17. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jehobak maite zaitu!
«Jaunak bere herria maite [du]» (SAL 149:4).
sn 18. KANTA Jainkoaren maitasun leiala
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zer ikusten du Jehobak bere herrian?
JEHOBAK «bere herria maite» du (Sal 149:4). Ez al da hau ideia hunkigarria? Jehobak gure ezaugarri onak ikusten ditu, baita izan gaitezkeena ere, eta berarengana erakartzen gaitu. Leial mantentzen bagara, guregandik hurbil egongo da betiko! (Jn 6:44).
2. Zergatik egiten zaie batzuei zaila Jehobak maite dituela sinestea?
2 Batzuek honakoa pentsatu dezakete: «Badakit Jehobak bere herria maite duela, baina nola egon naiteke ziur ni maite nauela?». Zerk sortu dezake galdera hori? Haurtzaro latza jasan zuen Oxanak b honakoa dio: «Oso pozik nengoen bataiatu eta aitzindaritza hasi nuenean. Baina 15 urte beranduago, haurra nintzenean jasan behar izan nituen gauza ikaragarriak gogoratzen hasi nintzen. Jehobaren onespena galdu eta bere maitasuna ez nuela merezi pentsatu nuen». Yuak ere, arazo asko izan zituen haurtzaroan. Orain aitzindaria da eta honakoa dio: «Jehoba poztu nahi nuenez, neure burua eskaini nion. Baina ziur nengoen ez ninduela sekula maitatuko».
3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
3 Aipatutako bi arreba leial hauek bezala, Jehoba asko maite duzu. Baina, agian, zu maitatzen ote zaituen zalantzan jartzen duzu. Zergatik egon behar duzu ziur zutaz benetan arduratzen dela? Eta zerk lagundu zaitzake pentsamendu negatiboei aurre egiten? Erantzun ditzagun galdera hauek.
JEHOBAREN MAITASUNA ZALANTZAN JARTZEA ARRISKUTSUA DA
4. Zergatik da arriskutsua Jehobak digun maitasuna zalantzan jartzea?
4 Maitasuna indar motibatzaile boteretsua da. Jehobaren maitasunaz eta laguntzaz ziur bagaude, bizitzan zailtasun asko izan arren, Jehoba bihotz-bihotzez zerbitzatzera bultzatuta sentituko gara. Bestalde, Jehoba gutaz arduratzen dela zalantzan jartzen badugu, «larri» ibiliko gara indarrez (Es 24:10). Gainera, desanimatuta bagaude eta ez badugu sinesten Jehobak maite gaituela, ezin izango diegu Satanasen erasoei aurre egin (Ef 6:16).
5. Zer eragin izan du batzuengan Jainkoaren maitasuna zalantzan jartzeak?
5 Zalantzek gure anai-arreba leial batzuek espiritualki ahuldu dituzte. James izeneko adindun batek dio: «Betelen zerbitzatzen nuen eta atzerriko hizkuntza bateko kongregazioan predikatzeaz gozatzen nuen. Hala ere, Jehobak egiten nuena onartuko zuen zalantzan jartzen nuen. Jehobak nire otoitzak entzungo ote zituen ere galdetzen hasi nintzen». Eva ere denbora osoko zerbitzuan dago eta honakoa dio: «Jehobaren maitasuna zalantzan jartzea oso arriskutsua dela konturatu nintzen. Izan ere, espiritualki behea jotzera eraman zaitzake; Jehobaren zerbitzuan gauzak egiteko gogoa eta poza galdu dezakezu». Michael izeneko aitzindari erregular eta adindun batek dio: «Jainkoa zutaz arduratzen dela ez baduzu sinesten, berarengandik aldendu egingo zara».
