Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

16. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sn 44. KANTA Parte hartu pozik uztan

Zer egin dezakezu predikazioaz gehiago gozatzeko?

Zer egin dezakezu predikazioaz gehiago gozatzeko?

«Zerbitza ezazue pozik [Jehoba]» (SAL. 100:2).

IDEIA NAGUSIA

Predikazioaz gehiago gozatzen lagunduko diguten bost gomendio.

1. Nola sentitzen dira batzuk predikazioan besteekin hitz egitean? (Ikusi irudia ere)

 JEHOBAREN zerbitzariok ondorengo bi arrazoi hauengatik predikatzen dugu: gure zeruko Aita maite dugulako eta besteei bera ezagutzen lagundu nahi diegulako. Berriemaile askok predikazioaz asko gozatzen dute. Beste batzuentzat, aldiz, zaila da predikazioaz disfrutatzea. Zergatik? Batzuk, agian, lotsatiak dira eta ez direla irakasle onak sentitzen dute. Beste batzuk deseroso sentitzen dira gonbidapenik jaso gabe besteen etxeetara joatean. Berriemaile batzuk jendea beraiekin haserretzearen beldur dira. Eta beste batzuei gatazkak erabat saihestu behar dituztela irakatsi diete. Jehoba asko maite duten arren, anai-arreba hauei zaila egiten zaie berri onei buruz ezezagunekin hitz egitea. Hala ere, badakite lan hau oso garrantzitsua dela, eta erregularki predikatzen dute. Zein pozik egon behar den Jehoba anai-arreba hauekin!

Gozatzen al duzu predikatzeaz? (Ikusi 1. paragrafoa)


2. Zaila egiten bazaizu predikazioaz gozatzea, zergatik ez zinateke desanimatu beharko?

2 Zaila egiten al zaizu batzuetan predikazioaz gozatzea honelako sentimenduen erruz? Horrela bada, ez zaitez desanimatu. Konfiantza falta zaizula sentitzen baduzu, apala zarela eta ez duzula atentziorik deitu nahi esan nahi dezake, baita ez duzula eztabaidarik hasi nahi ere. Bestalde, inork ez du besteak haserrearazi nahi, bereziki besteen alde ona den zerbait egiten ari denean. Zure zeruko Aitak badaki zehatz-mehatz nola sentitzen zaren eta lagundu nahi zaitu (Is. 41:13). Artikulu honetan, honelako sentimenduei aurre egiteko eta predikazioaz gehiago gozatzeko bost gomendio aztertuko ditugu.

UTZI JAINKOAREN HITZARI ZU SENDOTZEN

3. Zerk lagundu zion Jeremias profetari besteei predikatzen?

3 Iraganean, Jainkoaren mezuak bere zerbitzariei eginkizun zailak betetzeko indarrak eman zizkien. Azter dezagun, adibidez, Jeremias profetaren eredua. Jehobak predikatzeko eginkizuna eman zionean, bera asko kezkatu zen. Honakoa esan zuen: «Gazteegia naiz, eta ez dezaket hitz egin» (Jer. 1:6). Zerk lagundu zion predikatzeko ausardia izaten? Jehobak esan zionak asko sendotu zuen. Jeremiasek honakoa esan zuen: «Suaren antzeko zerbait sentitzen dut barruan, eta hezurretaraino erretzen nau; saiatzen naiz itotzen, baina ezin» (Jer. 20:8, 9). Jeremiasek predikatu behar zuen eremua gogorra zen. Hala ere, zabaldu behar zuen mezuak indarra eman zion bere eginkizuna betetzeko.

4. Zer gertatzen da Jainkoaren Hitza irakurri eta honetan hausnartzen dugunean? (Kolosarrei 1:9, 10)

4 Kristauok ere Biblian aurkitzen dugu behar dugun indarra, bertan Jehobaren hitzak baitaude. Paulo apostoluak honakoa esan zien kolosarrei: Jehobaren nahiari buruz ikasteak «era guztietako egintza onen fruitua ema[ten]» jarraitzen lagunduko ziela. Eta, ondorioz, «Jaunari zor zaion bezala biziko» zirela (Irakurri Kolosarrei 1:9, 10). Ekintza on horien artean, berri onak predikatzea dago. Beraz, Jainkoaren Hitza irakurri eta honetan hausnartzen dugunean, Jehobarengan dugun fedea sendotu egiten da. Gainera, hobeto ulertzen dugu zergatik den hain garrantzitsua Erreinuaren mezua predikatzea.

