47. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Nola mantendu dezakegu sendo elkarren arteko maitasuna?
«Maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator» (1 JN 4:7).
sjj 109. KANTA Bihotz-bihotzez maitatu
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. a) Zergatik esan zuen Paulo apostoluak maitasuna ezaugarririk «handiena» dela? b) Zer galdera aztertuko ditugu?
PAULO apostoluak fedea, esperantza eta maitasunari buruz hitz egin zuenean, ondorengoa esan zuen: «Hiruretan [ezaugarri] handiena maitasuna da» (1 Ko 13:13). Zergatik esan zuen hau? Etorkizunean Jainkoak mundu berriari buruz egindako promesak dagoeneko beteta egongo direnez, ez dugu hauetan federik, ezta esperantzarik ere izan beharko. Baina beti maitatu beharko ditugu Jehoba eta pertsonak. Are gehiago, beraiei diegun maitasunak etengabe hazten jarraituko du.
2 Maitasuna izatea beti izango denez beharrezkoa, hiru galdera aztertuko ditugu. Lehenik, zergatik maitatu beharko genuke elkar? Bigarrenik, nola erakusten diogu maitasuna elkarri? Hirugarrenik, nola mantendu dezakegu sendo elkarren arteko maitasuna?
ZERGATIK MAITATU BEHARKO GENUKE ELKAR?
3. Zer arrazoi ditugu elkar maitatzeko?
3 Zergatik da garrantzitsua elkar maitatzea? Bereziki, maitasunak egiazko kristau bezala identifikatzen gaituelako. Jesusek honakoa esan zien bere apostoluei: «Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean» (Jn 13:35). Gainera, elkar maitatzeak batuta mantentzen gaitu. Izan ere, maitasuna «elkartasun betearen lokarria» dela esan zuen Paulok (Kol 3:14). Hala ere, badago elkar maitatzeko beste arrazoi inportante bat. Joan apostoluak honakoa idatzi zien anai-arrebei: «Jainkoa maite duenak maita dezala bere senidea ere» (1 Jn 4:21). Elkarri maitasuna erakusten diogunean, Jainkoa maite dugula erakusten dugu.
4, 5. Zer lotura dago Jainkoari diogun maitasunaren eta anai-arrebei diegun maitasunaren artean? Jarri adibide bat.
4 Zer lotura dago Jainkoari diogun maitasunaren eta anai-arrebei erakusten diegun maitasunaren artean? Ulertzeko, azter dezagun gure bihotzaren eta gorputzeko beste atalen artean dagoen lotura. Mediku batek gure eskumuturrean pultsua hartzen duenean, gure bihotza nola dagoen jakin dezake. Zer ikasi dezakegu adibide honetatik?
5 Medikuak pultsua aztertzen digunean, gure bihotza nola dagoen jakin dezake. Era berean, besteei diegun maitasuna zer-nolakoa den aztertzen dugunean, Jainkoari diogun maitasuna zein sendoa den jakingo dugu. Anai-arrebei diegun maitasuna nolabait ahuldu dela konturatzen bagara, Jainkoari diogun maitasuna ere ahuldu den seinale izan daiteke. Alderantziz, anai-arrebei maitasuna erregularki erakusten diegunean, Jainkoari diogun maitasuna sendo dagoen seinale da.
6. Zergatik dugu arazo larri bat anai-arrebei diegun maitasuna ahultzen ari bada? (1 Joan 4:7-9, 11)
6 Anai-arrebei diegun maitasuna ahultzen ari bada, arazo larri bat dugu. Zergatik? Jehobarekin dugun adiskidetasuna galtzeko arriskuan gaudelako. Joan apostoluak ideia hau argi utzi zuen ondorengoa gogoraraziz: «Ikusten duen senidea maite ez duenak ezin du maite ikusten ez duen Jainkoa» (1 Jn 4:20). Zer ikasten dugu? Jehoba gurekin pozik egoteko, behar-beharrezkoa dela elkar maitatzea (Irakurri 1 Joan 4:7-9, 11).
NOLA ERAKUSTEN DIOGU MAITASUNA ELKARRI?
7, 8. Zeintzuk dira elkarri maitasuna erakusteko modu batzuk?
7 Jainkoaren Hitzean, behin eta berriz aurkitzen dugu elkar maitatzearen agindua (Jn 15:12, 17; Erm 13:8; 1 Ts 4:9; 1 P 1:22; 1 Jn 4:11). Hala ere, maitasuna gure barneko sentimendu bat da, eta besteek ezin dute gure bihotzean dagoena ikusi. Orduan, nola lortu dezakegu besteei diegun maitasuna begi bistan egotea? Gure hitz eta ekintzen bitartez.
