Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

26. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 8. KANTA Jehoba da gure babeslekua

Jarri dezagun konfiantza Jehobarengan, gure Harkaitzean

Jarri dezagun konfiantza Jehobarengan, gure Harkaitzean

«Ez da harkaitzik gure Jainkoa adinakorik» (1 SAM. 2:2).

IDEIA NAGUSIA

Zer ezaugarrik egiten dute Jehoba harkaitzaren pareko izatea? Eta nola imitatu ditzakegu guk ezaugarri horiek?

1. 18. Salmoa 46 (NWT) aipuaren arabera, zerekin konparatzen du Dabidek Jehoba?

 MUNDU honetan, espero gabeko zailtasunak izan ditzakegu. Hauek gure bizitza zaildu edo erabat aldatu dezakete. Zenbat eskertzen dugun Jehobarengana laguntza bila jotzeko aukera izatea! Aurreko artikuluan, Jehoba bizirik dagoen Jainkoa dela eta gu laguntzeko beti prest dagoela gogoratu genuen. Bere laguntza jasotzen dugunean, honakoa esan dezakegu ziurtasun osoz: «Jehoba bizirik dago!» (Irakurri 18. Salmoa 46, NWT a). Hala ere, Dabidek Jehoba bizirik dagoela esan ondoren, bizirik ez dagoen zerbaitekin konparatu zuen. Jehobari «nire Harkaitza» deitu zion. Zer esan nahi du honek?

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Artikulu honetan, Jehobari harkaitza zergatik deitzen zaion ikusiko dugu, baita deskribapen honek berari buruz zer irakasten digun ere. Gainera, Jehoba gure Harkaitza bezala ikusteko zer egin behar dugun ikasiko dugu. Azkenik, harkaitzaren pareko diren Jehobaren ezaugarriak nola imitatu ditzakegun aztertuko dugu.

ZERGATIK DA JEHOBA HARKAITZ BAT BEZALAKOA?

3. Zertarako erabiltzen du askotan Bibliak «harkaitz» hitza? (Ikusi irudia)

3 Biblian, Jehoba «harkaitz» batekin konparatzen da. Konparaketa honen bidez, bere ezaugarri batzuk ulertu ditzakegu. Askotan, Jehobaren zerbitzariek harkaitz hitza erabili dute bere ezaugarri paregabeak goresteko. Jehobari «harkaitza» deitzen zaion lehen aldia Deuteronomioa 32:4​an da. Otoitzean, Anak honakoa esan zuen: «Ez da harkaitzik gure Jainkoa adinakorik» (1 Sam. 2:2). Habakukek Jehobari «nire harkaitza» deitu zion (Hab. 1:12). 73. Salmoko idazleak «nire bihotzaren harkaitza» deitu zion Jainkoari (Sal. 73:26, NWT). Jehobak berak ere bere burua harkaitz batekin konparatu zuen (Is. 44:8). Hasteko, azter ditzagun harkaitzaren pareko diren Jehobaren hiru ezaugarri. Ondoren, ikasi dezagun zer egin dezakegun Jehoba «gure Harkaitza» izateko (Deu. 32:31).

Jehobaren zerbitzarientzat, Jainkoa harkaitz seguru bat bezalakoa da (Ikusi 3. paragrafoa)


4. Zer zentzutan da Jehoba babesleku bat? (94. Salmoa 22)

4 Jehoba babesleku bat da. Ekaitz bortitz baten aurrean norbaitek babes-harkaitz batera jotzen duen moduan, garai zailei aurre egiten diegunean, Jehobak babestu egiten gaitu (Irakurri 94. Salmoa 22). Jehobak berarekin dugun harremana babesten laguntzen digu. Gainera, orain sufritzen ari garen ezerk ez gaituela betirako kaltetuko ziurtatzen digu. Ez hori bakarrik; honakoa ere promesten digu: Denborarekin, gure bakea eta segurtasuna mehatxatzen duen guztia ezabatuko du (Eze. 34:25, 26).

