Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

32. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Gazte, segi aurrera bataiatu ondoren ere

Gazte, segi aurrera bataiatu ondoren ere

«Maitasunean benetakoak izanez, hazi gaitezen gauza guztietan» (EF 4:15).

sjj 56. KANTA Bizi egia

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer lortu dute dagoeneko gaztetxo askok?

 URTERO-URTERO, milaka gazte bataiatzen dira. Eman al duzu pauso hau? Hala bada, kongregazioko anai-arrebak asko pozten dira, eta Jehoba zer esanik ez! (Es 27:11). Pentsa ezazu lortu duzun guztian. Biblia sakon aztertu duzu, agian urteetan zehar. Ikasitakoaren ondorioz, orain ziur zaude Jainkoaren Hitza dela. Eta ez hori bakarrik, liburu sakratu honen Egilea ezagutzera eta maitatzera iritsi zara. Ondorioz, zure bizitza Jehobari eskaini diozu eta bataiatu egin zara. Bejondeizula!

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan zehar?

 2 Bataiatu baino lehen, seguru Jehobari leial izateko oztopoak izango zenituela. Baina hazi ahala, proba berriei egingo diezu aurre. Satanas Jehobari diozun maitasuna ahultzen eta zu berarengandik urruntzen saiatuko da (Ef 4:14). Baina, ez eman aukerarik. Zer egin behar duzu Jehobari egindako promesa betetzen jarraitzeko? «Kristau-heldutasuna» lortzeko gogor lan egiten segi (Heb 6:1). Nola lortu dezakezu kristau heldua izatea?

ZER EGIN DEZAKEZU KRISTAU HELDUA IZATEKO?

3. Zer egin behar dute kristau guztiek bataiatu ondoren?

3 Bataiatu ondoren, kristau guztiok Paulo apostoluak Efesoko fedekideei esandakoa egin behar dugu. «Heldutasun beteko» kristauak izatera animatu zituen (Ef 4:13). Beste modu batera esanda: espiritualki «aurrera egiten jarraitu» behar zuten. Paulok ideia hau ulertzeko konparaketa bat erabili zuen. Espiritualki haztea fisikoki haztearekin parekatu zuen. Gurasoak haurtxo jaioberriaz harro-harro sentitzen dira, beraien altxorra da. Baina ezin da betirako haurtxoa izan. Denborarekin «haur-gauzak» atzean utzi beharko ditu (1 Ko 13:11). Gauza bera gertatzen da espiritualki haztearekin. Bataiatu ondoren, aurreratzen jarraitu behar dugu. Ikus dezagun nola egin dezakegun hau.

4. Zerk lagunduko dizu espiritualki aurrera egiten? Azaldu. (Filipoarrei 1:9)

4 Jehoba geroz eta gehiago maitatu. Dagoeneko zure zeruko Aita asko maite duzu. Baina maitasun hori handitu egin dezakezu. Nola? Modu bat Paulok filipoarrei esandakoa egitea izan daiteke (Irakurri Filipoarrei 1:9). Beraien maitasuna «geroz eta […] biziagoa» izateko eskatzen zuen otoitzean. Gure maitasuna ere biziagoa izan daiteke, «ezagueraz geroz eta jantziagoa». Jehoba zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta gehiago maitatuko dugu. Gainera, Jehobaren izaera eta jokaera are gehiago estimatuko ditugu. Bera pozteko irrikitan egongo gara, eta ez dugu inoiz mindu nahiko. Bere borondatea zein den eta nola bete jakiten gogor saiatuko gara.

5, 6. Nola maitatu dezakegu Jehoba gehiago? Azaldu.

5 Jesusek ederki imitatu zuen Jehobaren izaera. Beraz, Jesus zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta gehiago maitatuko dugu Jehoba (Heb 1:3). Jesus ezagutzeko modurik hoberena lau ebanjelioak aztertzea da. Ez baduzu Biblia egunero-egunero irakurtzeko ohiturarik, zergatik ez zara orain hasten? Jesusi buruzko pasarteak irakurtzean, saiatu nolakoa zen ikusten. Adibidez, hurbilerraza zen. Maitasun handiz haurtxoak bere magalean hartu zituen (Mk 10:13-16). Gainera, jatorra eta atsegina zen. Bere ikasleek ez zuten beldurrik bere aurrean pentsatzen zutena esateko (Mt 16:22). Dakigunez, Jesusek bere Aitaren eredua jarraitu zuen. Beraz, Jehoba ere oso hurbilerraza da. Berari otoitz egiteko aukera daukagu, eta pentsatzen eta sentitzen dugun guztia kontatu ahal diogu. Badakigu ez gaituela epaituko. Asko maite gaitu eta gutaz arduratzen da (1 P 5:7).

