BIZIPENA
«Orain predikatzea maite dut!»
ZEELANDA BERRIKO Hego Uharteko herri batean hazi nintzen, Balclutha-n. Txikitan, Jehoba maite nuen, baita egian egotea ere. Bilerak ez ziren inoiz niretzako astunak eta kongregazioa babesleku goxoa zen; bertan seguru eta zoriontsu sentitzen nintzen. Lotsatia izan arren, astero predikatzea atsegin nuen eta nire eskolakideekin eta besteekin hitz egiteko ez nuen beldurrik. Jehobaren lekuko izateaz harro nengoen eta 11 urte nituenean Jainkoari nire bizia eskaini nion.
POZA GALDU NUEN
Tamalez, 13 bat urte nituenean Jehobarekin nuen adiskidetasun estua ahultzen hasi zen. Nire eskolakideek izugarrizko askatasuna zutela zirudien eta nik zerbait galtzen ari nintzela sentitzen nuen. Kristau arauak eta gurasoek jarritakoak zorrotzegiak zirela pentsatzen nuen eta Jehoba zerbitzatzea gogorra egiten zitzaidan. Nahiz eta Jehoba existitzen dela zalantzan ez jarri, ez nintzen berarengandik gertu sentitzen.
Hala ere, ez nion predikatzeari erabat utzi, baina ahal nuen gutxiena egiten nuen. Predikatzera prestatu gabe joaten nintzen. Beraz, zaila egiten zitzaidan elkarrizketak hasi eta hauekin jarraitzea. Ondorioz, ez nituen bisitarik edo ikastarorik. Predikatzeaz gozatzen ez nuenez, gero eta gutxiago gustatzen zitzaidan predikatzera joatea. Neure buruari galdetzen nion: «Nola liteke norbaitek hau astero-astero, hilabetero-hilabetero, egitea?».
17 urte nituenean, independentea izateko izugarrizko gogoa nuen. Beraz, maletak egin, etxea utzi eta Australiara joan nintzen bizitzera.
Ni etxetik joaten ikustea oso gogorra izan zen gurasoentzat. Kezkatuta zeuden, baina Jehoba zerbitzatzen jarraituko nuela pentsatzen zuten.Australian, nire espiritualtasuna ahultzen joan zen. Noizean behin joaten nintzen bileretara. Gainera, ni bezalakoak ziren lagunekin elkartzen hasi nintzen. Pozik joaten ginen gau batean bilerara, baina hurrengoan gaueko tabernetara joaten ginen, edan eta dantza egitera. Atzera begiratuz, hanka bat munduan eta bestea egian nuela konturatzen naiz. Baina ez nintzen inongo parte sentitzen.
ESPERO GABEKO IKASGAI BALIOTSUA
Pare bat urte beranduago, asko lagundu zidan arreba bat ezagutu nuen. Bera konturatu gabe, nire bizimoduan pentsarazi zidan. Etxean beste lau arreba ezkongaberekin bizi nintzen eta gurekin astebete egotera gonbidatu genituen eskualde-arduraduna eta bere emaztea, Tamara. Senarra kongregazioko kontuekin lanpetuta zegoen bitartean, Tamarak gurekin denbora pasa zuen eta elkarrekin barre asko egin genuen. Asko gustatu zitzaidan. Oso zentzuduna zen eta erraza zen berarekin hitz egitea. Harritzekoa iruditzen zitzaidan hain espirituala zen norbait hain dibertigarria izatea.
Tamarak izaera bizi-bizia zuen. Egiari eta predikatze-lanari zion maitasuna kutsakorra zen. Jehobari zuen onena emateak zoriontsu egiten zuen. Ni, berriz, Jehobaren zerbitzuan ahal nuen guztia egiten ez nuenez, ez nengoen pozik. Bere jarrera positiboak eta zoriontasunak eragin handia izan zuen nire bizitzan. Bere ereduak oinarrizko egia batean pentsarazi zidan: Jehobak «pozik» eta «oihu alaiz» zerbitzatu dezagun nahi du (Sal 100:2).
PREDIKATZE-LANA BERRIZ MAITATZEN HASI NINTZEN
Tamarak zuen poza eduki nahi nuen. Baina, horretarako, aldaketa handiak egin behar nituen. Hiru bat urte behar izan nituen aldaketa txikiak egiten hasteko. Predikatze-lanerako prestatzen hasi nintzen eta noizbehinka aitzindari
laguntzailea izaten nintzen. Guzti honek, lasaiago egoten eta konfiantza gehiago izaten lagundu zidan. Eta predikatze-lanean Biblia gehiago erabiltzen nuenez, benetako poza sentitu nuen. Laster, hilero aitzindaritza laguntzailea egiten hasi nintzen.Adin guztietako lagunak aukeratzen hasi nintzen, Jehobaren zerbitzuan gozatzen eta ahal zuten guztia ematen zutenak. Beraien ereduak nire lehentasunak zeintzuk ziren aztertzen eta ohitura espiritual onak izaten lagundu zidaten. Predikatze-lanaz are gehiago gozatzen hasi nintzen eta denborarekin aitzindaritza erregularra hasi nuen. Urte asko eta gero, kongregazioan zoriontsu eta etxean bezala sentitzen nintzen lehenengo aldia zen.
