34. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Asko ikasi dezakegu Bibliako profezietatik
«Jakintsuek [edo perspikazia dutenek, NWT], ordea, dena ulertuko dute» (DN 12:10).
sn 37. KANTA Biblia, Jainkoak inspiratua
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zerk lagundu gaitzake Bibliako profeziak aztertzeaz gozatzen?
«ASKO gustatzen zait Bibliako profeziak aztertzea», dio Ben izeneko anaia gazte batek. Ados zaude berarekin? Edo Bibliako profeziak ulertzea zailegia dela uste duzu? Agian, profeziak aztertzea aspergarria dela iruditzen zaizu. Baina, Jehobak bere Hitzean profeziak egotea zergatik nahi izan duen jakitean, beharbada, iritziz aldatuko duzu.
2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Artikulu honetan, Bibliako profeziak zergatik aztertu behar ditugun eta hau nola egin dezakegun ikusiko dugu. Gainera, Daniel liburuko bi profezia aztertuko ditugu. Bestalde, hauek ulertzeak orain nola lagundu gaitzakeen ikusiko dugu.
ZERGATIK AZTERTU BIBLIAKO PROFEZIAK?
3. Zer egin behar dugu Bibliako profeziak ulertzeko?
3 Bibliako profeziak ulertzeko, laguntza eskatu behar dugu. Pentsatu hurrengo adibidean. Imajinatu ezagutzen ez duzun leku bat bisitatzen ari zarela, baina zurekin bidaiatzen duen lagunak bertako txoko guztiak ezagutzen dituela. Badaki zehazki non zaudeten eta bide bakoitzak nora eramaten duen. Zenbat eskertzen duzun horrelako lagun bat zure alboan izatea! Antzera, Jehoba lagun hura bezalakoa da. Berak ondo baino hobeto ezagutzen du gure etorkizuna. Beraz, Bibliako profeziak ulertzeko, Jehobaren laguntza eskatu behar dugu apalki (Dn 2:28; 2 P 1:19, 20).
4. Zergatik arduratu zen Jehoba profeziak bere Hitzean idatzirik egoteaz? (Jeremias 29:11) (Ikusi irudia ere)
4 Guraso on batek bezala, Jehobak ere bere seme-alabek etorkizun zoriontsua izatea nahi du (Irakurri Jeremias 29:11). Baina, guraso inperfektuek ez bezala, Jehobak badaki zehazki zer gertatuko den etorkizunean. Profeziak bere Hitzean idatzirik egoteaz arduratu zen, guk aldez aurretik gertakari inportanteen berri izateko (Is 46:10). Bibliako profeziak gure zeruko Aitaren opari maitekorrak dira. Baina, nola egon gaitezke ziur Bibliak aurresaten duena benetan beteko dela?
5. Zer ikasi dezake gazte batek Maxen bizipenetik?
5 Gure gazteak, askotan, Biblia ezer edo ezer gutxi errespetatzen duten pertsonez inguratuta daude eskolan. Hauen hitz eta ekintzek zalantzak sortu ditzakete Lekuko gazte batengan. Ikus dezagun Max izeneko anaia bati gertatukoa. Berak dio: «Eskolan nengoenean, zalantzan jartzen hasi nintzen nire gurasoek irakasten nindutena benetako erlijioa ote zen, eta Jainkoak Biblia inspiratu ote zuen». Zer egin zuten gurasoek? Maxek dio: «Badakit larrituta zeudela, baina lasai erantzun zidaten». Gurasoek Biblia erabili zuten bere galderak erantzuteko. Maxek ere zerbait egin zuen: «Bibliako profeziak nire kabuz aztertu nituen eta ikasitakoa kongregazioko beste gazteekin partekatu nuen», dio berak. Zein izan zen emaitza? Honakoa dio Maxek: «Honen ondoren, argi ikusi nuen Jainkoak Biblia inspiratu duela».
6. Zer egin behar duzu zalantzak badituzu, eta zergatik?
6 Zu ere, Max bezala, Bibliak egia duela zalantzan jartzen hasten bazara, ez zara horregatik errudun sentitu behar. Baina, zerbait egin beharko duzu. Zergatik? Zalantza herdoila, edo ugerra, bezalakoa delako. Kontuan hartzen ez badugu, baliotsua den zerbait hondatu dezake pixkanaka-pixkanaka. Zure fedetik edozein herdoil arrasto kentzeko, honakoa galdetu behar diozu zeure buruari: «Sinesten al dut Bibliak etorkizunari buruz dioena?». Ziur ez bazaude, dagoeneko bete diren Bibliako profeziak aztertu behar dituzu. Nola egin dezakezu hau?
