Lagun faltsu bat
Lagun faltsu bat
Gaztea zinenean ezagutu zenuen «lagun» bat duzu. Helduagoa zinela sentiarazten eta lagun-taldearen parte izaten laguntzen zizun. Estresatzen zinenean «hobeto» sentiarazten zizun. Azkenean, egoera askotan zuretzat ezinbestekoa bihurtu zen.
Baina, denborarekin, bere alde txarra duela konturatu zinen. Denbora osoan zurekin egoteko eskatzen du, nahiz eta toki batzuetara berarekin ezin zaren joan. Helduagoa sentiarazten dizu, baina zure osasunaren kontura. Eta gutxi ez balitz, zure dirua ere lapurtu egiten dizu.
Azken boladan, berarekin duzun erlazioa apurtzen saiatu zara, baina berak ez dizu utzi. Orain, bere kontrolpean zaude. Bera ezagutzeaz asko damutzen zara.
HORI gertatu zaie askori tabakoarekin. 50 urtez erre ondoren, Earline izeneko emakume batek honakoa dio: «Zigarro batek pertsona batek baino gehiago laguntzen zidan. Aspaldiko laguna izateaz gain, batzuetan nire lagun bakarra zen». Hala ere, denborarekin, zigarroa lagun faltsua eta arriskutsua zela konturatu zen Earline. Izan ere, goiko hitzek oso ondo deskribatzen dute bere egoera, salbuespen batekin: Erretzeak gorputza kutsatzen duenez, Jainkoak atsegin ez duela ikasi zuen eta, ondorioz, erretzeari utzi zion (2 Korintoarrei 7:1).
Frank izeneko gizon batek ere Jainkoa pozteko erretzeari utzi zion. Azken zigarroa erre eta pare bat egunera bere etxe inguruan zigarro-puntak bilatzen ibili zen. «Momentu horretan erabaki bat hartu nuen», dio Frankek. «Neure burua, lurrean, belauniko zigarro-puntak bilatzen ikusteak nazka izugarria eman zidan. Ordutik, ez dut berriro inoiz erre».
Zergatik da hain zaila erretzeari uztea? Ikertzaileek ondorengo arrazoiak aurkitu dituzte: 1) Tabakoarekin egindako produktuek, drogek sortzen duten menpekotasun berdina sortu dezakete. 2) Arnasten dugun nikotina gure burmuinera zazpi segundotan heldu daiteke. 3) Tabakoa pertsona askoren bizitzaren parte da gauza askorekin lotuta dagoelako: jatea, edatea, hitz egitea, estresari aurre egitea eta horrelakoak.
Baina, Earline eta Franki gertatutakoak erakusten duen bezala, menpekotasun kaltegarri hau uztea posible da. Erretzeari utzi nahi badiozu, hurrengo artikuluak irakurtzea zure bizitza berriaren hasiera izan daiteke.