7. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 51. KANTA Jainkoari eskaini diogu geure bizia!
Zer ikasi dezakegu nazareoengandik?
«Nazireu-garai guztian Jaunari sagaraturik dago» (ZEN. 6:8).
IDEIA NAGUSIA
Nazareoen ereduak ausartak izaten eta Jehobaren alde sakrifizioak egiten lagundu gaitzake. Nola?
1. Zer jarrera erakutsi dute historian zehar Jehobaren zerbitzariek?
ESTIMATZEN al duzu Jehobarekin duzun adiskidetasuna? Ziur baietz! Eta ez zara bakarra. Aspalditik, pertsona asko zure antzera sentitu izan dira (Sal. 104:33, 34). Askok Jehobaren alde sakrifizioak egin dituzte. Hauxe da antzina Israelgo nazireuek, edo nazareoek, egin zutena. Nortzuk izan ziren? Eta zer ikasi dezakegu beraien eredutik?
2. a) Nortzuk ziren nazareoak? (Zenbakiak 6:1, 2) b) Zergatik erabaki zuten israeldar batzuek nazareo botoa egitea?
2 «Nazareo» hitza «separatua izan dena», «aukeratua izan dena», edo «bere burua eskaini duena» esan nahi duen hitz hebrear batetik dator. Nazareoak Jehoba modu berezi batean zerbitzatzeko sakrifizio pertsonalak egiten zituzten israeldarrak ziren. Moisesen Legearen arabera, gizon edo emakume batek Jehobari boto berezi bat egin ahal zion, denbora batez nazareo moduan bizitzea erabakiz a (Irakurri Zenbakiak 6:1, 2). Israeldar batek boto bat egiten zuenean, gainontzeko israeldarrek bete behar ez zituzten jarraibideak segitu behar zituen. Orduan, zerk bultzatuko zuen israeldar bat nazareo botoa egitera? Ziurrenik Jehobari zion maitasun handiak eta Berak emandako bedeinkapenengatik sentitzen zuen esker onak (Deu. 6:5; 16:17).
3. Zein zentzutan dira antzekoak Jainkoaren herria gaur egun eta nazareoak?
3 «Kristoren legea[k]» Moisesen Legea ordezkatu zuenean, nazareo botoa egiteko aukera amaitu zen (Gal. 6:2; ). Hala ere, nazareoek bezala, Jehobaren herriak Bera bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz zerbitzatzeko desira bizia erakusten jarraitzen du gaur egun ( Erm. 10:4Mar. 12:30). Jehobari geure burua eskaintzean, bera zerbitzatzeko boto bat egiten dugu gogo onez. Boto honekin bat egiteko, Jehobaren nahia bete behar dugu eta bera zerbitzatzeko sakrifizioak egin behar ditugu. Artikulu honetan, nazareoek euren botoa nola betetzen zuten aztertuko dugu. Honela, gure botoarekin bat egiten lagunduko diguten irakaspen baliotsuak ikasiko ditugu b (Mat. 16:24). Azter ditzagun adibide batzuk.
SAKRIFIZIOAK EGITEKO PREST EGON
4. Zenbakiak 6:3, 4 aipuaren arabera, zer egiteko prest egon ziren nazareoak?
4 Irakurri Zenbakiak 6:3, 4. Nazareoek ezin zuten alkoholik edan, ezta mahats edo mahaspasa bezalako produkturik jan ere. Produktu hauek ez zutenez ezer txarrik, inguruko jendeak hauek jan eta edateaz gozatzen zuen. Gainera, Bibliak «gizakiaren bihotza alaitzen duen ardoa» Jainkoaren opari bat dela dio (Sal. 104:14, 15). Hala ere, nazareoak produktu hauetaz gozatzeko zuten eskubidea alde batera uzteko prest egon ziren. c
5. Zer sakrifizio egitea erabaki zuten Madian eta Marcelak? Eta zergatik?
5 Nazareoen antzera, guk ere Jehobaren alde gehiago egiteko sakrifizioak egiten ditugu. Ikus dezagun Madian eta Marcelaren bizipena. d Bikote kristau honek bizimodu erosoaz gozatzen zuen. Madianek lan on bat zuen, eta etxe polit batean bizi ziren. Hala ere, Jehobaren zerbitzuan gehiago egin nahi zuten. Helburu hori lortzeko, aldaketa batzuk egitea erabaki zuten. Honakoa diote: «Gure gastuak gutxitzen hasi ginen. Etxe txikiago batera joan ginen bizitzera eta kotxea saldu genuen». Madian eta Marcelak ez zuten sakrifizio horiek egin beharrik, baina hauek egitea erabaki zuten Jehobaren zerbitzuan gehiago egin nahi zutelako. Oso pozik daude hartutako erabakiengatik.
6. Zergatik egiten ditugu sakrifizioak Jehobaren zerbitzariok gaur egun? (Ikusi irudia ere)
6 Jehobaren zerbitzariok sakrifizio pertsonalak egiteaz pozik gaude. Era horretara, denbora gehiago pasa dezakegu Bere zerbitzuan (1 Ko. 9:3-6). Jehobak ez digu sakrifizio hauek egitea eskatzen. Izan ere, alde batera uzten ditugun gauzak, berez, ez dira txarrak. Batzuek gustuko duten lana, etxea, edota maskota bat ez izateko erabakia hartu dute. Askok ezkontzea edo seme-alabak izatea atzeratzea erabaki dute. Beste batzuek behar handiagoa dagoen leku batean zerbitzatzea aukeratu dute, nahiz eta familia eta lagunengandik urrun egon. Jehobari onena eman nahi diogunez, gutako askok hauek bezalako sakrifizioak egiteko prest gaude. Ziur egon Jehobak izugarri estimatzen duela bera zerbitzatzeko egiten duzun edozein sakrifizio, handia edo txikia den axola gabe (Heb. 6:10).
