50. IKASKETARAKO ARTIKULUA
«Hilak nola pizten dira?»
«Non duk, Herio, heure garaipena? Non heure eztena?» (1 KO 15:55).
sjj 141. KANTA Bizia, mirari zoragarria
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. Zergatik izan behar dute kristau guztiek zeruko berpizkundeari buruzko jakin-mina?
JEHOBAREN zerbitzari gehienek lurrean bizitzeko esperantza dute. Baina badago talde txiki bat, kristau gantzutuak, zeruan berpiztuak izateko esperantza duena. Noski, hauek zeruan izango duten bizitza nolakoa izango den jakin nahi dute. Baina, zergatik interesatu beharko litzaieke lurrean bizitzeko esperantza dutenei? Ikusiko dugun bezala, zeruko berpizkundeak hauei ere bedeinkapen asko ekarriko dizkielako. Beraz, gure esperantza zein den axola gabe, denontzako da interesgarria zeruko berpizkundea.
2 Jainkoak lehen mendeko Jesusen jarraitzaile batzuk zeruko esperantzari buruz idazteko inspiratu zituen. Adibidez, Joan apostoluak esan zuen: «Dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean, Jainkoaren antzeko garela» (1 Jn 3:2). Beraz, gantzutuek ez dakite zer-nolakoa izango den beraien bizitza zeruan berpiztu ondoren. Baina badakite Jehoba ikusiko dutela. Bibliak zeruko berpizkundeari buruzko xehetasun guztiak ez ditu ematen. Hala ere, Paulok hauetariko batzuei buruz hitz egin zuen. Jesu Kristok «nagusitza, aginte eta indar guztiak», baita heriotza, azken etsaia ere, suntsitzen dituenean, gantzutuak berarekin egongo dira. Azkenik, Jesus eta berarekin aginduko dutenek euren buruak eta gauza guztiak Jehobaren menpe jarriko dituzte (1 Ko 15:24-28). Ez al da momentu zoragarria izango? b
3. 1 Korintoarrei 15:30-32 pasartearen arabera, zer egiten lagundu zion Paulori berpizkundean zuen fedeak?
3 Paulok berpizkundean zuen fedeak hainbat probei aurre egiten lagundu zion (Irakurri 1 Korintoarrei 15:30-32). Korintoarrei esan zien: «Egunero heriotza gainean dudalarik bizi naiz». Honakoa ere idatzi zuen: «Efeson basapiztien kontra borroka egin nuen». Agian Efesoko estadioan benetako animaliekin borroka egiteaz hitz egiten ari zen (2 Ko 1:8; 4:10; 11:23) Edo, beharbada, bere aurka zeuden judu eta beste batzuei buruz hitz egiten ari zen. Izan ere, hauek basapiztiak bezalakoak ziren (Eg 19:26-34; 1 Ko 16:9). Argi dago Paulok arrisku handiak izan zituela. Baina etorkizunari buruzko ikuspuntu positiboa mantendu zuen (2 Ko 4:16-18).
4. Nola indartzen ditu gaur egun kristauak berpizkundearen esperantzak? (Ikusi azaleko irudia)
4 Garai arriskutsuan bizi gara. Adibidez, gure anai-arreba batzuk delituen biktima izan dira. Beste batzuk gerran dauden lurraldeetan bizi dira eta ez dira seguru sentitzen. Herrialde batzuetan Jehobaren zerbitzarien predikatze-lana mugatuta edo debekatuta dago eta, nahiz eta beraien bizitza edo askatasuna arriskuan egon, Jehoba zerbitzatzen dute. Arazoak jasan arren, anai-arreba guzti hauek Jehoba adoratzen jarraitzen dute eta eredu bikainak dira guretzako. Ez dute beldurrik. Izan ere, badakite nahiz eta orain bizia galdu, Jehobak etorkizunean askoz ere hobea den zerbait emango diela.
5. Zer ikuspuntu arriskutsuk ahuldu dezake berpizkundean dugun fedea?
5 Paulok bere anai-arrebei ikuspuntu arriskutsu batez hitz egin zien: «Hilak pizten ez badira, jan dezagun eta edan, bihar hil behar dugu eta». Lehen mendearen aurretik ere, batzuek ikuspuntu bera zuten. Paulo, agian, Isaias 22:13ko hitzak aipatzen ariko zen. Israeldarrek bizitzaz gozatzea nahiago zuten Jehobarengana gerturatzea baino. Jarrera hau gaur egun ere ikusten dugu: «Bizi momentua!». Baina Biblian, israeldarrek izan zuten pentsaera okerraren ondorio txarrak idatzita daude (2 Kro 36:15-20).