5. Nola atera ahal diogu probetxurik handiena Biblia irakurri eta ikertzeari?

5 Jainkoaren Hitzetik probetxurik handiena ateratzeko, ez genuke korrika eta presaka irakurri, ikertu eta hausnartu beharko. Beraz, hartu zure denbora. Zure irakurketan ulertzen ez duzun aipu bat aurkitzen baduzu, ez ezazu alde batera utzi. Erabili Índice de las publicaciones Watch Tower a edo Jehobaren lekukoen ikasketarako gida aipu horren azalpena aurkitzeko. Ikasteko behar duzun denbora hartzen baduzu, Jainkoaren Hitzean duzun konfiantza sendotu egingo da (1 Tes. 5:21, NWT). Honetaz zenbat eta konbentzituago egon, orduan eta gehiago gozatuko duzu ikasi duzuna besteekin konpartitzeaz.

ONDO PRESTATU PREDIKAZIORAKO

6. Zergatik da garrantzitsua predikatzeko ondo prestatzea?

6 Predikatzeko ondo prestatzen bagara, errazagoa egingo zaigu besteekin hitz egitea. Jesusek bere dizipuluei prestatzen lagundu zien predikatzera joan aurretik (Luk. 10:1-11). Jesusek irakatsi ziena praktikan jarri zutenez, gauza on asko egiteko gai izan ziren eta, ondorioz, oso-oso pozik sentitu ziren (Luk. 10:17).

7. Nola prestatu gaitezke predikaziorako? (Ikusi irudia ere)

7 Nola prestatu gaitezke predikaziorako? Lehenik, zer esan nahi dugun pentsatu behar dugu. Ondoren, esan nahi dugun hori gure hitzetan eta modu natural batean nola esan pentsatu behar dugu. Gainera, oso lagungarria izan daiteke gure eremuan ohikoak diren eragozpenei nola erantzungo diegun aldez aurretik jakitea. Horrela, jendearekin hitz egiten dugunean, errazagoa egingo zaigu erlaxatuta mantentzea, irribarre egitea eta atseginak izatea.

Ondo prestatu predikaziorako (Ikusi 7. paragrafoa)


8. Zein zentzutan dira kristauak Paulo apostoluak aipatutako buztinezko ontziak bezala?

8 Paulo apostoluak honakoa esan zien kristauei: «Altxor hau buztinezko ontzietan dugu» (2 Ko. 4:7, NWT). Zer da altxor hau? Predikatze lana. Eta zergatik da lan hau hain baliotsua? Erreinuaren mezuak biziak salbatzen dituelako (2 Ko. 4:1). Eta zer dira buztinezko ontziak? Berri onak zabaltzen dituzten Jainkoaren zerbitzariak. Pauloren garaian, merkatariek buztinezko ontziak erabiltzen zituzten gauza baliotsuak eramateko, esaterako, janaria, ardoa eta dirua. Antzera, Jehobak gure eskuetan utzi du berri onen mezu baliotsua. Bere laguntzarekin, predikatzen jarraitzeko behar dugun indarra izan dezakegu.

ESKATU AUSARDIA OTOITZEAN

9. Nola gainditu dezakegu gizakiari diogun beldurra? (Ikusi irudia ere)

9 Batzuetan, gizakiaren beldur izan gaitezke. Nola gainditu dezakegu zailtasun hau? Azter dezagun adibide bat. Apostoluak, ez predikatzeko agindu zietenean, ez ziren beldurtu, eta ez zioten predikatzeari utzi. Horren ordez, Jehobari otoitz egin zioten, bere «Hitzari buruz ausardia osoz hitz egiten jarraitzeko laguntza» eskatuz. Eta Jehobak segituan erantzun zuen beraien otoitza (Eg. 4:18, 29, 31). Guk ere batzuetan gizakiari beldur badiogu, Jehobari laguntza eskatu beharko genioke otoitzean. Adibidez, jendeari diogun maitasuna sendotzen laguntzeko eskatu ahal diogu. Horrela, gizakiari diogun beldurra gaindituko dugu.

