40. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Zer da benetan damutzea?
«Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihozberri daitezen» (LK 5:32).
sn 52. KANTA Zaindu zure gogo-bihotzak
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. Zer desberdintasun zegoen Akab eta Manasesen artean eta zer galdera aztertuko ditugu?
IKUSI dezagun aspaldi bizi izan ziren bi erregeri gertatutakoa. Batak Israelgo hamar tribuko erreinuan agindu zuen, besteak Judako bi tribuko erreinuan. Nahiz eta garai desberdinetan bizi, oso gauza antzekoak egin zituzten. Biak Jehobaren aurka matxinatu ziren eta herria bekatura eraman zuten. Biek jainko faltsuak adoratu zituzten eta hiltzaileak izan ziren. Hala ere, gizon hauen artean desberdintasun bat zegoen. Batek gauza txarrak egiten jarraitu zuen hil arte, baina bestea damutu eta egin zituen gauza tamalgarriengatik barkamena lortu zuen. Nortzuk ziren?
2 Beraien izenak Israelgo errege Akab eta Judako errege Manases ziren. Bi gizon hauen arteko desberdintasunek asko erakutsi ahal digute gai inportante bati buruz: bihozberritzea edo damutzea (Eg 17:30; Erm 3:23). Zer da damua eta nola erakusten dugu? Bekatu egiten dugunean Jehobak barkatzea nahi badugu, beharrezkoa dugu hau jakitea. Horretarako bi errege hauen bizitza aztertu eta egin zutenetik zer ikasi dezakegun ikusiko dugu. Gero, Jesusek damutzeari buruz zer irakatsi zuen aztertuko dugu.
ZER IKASI DEZAKEGU AKABEN EREDUTIK?
3. Nolako erregea izan zen Akab?
3 Akab Israelgo hamar tribuko erreinuaren zazpigarren erregea izan zen. Sidongo erregearen alabarekin, Jezabelekin, ezkondu zen. Sidon iparraldeko nazio oparo bat zen. Israeli agian aberastasun gehiago emango zizkion ezkontza honek, baina Jehobarekin zuen adiskidetasuna are gehiago hondatu zuen. Jezabelek Baal adoratzen zuen eta Akab erlijio hura bultzatzera animatu zuen. Erlijio nazkagarri horretan haurren sakrifizioak egin eta tenpluetan prostituzioa praktikatzen zen. Jezabelek Jehobaren profeta asko hil zituen. Beraz, erregina izan zen bitartean, denak arriskuan zeuden (1 Erg 18:13). Akabek ere, «bere aurreko guztiek baino okerrago jokatu zuen Jaunaren begietan» (1 Erg 16:30). Jehobak argi eta garbi ikusten zuen Akab eta Jezabel zertan ari ziren. Hala ere, beraiei eta herriari errukia erakutsi zien eta, berandu izan baino lehen aldatu eta bera zerbitzatzen laguntzeko, Elias profeta bidali zien. Baina Akab eta Jezabelek ez zuten kasurik egin nahi izan.
4. Zer epai jaso zuen Akabek eta nola erantzun zuen?
4 Azkenean, Jehobaren pazientzia agortu egin zen. Elias bidali zuen Akab eta Jezabelen aurkako epaia ematera. Familia osoa suntsitua izango zen. Eliasen hitzek sekulako eragina izan zuten Akabengan. Harritzekoa da, baina gizon harroputz hura «apaldu egin zen» (1 Erg 21:19-29).
5, 6. Nola dakigu Akab ez zela benetan damutu?
5 Akab une horretan apaldu zen arren, gero izan zuen jokaerarekin benetan damuturik ez zegoela erakutsi zuen. Ez zen Baalen adorazioa bere erreinutik kentzen saiatu eta ez zuen Jehobaren adorazioa bultzatu. Akabek egin zituen beste gauza batzuek ere benetan damuturik ez zegoela erakutsi zuten.
6 Adibidez, beranduago, Akabek Judako Josafat erregea gonbidatu zuen Siriaren aurka borrokatzera. Josafatek Jehobarengan konfiantza zuenez, lehenengo honen profeta bati galdetzea proposatu zuen. Hasiera batean, Akabi ez zitzaion ideia gustatu eta esan zuen: «Bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari berorren bitartez. Baina gorroto dut gizon hori, gauza txarrak baizik ez baitit iragartzen, onak iragarri beharrean». Hala ere, Mikeas profetari galdetu zioten. Akab ez zegoen oker, izan ere, Jainkoaren profetak berri txarrak zituen beretzat. Baina damutu eta Jehobaren barkamena bilatu ordez, errege gaizto honek kartzelan sartu zuen profeta (1 Erg 22:7-9, 23, 27). Hau lortu arren, Akabek ezin izan zuen profeziaren betetzea saihestu. Hurrengo batailan, hil egin zuten (1 Erg 22:34-38).