6. Zer egin behar dugu Jainkoak digun maitasuna zalantzan jartzen hasten bagara?
6 Anai-arreba hauei gertatutakoak pentsaera negatiboa espiritualki oso kaltegarria izan daitekeela erakusten du. Baina zer egin beharko genuke Jehobak digun maitasuna zalantzan jartzen hasten bagara? Pentsaera hori segituan baztertu behar dugu! Eskatu Jehobari bihotza «ardura» eta kezkaz betea izan beharrean, bere «bakeak» zure «gogo-bihotzak» zaintzen laguntzeko (Sal 139:23; Flp 4:6, 7). Eta gogoratu ez zaudela bakarrik. Beste anai-arreba leial batzuk ere sentimendu negatiboekin borrokan ari dira. Antzinako Jehobaren zerbitzariek ere antzeko sentimenduak izan zituzten. Ikus dezagun zer ikasi dezakegun Paulo apostoluaren eredutik.
PAULORENGANDIK IKASI DEZAKEGUNA
7. Zer arazori egin zien aurre Paulok?
7 Sentitu al duzu noizbait dituzun eginkizun eta ardurak betetzeko gai ez zarela? Hala bada, ondo ulertuko duzu Paulo. Kezka handia zuen, ez kongregazio bakar batengatik soilik, baizik eta kongregazio guztiengatik (2 Ko 11:23-28). Poza kentzen dizun gaixotasun kronikorik ba al duzu? Paulok «haragian sartutako eztena» zuela esan zuen. Agian asko sufriarazten zuen osasun arazo bat zen eta hortaz libratzeko desesperatuta zegoen (2 Ko 12:7-10). Zure inperfekzioengatik desanimatuta sentitzen al zara? Batzuetan, Paulo ere horrela sentitu zen. Denbora osoan ongi zegoena egiteko borrokan ibili behar zuenez, «gizon miserablea» zela esan zuen (Erm 7:21-24, TB).
8. Zerk lagundu zion Paulori arazoei aurre egiten?
8 Arazo guzti hauei aurre egin behar izan zien arren, Paulok Jehoba zerbitzatzen jarraitu zuen. Zerk eman zion hau egiteko indarra? Erreskatean zuen fede sendoak. Nahiz eta bere inperfekzioak ondo ezagutu, Jesusen promesa zein zen bazekien: «Harengan [Jesusengan] sinesten duten guztiek betiko bizia» izango dutela (Jn 3:15; Erm 6:23). Paulo, dudarik gabe, Jesusen erreskatean sinesten zutenen artean zegoen. Jehoba bekatu larria egin dutenei eta benetan damutu direnei barkatzeko prest dagoela ziur zegoen (Sal 86:5).
9. Zer ikasten dugu Paulok Galaziarrei 2:20an esandakotik?
9 Paulok bazekien Jehobak asko maite zuela. Zergatik? Jesus bere alde hiltzera bidali zuelako (Irakurri Galaziarrei 2:20). Paulok hitz lasaigarriak erabiltzen ditu: Jainkoaren Semeak «maite izan ninduen eta bere bizia nire alde eskaini zuen». Ez zion Jainkoaren maitasunari mugarik ipini. Ez zuen honakoa pentsatu: «Argi daukat Jehobak nire anai-arrebak zergatik maite dituen, baina ni ezingo nau sekula maitatu». Paulok erromatarrei honakoa gogoratu zien: «Gu oraindik bekatari ginela hil zen gure alde» (Erm 5:8). Jainkoaren maitasunak ez du mugarik!
10. Zer ikasten dugu Erromatarrei 8:38, 39tik?
10 Irakurri Erromatarrei 8:38, 39. Paulok bazekien Jainkoaren maitasunak zer-nolako boterea duen. Ezerk «ez gaituela aldenduko Jainkoak [...] agertu digun maitasunetik» idatzi zuen. Bazekien Jehobak israeldarrekin pazientzia handiz jokatu zuela, baita berari errukia erakutsi ziola ere. Pauloren arrazoiketa honela laburbildu dezakegu: «Jehobak bere Semea niregatik hiltzera bidali zuenez, ba al dut bere maitasuna zalantzan jartzeko arrazoirik?» (Erm 8:32).
