Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Antzinako israeldarrek gerretan parte hartu zuten. Guk zergatik ez?

Antzinako israeldarrek gerretan parte hartu zuten. Guk zergatik ez?

«ZUETAKO norbaitek Frantzia eta Ingalaterraren aurka borrokatu nahi ez badu, denak hil beharko zaituztegu», mehatxatu zuen garrasika ofizial nazi batek Jehobaren lekukoen talde bat Bigarren Mundu Gerran. Nahiz eta inguruan zituzten soldaduak goitik behera armatuta egon, denak tinko mantendu ziren. Hori bai ausardia! Honek argi erakusten du Jehobaren lekukook gerrari buruz dugun ikuspuntua: ez dugu gerretan parte hartzen eta heriotza mehatxuaren aurrean ere, ez gara politikan inoren alde jartzen.

Hala ere, kristau direla esaten duten askok ez dute ikuspuntu bera. Kristauek ere beraien herria defendatzeko borrokara joan behar dutela esaten dute. Beraien ikuspuntua defendatzeko diote: «Antzinako israeldarrak Jainkoaren herria ziren eta gerretan parte hartzen zuten. Zergatik ez gaur egungo kristauok?». Zer erantzungo zenuke? Antzinako israeldarren egoera eta gaur egungo Jainkoaren herriarena oso desberdinak direla azaldu zenezake. Aztertu ditzagun bost desberdintasun.

1. JAINKOAREN HERRIA NAZIO BAKARRA ZEN

Iraganean, Jainkoaren herria nazio bakarra zen, Israel. Jainkoak «herri guztien artean bere jabego berezia» zirela esan zien (Ir 19:5). Lur zehatz bat ere eman zien. Gainera, borrokara joateko esaten zienean, beste nazioen aurka joateko esaten zien. Beraz, Jainkoaren adoratzaileek ez zuten beraien artean borroka egiten edo batak bestea hiltzen. a

Gaur egun, Jehobaren adoratzaileen artean «nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea» dago (Ap 7:9). Beraz, Jehobaren adoratzaileak gerrara joango balira, aurkarien artean Jainkoaren beste adoratzaile batzuk egongo lirateke.

2. JEHOBAK ISRAELDARREI GERRARA JOATEKO AGINDU ZIEN

Iraganean, Jehobak esaten zuen noiz eta zergatik joan behar ziren israeldarrak gerrara. Adibidez, kanaandarrak oso ezagunak ziren deabru adorazioa, praktika sexual nazkagarriak eta haurren sakrifizioak egiteagatik. Horregatik, Jehobak epaitu eta israeldarrei beraien aurka borrokatzeko esan zien. Hori agindu zien israeldarrek denborarekin horrelako gauza larriak egiten ez bukatzeko (Lb 18:24, 25). Promestutako lurraldean bizitzen hasi zirenean, zapaltzen zituzten etsaiengandik defendatzeko asmoz, Jehobak gerra egiteko baimena eman zien batzuetan (2 Sm 5:17-25). Hala ere, ez zien inondik inora gerrara joateko erabakia beraien kabuz hartzen uzten. Eta erabaki hori beraien kabuz hartzen zutenean, askotan desastre hutsa izan zen (Zen 14:41-45; 2 Kro 35:20-24).

Gaur egun, Jehobak ez die gizakiei gerrara joateko esan. Gainera, jendeak bere interesak defendatzen ditu eta ez Jainkoarenak. Gerrak hasten dituzte lur gehiago izateko, diru gehiago lortzeko eta beraien ideia politikoak bultzatzeko. Batzuek gerra Jainkoaren izenean egiten dutela esaten dute, beraien sinesmenak defendatu eta Jainkoaren etsaiak hiltzen dituztela argudiatuz. Baina Jehobak etorkizunean defendatuko du bere herria Harmagedongo gerran, bere etsai guztiak suntsituz (Ap 16:14, 16). Gerra horretan, Jainkoaren armada izaki espiritualez osatuta egongo da guztiz, eta ez gizakiz (Ap 19:11-15).

3. ISRAELDARREK FEDEA ERAKUSTEN ZUTENEI BIZIA BARKATZEN ZIETEN

Jerikon Rahab eta bere familiari bizia barkatu zitzaien. Gauza bera gertatzen al da gaur egungo gerretan fededunekin?

Iraganean, israeldarren armadak batzuei errukia erakusten zien. Nori? Jehobarengan fedea jartzen zutenei. Jehobaren ikuspuntutik heriotza merezi zutenei aldiz, ez zien bizia barkatzen. Ikusi ditzagun bi adibide. Nahiz eta Jehobak Jerikoren suntsiketa agindu, Rahabek fede handia erakutsi zuenez, israeldarrek bera eta bere familiari bizia barkatu zieten (Jos 2:9-16; 6:16, 17). Beranduago, Gabaongo hiritarrei bizia barkatu zieten Jehobari erakutsitako errespetu handiagatik (Jos 9:3-9, 17-19).