Eskatu ausardia otoitzean (Ikusi 9. paragrafoa)


10. Nola laguntzen digu Jehobak bere Lekuko izaten? (Isaias 43:10-12)

10 Jehobak bere Lekuko izateko izendatu gaitu, eta ausartak izaten lagunduko gaituela promestu digu (Irakurri Isaias 43:10-12). Nola egiten du hau? Azter ditzagun lau modu. Lehenik, predikatzen dugun bakoitzean Jesus gurekin dago (Mat. 28:18-20). Bigarrenik, Jehobak aingeru batzuei gu laguntzeko ardura eman die (Ap. 14:6). Hirugarrenik, Jehobak espiritu santua eman digu ikasitakoa gogoratzen laguntzeko (Joan 14:25, 26). Laugarrenik, Jehobak anai-arrebak eman dizkigu gurekin batera predikatzeko. Jehobaren eta gure anaiarte maitekorraren laguntzarekin, arrakasta izateko behar dugun guztia dugu.

EGOKITU JENDEAREN BEHARRETARA ETA IZAN IKUSPUNTU EGOKIA

11. Zer egin dezakegu predikazioan jende gehiago aurkitzeko? (Ikusi irudia ere)

11 Desanimatuta sentitzen al zara etxean jende gutxi aurkitzen duzunean? Horrela bada, honakoa galdetu ahal diozu zeure buruari: «Non daude eremuko pertsonak momentu honetan?» (Eg. 16:13). «Lanean edo erosketak egiten egongo al dira?». Hala bada, agian, kalean predikatuz gero jende gehiago aurkituko dugu. Joshua izeneko anaia batek honakoa dio: «Merkatal guneetatik gertu eta jende asko dagoen beste toki batzuetara joatean, predikatzeko aukerak aurkitu ditut». Gainera, iluntzen hasten den lehen orduetan eta igande arratsaldeetan predikatzean, Joshua eta bere emazte Bridget-ek pertsona gehiago aurkitu dituzte etxeetan (Efe. 5:15, 16, NWT).

Zure errutina egokitu (Ikusi 11. paragrafoa)


12. Nola jakin dezakegu pertsonek zertan sinesten duten edo zerk kezkatzen dituen?

12 Jendeak gure mezuan interesik erakusten ez badu, saiatu zertan sinesten duten edo zerk kezkatzen dituen jakiten. Joshua eta Bridget-ek eskuorrien azaleko galdera erabiltzen dute jendearekin hitz egitean. Adibidez, Zer pentsatzen duzu Bibliari buruz? eskuorriarekin honako sarrera egiten dute: «Pertsona batzuek Biblia Jainkoaren Hitza bezala ikusten dute. Beste batzuek, aldiz, ez. Eta zuk? Zer uste duzu?». Honela, normalean, elkarrizketa bat hasten dute.

13. Zergatik dugu arrakasta predikazioan inork kasurik egiten ez digunean ere? (Esaera Zaharrak 27:11)

13 Predikazioan dugun arrakasta ez da ditugun emaitzen araberakoa. Zergatik? Jehobak eta bere Semeak eskatzen digutena egiten dugulako: testigantza eman (Eg. 10:42). Beraz, nahiz eta inorekin ez hitz egin edo gure mezuari inork kasurik ez egin, pozik egon gaitezke gure zeruko Aita pozten ari garela dakigulako (Irakurri Esaera Zaharrak 27:11).