NOLA AZTERTU BIBLIAKO PROFEZIAK?
7. Zerk lagundu zion Danieli Bibliako profeziak aztertzerako orduan? (Daniel 12:10) (Ikusi irudia ere)
7 Danielek eredu bikaina jarri zuen profeziak aztertzerako orduan. Nola egin zuen hau? Hasteko, motibazio egokia izan zuen, egia ezagutu nahi zuelako. Gainera, apala izan zen. Jehobak ulermena bera ezagutzen dutenei eta bere arau garbien arabera bizi direnei bakarrik ematen diela onartu zuen (Dn 2:27, 28; irakurri Daniel 12:10). Eta Jehobaren laguntzan konfiantza izanez, apala zela erakutsi zuen (Dn 2:18). Azkenik, Danielek profeziak arretaz aztertu zituen, eskuragarri zituen Idazki inspiratuak ikertuz (Jr 25:11, 12; Dn 9:2). Nola imitatu dezakegu Daniel?
8. Zergatik aztertzen dituzte batzuek Bibliako profeziak? Baina, guk zer motibazio izan beharko genuke?
8 Aztertu zure motibazioa. Aztertzen al dituzu Bibliako profeziak egia ezagutzeko desioak bultzatuta? Hala bada, Jehobak lagunduko zaitu (Jn 4:23, 24; 14:16, 17). Hala ere, batzuek beste arrazoi batzuengatik aztertzen dute Biblia. Agian, Biblia Jainkoarengandik ez datorrela frogatzeko egiten dute. Era horretara, euren kabuz ondo eta txarto dagoena erabaki dezaketela eta honen arabera bizi daitezkeela uste dute. Baina, guk motibazio egokia izan behar dugu. Gainera, beste ezaugarri garrantzitsu bat behar dugu Bibliako profeziak ulertzeko.
9. Zer ezaugarri behar dugu Bibliako profeziak ulertzeko? Azaldu.
9 Izan apala. Jehobak apala denari lagunduko diola promesten du (St 4:6). Bibliako profeziak ulertzeko, laguntza eskatu behar diogu otoitzean. Gainera, honako hau onartu behar dugu: morroi leialaren laguntza behar dugula, Jehobak bide hau erabiltzen baitu beharrezko elikagai espirituala emateko (Lk 12:42). Jehobak ordena maite du. Ondorioz, ez da harritzekoa Jehobak iturri bakarra erabiltzea bere Hitzeko egiak guri ulertzen laguntzeko (1 Ko 14:33, NWT; Ef 4:4-6).
10. Zer ikasten dugu Estherren bizipenetik?
10 Aztertu arretaz profeziak. Hasi zuretzat interesgarria izan daitekeen profezia bat aztertzen. Hori da Esther izeneko arreba batek egin zuena. Mesiasen etorrera aurresan zuten profeziei buruz gehiago jakin nahi zuen. Berak dio: «15 urterekin, profezia hauek Jesusen garaiaren aurretik idatziak izan zirela erakusten zuten frogak aztertzen hasi nintzen». Itsaso Hileko eskuizkribuei buruz ikasi zuenak konbentzitu zuen. Estherrek dio: «Horietako batzuk Kristoren garaiaren aurretik izan ziren idatziak. Beraz, bertako profeziak Jainkoarengandik bakarrik etorri ahal ziren». Profezia hauek ondo ulertzeko, behin baino gehiagotan irakurri behar izan zituela onartzen du Estherrek. Baina, pozik dago egin zituen ahaleginengatik. Hainbat Bibliako profezia arretaz aztertu ondoren, berak dio: «Nire kabuz argi eta garbi ikusi ahal izan nuen Biblia egia dela».
11. Zergatik da ona gutako bakoitzarentzat Biblia egia dela ziurtatzea?
11 Jainkoaren Hitzeko profezia batzuk dagoeneko nola bete diren ikustean, Jehobarengan eta berak erabiltzen duen gidan dugun konfiantza handitu egiten da. Gainera, Bibliako profeziek etorkizunerako esperantza ematen digute. Beraz, hauek aztertzen ditugunean, nahiz eta orain zailtasunak izan, ikuspuntu positiboa izan dezakegu. Azter ditzagun labur-labur orain betetzen ari diren Danielek idatzitako bi profezia. Hauek ulertzeak erabaki zuhurrak hartzen lagundu gaitzake.
NOLA ERAGITEN DIZUTE BURDINA ETA BUZTINEZKO OINEK?