5. Nola izan daiteke Jehoba gure Babeslekua?

5 Jehoba gure Babeslekua izateko modu bat berari otoitz egitea da. Otoitz egiten dugunean, Jehobak «Jainkoaren bakea» ematen digu. Honek gure buru-bihotzak babesten ditu (Flp. 4:6, 7). Azter dezagun Artem-en bizipena. Anaia hau bere fedeagatik espetxeratua izan zen. Behin eta berriz, galdeketa gogorrak jasan behar izan zituen, presioa eta umiliazioa sufrituz. «Galdeketak izaten nituen bakoitzean, estres handia sentitzen nuen. […] Etengabe egiten nion otoitz Jehobari, barne bakea eta jakinduria eskatuz», esan zuen Artem-ek. «Galdeketak egiten zizkidan gizonaren taktikek porrot egin zuten. […] Jehobaren laguntzarekin, pareta baten atzean babestuta egongo banintz bezala sentitu nintzen».

6. Zergatik izan dezakegu beti konfiantza Jehobarengan? (Isaias 26:3, 4)

6 Jehoba konfiantzazkoa da. Harkaitz bat mugiezina den bezala, Jehoba ere hortxe egongo da, gu laguntzeko prest. Berarengan konfiantza izan dezakegu «suntsiezineko harkaitza» baita (Irakurri Isaias 26:3, 4). Jehobak, beti bizirik egongo denez, bere promesak mantendu eta gure otoitzak entzungo ditu. Behar dugun laguntza ere emango digu. Jehoba bere zerbitzariekin leiala denez, berarengan konfiantza izan dezakegu (2 Sam. 22:26). Egiten duguna ez du inoiz ahaztuko eta, gainera, beti sarituko gaitu (Heb. 6:10; 11:6).

7. Zer ikusiko dugu Jehobarengan konfiantza jartzean? (Ikusi irudia ere)

7 Jehobarengan erabateko konfiantza badugu, bera gure Harkaitza izango da. Momentu zailetan ere berari obeditzen badiogu, ziur egon gaitezke sarituko gaituela (Is. 48:17, 18). Bere laguntza ikusten dugun bakoitzean, berarengan dugun konfiantza handitu egiten da. Ondorioz, honetaz konbentzituta gaude: Jehobaren laguntzarekin bakarrik lortu dezakegula edozein zailtasuni aurre egitea. Inork lagundu ezin gaituenean ere, badakigu Jehobarengan beti izan dezakegula konfiantza. Vladimir izeneko anaia batek dio: «Jehobarengandik gertuen egon naizen garaia atxilotuta egon nintzenean izan zen. Bakar-bakarrik nengoenez eta ezin nuenez egoera hura kontrolatu, Jehobarengan konfiantza handiagoa izaten ikasi nuen».

Jehobarengan erabateko konfiantza badugu, bera gure Harkaitza izango da (Ikusi 7. paragrafoa)


8. a) Zergatik esan dezakegu Jehoba egonkorra dela? b) Nola laguntzen digu Jehoba gure Harkaitza izateak? (62. Salmoa 7, 8 [62:6, 7, NWT])

8 Jehoba egonkorra da. Harkaitz handi-handi baten antzera, Jehoba sendoa eta egonkorra da. Bere izaera eta helburua aldaezinak dira (Mal. 3:6). Adam eta Eba errebelatu zirenean, Jehobak ez zuen bere helburua aldatu. Paulo apostoluak honakoa esan zuen Jainkoari buruz: «Ez baitezake bere burua uka[tu]» (2 Tim. 2:13). Zer esan nahi du honek? Zer gertatzen den edo besteek zer egiten duten axola gabe, Jehobak ez dituela bere ezaugarriak, helburua edo arauak inoiz aldatuko. Jehoba egonkorra denez, badakigu momentu zailetan lagunduko gaituela eta bere promesak beteko dituela (Irakurri 62. Salmoa 7, 8 [62:6, 7, NWT]).

9. Zer ikasten dugu Tatyanaren bizipenetik?

9 Nola lortu dezakegu Jehoba gure Harkaitza izatea? Bere ezaugarrietan, eta lurrarentzat eta gizakiontzat duen helburuan hausnartuz. Hau egiteak zailtasunen aurrean emozionalki egonkor mantentzen lagundu ahal digu (Sal. 16:8). Hau da Tatyana izeneko arreba bati gertatu zitzaiona. Bere fedeagatik etxean espetxeratuta egon zen. Honakoa dio: «Bakar-bakarrik nengoen. Hasiera batean, oso zaila egin zitzaidan eta askotan desanimatuta sentitzen nintzen». Orduan, Jehobarengan eta bere helburuan hausnartzen hasi zen, eta zailtasun horren aurrean irautea zein inportantea zen ikusi zuen. Honi esker, leial mantendu zen eta emozionalki indarrak berreskuratu zituen. Tatyanak dio: «Gertatzen ari zitzaidana Jehobarekin lotuta zegoela gogoratu nuen. Hau oso lagungarria izan zitzaidan neure buruarengan bakarrik pentsatzeari uzteko».