11. Nahiz eta Paulok bekatu larriak egin, zergatik zegoen ziur Jainkoak maite zuela?
11 Irakurri 1 Timoteori 1:12-15. Paulo seguruenik oso gaizki sentitzen zen kristau izan aurretik egin zituen gauzetan pentsatzean. Egia ezagutu aurretik, kristauak gupidagabe pertsegitu zituen, batzuk kartzelan sartuz eta beste batzuen hilketa onartuz (Eg 26:10, 11). Ez da harritzekoa bera baino «bekatariagorik» ez zegoela pentsatzea! Imajinatu al dezakezu nola sentituko zen Paulo bere erruz gurasoak galdu zituen kristau gazte bat ezagutu izan balu? Paulo egindakoaz damututa zegoen, baina ezin zuen ezer egin iragana aldatzeko. Jesu Kristok bere bizia bere alde eman zuela onartu zuenez, honakoa idatzi zuen: «Jainkoak bere onginahiaz egin nau naizen hau» (1 Ko 15:3, 10). Zein da ikasgaia? Honakoa onartu behar duzula: Jesu Kristo zure alde hil zela eta Jehobarekin adiskidetasun goxo eta estua edukitzeko aukera eman dizula (Eg 3:19). Jehobari benetan inporta zaiona orain egiten ditugun gauzak eta etorkizunean egingo ditugunak dira, ez iraganean egindako akatsak, garai hartan Jehobaren lekuko ginen edo ez axola gabe (Is 1:18).
12. Baliorik ez dugula edo maitasunik merezi ez dugula pentsatzen hasten bagara, nola lagundu gaitzakete 1 Joan 3:19, 20ko hitzek?
12 Jesus gure bekatuengatik hil zela pentsatzean, agian horrelako ohorerik ez duzula merezi pentsa dezakezu. Zergatik sentitu zaitezke horrela? Gizakion bihotz inperfektuak engainatu gaitzakeelako (Irakurri 1 Joan 3:19, 20, BJU c). Baliorik ez dugula edo maitasunik merezi ez dugula pentsatzen hasten garenean, «Jaungoikoa gure bihotza baino handiagoa» dela gogoratu behar dugu. Geure burua honetaz konbentzitu behar dugu: gure zeruko Aitak asko maite gaituela eta barkatu nahi digula. Jehobak guri buruz duen ikuspuntua argi ulertzeko, bere Hitza sarri aztertu, askotan otoitz egin eta gure anai-arrebekin denbora igarotzeko ohitura izan behar dugu. Zergatik da hain garrantzitsua gauza hauek egitea?
BIBLIA AZTERTZEAREN, OTOITZAREN ETA ADISKIDE LEIALEN LAGUNTZA
13. Nola lagundu zaitzake Jainkoaren Hitza aztertzeak? (Ikusi « Nola laguntzen die Jainkoaren Hitzak?» taula ere)
13 Aztertu Jainkoaren Hitza egunero eta Jehobaren izaera goxoa argiago ikusiko duzu. Zenbat maite zaituen ulertuko duzu. Egunero Jainkoaren Hitzeko pasarte batean hausnartzen baduzu, argiago pentsatzeko gai izango zara, zure pentsaera eta desira «okerrak» zuzenduko baititu (2 Tm 3:16). Kevin izeneko adinduna autoestimu baxuaren aurka borrokan ibili zen eta honakoa dio: «103. Salmoa irakurtzeak eta honetan hausnartzeak nire pentsaera zuzentzen eta Jehobak niri buruz benetan pentsatzen duena ulertzen lagundu dit». Lehen aipatutako Evak dio: «Eguna lasai-lasai bukatzen dut Jehobaren pentsamendu eta sentimenduetan hausnartzen. Bihotzean bakea sentitzen dut eta nire fedea indartu egiten da».