BIZITZA OSORAKO AITZINDARI LAGUNA AURKITU NUEN
Urtebete beranduago, Alex ezagutu nuen. Jehoba eta predikatze-lana maite zituen gizon atsegina eta jatorra zen. Kongregazioko laguntzailea zen eta sei urte zeramatzan aitzindaritza egiten. Ordurako Alexek hilabete batzuk emanak zituen Malawin, behar handiagoa zegoen tokian zerbitzatzen. Han, berarengan eragin handia izan zuten misiolariekin egon zen eta Jehobaren zerbitzua bere bizitzako lehentasuna izaten jarraitzera animatu zuten.
2003an Alex eta biok ezkondu egin ginen eta, ordudanik, denbora osoko zerbitzuan jarraitu dugu. Gauza zoragarri asko ikasi ditugu eta Jehobak era askotan bedeinkatu gaitu.
BEDEINKAPEN GEHIAGO
2009an, Ekialdeko Timorren, indonesiar artxipelagoko herrialde txiki batean, misiolari izatera gonbidatu gintuzten. Harrituta, hunkituta eta beldurtuta sentitu ginen, dena batera. Bost hilabete beranduago hiriburura, Dilira, iritsi ginen.
Aldaketa handiak egin behar izan genituen. Kultura, hizkuntza, janari eta bizimodu berri batera egokitu behar izan ginen. Predikatze-lanean, askotan behartsuak, eskolagabeak eta a
zapalduta zeuden pertsonak ikusten genituen. Eta gerra eta biolentziaren ondorioz arazo fisiko eta emozionalak dituen jende askorekin topatu ginen.Predikatze-lana zoragarria zen! Adibidez, behin, 13 urteko neska triste bat ezagutu nuen, Maria. b Ama, urte batzuk lehenago hil zen eta aita oso gutxitan ikusten zuen. Bere adineko asko bezala, Maria bizitzan noraezean zebilen. Negar batean bere bihotza ireki zidan momentu bat gogoratzen dut. Baina bere hizkuntza oraindik ondo hitz egiten ez nuenez, ezin nion ulertu. Beraz, Jehobari otoitz egin nion Maria animatzen laguntzeko. Eta, orduan, aipu animagarriak irakurtzen hasi nintzaion. Hurrengo urteetan, egiak Mariaren jarrera, itxura eta bizitza osoa aldatu ziola ikusi nuen. Bataiatu egin zen eta, orain, bere biblia-ikastaroak zuzentzen ditu. Gaur egun, Mariak familia espiritual handia du eta maitatua sentitzen da.
Jehoba predikatze-lana bedeinkatzen ari da Ekialdeko Timorren. Nahiz eta berri-emaile gehienak orain dela 10 urte baino gutxiago bataiatu, asko aitzindari, kongregazioko laguntzaile edo adindun dira. Beste batzuek urruneko itzulpen bulegoan egiten dute lan eta bertako hizkuntzetan Bibliari buruzko argitalpenak itzultzen laguntzen dute. Beraiei bileretan kantatzen entzuteak, euren aurpegi irribarretsuak ikusteak eta espiritualki aurrera egiten ari direla jakiteak oso zoriontsu egiten nau.
EZIN NUEN BIZIMODU HOBERIK IMAJINATU
Ekialdeko Timorren genuen bizimodua Australiakoarekin konparatuta oso desberdina zen. Baina ezin nuen bizimodu hoberik imajinatu. Batzuetan autobus txiki batean jende tartean pega-pega eginda bidaiatzen genuen, azokako arrain lehor eta barazkiz inguratuta. Egun batzuetan biblia-ikastaroak bertako jendearen etxeetan zuzentzen genituen. Etxetxo haietan bero ikaragarria eta hezetasun handia egoten zen eta zoru zikinean oiloak han-hemenka ibiltzen ziren. Hala ere, nahiz eta erronka handiak izan, askotan pentsatzen nuen: «Bizitza hau sekulakoa da!».
Atzera begira, nire gurasoei oso eskertuta nago Jehobari buruz irakasten ahalegintzeagatik eta ni laguntzeagatik, nerabe nintzen urte zail horietan batez ere. Esaera Zaharrak 22:6ko hitzak nigan bete dira. Nire gurasoak Alex eta nitaz harro daude; asko pozten ditu Jehobak erabiltzen gaituela ikusteak. 2016tik aurrera Australasiako sukurtsalaren eremuan eskualdeko lanean zerbitzatzen egon gara.
Ezin dut sinetsi predikatze-lana niretzat noizbait astuna izana. Orain predikatzea maite dut! Nahiz eta bizitzan gorabeherak izan, argi ikusten dut benetako poztasuna Jainkoa bihotz osoz zerbitzatzeak ekartzen duela. Alexekin batera, Jehoba zerbitzatzen pasa ditudan azken 18 urteak nire bizitzako urte zoriontsuenak izan dira, bai horixe! Dabid salmogileak Jehobari esandakoa guztiz ulertzen dut orain: «Zuregan babesten direnak alaitu egingo dira, eta etengabe pozez oihuka ariko. Zuk zainduko dituzu maite zaituzten guztiak, salto egingo dute pozez» (Sal 5:12 [5:11, NW ]).