6 Jesusek jendearen egoera ikustean pena sentitzen zuen. Mateo horren lekuko izan zen: «Jendetza ikustean, errukitu egin zitzaien Jesus, nekatuak eta lur jota baitzeuden, artzain gabeko ardiak bezala» (Mt 9:36). Eta Jehobak zer sentitzen du? Jesusek esan zuen: «Zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik» (Mt 18:14). Hunkigarria benetan! Jesus hobeto ezagutzean, Jehoba gehiago maitatuko dugu.

7. Nola lagundu zaitzake kristau helduak gehiago ezagutzeak?

7 Maitekorragoa eta kristau helduagoa izaten ikasi dezakezu kongregazioko anai-arreba helduak hobeto ezagutuz. Konturatu al zara zein zoriontsuak diren? Jehoba zerbitzatzea erabaki zuten eta ez dira inoiz damutu. Eskaiezu Jehobaren zerbitzuan izan dituzten bizipen batzuk kontatzeko. Bizitzan erabaki inportante bat hartu behar duzunean, galdetu aholkuren bat ba al duten. Azken finean, «askoren aholkuez arrakasta» dator (Es 15:22).

Nola prestatu zaitezke eboluzioaren teoriari aurre egiteko? (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)

8. Zer egin dezakezu Bibliari buruzko zalantzak sortzen bazaizkizu?

8 Zalantzak argitu.  2. paragrafoan esan bezala, Satanas zure aurrerakuntza espiritualean oztopoak jartzen saiatuko da. Horietako bat Bibliari buruzko zalantzak sortzea da. Adibidez, eboluzioaren teoriaren arabera, ez gaitu Jainkoak sortu. Lehenago edo beranduago, norbaitek horretaz konbentzitu nahiko zaitu. Beharbada txikiagoa zinenean ez zenuen horretan asko pentsatzen, baina seguraski orain teoria horri aurre egin beharko diozu. Baliteke irakasleek esaten dizutena logikoa eta sinesgarria iruditzea. Baina kontuan hartu beharbada beraiek ez dutela sortzaile bat existitzen den frogarik aztertu. Gogoan izan Esaera Zaharrak 18:17⁠an esaten dena: «Lehenengo hitz egiten duenak arrazoi du auzian, gero kontrakoak kentzen dion arte». Beraz, eskolan entzuten duzuna itsu-itsuan onartu beharrean, kontu handiz aztertu Jainkoaren Hitzak, Bibliak, dioena. Egin ikerketa gure argitalpenetan. Lehen eboluzioan sinesten zuten anai-arrebekin hitz egin. Zerk konbentzitu zituen maite gaituen Sortzaile bat existitzen dela? Horrelako elkarrizketa animagarriek, kreazioaren frogak aztertzen lagundu ahal dizute.

9. Zer ikasten dugu Melissaren bizipenetik?

9 Melissa izeneko arreba bati asko lagundu zion sorkuntzari buruzko ikerketa egiteak. b Berak dio: «Eskolan irakasleek eboluzioa azaltzean, sinesgarria ematen zuen. Hasieran nire zalantzak argitzeko beldurra nuen. “Eta, eboluzioa egia bada, zer?”, pentsatzen nuen. Baina Jehobak ez du bera itsu-itsuan zerbitzatzerik nahi. Beraz, nituen zalantzak argitzen hasi nintzen. ¿Existe un Creador que se interese por nosotros? (Y a-t-il un Créateur qui se soucie de vous ?) liburua eta Bizia: ustekabean sortua? eta Biziaren jatorria: Aztertzea merezi duten bost galdera liburuxkak irakurri nituen. Horixe zen behar nuena. Nahiago nuke lehenago egin izan banu!».