14. Nola lagundu gaitzake otoitzak?
14 Askotan otoitz egin (1 Ts 5:17). Beste norbaiten laguna izan nahi duzunean, sarri hitz egin behar duzu berarekin zure sentimenduak adieraziz. Gauza bera gertatzen da Jehobarekin dugu adiskidetasunarekin. Otoitzean gure sentimenduak, pentsamenduak eta kezkak aipatzen dizkiogunean, berarengan konfiantza dugula eta bere maitasunaz ziur gaudela erakusten dugu (Sal 94:17-19; 1 Jn 5:14, 15). Lehen aipatutako Yuak dio: «Otoitz egiten dudanean, Jehobari egunean zehar gertatu zaidana baino gehiago kontatzen saiatzen naiz. Nire bihotza ireki eta benetan sentitzen dudana azaltzen diot. Apurka-apurka Jehoba enpresa handi bateko nagusia bezala ikusi beharrean, bere seme-alabak benetan maite dituen Aita bezala ikustera iritsi naiz» (Ikusi « Irakurri al duzu?» taula).
15. Nola erakusten du Jehobak gutako bakoitzaz arduratzen dela?
15 Adiskide leialekin denbora igaro, Jehobaren oparia baitira (St 1:17). Nola erakusten du gure zeruko Aitak gutako bakoitzaz arduratzen dela? «Beti» maite gaituen anai-arrebaz osatutako familia espirituala emanez (Es 17:17). Kolosarrei gutunean, Paulok lagundu zioten hainbat kristau aipatu zituen eta beraiei buruz «oso kontsolagarri gertatu» zitzaizkiola esan zuen (Kol 4:10, 11). Jesu Kristo berak ere besteen laguntza behar izan zuen eta bere lagunek, bai aingeruek, bai gizakiek, eman zioten laguntza asko eskertu zuen (Lk 22:28, 43).
16. Nola lagundu gaitzakete lagun leialek Jehobarengana hurbiltzen?
16 Kongregazioko zure adiskideen laguntza bilatu eta onartzen al duzu? Heldua den lagun bati gure kezkak kontatzeak ez du esan nahi ahulak garenik. Gainera, babestu egin gaitzake. Hara zer esaten duen lehen aipatutako Jamesek: «Kristau helduen adiskide izateak asko lagundu nau. Pentsamendu negatiboen ondorioz gehiago ezin dudala sentitzen dudanean, adiskide kuttun hauek pazientziaz entzun eta maite nautela gogoratzen didate. Hau egiten dutenean, Jehobak maite nauela eta nitaz arduratzen dela nabaritzen dut». Zein garrantzitsua den gure anai-arreben lagun minak izatea!
JEHOBAREN MAITASUNEAN IRAUN
17, 18. Nori entzun behar diogu eta zergatik?
17 Satanasek guk ongi dagoena egiteko borrokan amore ematea nahi du. Jehobak ez gaituela maite eta ez dugula bere salbamenik merezi sinestarazi nahi digu. Baina ikusi dugun bezala, hori ez da egia.
18 Jehobak maite zaitu. Altxor baliotsua zara berarentzat. Bere esana betetzen baduzu, Jesus bezala, bere «maitasunean iraungo» duzu betiko (Jn 15:10). Beraz, ez entzun Satanasi, ezta kondenatzen zaituen zure bihotzari ere. Horren ordez, entzun Jehobari, gutako bakoitzak dituen gauza onak ikusten baititu. Ziur egon «bere herria maite» duela, baita zu ere!
sjj 141. KANTA Bizia, mirari zoragarria
a Anai-arreba batzuei zaila egiten zaie Jehobak maite dituela sinestea. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak gutako bakoitza maite duela? Zer egin dezakegu maite gaituela zalantzan jartzen dugunean? Artikulu honetan galdera hauek aztertuko ditugu.
b Izen batzuk aldatu egin dira.
c 1 Joan 3:19, 20, BJU: «Honetan ikusten dugu egiarekin gabiltzala, eta hala alaituko ditugu gure bihotzak Jaungoikoaren aurrean. Zeren gure bihotzak errietan egingo baligu: Jaungoikoa gure bihotza baino handiagoa da, eta guztia daki».
e IRUDIAREN AZALPENA: Egia ezagutu aurretik, Paulok kristauak pertsegitu eta asko kartzelara bidali zituen. Jesusek bere alde egin zuena onartu zuenean, aldatu eta bere anai-arrebak animatu zituen. Hauetako batzuk, agian, pertsegitu zituen horien senideak izango ziren.