6. Zer eragin izan behar luke berpizkundean dugun fedeak lagunak aukeratzean?
6 Korintoko anai-arrebek ez zuten berpizkundea baztertzen zutenen lagunak izan behar. Zer ikasi dezakegu guk? Jehobak hildakoak berpiztuko dituela jakiteak gure lagunak hautatzean eragina izan behar duela. Gainera, «bizi momentua» ikuspuntua dutenen lagunak bagara, ez dugu ezer onik lortuko. Agian, ikuspuntu eta ohitura kristauak galduko ditugu. Izan ere, Jainkoak gorroto duena egitera bultzatu gaitzakete. Horregatik, Paulok honakoa egiteko beharra adierazi zuen: «Etor zaitezte senera eta utzi bekatu egiteari» (1 Ko 15:33, 34).
ZER-NOLAKO GORPUTZAREKIN?
7. 1 Korintoarrei 15:35-38 pasartearen arabera, berpizkundeari buruzko zer galdera izan ditzakete batzuek?
7 Irakurri 1 Korintoarrei 15:35-38. Berpizkundeari buruzko zalantzak sortu nahi izan zituen batek, honakoa galdetu zuen: «Eta hilak nola pizten dira? Nolako gorputzez itzuliko dira bizira?». Jendeak heriotzaren ondorengo bizitzari buruzko ikuspuntu desberdinak dituenez, Pauloren erantzuna aztertu beharko genuke. Zer dio Bibliak?
8. Zer adibidek laguntzen digu zeruko berpizkundea ulertzen?
8 Norbait hiltzen denean, bere gorputza usteldu egiten da. Baina unibertso osoa sortu zuenak pertsona hori behar duen gorputza emanez berpiztu dezake (Has 1:1; 2:7). Jainkoak hildakoa zeruan gorputz berdinarekin piztu beharrik ez duela erakusteko, Paulok adibide bat erabili zuen. Pentsa dezagun landare baten hazian. Ereiten dugunean handitzen hasten da eta landare berri bihurtzen da. Ereindako hazia eta landare berria oso desberdinak dira. Zertarako erabili zuen konparaketa hau? Gure Sortzaileak «berak nahi bezalako» gorputza eman dezakeela adierazteko.
9. Zer esaten du 1 Korintoarrei 15:39-41 pasarteak gorputz mota desberdinei buruz?
9 Irakurri 1 Korintoarrei 15:39-41. Jainkoak gauza guztiak sortu zituenean, gorputz desberdinak egin zituela aipatzen du Paulok. Adibidez, abere, hegazti eta arrainek gorputz desberdinak dituzte. Paulok esan zuen bezala, zerura begiratzen dugunean, eguzkia eta ilargia ere desberdinak dira, eta «izarrek berek ere ez dute denek distira berdina». Hau hala da nahiz eta gure begiekin ezin antzeman. Zientzialarien arabera, izar mota asko daude: handiak, txikiak, gorriak, zuriak eta, beste batzuk, horiak, gure eguzkia bezalakoak. Paulok «zeruko izakiak eta lurrekoak» daudela ere esan zuen. Lurreko izakiek hezur-haragizko gorputzak dituzte; zerukoek berriz, esaterako aingeruek, espirituzkoak.
10. Zer nolako gorputza izango dute zeruan berpiztuak izango direnek?
10 Ikus dezagun Paulok zer gehiago esan zuen: «Hildakoen piztuerarekin ere gauza bera gertatuko da: ereiten dena ustelkorra da, pizten dena ustelezina». Noski, hil ondoren giza gorputza usteldu eta hautsera itzultzen da (Has 3:19). Orduan, zergatik esan zuen Paulok pizten den gorputza «ustelezina» dela? Paulo ez zen lurrean berpiztua den gizakiari buruz hitz egiten ari, adibidez Elias, Eliseo eta Jesusek berpiztutakoei buruz. Horren ordez, Paulo «espirituzko» gorputzarekin berpiztua denari buruz hitz egiten ari zen (1 Ko 15:42-44).
11, 12. Zer aldaketa bizi izan zuen Jesusek berpiztua izan zenean eta nola bizitzen dute gantzutuek antzekoa?
11 Lurrean bizi zenean, Jesusek hezur-haragizko gorputza zuen. Baina, berpiztua izan zenean, «Espiritu bizi-emaile» bihurtu eta zerura itzuli zen. Era berean, kristau gantzutuak espirituzko gorputzarekin berpiztuak izango ziren. Paulok honela azaldu zuen: «Lurtarraren irudiko garen bezala, zerutarraren irudiko ere izango gara» (1 Ko 15:45-49).
12 Jesus ez zela giza gorputz batekin berpiztua izan gogoratu behar dugu. Berpizkundeari buruzko azalpenean Paulo unerik garrantzitsuenera iristen ari zenean, «hezur-mamizko gorputza ezin dela Jainkoaren erreinuaren jabe egin» esan zuen (1 Ko 15:50). Beraz, apostoluak eta beste gantzutuak ez ziren zeruan berpiztuak izango hezur-haragizko gorputz ustelkorrekin. Baina, noiz izango ziren berpiztuak? Paulok ez zuen esan hil eta berehala izango zenik, baizik eta etorkizuneko uneren batean. Paulok Korintoarrei lehena idatzi zuenerako, jarraitzaile batzuk dagoeneko hilak zeuden, esaterako, Santiago apostolua (Eg 12:1, 2). Beste apostolu eta gantzutuak beranduago hilko ziren (1 Ko 15:6).
