Nola lagundu zaitzake Jainkoa ezagutzeak?
Orain arte, Jainkoa nor den jakiten lagundu diguten xehetasun batzuk ikusi ditugu. Lehenik, Bibliaren arabera Jainkoaren izena Jehoba dela eta bere ezaugarririk nagusiena maitasuna dela ikasi dugu. Gainera, gizadiaren alde zer egin duen eta zer egingo duen aztertu dugu. Hala ere, azkoz ere gehiago dago Jainkoari buruz ikasteko. Agian, honakoa galdetuko diozu zeure buruari: Nola lagundu nazake Jainkoa ezagutzeak?
Jehobak honakoa promesten dizu: «Haren bila ibiltzen bazara, utziko dizu bera aurkitzen» (1 Kronikak 28:9). Imajinatu zein opari polita izango duzun Jainkoa bilatu eta ezagutzen baduzu: bere «adiskide» izatea! (25. Salmoa 14). Nola lagunduko dizu bere laguna izateak?
Benetan zoriontsu izango zara. Bibliak Jehoba «Jainko zoriontsua» dela esaten du (1 Timoteori 1:11). Jainkoarengana gerturatzeak eta bera imitatzeak benetan zoriontsu egingo zaitu, eta horrek emozionalki, mentalki eta fisikoki lagunduko dizu (33. Salmoa 12). Gainera, bizimodu kaltegarriak baztertu eta ohitura onak edukiko dituzu, eta besteekin ondo konponduko zara. Zalantzarik gabe, salmogilearekin bat egingo duzu: «Nire zoriona […] Jainkoaren ondoan egotea da» (73. Salmoa 28).
Jainkoa zutaz arduratuko da. Jehobak honakoa promestu die bere zerbitzariei: «Aholku emango dizut eta zure ardura izango» (32. Salmoa 8). Zer esan nahi du horrek? Jehoba bere zerbitzari bakoitzaz arduratzen dela eta bakoitzari zehazki behar duena ematen diola (139. Salmoa 1, 2). Jehobaren lagun mina izatera iristen zarenean, bera beti zure alboan laguntzeko prest dagoela ikusiko duzu.
Etorkizun paregabea izango duzu. Orain zoriontsua izaten laguntzeaz gain, Jehobak etorkizun zoragarria izateko aukera ematen dizu (Isaias 48:17, 18). Bibliak honakoa dio: «Honek esan nahi du betirako bizia: zu, egiazko Jainko bakarra, eta zuk bidali duzun Jesu Kristo ezagutzeak» (Joan 17:3). Garai zail hauetan, Jainkoak ematen digun esperantza «tinko eta seguru» mantentzen laguntzen digun aingura bat bezalakoa da (Hebrearrei 6:19).
Jainkoa hobeto ezagutzeko eta bere lagunak izateko arrazoi gutxi batzuk aztertu ditugu, baina askoz ere gehiago daude. Gehiago jakin nahi baduzu, hitz egin ezazu Jehobaren lekuko batekin edo bisitatu jw.org webgunea.