10, 11. Zerk lagundu zaitzake moralki garbi mantentzen? (1 Tesalonikarrei 4:3, 4)

10 Jokaera txarra baztertu. Adoleszentzian desio sexualak oso indartsuak izan daitezke. Gainera, zure ingurukoengandik sexu moralgabekerian erortzeko presio handia jasan dezakezu. Satanasek zuk amore ematea nahi du. Nola mantendu zaitezke moralki garbi? (Irakurri 1 Tesalonikarrei 4:3, 4NWT c). Zure otoitzetan, lasai-lasai kontatu Jehobari nola sentitzen zaren eta bere indarra eskatu (Mt 6:13). Gogoratu Jehobak ez zaituela epaitu nahi, lagundu baizik (Sal 103:13, 14). Jainkoaren Hitzak ere lagundu zaitzake. Lehen aipatutako Melissak pentsamendu moralgabeak izan zituen. Berak dio: «Biblia egunero-egunero irakurtzeak desio txarren aurka borroka egiten lagundu dit. Jehobarena naizela eta bere beharra dudala gogorarazten dit» (Sal 119:9).

11 Ez pentsatu zure arazoak zeure kabuz konpondu behar dituzunik. Hitz egin zure gurasoekin. Egia da ez dela erraza gai hauei buruz hitz egitea, baina inportantea da. Melissak dio: «Otoitzean ausardia eskatu eta nire aitarekin arazoari buruz hitz egin nuen. Ondoren, askoz hobeto sentitu nintzen. Banekien Jehoba nitaz harro zegoela».

12. Nola hartu ditzakezu erabaki onak?

12 Bibliako printzipioei kasu egin. Erabakiak hartzeko gero eta askatasun gehiago duzu. Baina bizitzan oraindik ez duzu esperientzia handirik. Zer egin dezakezu Jehobarekin duzun adiskidetasuna babesteko eta hanka ez sartzeko? (Es 22:3). Kari izeneko arreba batek erabakiak hartzerako orduan zerk lagundu zion esaten digu. Kristau helduek egoera bakoitzerako arau bat ez dutela behar konturatu zen. Horrela dio: «Bibliako printzipioak ulertu behar nituen, ez arauak bakarrik». Biblia irakurtzean, pentsatu: «Zer esaten dit pasarte honek Jehobaren pentsaerari buruz? Ba al du nire jokaeran kontuan hartu beharreko printzipiorik? Nola lagunduko dit praktikan jartzeak?» (Sal 19:8 [19:7, NWT]; Is 48:17, 18). Biblia irakurriz eta bertan aurkitzen dituzun printzipioetan hausnartuz, Jehoba poztuko duten erabakiak hartuko dituzu. Espiritualki aurrera egin ahala, Jehobaren pentsaera hobeto ezagutuko duzu eta ez duzula egoera bakoitzerako arau bat behar ikusiko duzu.

Zer lagun aukeratu zituen arreba gazte honek? (Ikusi 13. paragrafoa)

13. Zer eragin izan dezakete lagun onek zugan? (Esaera Zaharrak 13:20)

13 Jehoba maite duten lagunak bilatu. Lehen esan bezala, aukeratzen dituzun lagunek kristau heldua izateko bidean eragin handia izan dezakete (Irakurri Esaera Zaharrak 13:20). Sara izeneko arreba bat Jehobaren zerbitzuan lehen sentitzen zuen poza galtzen ari zela konturatu zen. Baina orduan, zerbaitek bere ikuspuntua aldatzen lagundu zion. Zer izan zen? Berak dio: «Lagun onak aurkitu nituen gehien behar nuenean. Arreba gazte batekin Talaia prestatzeko geratzen hasi nintzen astero. Beste lagun batek bileretan komentatzen lagundu zidan. Lagunei esker, ikasketa pertsonala eta otoitza serioago hartzen hasi nintzen. Jehobarekin dudan harremana sendotu eta poza berreskuratu nuen».

14. Nola egin zituen Julienek lagun onak?

14 Nola egin ditzakezu zugan eragin ona duten lagunak? Julien orain adinduna da, eta berak dio: «Gazteagoa nintzenean, predikatzera ateratzean egin nituen lagun onak. Gogotsu predikatzen zuten, eta nik ere gehiago gozatu nezakeela ikusi nuen. Denbora osoko zerbitzua jarri nuen helburu. Gainera, nire adinekoen artean bakarrik bilatuz, lagun onak izateko aukera asko galdu nuela konturatu nintzen. Beranduago, Betelen ere lagun onak egin nituen. Beraien ereduak entretenimendua hobeto aukeratzen lagundu zidan eta ondorioz Jehobarengana gehiago hurbildu nintzen».