10. Zer egin dezakegu Jehoba orain gure Harkaitza izateko?

10 Laster garai zailak biziko ditugu, eta Jehobarengan inoiz baino konfiantza handiagoa beharko dugu. Beraz, orain da Jehobaren laguntzan konfiantza sendotzeko momentua. Izan ere, berak leial mantentzeko behar duguna emango digu. Baina nola sendotu dezakegu Jehobarengan dugun konfiantza? Biblia ereduak eta gaur egungo Lekukoen bizipenak irakurriz. Hau egitean, aztertu zein modutan lagundu dituen Jainkoak bere zerbitzariak. Eredu eta bizipen hauetan sakonki hausnartzen baduzu, Jehoba zure Harkaitza izango da.

HARKAITZAREN PAREKO DIREN JEHOBAREN EZAUGARRIAK IMITATU

11. Zergatik imitatu nahi ditugu harkaitzaren pareko diren Jehobaren ezaugarriak? (Ikusi « Anaia gazteek jarri dezaketen helburu bat» taula ere)

11 Jehoba harkaitz baten parekoa dela aztertu dugu. Ikus dezagun orain nola imitatu ditzakegun harkaitzaren pareko diren bere ezaugarriak. Jehobaren ezaugarriak imitatzeko ahal dugun guztia egiten saiatzen bagara, anai-arrebak sendotu ahal izango ditugu. Adibidez, Jesusek Simoni Zefas izena jarri zion (itzulita, «Pedro»). Izen honek «harkaitz zati» esan nahi du (Joan 1:42). Zergatik jarri zion izen hori? Pedrok anai-arrebak kontsolatu eta sendotuko zituelako. Kongregazioko adindunak ere «harkaitz handi baten geriza», edo itzala, bezalakoak dira. Honek anai-arrebak babesten duten modua irudikatzen du (Is. 32:2). Hala ere, Jehoba imitatzen badugu, denok animatuko dugu elkar (Efe. 5:1).

12. Zein modutan izan gaitezke babesleku bat besteentzat? Jarri adibide batzuk.

12 Izan babesleku bat. Hondamendi natural edo gerren ondorioz, gure anai-arrebek euren etxeak galdu edo utzi behar izan dituzte. Egoera horietan, beharbada, geure etxea eskaini ahal izango diegu. Gainera, «azken egunetan» egoerak okerrera joko duenez, gure anai-arrebak laguntzeko aukera gehiago izango ditugu (2 Tim. 3:1). Horretaz gain, laguntza emozionala eta espirituala eman ahal diegu. Hau egiteko modu bat anai-arrebei bilera aretoan ongietorri beroa ematea da. Horrela, kongregazioan giro goxoa izaten lagunduko dugu. Zakarra, hotza eta estresantea den mundu batean bizi gara. Horregatik, anai-arrebak bileretara joatean, ahal dugun guztia egin nahi dugu maitatuta, indarberrituta eta seguru sentitu daitezen.

13. Zein modutan izan daitezke bereziki adindunak babesleku bat besteentzat? (Ikusi irudia ere)

13 Anai-arrebek zailtasunak dituztenean, adindunak babesleku izan daitezke. Hondamendi natural eta larrialdi mediko baten aurrean, adindunek iniziatiba hartzen dute laguntza praktikoa antolatzen. Horretaz gain, laguntza espirituala ere eskaintzen dute. Adindun bat atsegina denean, enpatia erakusten duenean eta besteak entzuteko prest dagoenean, anai-arrebei errazagoa egingo zaie berari laguntza eskatzea. Gainera, anai-arrebak maitatuta sentituko dira, eta errazagoa izango da beraientzat adindunek Biblian oinarrituta ematen dieten gida obeditzea (1 Tes. 2:7, 8, 11).

