42. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Zorionekoak integritateari eusten diotenak
«Zorionekoak […] integritateari eusten diotenak, Jehobaren legean dabiltzanak» (SAL 119:1, NWT, oharra).
sjj 124. KANTA Beti leial izan
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. a) Zer egin dute gobernu batzuek Jehobaren zerbitzarien aurka, baina nola erantzun dute hauek? b) Nolatan izan gaitezke zoriontsu erasotuak izan arren? (Azaleko irudia komentatu)
ORAINTXE bertan, gure lana 30 lurralde baino gehiagotan debekatuta edo mugatuta dago. Hauetako batzuetan, autoritateek gure anai-arrebak kartzelan sartu dituzte. Zergatik? Jehobaren ikuspuntutik ez dute ezer txarrik egin. Egin duten gauza bakarra Biblia irakurri eta ikastea, besteekin beraien sinesmenak konpartitzea eta bileretan elkartzea izan da. Gainera, presioa jasan arren, ez dute politikan inoren alde jarri nahi izan. Nahiz eta oposizio latza jasan, Jainkoa zerbitzatzeko integritateari b eutsi diote eta Jehobari dioten debozioa hautsi ezina dela erakutsi dute. Eta zein zoriontsuak diren horixe egiteagatik!
2 Seguruenik gure anai-arreba ausarten argazkiak ikusiko zenituen eta irribarretsu daudela konturatuko zinen. Zergatik daude pozik? Integritateari eutsi diotenez, Jehoba beraiekin pozik dagoela dakitelako (1 Kro 29:17a). Jesusek esan zuen: «Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak. […] Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria» (Mt 5:10-12).
GURETZAKO EREDUA
3. Eginak 4:19, 20aren arabera, nola erantzun zioten apostoluek pertsekuzioari eta zergatik?
3 Gure anai-arrebak lehen mendeko apostoluek jasan zutenaren antzeko zerbait sufritzen ari dira orain. Zerbitzari haiek Jesusi buruzko testigantza emateagatik pertsegituak izan ziren. Behin eta berriz, juduen biltzar nagusiko epaileek apostoluei «Jesusi buruz hitzik esatea zorrotz debekatu zieten» (Eg 4:18; 5:27, 28, 40). Nola erantzun zuten? (Irakurri Eginak 4:19, 20). Bazekiten autoritate handiagoa zuen agintari batek Kristori buruz «herriari predikatzeko» agindu ziela (Eg 10:42). Beraz, Pedro eta Joanek, beste apostoluen izenean hitz eginez, ez ziotela Jesusi buruz hitz egiteari utziko esan zuten ausardiaz; beraien aginduaren aurretik Jainkoarena zegoela. Beste hitz batzuetan, epaileei zuzenduz honelako zerbait esaten ari ziren: «Zer uste duzue, zuen aginduak Jainkoaren aginduen gainetik daudela ala?».
4. Eginak 5:27-29 pasartearen arabera, zer etsenplu jarri ziguten apostoluek benetako kristau guztioi eta nola imitatu ditzakegu?
4 Apostoluek jarraitzeko eredu ederra jarri ziguten benetako kristau guztioi. Geroztik argi dugu Jainkoaren esana egin behar dela lehenik, ez gizakiena (Irakurri Eginak 5:27-29). Integritateari eusteagatik jipoituak izan ondoren, apostoluak biltzar nagusitik «pozik atera ziren, Jainkoak Jesusengatik sufritzeko duin aurkitu zituelako» eta predikatzen jarraitu zuten (Eg 5:40-42).
5. Zer galdera erantzun behar ditugu?
5 Apostoluen ereduak galdera batzuk sortzen ditu. Gizakien aurretik Jainkoa obeditzea erabaki zutenez, nola izan zitezkeen aldi berean «agintarien menpeko»? (Erm 13:1). Nola izan gaitezke, Paulok esan zuen bezala, «gobernari eta agintarien menpeko» eta Agintari Gorenari, Jainkoari, leialak izaten jarraitu? (Tt 3:1).