14. Zergatik pozten gara beste berriemaile batek eremuan interesa duen pertsona bat aurkitzen duenean?

14 Bestalde, asko pozten gara beste berriemaile batek eremuan interesa duen pertsona bat aurkitzen duenean. Predikazioa galdu den haur bat bilatzeko lanarekin konparatu zuen behin Talaiak. Pertsona askok bilatzen dute haurra, eremu bat bestearen atzetik arakatuz. Haurra azaltzean, denak pozten dira, eta ez aurkitu duena bakarrik. Antzera, dizipuluak egiteko lana talde-lana da. Kongregazioko berriemaile guztiak behar dira eremu osoa lantzeko, eta denak pozten dira pertsona bat bileretara joaten hasten denean.

JARRI ARRETA JEHOBARENGAN ETA LAGUN HURKOARENGAN

15. Nola lagundu ahal digu Mateo 22:37-39 aipua praktikan jartzeak predikazioaz gehiago gozatzen? (Ikusi irudia ere)

15 Jehobari eta besteei diegun maitasunean jartzen badugu arreta, predikatzeko dugun gogo bizia handituko da (Irakurri Mateo 22:37-39). Imajinatu zein pozik jartzen den Jehoba predikatzen ikusten gaituenean, eta zein zoriontsua izan daitekeen jendea Biblia aztertzen hasten bada! Pentsatu ere gure mezua entzuten dutenek izango duten esperantza ederrean (Joan 6:40; 1 Tim. 4:16).

Jehobari eta besteei diegun maitasunean arreta jartzeak predikazioaz gehiago gozatzen lagunduko gaitu (Ikusi 15. paragrafoa)


16. Zer gauza egin ditzakegu predikazioaz gozatzeko etxean konfinatuta bagaude?

16 Konfinatuta al zaude etxean arrazoiren batengatik? Horrela bada, jarri arreta Jehobari eta besteei maitasuna erakusteko dituzun moduetan. COVID-19 pandemian zehar, Samuel eta bere emazte Dania, beste asko bezala, konfinatuta egon ziren etxean. Garai zail horretan, erregularki telefonoz predikatu, gutunak idatzi eta Zoom bitartez Biblia ikastaroak zuzendu zituzten. Bestalde, Samuelek minbizia zuen, eta tratamendua jasotzera joaten zen klinikako langileei predikatzen zien. Berak dio: «Zailtasunak ditugunean, mentalki, fisikoki eta espiritualki ahuldu gaitezke. Horregatik, Jehobaren zerbitzuan poztasuna bilatu behar dugu». Hau gutxi balitz, denbora tarte horretan, Dania erori egin zen, eta hiru hilabetez ezin izan zen ohetik atera. Ondoren, sei hilabetez egon behar izan zuen gurpil aulki batean. Daniak dio: «Nire egoeraren barruan ahal nuen guztia egiten saiatu nintzen. Etxera etortzen zen erizainari eta paketeak ekartzen zizkigutenei predikatzen nien. Gainera, elkarrizketa on bat izan nuen medikuntza enpresa bateko langile batekin». Egia da Samuel eta Daniak ezin zutela lehen bezainbeste egin. Baina ahal zutena egin zuten eta, ondorioz, pozik sentitu ziren.

17. Nola atera ahal diezu probetxurik handiena artikulu honetako gomendioei?

17 Saiatu artikulu honetan aipatutako bost gomendioak batera jartzen praktikan. Gomendio bakoitza errezeta bateko osagai bat bezalakoa da. Osagai guztiak konbinatzen ditugunean, plater zaporetsu bat lortzen dugu. Era berean, gomendio guztiak praktikan jartzen baditugu, besteekin hitz egitean izan ditzakegun sentimendu negatiboei aurre egiteko hobeto prestatuta egongo gara eta predikazioaz gehiago gozatuko dugu.

NOLA LAGUNTZEN DIZUTE ONDORENGO GOMENDIOEK PREDIKAZIOAZ GEHIAGO GOZATZEN?

  • Ondo prestatzeko denbora hartu

  • Otoitzean ausardia eskatu

  • Jehobari eta besteei diegun maitasunean arreta jarri

sjj 80. KANTA Dastatu eta ikustazu zein ona den Jainkoa

a Index des publications des Témoins de Jéhovah.