Irakurleen galderak
Esaera Zaharrak 24:16ak honakoa dio: «Zazpi aldiz erori arren, jaikiko baita zintzoa». Nori buruz hitz egiten du bertset honek? Behin eta berriz bekatuan erori eta Jainkoak barkatzen dionari buruz?
Ez, bertset hau ez da horrelako pertsonari buruz ari. Horren ordez, behin eta berriz arazo eta zailtasunak izan arren, aurrera egiten jarraitzen duenari buruz ari da.
Ikus dezagun testuingurua: «Gaizto hori, ez egin egitasmo txarrik zintzoaren etxearen aurka, ezta hondatu ere haren egoitzarik, zazpi aldiz erori arren, jaikiko baita zintzoa; gaiztoa, berriz, zoritxarrean murgilduko . Ez poztu zeure arerioaren erorketaz, ezta gozatu ere behaztopa egiten badu» (Es 24:15-17).
Batzuen ustez, 16. bertseta bekatu egin, damutu eta berriz ere Jainkoaren adiskidetasuna duen pertsonari buruz ari da. Adibidez, Ingalaterrako bi erlijio-buruk «predikatzaileek, bai antzinakoek, baita gaur egungoek ere, bertset hau askotan» horrela erabili dutela idatzi zuten. Erlijio-buru hauen arabera, «gizon on batek behin eta berriz bekatu larriak egin ditzake, baina damutzen bada, ez du sekula Jainkoaren maitasunik galtzen». Ziurrenik bekatu egiteari utzi nahi ez dion pertsona gustura egongo da azalpen honekin. Izan ere, behin eta berriz bekatu egin arren, Jainkoak beti barkatuko diola pentsa lezake.
Baina hori ez da 16. bertsetak esan nahi duena.
16 eta 17. bertsetetan «erori» edo «erorketa» itzuli den hitz hebrearra hainbat modutan erabili daiteke. Alde batetik, esanahi literala eduki dezake: idia bidean erori, norbait teilatutik erori edo dorretxea erori daiteke (Dt 22:4, 8; Is 30:25). Bestetik, modu figuratiboan erabili daiteke: «Jaunak segurtatzen ditu gizakiaren pausoak eta atsegin duen bidetik eramaten. Estropezu egiten badu ere, ez da erortzen, eskutik heltzen baitio Jaunak» (Sal 37:23, 24; Es 11:5; 17:20).
Hala ere, begira zer esan zuen Edward Hayes Plumptre irakasleak: «[“Erori”] itzultzen den hitz hebrearra ez da sekula bekatuan erortzearekin lotu». Beste aditu batek ere honela azaltzen du 16. bertseta: «Alferrikakoa da Jainkoaren herriarekin gaizki jokatzea, beti izango baitu arrakasta. Gaiztoek, ordea, ez!».
Beraz, zer erakusten digu Esaera Zaharrak 24:16 bertsetari buruz aztertu dugun guzti honek? Ez dela bekatu egiteari buruz hitz egiten ari, baizik eta arazo eta zailtasunak izateari buruz. Hauek, agian, behin eta berriz jasaten ditu zintzoak. Gaur egungo mundu gaiztoan zintzoa denak osasun arazoak, gobernuen pertsekuzioa eta beste hainbat arazo jasan ditzake. Baina, ziur egon daiteke Jehoba ondoan duela eta aurrera egiten eta arrakasta izaten lagunduko diola. Pentsatu zenbatetan lortzen dituzten Jainkoaren zerbitzariek emaitza onak. Zergatik gertatzen da hau? Honakoa da arrazoia: «Erortzear direnei Jaunak die eusten, lur joak ditu altxatzen» (Sal 41:1-3; 145:14-19).
«Zintzoa» ez da pozten besteek arazoak izateaz. Horren ordez, «Jainkoari begirune eta lotsa diotenei ongi doakie[la]» jakiteak poztu egiten du (Koh 8:11-13; Jb 31:3-6; Sal 27:5, 6).