7. Zer esan zuen Jehobak Akabi buruz bere heriotzaren ondoren?
7 Akaben heriotzaren ondoren, Jehobak gizon horri buruz pentsatzen zuena erakutsi zuen. Josafat errege zintzoa etxera onik itzuli zenean, Jehobak Jehu profeta bidali zuen Akab lagundu izana gaizki egon zela esateko. Jehobaren profetak esan zion: «Gaiztoari laguntzen eta Jaunaren etsaia adiskidetzat hartzen, ala?» (2 Kro 19:1, 2). Pentsatu: Akab benetan damutu izan balitz, profetak ez zuen gizon gaiztoa eta Jehobaren etsaia izan zenik esango. Argi dago Akabek neurri bateko damua erakutsi zuela, baina ez zen inoiz guztiz damutu.
8. Zer ikasi dezakegu damutzeari buruz Akaben eredutik?
8 Zer ikasi dezakegu Akaben eredutik? Eliasek bere familia zigortua izango zela esan zionean, hasiera batean, Akab apaldu egin zen. Beraz, ongi hasi zen. Baina, beranduago egin zuenarekin, ez zela bihotzez damutu erakutsi zuen. Damutzea, hortaz, denbora batez atsekabea adieraztea baino gehiago izan behar du. Ikus dezagun orain, Manasesen eredua aztertuz, benetan damuturik egotea zer den.
ZER IKASI DEZAKEGU MANASESEN EREDUTIK?
9. Nolako erregea izan zen Manases?
9 Bi mende inguru geroago, Manases Judako errege bihurtu zen. Bere bekatuak, seguraski, Akabenak baino askoz ere okerragoak izan ziren. Bibliak dio Jehoba haserrearazteko bere aurrean neurriz kanpoko gaiztakeriak egin zituela (2 Kro 33:1-9). Sasijainkoei aldareak eraiki zizkien eta Jehobaren tenplu santuan zutoin sakratu baten zizelatutako irudia ezarri zuen, seguruenik sexu adorazioa irudikatzen zuena. Igarketa, aztikeria eta sorginkeriatan ere ibili zen. Gainera, herrialdea odol errugabez bete zuen. Jende asko hil zuen eta bere semeak ere sutan errez, sasijainkoei eskaini zizkien sakrifizio bezala (2 Erg 21:6, 7, 10, 11, 16).
10. Nola diziplinatu zuen Jehobak Manases eta nola erantzun zuen erregeak?
10 Akab bezala, Manases egoskortu egin zen eta ez zituen Jehobak profeten bidez emandako abisuak entzun nahi izan. Azkenean, Jehobak «Asiriako erregearen gudalburuak etorrarazi zituen haien kontra, eta gudalburuek Manases burdinazko kakoz harrapatu, brontzezko bi katez lotu eta Babiloniara eraman zuten». Han, atzerrian preso zegoela, dirudienez egindakoan hausnartu zuen Manasesek. «Bere arbasoen Jainkoaren aurrean apal-apal» egin zen. Gainera, hori baino gehiago egin zuen. Bere mesedea erregutuz Jehoba baretzen saiatu zen. Izan ere, Manasesek «otoitza zuzendu [“otoitz egiten jarraitu”, NWT]» zion Jehobari. Gizon gaizto hura aldatzen ari zen. Jehoba «bere Jainko» bezala ikusten hasi zen eta etengabe egin zion otoitz (2 Kro 33:10-13).
11. 2 Kronikak 33:15, 16aren arabera, nola erakutsi zuen Manasesek benetan damuturik zegoela?
11 Denborarekin, Jehobak Manasesen otoitzak erantzun zituen. Otoitzetan esaten zuenagatik bere bihotzean aldaketak gertatzen ari zirela ikusi zuen. Horregatik, Manasesen barkamen eskaera entzun eta errege izaten utzi zion berriro. Manasesek ahal zuen guztia egin zuen benetan damuturik zegoela frogatzeko. Akabek sekula egin ez zuena egin zuen: bere jokaera aldatu, adorazio faltsuaren aurka borrokatu eta benetakoa bultzatu (Irakurri 2 Kronikak 33:15, 16). Honetarako ausardia eta fedea behar izan zituen, zeren eta bere familia, noble eta herriarengan oso eragin txarra izan baitzuen urteetan zehar. Baina orain, bere bizitzaren amaieran, berak sortutako arazo batzuk konpontzen saiatu zen. Ziurrenik Josias bere biloba gaztearengan eragin ona izango zuen, gero oso errege ona izan baitzen (2 Erg 22:1, 2).