Gaur egun, gerran dauden nazioek ez diete fedea erakusten dutenei bizia barkatzen. Eta batzuetan, beraien artean borrokatzean zibilak hiltzen dituzte.

4. ISRAELDARREK JAINKOAK GERRARAKO JARRITAKO ARAUAK BETE BEHAR ZITUZTEN

Iraganean, Jehobak soldadu israeldarrei gerra bere instrukzioen arabera egitea eskatzen zien. Adibidez, batzuetan gerra egin aurretik «bakea proposatu» behar zuten (Dt 20:10). Gainera, soldaduek kanpalekua moralki eta fisikoki garbi mantendu behar zuten (Dt 23:10-15 [23:9-14, NWT]). Inguruko nazioek askotan beste hiri bat konkistatzean, emakumeak bortxatzen zituzten. Baina Jainkoak guztiz debekatzen zuen hori. Izan ere, israeldar batek emakume gatibu batekin ezkondu nahi bazuen, hilabete itxaron behar zuen (Dt 21:10-13).

Gaur egun, herrialde gehienek gerra arau internazional batzuk errespetatuz borrokatzea adostu dute. Arau hauen helburua zibilak babestea da. Baina askotan, zoritxarrez, ez dira betetzen.

5. JEHOBA ZEN BERE NAZIOAREN ALDE BORROKA EGITEN ZUENA

Jerikon Israelen alde borroka egin zuen Jehobak. Gaur egun nazioren baten alde egiten al du borroka?

Iraganean, Jehobak israeldarren alde borroka egin zuen, askotan mirariak eginez. Adibidez, nola lagundu zien Jehobak israeldarrei Jeriko hiria hartzen? Jehobaren agindua jarraituz, «herriak izugarrizko irrintzia egin zuen, eta harresiak behea jo zuen». Horrela, errazagoa izan zen hiria hartzea (Jos 6:20). Eta, nola irabazi zuten amortarren aurka? Jehobak «izugarrizko kazkabarra bota zien […]. Jende gehiago hil zuen kazkabar-harriak israeldarren ezpatak baino» (Jos 10:6-11).

Gaur egun, Jehobak ez du inongo nazioren alde borroka egiten. Izan ere, bere Erreinua, Jesus errege duena, «ez da mundu honetakoa» (Jn 18:36). Satanas, aldiz, mundu honetako giza gobernu guztien gain dago. Mundu honetako gerra krudeletan bere izaera gaiztoa ikusten da (Lk 4:5, 6; 1 Jn 5:19).

BENETAKO KRISTAUAK BAKEGILEAK DIRA

Ikusi dugun bezala, antzinako Israelen egoera eta gurea oso desberdinak dira. Baina ikusi ditugunak ez dira gerran parte ez hartzeko arrazoi bakarrak. Gehiago daude. Adibidez, Jainkoak aurresan zuenez, azken egunetan bere zerbitzariak ez ziren «gudurako prestatuko» eta are gutxiago parte hartuko (Is 2:2-4). Honetaz gain, Jesusek esan zuenez, bere jarraitzaileak ez ziren munduaren parte izango. Beraz, ez ziren munduko gatazketan sartuko (Jn 15:19).

Kristok bere jarraitzaileei gehiago egin behar zutela esan zien. Erresumina, amorrua eta gerrara eraman zezaketen jarrerak alde batera utzi behar zituztela irakatsi zien (Mt 5:21, 22). Gainera, «bakegileak» izateko eta etsaiak maitatzeko agindu zien (Mt 5:9, 44).

Nola egin dezake hau gutako bakoitzak? Noski, ez zaigu gerrara joatea bururatuko. Baina sentitzen al dugu bihotzean kongregazioko norbaiten kontra amorrurik? Honek gatazka eta banaketak sortu ditzake. Orduan, segi dezagun gogor lan egiten sentimendu horiek gure barrutik errotik kentzeko (St 4:1, 11).

Munduko gatazketan parte hartu beharrean, gure artean bakea eta maitasuna egoteko lan egiten dugu (Jn 13:34, 35). Jehobak gerrak behin betiko kenduko dituen egunaren zain gaude. Segi dezagun bitartean neutralak izaten (Sal 46:10 [46:9, NWT]).

a Batzuetan israeldar tribuek elkarren artean gerrak egin zituzten, baina Jehoba ez zegoen batere ados (1 Erg 12:24). Hala ere, baten batean, horrelako gatazkak onartu zituen. Baina arrazoiak argiak ziren: tribu baten bat desleial izan zen edo bekatu larriren bat egin zuen (Ep 20:3-35; 2 Kro 13:3-18; 25:14-22; 28:1-8).