Anai-arrebek arazoak dituztenean, adindunak babesleku bat dira (Ikusi 13. paragrafoa) b


14. Nola erakutsi dezakegu konfiantzazkoak garela?

14 Izan konfiantzazkoa. Besteek guregana jo dezaten nahi dugu, bereziki garai zailetan (Esa. 17:17). Zer egin dezakegu besteek guregan konfiantza izateko? Jehoba egunero-egunero imitatzeko ahal dugun guztia egin, adibidez, gure promesei eutsiz eta puntualak izanez (Mat. 5:37). Bestalde, behar duenari laguntza praktikoa eskaini ahal diogu. Gainera, kongregazioko eginkizunen bat jasotzen dugunean, jarraibideen arabera betetzen dugula ziurtatzen gara.

15. Zer probetxu ateratzen dute anai-arrebek adindunak konfiantzazkoak direnean?

15 Zer probetxu ateratzen dute anai-arrebek adindunak konfiantzazkoak direnean? Anai-arrebek laguntza behar duten bakoitzean adindunengana jo dezaketela baldin badakite, babestuta sentituko dira. Aholkua ematean, adindunek, euren iritzia eman beharrean, Biblia eta gure argitalpenak erabiltzen badituzte, anai-arrebek konfiantza gehiago izango dute beraiengan. Eta konfiantza hori are gehiago sendotuko da adindunek euren promesak mantendu eta gauza konfidentzialak kontatzen ez badituzte.

16. Zergatik da lagungarria bai guretzat bai besteentzat gu egonkorrak izatea?

16 Izan egonkorra. Jehobari gauza guztietan obeditzen badiogu eta Biblia printzipioetan oinarritutako erabakiak hartzen baditugu, eredu ona izango gara besteentzat. Jehobaren Hitza aztertu eta berarengan dugun fedea sendotzen badugu, berari leial izango gara eta bere arauak beteko ditugu. Horretaz gain, Jehobaren pentsaerarekin bat ez datozen irakaspen eta ideia faltsuak identifikatzeko gai izango gara, eta ez dute guregan eraginik izango (Efe. 4:14; St. 1:6-8). Bestalde, berri txarrak jasotzen ditugunean, Jehobarengan eta bere promesetan dugun fedeak oreka mantentzen lagunduko digu (Sal. 112:7, 8). Gainera, zailtasunak dituztenei lagundu ahal izango diegu (1 Tes. 3:2, 3).

17. Nola lagundu ahal diete adindunek anai-arrebei lasai eta sendo mantentzen?

17 Adindunak neurritsuak, zentzudunak, ordenatuak eta arrazoitsuak izan behar dira. Gizon hauek, «hitz fidagarriari eutsi[z]», anai-arrebei lasai mantentzen eta euren fedea sendotzen laguntzen diete (Tit. 1:9, NWT; 1 Tim. 3:1-3, NWT). Bestalde, anai-arrebei erregularki bileretara joaten, predikatzen eta ikasketa pertsonala izaten ere laguntzen diete. Nola? Euren ereduaren eta besteak sendotzeko egiten dutenaren bidez. Arazoek anai-arreben bizitza hankaz gora jartzean, adindunek Jehobarengan konfiantza izatera eta bere promesetan zentratzera animatzen dituzte.

18. Zergatik nahi dugu Jehoba goretsi eta berarengandik gero eta gertuago mantendu? (Ikusi « Jehobarengana gehiago gerturatzeko modu bat» taula ere)

18 Jehobaren ezaugarri ederrak aztertu ondoren, Dabid erregeak bezalaxe, honakoa esan dezakegu: «Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza» (Sal. 144:1). Beti izan dezakegu konfiantza Jehobarengan. Zahartzarora iristen bagara ere, ziur egon gaitezke berak espiritualki sendo mantentzen lagunduko gaituela beti. Honakoa esan ahal izango dugu: Bera «nire harkaitza» da (Sal. 92:15, 16 [92:14, 15, NWT]).

sjj 150. KANTA Jehoba da gure salbatzailea

a 18. Salmoa 46, NWT: «Jehoba bizirik dago! Bedeinkatua nire Harkaitza! Goretsia izan dadila nire Jainko salbatzailea!».

b IRUDIAREN AZALPENA: Bilera aretoan, arreba batek lasai jotzen du adindunengana.