15. Zer esan zion Paulok Timoteori lagunei buruz? (2 Timoteori 2:20-22)

15 Zer gertatzen da kongregazioko norbait lagun aproposa ez dela konturatzen bazara? Paulok bazekien lehen mendeko kristau batzuk ez zirela espiritualak eta Timoteori beraiekin kontuz ibiltzeko esan zion (Irakurri 2 Timoteori 2:20-22). Izugarri baloratzen dugu Jehoba gure laguna izatea. Gogor egin dugu lan adiskidetasun hori indartzeko. Beraz, ez diogu inori harreman berezi hori ahultzen utziko (Sal 26:4).

NOLA LAGUNDUKO DIZUTE HELBURUEK ESPIRITUALKI AURRERA EGITEN?

16. Zer helburu jarri ditzakezu?

16 Lagungarriak diren helburuak jarri. Zure fedea indartuko duten eta kristau heldua izaten lagunduko dizuten helburuak aukeratu (Ef 3:16). Adibidez, Biblia irakurtzeko eta ikasteko ohitura hobetu (Sal 1:2, 3). Gehiagotan eta bihotzez otoitz egiten ere saiatu zaitezke. Agian, zer-nolako entretenimendua aukeratzen duzun eta zenbat denbora dedikatzen diozun gehiago kontrolatu dezakezu (Ef 5:15, 16NWT). Zein pozik egongo den Jehoba espiritualki aurreratzeko gogor saiatzen zarela ikustean!

Zer helburu jarri zuen? (Ikusi 17. paragrafoa)

17. Nola lagunduko dizu besteei laguntzeak?

17 Besteei laguntzen diezuenean, kristaua helduagoa bihurtzen zara. Jesusek esan zuen: «Zorion gehiago du emateak hartzeak baino» (Eg 20:35). Zure denbora eta gaztaroko indarrak besteak laguntzeko erabiltzeak mesede egingo dizu. Adibidez, adineko anai-arrebak edota gaixo daudenak laguntzeko helburua jarri dezakezu. Agian, enkarguak egiteko edota gailu elektronikoekin laguntzeko eskaini zaitezke. Anaia bazara, kongregazioko laguntzaile izateko helburua jarri, horrela besteei laguntzeko aukera paregabea izango duzu (Flp 2:4). Bestalde, berri onak zabalduz, Lekukoak ez direnei ere maitasuna erakusten diezu (Mt 9:36, 37). Eta posible bada, Jehoba denbora osoz zerbitzatzeko helburua jarri.

18. Zertan lagundu zaitzake denbora osoko zerbitzuak?

18 Denbora osoko zerbitzua hasten baduzu, espiritualki aurrera egiteko aukera asko izango dituzu. Aitzindaritzak Erreinuaren berri-emaileen eskolara joateko ateak ireki ditzake. Betelen zerbitzatzeko edota eraikuntza teokratikoetan parte hartzeko aukera ere izan dezakezu. Kaitlyn izeneko aitzindari gazte batek dio: «Bataiatu ondoren, esperientzia handiko anai-arrebekin predikatzeak espiritualki aurrera egiten lagundu nau. Beraien ereduak Biblia gehiago ikastera eta irakasteko trebetasunak hobetzera bultzatu nau».

19. Zer bedeinkapen izango dituzu espiritualki aurrera egiten jarraitzen baduzu?

19 Zenbat bedeinkapen jasoko dituzun espiritualki aurrera egiten saiatzen bazara! Ez zara ezertarako balio ez duten helburuen atzetik ibiliko (1 Jn 2:17). Erabaki txarren ondorioetaz libratuko zara. Bizitza ederra eta zoriontsua izango duzu (Es 16:3). Zure etsenpluari esker, gazteak nahiz adinekoak animatuko dituzu (1 Tm 4:12). Eta inportanteena dena: bakean eta poz-pozik sentituko zara Jehoba alaitu duzulako eta bere lagun mina zarelako (Es 23:15, 16).

sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak

a Zein pozik sentitzen garen denok gaztetxoak bataiatzen direnean! Noski, bataiatu berri guztiek espiritualki aurrera egiten jarraitu behar dute. Guztioi lagunduko digu artikulu honetan gazte hauek kristau helduak izateko zer egin behar duten gogoratzeak.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.

c 1 Tesalonikarrei 4:3, 4NWT: «Hau da Jainkoaren nahia: zuek santu izatea eta sexu moralgabekerian ez erortzea. Zuetako bakoitzak bere gorputza kontrolatzen jakin behar du santutasunez eta errespetuz».