza izateko arrazoiak
Bibliako ondorengo pasarteek zure esperantza sendotzen lagundu ahal dizute:
◼ Jainkoak zorioneko etorkizun zoriontsua promesten du.
Bere Hitzaren arabera, lurra paradisu bihurtuko da eta, bertan, gizakiok elkarturik eta zoriontsu biziko gara (Esaera Zaharrak 2:21; Isaias 25:8; Apokalipsia 21:3, 4).
◼ Jainkoak ezin du gezurrik esan.
Berak mota guztietako gezurrak gorrotatzen ditu. Jehobaren santutasunak eta garbitasunak mugagabeak dira. Horregatik, ezin du gezurrik esan (Esaera Zaharrak 6:16-19; Isaias 6:2, 3; Titori 1:1 [1:2, NWT]; Hebrearrei 6:18).
◼ Jainkoaren botereak ez du mugarik.
Jehoba bakarrik da ahalguztiduna. Unibertsoan ez da existitzen bere promesak betetzeko oztoporik (Irteera 15:11; Isaias 40:25, 26).
◼ Jainkoak zu betirako bizitzea nahi du.
(Joan 3:16; 1 Timoteori 2:3, 4).
◼ Jainkoak gure gauza onak nabarmentzen ditu.
Berak, gure ahalegin eta ezaugarri onetan jartzen du arreta, eta ez gure akats eta hutsegiteetan (103. Salmoa 12-14; 130. Salmoa 3; Hebrearrei 6:10). Guk ondo jokatzea espero du eta hau egiten dugunean, asko pozten da (Esaera Zaharrak 27:11).
◼ Jainkoak helburu onak lortzen lagunduko digula promesten du.
Bere zerbitzariok ez gara inoiz bakarrik sentitzen. Jainkoak eskuzabaltasunez bere espiritu santua ematen digu, gu laguntzeko. Espiritu santua existitzen den indarrik boteretsuena da (Isaias 12:2).
◼ Jainkoarengan konfiantza jartzeak ez du dezepziorik sortzen.
Bera guztiz fidagarria da, inoiz ez gaitu dezepzionatuko (25. Salmoa 3).
[Irudia]
Kaskoak burua babesten duen bezala, esperantzak adimena babesten du.
[Irudia]
Aingura batek bezala, oinarri sendoa duen esperantzak egonkortasuna ematen du.
[Kreditua]
René Seindal/Su concessione del Museo Archeologico Regionale A. Salinas di Palermo-ren eskutik.