8 Modu askotan erakutsi ahal diegu maitasuna anai-arrebei. Hona hemen adibide batzuk: «Esan egia lagun hurkoari» (Za 8:16). «Zaudete elkarrekin bakean» (Mk 9:50). «Aurrea hartu batak besteari ohorea erakustean» (Erm 12:10). «Egiozue harrera ona elkarri» (Erm 15:7, NWT). «Barkatu batak besteari» (Kol 3:13). «Lagundu batak besteari elkarren zamak eramaten» (Ga 6:2). «Jarraitu elkar kontsolatzen» (1 Ts 4:18, NWT). «Segi […] batak bestea sendotzen» (1 Ts 5:11, NWT). «Egin otoitz elkarren alde» (St 5:16).
9. Zergatik da besteak kontsolatzea maitasuna erakusteko modu garrantzitsu bat? (Ikusi irudia ere)
9 Azter dezagun besteei maitasuna erakusteko modu bat. Paulok esandako hurrengo hitz hauek aztertuko ditugu: «Jarraitu elkar kontsolatzen». Zergatik da besteak kontsolatzea maitasuna erakusteko modu garrantzitsu bat? Biblia erreferentzia-lan baten arabera, Paulok erabili zuen «kontsola[tu]» aditzak honakoa esan nahi du: «Proba latz bat sufritzen ari den pertsona baten ondoan egotea animoa emateko». Beraz, sufritzen ari den anaia edo arreba bat kontsolatzen dugunean, Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen laguntzen dugu. Eta hau egiten dugun bakoitzean, anai-arrebak maite ditugula erakusten dugu (2 Ko 7:6, 7, 13).
10. Zer lotura dago errukiaren eta kontsolamenduaren artean?
10 Errukia sentitzea eta kontsolamendua ematea oso lotuta daude. Zergatik esan dezakegu hau? Pertsona errukitsuak sufritzen ari dena kontsolatu eta lagundu nahi duelako. Beraz, lehenik, errukia sentitu eta, ondoren, kontsolamendua ematen du. Begira nola lotzen duen Paulok Jehobaren errukia Berak kontsolamendua emateko duen moduarekin: «Aita errukitsu eta kontsolamendu ororen iturri den Jainkoa» bezala deskribatzen du Jehoba (2 Ko 1:3). Paulok Jehoba Aita «errukitsu» deitu zuen, Bera goxotasunez beteriko errukiaren Iturria baita. Eta erruki horrek gure «atsekabe guztietan» kontsolatzera bultzatzen du (2 Ko 1:4). Iturri batetik ateratzen den ur garbiak egarri dena freskatzen duen bezala, Jehobak atsekabetuta daudenak freskatu eta kontsolatzen ditu. Nola imitatu dezakegu Jehoba? Modu bat kontsolamendua ematearekin lotutako ezaugarriak garatzea da. Zeintzuk dira ezaugarri hauetako batzuk?
11. Kolosarrei 3:12 eta 1 Pedro 3:8aren arabera, zer beste ezaugarri garatu behar ditugu anai-arrebak maitatu eta kontsolatzeko?
11 Zerk lagunduko digu elkar maitatzen eta kontsolatzen jarraitzen? Ezaugarri goxoak garatzeak, besteak beste, enpatia, senideen arteko sentimenduak erakustea eta atseginak izatea (Irakurri Kolosarrei 3:12 eta 1 Pedro 3:8). Nola lagunduko digute ezaugarri hauek? Errukia eta honekin lotutako sentimenduak gure izaeraren parte izatera iristen direnean, anai-arrebak kontsolatzeko gogo bizia sentituko dugu hauek sufritzen daudenean. Jesusek esan zuen bezala, «ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu. Ona denak, bere ontasun-altxorretik, ona ateratzen du» (Mt 12:34, 35). Anai-arrebak kontsolatzea beraiei maitasuna erakusteko oso modu garrantzitsua da.
NOLA MANTENDU DEZAKEGU SENDO ELKARREN ARTEKO MAITASUNA?
12. a) Zergatik egon behar dugu adi? b) Zer galdera aztertuko dugu?
12 Hau da denon nahia: «Maita dezagun elkar» (1 Jn 4:7). Hala ere, Jesusek honakoa ohartarazi zuela gogoratu behar dugu: «Gehienen maitasuna hoztu egingo da» (Mt 24:12). Jesus ez zen esaten ari bere dizipuluen gehiengoak elkar maitatzeari utziko zionik. Hala eta guztiz ere, adi egon behar dugu mundu honetako maitasun faltak gugan eraginik izan ez dezan. Hau kontuan izanik, azter dezagun galdera garrantzitsu bat: Zerk lagunduko digu anai-arrebei diegun maitasuna sendoa den ala ez jakiten?
13. Zerk jarri dezake gure maitasuna probapean?
13 Gure maitasuna sendoa den ala ez jakiteko modu bat, bizitzako egoera desberdinen aurrean jokatzeko dugun modua aztertzea da (2 Ko 8:8). Egoera horietako bat Pedro apostoluak aipatzen duena da: «Guztiaren gainetik, izan elkarren arteko maitasun bizi-bizia, maitasunak bekatu asko estaltzen baititu » (1 P 4:8, NWT). Beraz, besteen ahuleziek eta inperfekzioek gure maitasuna probapean jarri dezakete.
14. 1 Pedro 4:8aren arabera, zer maitasun mota izan behar dugu? Jarri adibide bat.