12. Zer ikasi dezakegu damutzeari buruz Manasesen eredutik?
12 Zer ikasi dezakegu Manasesen eredutik? Apaldu baino gehiago egin zuen. Errukia erregutuz otoitz egin zuen eta bere jokaera aldatu zuen. Izan ere, sortutako arazoak konpontzeko gogor egin zuen lan. Gainera, Jehoba adoratzeko eta besteei berdin egiten laguntzeko ahal zuen guztia egin zuen. Manasesen ereduak bekatari okerrenei ere esperantza ematen die. Jehoba «ona [...] eta barkabera» dela argi ikusten laguntzen digu (Sal 86:5). Barkamena posible da benetan damuturik daudenentzat.
13. Zer ikasten dugu damutzeari buruz? Adibide bat jarri.
13 Manasesek bere bekatuengatik gaizki sentitzea baino gehiago egin zuen. Honek funtsezkoa den zerbait irakasten digu damutzeari buruz. Pentsatu adibide honetan. Gozotegi batera joan eta pastela eskatzen duzu. Baina pastelaren ordez, dendariak arrautza bat ematen dizu. Konforme egongo al zinateke? Ez noski! Lagunduko al luke dendariak arrautza pastelaren osagai inportante bat dela esateak? Inondik inora! Era berean, Jehobak bekatariari damutzeko eskatzen dio. Ona da bekataria egindakoagatik gaizki sentitzea, sentimendu hori damutzearen osagai inportante bat baita. Baina hori ez da nahikoa. Zer gehiago behar da? Asko ikasi dezakegu Jesusek kontatutako parabola hunkigarri batetik.
NOLA JAKIN NORBAIT BENETAN DAMUTU DEN
14. Jesusen parabolan, nola hasi zen seme galdua damuturik zegoela erakusten?
14 Galdutako seme bati buruzko istorio hunkigarria kontatu zuen Jesusek Lukas 15:11-32 pasartean. Gizon gazte bat bere aitaren aurka altxatu zen, etxetik alde egin eta «urrutiko herrialde batera» joan zen. Han bide okerretik ibili zen bizitza moralgabea eramanez. Garai latzak etorri zirenean, hartutako erabaki txarrei buruz pentsatzen hasi zen. Aitaren etxean bizi zenean askoz hobeto zegoela konturatu zen. Jesusen arabera, gizon gazte hura bere onera etorri zen. Etxera itzultzea eta aitari barkamena eskatzea erabaki zuen. Erabaki txar asko hartu zituela konturatzea garrantzitsua izan zen, baina nahikoa izan al zen? Ez. Bere jokaera aldatu behar zuen.
15. Nola frogatu zuen Jesusen parabolako seme galduak damuturik zegoela?
15 Seme galduak benetan damuturik zegoela frogatu zuen. Etxerako bide luzea egin zuen. Aitarengana hurbildu zenean esan zion: «Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra, ez dut gehiago zure seme izenik merezi» (Lk 15:21). Gizon gaztearen bihotzeko aitormenak Jehobarekin zuen harremana konpondu nahi zuela erakutsi zuen. Gainera, bere ekintzek aita mindu zutela onartu zuen. Bere aitaren onespena berreskuratzeko, gogor lan egiteko prest zegoen. Izan ere, bere aitaren langileetako bat izateko prest zegoen! (Lk 15:19). Parabola hau ez da istorio hunkigarri bat bakarrik. Irakasten dituen printzipioak adindunentzako oso lagungarriak dira. Bekatu larri bat egin duen fedekidea benetan damuturik dagoen antzematen saiatzen ari direnean lagundu ahal die.
16. Zergatik izan daiteke zaila adindunentzat norbait benetan damutu den jakitea?
16 Adindunentzat ez da erraza bekatu larri bat egin duen norbait benetan damutu den erabakitzea. Zergatik ez? Adindunek ezin dute anaiaren bihotzean zer dagoen jakin. Horregatik, egindakoa gorrotatzen benetan ikasi duela erakusten duten frogak bilatzen saiatzen dira. Kasu batzuetan, norbaitek hain lotsagabeki egiten du bekatu, non berarekin elkartzen diren adindunak ez daude ziur benetan damuturik dagoen.
17. a) Zer adibidek erakusten du atsekabea baino gehiago behar dela benetako damua erakusteko? b) Mateo 3:8aren arabera, zer erakutsi behar du benetan damuturik dagoen pertsonak?