«AGINTARIAK»
6. a) Nortzuk dira Erromatarrei 13:1eko «agintariak» eta nola jokatu behar dugu beraiekin? b) Zer aitortu behar dute giza agintari guztiek?
6 Irakurri Erromatarrei 13:1. Bertset honetan, «agintariak» beste gizakien gain autoritatea eta boterea duten gizakiak dira. Kristauok agintari hauei obeditu behar diegu. Arlo publikoan ordena mantentzen dute, legeak betetzen direla ziurtatzen dute eta, batzuetan, Jehobaren herriaren alde ere egiten dute (Ap 12:16). Beraz, eskatzen dizkiguten zergak, kontribuzioak, begirunea eta ohorea eman behar dizkiegu (Erm 13:7). Hala ere, autoritatea badute, Jehobak uzten dielako da. Jesusek argi eta garbi erakutsi zuen hau Pontzio Pilato erromatar gobernariak galdeketa egin zionean. Pilatok Jesusi bera bizirik mantentzeko edo hiltzeko boterea zuela esan zionean, Jesusek erantzun zion: «Ez zenuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak eman ez balizu» (Jn 19:11). Pilatoren autoritatea mugatuta zegoen bezalaxe, mundu honetako agintari eta politikari guztien autoritatea mugatuta dago.
7. Zer egoeretan ez diegu giza agintariei obeditu behar eta zer gogoratu behar dute?
7 Kristauok giza gobernuen legeak, Jainkoaren legeen aurka ez dauden bitartean, obeditu egin behar ditugu. Baina ez diegu agintariei obeditzen Jehobak debekatzen duen zerbait egiteko eskatzen badigute. Adibidez, gizon gazteei armak hartzeko eta gerrara joateko eskatu ahal diete. c Jehobak eskatzen digun zerbait egitea debekatzen digutenean ere, ez diegu obedituko. Hau gure Biblia itzulpena, argitalpenak, predikazioa eta bilerak debekatzen dituztenean gertatu daiteke. Duten autoritatea gaizki erabiltzen badute, Jesu Kristoren ikasleak pertsegituz adibidez, Jainkoak kontuak eskatuko dizkie. Jehoba begira dabil (Koh 5:7 [5:8, NWT]).
8. Zer ezberdintasun dago Jehoba eta giza agintarien artean, eta zergatik da inportantea hau jakitea?
8 Agintariek autoritatea izan dezakete, gauza onak egin ditzakete eta besteengan boterea eduki. Baina honek ez du esan nahi hobeagoak edo perfektuak direnik. Bada hobea eta perfektua den beste norbait: Jehoba. Maila altuago batean dago, Biblian askotan «Goi-goikoa» deitzen baitzaio (Dn 7:18, 22, 25, 27).
«GOI-GOIKOA»
9. Zer ikusi zuen Danielek?
9 Daniel profetak izan zituen ikuskarietan, argi ikusi zen Jehobak duen autoritatea beste autoritate guztien gainetik dagoela. Lehenik eta behin, Danielek lau piztitzar ikusi zituen eta iraganeko eta gaur egungo mundu potentziak irudikatzen dituzte: Babilonia, Media eta Persia, Grezia, Erroma eta gaur egungo potentzia, Angloamerika (Dn 7:1-3, 17). Gero, Danielek Jehoba ikusi zuen zeruko tronuan eseria (Dn 7:9, 10). Ondoren ikusi zuena gaur egungo agintarientzat abisua da.
10. Daniel 7:13, 14, 27aren arabera, nori ematen dio Jehobak autoritatea lurrean, eta zer erakusten du honek argi?
10 Irakurri Daniel 7:13, 14, 27. Jainkoak giza gobernuei autoritatea eta boterea kendu, eta gehiago merezi duten eta botere handiagoa duten beste batzuei ematen die. Nori? «Gizaseme antzeko» norbaiti, Jesu Kristori eta «Goi-goikoaren herri santuari», hau da, betiko aginduko duten 144.000 erregeei (Dn 7:18). Argi dago Jehoba dela «Goi-goikoa», berak bakarrik baitu hori egiteko autoritatea.