12. Zer irudikatzen dute buztin bigunaz nahastutako burdinazko oinek? (Daniel 2:41-43, NWT)
12 Irakurri Daniel 2:41-43, NWT. b Danielek Nabukodonosorri argitu zion ametsean, erregeak ikusitako irudiaren oinak «buztin bigunaz nahastutako burdina[z]» eginak zeuden. Profezia hau Daniel eta Apokalipsia liburuetako beste profezia batzuekin konparatzean, honako ondoriora iritsi gaitezke: oinek Angloamerikar aliantza, gaur egungo munduko potentzia nagusia, irudikatzen dutela. Danielek munduko potentzia hau «neurri batean sendoa eta neurri batean ahula» izango zela esan zuen. Zergatik neurri batean ahul? Buztin biguna bezalakoa den jende arruntak, erreinu honek burdina bezain sendo jokatzeko duen ahalmena ahultzen duelako. c
13. Zer egia garrantzitsu ikasi ditzakegu profezia honetatik?
13 Egia garrantzitsu asko ikasi ditzakegu Danielek deskribatutako iruditik, bereziki irudiko oinetatik. Lehenik, Angloamerikar potentziak hainbat modutan indartsua dela erakutsi du. Adibidez, Angloamerikar potentziak eta bere aliatuek bi Mundu Gerrak irabazi zituzten. Hala ere, munduko potentzia hau bere herritarren arteko gatazken eraginez ahuldu egin da, eta ahultzen jarraituko du. Bigarrenik, Jainkoaren Erreinuak giza gobernu guztiak suntsitu aurretik, Angloamerikar potentzia izango da munduan aginduko duen azken potentzia. Beste nazioek batzuetan Angloamerikar potentziaren aurka egiten saiatu arren, ez dute ordezkatzea lortuko. Zergatik dakigu hau? «Harria[k]», hau da, Jainkoaren Erreinuak, Angloamerikar potentzia irudikatzen duten irudiaren oinak txikituko dituelako (Dn 2:34, 35; 2:44, NWT; 2:45).
14. Nola laguntzen digu burdinazko eta buztinezko oinei buruzko profeziak erabaki zuhurrak hartzen?
14 Konbentzituta al zaude burdinazko eta buztinezko oinei buruzko Danielen profezia egia dela? Hala bada, zure bizimoduan eragina izango du. Esaterako, mundu honetako sistema laster suntsitua izango dela dakigunez, ez gara gero eta diru eta gauza gehiago lortzen saiatuko (Lk 12:16-21; 1 Jn 2:15-17). Profezia hau ulertzeak predikazioak eta besteei irakasteak duen garrantzia ikusten ere lagunduko digu (Mt 6:33; 28:18-20). Profezia hau aztertu ondoren, honakoa galdetu ahal diozu zeure buruari: «Erakusten al dute nire erabakiek ziur nagoela Jainkoaren Erreinuak laster giza gobernu guztiak suntsituko dituela?».
NOLA ERAGITEN DIZUTE «IPARRALDEKO ERREGE» ETA «HEGOALDEKO ERREGEAK»?
15. Nortzuk dira «iparraldeko erregea» eta «hegoaldeko erregea» gaur egun? (Daniel 11:40)
15 Irakurri Daniel 11:40. Mundua kontrolpean izateko, bata bestearen artean borrokan ari diren bi erregez, edo gobernuz, hitz egiten da Daniel 11. kapituluan. Profezia hau Bibliako beste batzuekin konparatuz, «iparraldeko erregea» Errusia eta bere aliatuak direla jakin dezakegu, eta «hegoaldeko erregea», berriz, Angloamerikar potentzia. d
16. Nola tratatzen du «iparraldeko erregea[k]» Jainkoaren herria?
16 «Iparraldeko erregea» bere menpe bizi diren anai-arrebak pertsegitzen ari da. Lekuko batzuk jipoituak eta kartzelaratuak izan dira euren fedeagatik. Baina, «iparraldeko erregea[ren]» ekintzek ez dituzte gure anai-arrebak kikildu; kontrakoa, euren fedea sendotu egin dute. Zergatik? Badakitelako Jainkoaren herriaren aurkako pertsekuzioak Danielen profezia betetzen duela (Dn 11:41). e Gainera, hau jakiteak gure itxaropena sendo mantentzen eta gure integritateari eusten lagundu gaitzake.
17. Zer erronka izan dituzte Jehobaren zerbitzariek «hegoaldeko erregea[ren]» menpe?
17 Iraganean, «hegoaldeko erregea[k]» ere Jehobaren herria modu zuzenean erasotu zuen. Adibidez, XX. mendearen hasieran, neutral izateagatik anaia asko kartzelaratuak izan ziren eta Lekukoen haur batzuk eskolatik kanporatu zituzten. Azken hamarkadetan, aldiz, errege honen menpe bizi diren Jehobaren zerbitzariek beste mota bateko probei egin behar izan diete aurre. Hauteskundeetan, esaterako, kristau batek alderdi politiko edo hautagai baten alde jartzeko tentazioa izan dezake. Bozkatu ez arren, alderdi politiko bat besteak baino hobea dela sentitu dezake bere bihotzean. Horregatik, guztiz neutral mantentzeko, egiten dugunarekin kontuz ibiltzeaz gain, adi ibili behar dugu pentsatzen eta sentitzen dugunarekin (Jn 15:18, 19; 18:36).