17 Ikus dezagun adibide bat. Anaia batek adulterio egiten du urte askotan zehar. Laguntza bilatu beharrean, bere jokabide moralgabea ezkutatzen die emazte, lagun eta adindunei. Denborarekin, egindakoa agerian geratzen da. Adindunek frogak dituztela esaten diotenean, egindakoa onartu eta asko sentitzen duela dirudi. Nahikoa al da damututa dagoela frogatzeko? Adindunek, dudarik gabe, atsekabea baino gehiago ikusi behar dute. Gizon honek ez zuen erabaki txar baten ondorioz behin bakarrik bekatu egin; urtetan zehar egin zuen. Bekatariak ez zuen berak nahi zuelako aitortu; norbaitek utzi zuen agerian. Beraz, adindunek argi ikusi behar dute bekatariaren pentsaera, sentimendu eta jokabidean benetako aldaketak egon direla (Irakurri Mateo 3:8). Agian denbora asko beharko du benetan damuturik dagoela erakusten duten aldaketak egiteko. Seguraski denbora batez kristau kongregaziotik kanporatua izango da (1 Ko 5:11-13; 6:9, 10).
18. Nola erakutsi dezake kanporatutako pertsona batek benetan damutu dela eta zer gertatuko da hori egiten badu?
18 Benetan damuturik dagoela erakusteko, kanporatua bileretara joango da eta, adindunen aholkua jarraituz, otoitz egiteko eta ikasteko ohitura izango du. Gainera, bekatura eraman dezaketen egoerak saihesteko gogor egingo du lan. Ziur egon daiteke Jehobarekin zuen harremana konpontzeko gogor saiatzen bada, Jehobak guztiz barkatuko diola eta adindunek berriro kongregazioaren parte izaten lagunduko diotela. Noski, bekatariari buruzko erabaki bat hartu baino lehen, adindunek kasu bakoitza ezberdina dela kontuan hartuko dute eta epaitzerakoan ez dira gogorrak izango.
19. Zer esan nahi du benetan damutzeak? (Ezekiel 33:14-16)
19 Ikusi dugun bezala, benetako damua erakusteko, bekatu larri bat egin duenak «sentitzen dut» esatea baino gehiago egin behar du. Pentsamendu, sentimendu eta ekintzak aldatu behar ditu. Bere jokaera txarra utzi eta berriro Jehobaren arauak obeditu behar ditu (Irakurri Ezekiel 33:14-16). Bekatariaren kezka nagusia Jehobarekin duen harremana konpontzea izan behar du.
BEKATARIAK DAMUTZEKO DEIA
20, 21. Nola lagundu dezakegu bekatu larri bat egin duen norbait?
20 Jesusek bere zerbitzuaren parte garrantzitsu bat azpimarratu zuen honakoa esanez: «Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihozberri daitezen» (Lk 5:32). Hori da denok nahi duguna. Baina demagun gure lagun min batek bekatu larri bat egiten duela. Zer egin beharko genuke?
21 Gure lagunaren bekatua ezkutatuz, bera kaltetu besterik ez genuke egingo. Gainera, Jehobak dena ikusten duenez, ezinezkoa da bekatua ezkutatzea (Es 5:21, 22; 28:13). Adindunek lagundu nahi diotela gogorarazi zure adiskideari eta, ez badie adindunei bekatua aitortu nahi, zuk esan behar zenieke. Hau dena eginez, benetan lagundu nahi diozula erakutsiko zenioke. Izan ere, Jehobarekin duen harremana arriskuan dago!
22. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?
22 Agian, norbait, denbora luzez oso sakon erori da bekatuan. Zer gertatzen da adindunek kanporatua izan behar dela erabakitzen badute? Gupidagabeak izan direla esan nahi al du honek? Hurrengo artikuluan, Jehobak bekatariak diziplinatzean erakusten duen errukia ikusiko dugu eta nola imitatu dezakegun aztertuko dugu.
sjj 103. KANTA Artzainak Jehobaren opariak dira
a Benetako damua bekatu bat egitean «sentitzen dut» esatea baino gehiago da. Artikulu honek damuturik egoteak zer esan nahi duen ulertzen lagunduko digu. Akab eta Manases erregeen eta Jesusen parabolako seme galduaren ereduak aztertuko ditugu. Gainera, bekatu larri bat egin duen anaia edo arreba bat benetan damuturik dagoen aztertzeko, adindunek kontuan hartu beharreko gauza batzuk ikusiko ditugu.
b IRUDIAREN AZALPENA: Akab erregeak haserre bizian bere soldaduei Mikeas, Jehobaren profeta, kartzelan sartzeko agintzen die.
c IRUDIAREN AZALPENA: Manases erregeak tenpluan jarri zituen irudiak suntsitzeko agintzen die langileei.
d IRUDIAREN AZALPENA: Seme galdua, bidaia luzearen ondoren neka-neka eginda, lasaitu ederra hartzen du urrutitik bere aitaren etxea ikusten duenean.