Mundu berria gertu dago!
Jainkoak lurra gizaki zintzoak bertan betirako bizitzeko sortu zuen (37. Salmoa 29). Horregatik, lehen bikotea, Adam eta Eba, leku zoragarri batean jarri zuen: Edengo lorategia. Gainera, beraiei eta euren oinordekoei lurra landu eta zaintzeko ardura eman zien (Hasiera 1:28; 2:15).
Gaur egungo mundua ez da Jainkoak nahi zuen paradisua bezalakoa. Baina Jainkoa ez da iritziz aldatu. Nola beteko du hasieran zuen helburua? Aurreko artikuluetan ikusi dugun bezala, Jainkoak ez du planeta suntsituko. Horren ordez, gizaki leialei bertan bizitzen utziko die. Jainkoak bere promesa betetzen duenean, nolakoa izango da bizitza lurrean?
Mundu mailako gobernu bakarra
Laster, Jainkoaren zeruko gobernuak gizadiaren gain agintzen duenean, pertsona guztiak zoriontsuak izango dira, bakean biziko dira eta lanaz gozatuko dute. Jainkoak Jesu Kristo izendatu du lurra agintzeko. Bera ez da giza agintariak bezalakoa, Jesusek beti hoberena nahi du besteentzat. Bere agintaritza maitasunean oinarrituko da eta Errege atsegin, errukior eta justua izango da (Isaias 11:4).
Nazioarteko batasuna
Lurreko gizarte berria ez da nazionalitate edo arrazarengatik banatuta egongo. Gizadia batuta egongo da (Apokalipsia 7:9, 10). Lurrean biziko diren gizaki guztiek Jainkoa maitatuko dute eta euren artean maitatuko dira. Guztiak arituko dira bakean elkarlanean Jainkoaren hasierako asmoa betetzeko: gure etxea, lurra, zaintzea (115. Salmoa 16).
Natura orekan egongo da
Jainkoaren Erreinuak lurra agintzean, Sortzaileak klima kontrolpean izango du (24. Salmoa 1, 2). Ondorioz, klima oreka perfektuan egongo da. Lurrean egon zenean, Jesusek Jainkoak emandako boterearen adibide txiki bat erakutsi zuen ekaitz bortitz bat baretuz (Markos 4:39, 41). Jesu Kristok agintzen duenean, inork ez du hondamendi naturalen beldurrik izan beharko. Gainera, gizakiak naturarekin zuen hasierako oreka ezarriko du berriz Jainkoaren Erreinuak (Oseas 2:20 [2:18, NWT]).
Osasun perfektua eta janari ugari guztiontzat
Denok izango dugu osasun perfektua. Inor ez da gaixotuko, zahartuko edo hilko (Isaias 35:5, 6). Adam eta Eba bezala, gu ere giro garbi eta ederrean biziko gara. Mundu berrian, Edengo lorategian bezala, lurrak elikagai ugari emango du eta guztiok izango dugu soberan jateko (Hasiera 2:9). Paradisuan, Jainkoak antzinako Israeli promestutako gauza bera gertatuko da: «Ase-ase egin arte jan ahal izango duzue» (Lebitarrena 26:4, 5).
Benetako bakea eta segurtasuna
Jainkoaren mundu mailako gobernuaren agintaritzapean, bakea egongo da lur osoan. Ez da injustiziarik egongo eta jende guztiak bata bestea maitasunez tratatuko du. Ez da gerrarik edo botere abusurik egongo eta ez dugu sufritu beharko behar duguna lortzeko. Izan ere, Bibliak honakoa promesten digu: «Nor bere mahats-parrapean eseriko da, bere pikondopean, inoren beldurrik gabe» (Mikeas 4:3, 4).
Etxeak guztiontzat eta lan atsegina
Familia bakoitzak bere etxea izango du, hau galtzeko beldurrik gabe. Gainera, guztiok gozatuko dugu lanaz. Bibliak dioenaren arabera, Jainkoaren mundu berrian biziko direnak «ez dira alferrik nekatuko» (Isaias 65:21-23).
Hezkuntzarik onena
Bibliak honakoa promesten du: «Jaunaren ezagupenak beteko baitu lurralde osoa» (Isaias 11:9). Gizarte berriak bere Sortzailearen, Jehobaren, jakinduriari eta sorkuntza zoragarriari buruz ikasiko du. Gizakiek ez dute euren ezagutza armak egiteko edo besteak kaltetzeko erabiliko (Isaias 2:4). Horren ordez, bata bestearekin bakean bizitzen eta lurra zaintzen ikasiko dute (37. Salmoa 11).
Bizitza amaigabea
Jainkoak kontu handiz prestatu zuen lurra guk egunero bizitzaz bete-betean gozatu ahal izateko. Bere asmoa gizakiak lurrean betirako bizitzea da (37. Salmoa 29; Isaias 45:18). Hau lortzeko, «behin betiko suntsituko du heriotzea» (Isaias 25:8, EABLB). Bibliak honakoa promesten du: «Ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik» (Apokalipsia 21:4). Jainkoak betirako bizitzeko aukera emango die mundu berrian biziko direnei, hau da, azkena iristean salbatuko dituenei eta berpiztuko dituen milioika laguni (Joan 5:28, 29; Eginak 24:15, NWT).
Oso gutxi falta da mundu hau amaitzeko. Bizirauteko eta mundu hobeaz gozatzeko zer egin behar duzun jakiteko, eskatu Jehobaren lekuko bati doako Biblia ikastaro interaktiboa, Gozatu bizitzaz betirako! liburua erabiliz egiten dena.