18. Nola erreakzionatzen dugu bi erregeen arteko borroka ikustean? (Ikusi irudia ere)
18 Bibliako profezietan sinesten ez dutenak agian izugarri larritzen ari dira «iparraldeko erregea» eta «hegoaldeko erregea» elkarri erasotzen dabiltzala ikustean (Dn 11:40). Izan ere, bi errege hauek lurreko bizia erabat suntsitzeko nahiko arma nuklear dituzte. Baina, badakigu Jehobak ez duela hori gertatzen utziko (Is 45:18). Beraz, «iparraldeko erregea» eta «hegoaldeko erregea[ren]» arteko borrokak gu kezkatu beharrean, gure fedea sendotzen du. Sistema honen amaiera gertu dagoela ziurtatzen digu honek.
JARRAITU BIBLIAKO PROFEZIETAN ARRETA JARTZEN
19. Zer onartu behar dugu Bibliako profezien inguruan?
19 Ez dakigu Bibliako profezia batzuk nola beteko diren. Daniel profetak ere ez zuen idatzitako guztiaren esanahia ulertu (Dn 12:8, 9). Baina, profezia bat nola beteko den guztiz ez ulertzeak ez du esan nahi beteko ez denik. Zalantzarik gabe, honako konfiantza izan dezakegu: iraganean egin zuen bezala, Jehobak jakin behar duguna justu momentu egokian azalduko digula (Am 3:7).
20. Zer profezia zirraragarri beteko dira laster, eta zer egiten jarraitu beharko genuke?
20 Nazioek aldarrikapen hau egingo dute: «Bakea eta segurtasuna» (1 Ts 5:3). Gero, munduko sistema politikoak erlijio faltsua erasotu eta suntsitu egingo du (Ap 17:16, 17). Ondoren, Jainkoaren herria erasotuko du (Ez 38:18, 19). Azkenik, Harmagedon gerra hasiko da (Ap 16:14, NWT; 16:16). Ziur egon gaitezke gauza hauek hemendik gutxira gertatuko direla. Beraz, bitartean, jarrai dezagun gure zeruko Aitari esker ona adierazten, Bibliako profezietan arreta jarriz eta besteei gauza bera egiten lagunduz.
sjj 95. KANTA Argia zabaltzen ari da
a Munduko egoera okerrera joan arren, ziur gaude etorkizun zoragarria izango dugula. Konfiantza hau izateko, Bibliako profeziak aztertu ditzakegu. Artikulu honetan, Bibliako profeziak aztertzeko ditugun arrazoi zehatzak ikusiko ditugu. Gainera, Danielen bi profezia aztertuko ditugu laburki, baita gutako bakoitzari hauek ulertzeak nola laguntzen digun ere.
b Daniel 2:41-43, NWT: «Eta ikusi zenituen oinak eta behatzak neurri batean zeramika-buztinezkoak eta neurri batean burdinazkoak ziren bezala, erreinua ere banatuta egongo da. Baina, burdinaren gogortasun neurri bat izango du, ikusi zenuen buztin bigunaz nahastutako burdinak bezala. Eta, behatzak neurri batean burdinazkoak eta neurri batean buztinezkoak ziren moduan, erreinua neurri batean sendoa eta neurri batean ahula izango da. Ikusi zenuen buztin bigunaz nahastutako burdina bezala, beraiek ere herriarekin nahastuko dira. Baina, ez dira bata bestearekin elkartuta mantenduko, burdina buztinarekin nahasten ez den bezala».
c Ikusi «Jehová revela “las cosas que tienen que suceder dentro de poco”» («Jéhovah révèle ce qui ‘ doit arriver bientôt ’») artikulua, aldizkari honetako 2012ko ekainaren 15eko alean, 7-9 para.
d Ikusi «¿Quién es “el rey del norte” hoy en día?» («Qui est le “ roi du Nord “ aujourd’hui ?») artikulua, aldizkari honetako 2020ko maiatzeko alean, 3 eta 4 para.
e Ikusi «¿Quién es “el rey del norte” hoy en día?» («Qui est le “ roi du Nord “ aujourd’hui ?») artikulua, aldizkari honetako 2020ko maiatzeko alean, 7-9 para.