14 Jarri dezagun arreta Pedroren hitzetan. Zortzigarren bertsetaren lehenengo zatiak izan behar dugun maitasun mota deskribatzen du: «bizi-bizia». «Bizi-bizi» bezala itzultzen den hitzak literalki «luzatu» esan nahi du. Bestalde, bertsetaren bigarren zatiak maitasun bizi-biziak izan dezakeen eragina deskribatzen du: gure anai-arreben bekatuak estaltzea. Oihal zati edo maindire batekin egiten dugun bezala, gure maitasuna bi eskuekin heldu eta ahal dugun gehien luzatzen dugu, ez bekatu bat edo bi, baizik eta «bekatu asko» estali arte. Estali hitza barkatu esateko modu deskriptibo bat da. Oihal zati batek mantxa bat estali dezakeen bezala, maitasunak anai-arreben ahuleziak eta inperfekzioak estali ditzake.
15. Zer egin ahal izango dugu anai-arrebei diegun maitasuna sendoa bada? (Kolosarrei 3:13)
15 Anai-arrebei diegun maitasuna sendoa bada, beraien inperfekzioak barkatu ahal izango ditugu, nahiz eta hau egitea batzuetan zaila izan (Irakurri Kolosarrei 3:13). Besteei barkatzea lortzen dugunean, gure maitasuna sendoa dela eta Jehoba poztu nahi dugula erakusten dugu. Zer gehiago egin dezakegu besteen akatsak barkatzeko eta besteek egiten dutenagatik erraz ez mintzeko?
16, 17. Zer gehiagok lagunduko digu besteen akats txikiak kontuan ez hartzen? Jarri adibide bat. (Ikusi irudia ere)
16 Zentratu gaitezen anai-arreben ezaugarri positiboetan, ez negatiboetan. Pentsatu ondorengo konparaketan. Imajinatu anai-arreba talde batekin elkartu zarela. Ondo pasa duzue, eta agur esan aurretik argazki bat atera duzue elkarrekin. Badaezpada, pare bat argazki gehiago atera dituzue. Baina argazkietako batean, anaia bat gaizki atera dela konturatu zara. Zer egingo zenuke argazki horrekin? Borratu, beste bi argazkietan talde osoa irribarretsu atera baita.
17 Konparatu ditzagun gordetzen ditugun argazkiak gogoratzen ditugun oroitzapenekin. Normalean, anai-arrebekin denbora pasatzen dugunean, oroitzapen onak izaten ditugu. Baina demagun, behin, anaia edo arreba batek atsegina ez den zerbait esan edo egin duela. Zer egin beharko genuke oroitzapen horrekin? Gaizki atera den argazkia borratzen dugun bezala, oroitzapen hori ahazten saiatu beharko ginateke (Es 19:11; Ef ). Anaia edo arreba batekin pasatako momentu onak gogoratzen baditugu, berak egindako akats txikiak ahaztea lortuko dugu. Momentu on horiek dira gorde eta estimatu nahi ditugun oroitzapenak. 4:32
ZERGATIK DA MAITASUNA BEHARREZKOA BEREZIKI GAUR EGUN?
18. Maitasunari buruzko zer ideia nagusi aztertu ditugu artikulu honetan?
18 Zergatik nahi dugu elkarren arteko maitasuna sendo mantendu? Aztertu dugun bezala, anai-arrebei maitasuna erakusten diegunean, Jehoba maite dugula erakusten dugulako. Nola erakusten diogu maitasuna elkarri? Modu bat besteei kontsolamendua ematea da. Besteei diegun errukiak bultzatuta, elkar kontsolatzen jarraitzeko gai izango gara. Nola mantendu dezakegu sendo elkarren arteko maitasuna? Besteen akatsak barkatzeko ahal dugun guztia eginez.
19. Zergatik da gaur egun bereziki garrantzitsua elkarri maitasuna erakustea?
19 Zergatik da gaur egun bereziki garrantzitsua elkarri maitasuna erakustea? Ikusi Pedrok ematen duen arrazoia: «Gauza guztien azkena hurbildu da. Beraz, […] izan elkarren arteko maitasun bizi-bizia» (1 P 4:7, 8, NWT). Zer espero dezakegu gertatzea mundu gaizto honen azkena hurbildu ahala? Jesusek honakoa aurresan zuen bere jarraitzaileei buruz: «Herri guztiek gorroto izango dizuete niregatik» (Mt 24:9). Gorroto horri aurre egiteko elkartuta mantendu behar dugu. Hau egiten badugu, Satanasek gu banatzeko egiten dituen ahaleginek porrot egingo dute. Zergatik? Maitasunak, hau da, «elkartasun betearen lokarria[k]» elkarrekin mantenduko gaituelako (Kol 3:14; Flp 2:1, 2).
sjj 130. KANTA Barkatzeko prest egon
a Gaur, inoiz baino gehiago erakutsi behar diegu maitasuna gure anai-arrebei. Zergatik da hain inportantea? Eta nola erakutsi ahal diogu elkarri maitasuna?