11. Zer gehiago idatzi zuen Danielek Jehoba nazio guztien gainetik dagoela erakusteko?
11 Danielek izandako ikuskari hau lehen berak esandako zerbaitekin bat dator. Jainkoari buruz esan zuen: «Berak jartzen eta kentzen erregeak». Gainera, honakoa ere idatzi zuen: «Goi-goikoa da giza erreinu guztien jabea: nahi duenari ematen dio berak erregetza» (Dn 2:19-21; 4:14 [4:17, NWT]). Kendu edo jarri al ditu Jehobak agintariak noizbehin? Horixe baietz!
12. Nola kendu ditu Jehobak tronutik erregeak iraganean? Eman adibide bat. (Ikusi irudia)
12 Jehobak argi eta garbi erakutsi du agintarien gainetik dagoela eta Goi-goikoa dela. Ikusi dezagun nola egin zuen hau hiru agintarirekin. Egiptoko faraoiak Jainkoaren herria esklabo bihurtu zuen eta, behin eta berriz askatzeko agindu zitzaionean, ez zuen kasurik egin. Azkenean, Jehobak bere herria askatu eta faraoia Itsaso Gorrian ito zuen (Ir 14:26-28; Sal 136:15). Babiloniako Belxatzar erregeak festa batean «zeruko Jauna mespretxatu» zuen eta Jehoba gurtu beharrean «zur eta harriz eginiko jainko-irudiak» gurtu zituen (Dn 5:22, 23). Baina Jainkoak gizon harroputz hura apaldu zuen. «Gau hartan bertan» hil zuten Belxatzar eta bere erreinua mediarrei eta persiarrei eman zitzaion (Dn 5:28, 30; 6:1 [5:31, NWT]). Palestinako Herodes Agripa lehenak Santiago apostolua hil zuen eta Pedrorekin gauza bera egiteko asmoz, kartzelan sartu zuen. Baina Jehobak ez zion utzi. «Jaunaren aingeruak jo zuen» eta hil egin zen (Eg 12:1-5, 21-23).
13. Nola garaitu ditu Jehobak iraganean agintarien koalizioak? Eman adibide bat.
13 Jehobak agintari koalizioen oso gainetik dagoela ere erakutsi du. Bere laguntzaz israeldarrek kanaandarren 31 agintarien aliantza suntsitu eta Promestutako lurraldearen eremu asko konkistatu zituzten (Jos 11:4-6, 20; 12:1, 7, 24). Ben-hadad erregeak eta beste 32 agintari siriarrek Israel erasotzean, sekulako porrota jasan zuten Jehobaren eskutik (1 Erg 20:1, 26-29).
14, 15. a) Zer aitortu zuten Nabukodonosor eta Dario erregeek Jehobaren ahalmenari buruz? b) Zer esan zuen salmogileak Jehoba eta bere herriari buruz?
14 Jehobak behin eta berriz erakutsi du Goi-goikoa dela! Babiloniako Nabukodonosor erregeak ez zuen onartu Jehobak gorespen guztia merezi duela. Bere hiriaz harrotuz, esan zuen: «Nire boterearen eta aintza paregabearen ezaugarri!». Horregatik, Jainkoak zigortu egin zuen eta burutik jota geratu zen denbora batez. Bere onera itzuli zenean, Goi-goikoari eskerrak eman eta bere aginteak beti iraungo duela aitortu zuen. Gainera, esan zuen: «Ez da inor haren ahalmenari aurka egingo dionik» (Dn 4:27, 30-32 [4:30, 33-35, NWT]). Hamarkada batzuk beranduago, Danielek integritateari eutsi zion eta Jehobak lehoien zulotik salbatu zuen. Dario erregeak, hori ikustean, honakoa agindu zuen: «Nire erreinu guztian Danielen Jainkoari begirune osoa izan diezaiotela guztiek. “Hura Jainko bizia baita, hura betiko dirauena. Haren erregetza ez da hondatuko, haren ahalmenak ez du azkenik”» (Dn 6:8-11, 20-23, 27, 28 [6:7-10, 19-22, 26, 27, NWT]).