GARAIPENA HERIOTZAREN GAIN
13. Zer gertatuko zen Jesusen presentzian zehar?
13 Jesusek eta Paulok historiako garai garrantzitsu bati buruz hitz egin zuten: Jesu Kristoren presentzia. Garai honetan gerrak, lurrikarak, izurriteak eta beste gauza txar batzuk gertatuko ziren mundu-mailan. Profezia hau 1914tik aurrera betetzen ikusi dugu. Baina beste gauza garrantzitsu bat ere gertatuko zen. Jesusek Jainkoaren Erreinua agintzen ari denaren berri onak «mundu guztian hots egingo» dela esan zuen. «Orduan etorriko da azkena» (Mt 24:3, 7-14). Paulok, gainera, hildako gantzutuak «Jaunaren presentzian» zehar zeruan bizitzeko berpiztuak izango zirela esan zuen (1 Ts 4:14-16, NW; 1 Ko 15:23, NW ).
14. Zer gertatzen zaie Jesu Kristoren presentzian hiltzen diren gantzutuei?
14 Orain hiltzen diren kristau gantzutuak segituan dira zeruan bizitzeko berpiztuak. Paulok ideia hau 1 Korintoarrei 15:51, 52an baieztatu zuen: «Ez gara denok hilko, baina izatez aldatuak izango gara denok unetxo batean, begien itxi-ireki batean, azkeneko turuta-hotsarekin batera» (1 Ko 15:51, 52). Pauloren hitz hauek orain ari dira betetzen! Berpiztuak izan ondoren, Jesu Kristoren anai-arrebek izugarrizko zoriontasuna izango dute «beti Jaunarekin egongo» baitira (1 Ts 4:17).
15. Zer egingo dute «begien itxi-ireki batean» aldatuak izango direnek?
15 «Begien itxi-ireki batean» aldatuak izango direnek zeruan zer egingo duten aipatzen du Bibliak. Jesusek honakoa esaten die: «Garaileari, nire nahia egiten azkeneraino irauten duenari, agintea emango diot nazioen gain, nik neure Aitarengandik hartu dudan agintea; burdinazko makilaz gobernatuko ditu, buztinezko ontzia bezala puskatuko» (Ap 2:26-28). Jesusi jarraituz, burdinazko makilaz gobernatuko dituzte nazioak (Ap 19:11-15).
16. Nola garaituko dute gizaki askok heriotza?
16 Argi dago, gantzutuek heriotza garaituko dute (1 Ko 15:54-57). Beraien berpizkundeari esker, laster, Harmagedonen, gaiztakeria guztia kentzen lagunduko dute. Bestalde, «larrialdi handitik» bizirik aterako diren milioika kristauek mundu berriaz gozatuko dute (Ap 7:14). Gizon-emakume hauek heriotzaren gain beste garaipen bat ere ikusiko dute: iraganean hildako milioika eta milioika lagunen berpizkundea. Imajinatu zein zoriontsu izango garen garaipen zoragarri hau gertatzen denean! (Eg 24:15). Horrela, Jehobari erabat leial diren guztiek, Adamengandik jasotako heriotza garaitu eta betiko bizitzeko aukera izango dute.
17. Zer egitera animatzen gaitu 1 Korintoarrei 15:58ak?
17 Bizirik gauden kristau guztiok eskertuta egon beharko ginateke Paulok berpizkundeari buruz korintoarrei idatzi zizkien hitz animagarriengatik. Pauloren aholkua jarraituz, «Jaunaren lanean» gogotsu jarduteko arrazoi politak ditugu (Irakurri 1 Korintoarrei 15:58). Lan honetan ahal dugun guztia egiten badugu, etorkizunean bizitza guztiz zoriontsua izatea espero dezakegu. Imajinatzen duguna gutxi da han biziko dugunarekin konparatuta. Bizitza horrek argi utziko du Jaunaren alde egindako lana ez dela saririk gabe geratu.
sn 55. KANTA Betiko bizia!
a Korintoarrei lehena 15. kapituluko lehen zatiak, berpizkundeari buruzko xehetasunak ditu, bereziki kristau gantzutuen berpizkundeari buruzkoak. Hala ere, Paulok kapitulu honetan idatzi zuena beste ardientzako ere inportantea da. Artikulu honetan, berpizkundearen itxaropenak gure bizitzan zer eragin izan beharko lukeen ikusiko dugu. Gainera, etorkizuna gogotsu itxaroteko arrazoiak aurkituko ditugu.
b Ale honetako «Irakurleen galderak» Paulok 1 Korintoarrei 15:29an idatzitakoa azaltzen du.