15 Horrelakoak ikustean, salmogileak esan zuen: «Nazioen egitasmoak Jaunak ditu desegiten, herrien asmoak hutsean galtzen». Gainera, hau ere ikusi zuen: «Zorionekoa Jauna Jainko duen nazioa! Zorionekoa hark beretzat aukeratu duen herria!» (Sal 33:10, 12). Ez al da hau integritateari eusteko arrazoi boteretsua?
AZKEN GERRA
16. Larrialdi handiari buruz pentsatzean, zergatik egon gaitezke lasai? (Ikusi irudia)
16 Orain arte Jehobak bere zerbitzariak salbatzeko antzina zer egin zuen ikusi dugu. Hortaz, lasai egoteko arrazoi asko ditugu, hemendik gutxira Jehobak larrialdi handian bere zerbitzari leialak salbatuko baititu (Mt 24:21; Dn 12:1). Noiz gertatuko da hori? Nazioen koalizio batek, hau da, Magogeko Gogek Jehobari leialak direnak mundu osoan erasotzen dituenean. Nahiz eta koalizio hori Nazio Batuen erakundeko 193 kideek osatu, Jehoba eta bere zeruko gudarostearen aurka ez dute ezer egiterik izango. Jehobak zin egiten du: «Jainko handi eta santua naizela agertuko dut eta nazio askok aitortuko naute. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna» (Ez 38:14-16, 23; Sal 46:11 [46:10, NWT]).
17. Bibliaren arabera, zer etorkizun izango dute munduko erregeek eta integritateari eusten diotenek?
17 Gogen erasoak Harmagedon piztuko du eta azken gerra honetan Jehobak munduko erregeak suntsituko ditu (Ap 16:14, 16; 19:19-21). «Prestuak» edo integritateari eusten diotenak, berriz, lurrean biziko dira eta zuzenek bertan iraungo dute (Es 2:21).
GEURE INTEGRITATEARI EUTSI BEHAR DIOGU
18. Zer egiteko prest egon dira kristau asko eta zergatik? (Daniel 3:28)
18 Mendeetan zehar, kristau askok beraien askatasuna, baita bizia ere arriskatzeko prest egon dira. Horrela argi geratu da Jehoba maite dutela eta beraien agintari izatea nahi dutela. Jehobari leial izaten jarraitzeko determinazioa dute. Hiru hebrearrak bezalakoak izan nahi dute. Leialak izan zirenez, Goi-goikoak su biziko labetik salbatu zituen (Irakurri Daniel 3:28).
19. Zeren arabera epaituko du Jehobak bere herria eta zer egin behar dugu?
19 Integritateari eusteko beharra azpimarratzeko, Dabidek idatzi zuen: «Jehobak herriak epaituko ditu. Epaitu nazazu, o Jehoba, nire zuzentasunaren arabera eta nire integritatearen arabera» (Sal 7:8, NWT). Hau ere idatzi zuen: «Prestutasunak [edo integritateak] eta zuzentasunak zainduko naute» (Sal 25:21). Bizitzeko modurik onena datorrena datorrela Jehobari leial izatea da. Hori egiten badugu, salmogilearen sentimendu berberak izango ditugu: «Zorionekoak […] integritateari eusten diotenak, Jehobaren legean dabiltzanak» (Sal 119:1, NWT, oharra).
sn 32. KANTA Iraun sendo!
a Bibliak kristauoi mundu honetako agintariei obeditu behar diegula esaten digu. Baina batzuk, argi eta garbi, Jehobaren eta bere zerbitzarien aurka jartzen dira. Zer egin dezakegu agintariei obeditzeko eta, aldi berean, gure integritateari eusteko?
b ZER ESAN NAHI DU? Integritateari eustea, oso egoera zailetan ere, Jehoba eta bere subiranotasunari leial izatea da.
c Ikusi ale honetako «Antzinako israeldarrek gerretan parte hartu zuten. Guk zergatik ez?» artikulua.