DESBERDINA IZATEKO PREST EGON
7. Zein zailtasun izan zezakeen nazareo batek bere botoari eusteko? (Zenbakiak 6:5, NWT) (Ikusi irudia ere)
7 Irakurri Zenbakiak 6:5, NWT e. Nazareoek ilea ez mozteko botoa egin zuten. Hori egitea Jehobaren menpe zeudela erakusteko modu bat zen. Nazareo batek ilea luzea zuenean, bistan geratzen zen denbora luzez zeramala nazareo moduan. Besteek bera errespetatu eta bere botoa mantentzera animatzen bazuten, errazagoa izango zen nazareo horrentzat desberdina izatea. Tamalez, Israelgo historian zehar, garai batzuetan jendeak ez zituen nazareoak errespetatzen edo laguntzen. Adibidez, Amos profetaren garaian, israeldar apostatek nazareoei «ardoa edanaraz[ten]» zieten ardoa baztertzeko botoa bete ez zezaten (Am. 2:12). Batzuetan, nazareoak oso ausartak izan behar ziren euren botoari eusteko eta besteengandik ezberdintzeko.
8. Nola animatzen zaitu Benjamin gaztetxoaren bizipenak?
8 Nahiz eta berez lotsatiak izan, Jehobaren laguntzarekin, gu ere besteengandik ausardiaz ezberdindu gaitezke. Azter dezagun Benjaminen bizipena. Bera Norvegian bizi den 10 urteko Lekuko bat da. Ukrainako gerraren ondorioz, bere eskolak Ukrainaren aldeko ekitaldi bat antolatu zuen. Haurrei, Ukrainako kolore nazionalez jantzita zeudela, kanta bat abesteko eskatu zitzaien. Benjaminek ekitaldi nazionalista honetan parte hartu nahi ez zuenez, distantzia batera geratu zen, atentziorik deitu ez nahian. Hala ere, irakasle batek Benjamin ikusi eta honakoa esan zion ozenki: «Etorri hona oraintxe bertan eta elkartu gurekin! Denok zure zain gaude». Benjaminek honakoa esan zion ausardiaz irakasleari: «Ni neutrala naiz, eta ez dut manifestaldi politikoetan parte hartzen. Jehobaren lekuko asko kartzelan daude gerrara ez joateagatik». Irakasleak Benjaminek esandakoa onartu eta ez zuela parte hartu beharrik esan zion. Bere klasekideek ere zergatik ez zuen parte hartuko galdetu zioten. Benjamin urduri-urduri jarri eta ia negarrez hasi zen. Hala ere, irakasleari esandakoa ausardiaz errepikatu zion klase osoari. Ondoren, Benjaminek honakoa sentitu zuela esan zien gurasoei: Jehobak bere sinesmenak defendatzen lagundu ziola.
9. Nola poztu dezakegu Jehobaren bihotza?
9 Jehoba obeditzea erabaki dugunez, gure ingurukoengandik desberdintzen gara. Hala ere, ausardia behar dugu lanean edo eskolan Jehobaren lekukoak garela esateko. Gainera, mundu honen joera eta jokabidea txarretik okerrera doan heinean, ziurrenik gero eta zailagoa egingo zaigu Biblia printzipioen arabera bizitzea eta predikatzea (2 Tim. 1:8; 3:13). Baina gogoan izan Jehoba zerbitzatzen ez dutenengandik ausardiaz desberdintzen garenean, gure Jainkoaren bihotza pozten dugula (Esa. 27:11; Mal. 3:18).
JEHOBARI LEHENTASUNA EMAN ZURE BIZITZAN
10. Zergatik izan ahal zen zaila nazareoentzat Zenbakiak 6:6, 7an azaltzen den araua jarraitzea?
10 Irakurri Zenbakiak 6:6, 7. Nazareoak ezin ziren gorpu batera hurbildu. Beharbada, hau egitea ez zela sakrifizio handia pentsa dezakegu. Baina Biblia garaian, nazareo batentzat arau hau betetzea oso-oso zaila izan ahal zen gertuko senide bat hiltzen zenean. Garaiko hileta ohiturek jendea gorpuaren gertu egotea eskatzen zuten (Joan 19:39, 40; Eg. 9:36-40). Baina nazareo batek ezin zituen ohitura hauek jarraitu. Familiartean dolu garaian gertatzen ziren egoera zailen aurrean ere, nazareoek fede sendoa erakusten zuten euren botoari eutsiz. Jehobak, ziurrenik, bere zerbitzari leial hauek sendotuko zituen zailtasun hauen aurrean iraun zezaten.
11. Zer determinazio izan behar du kristau batek familiarekin lotutako erabakiak hartzerakoan? (Ikusi irudia ere)
11 Kristauok Jehobari egin diogun eskaintza botoa serioski hartzen dugu. Honek familiarekin lotutako erabakietan du eragina. Noski, gogor egiten dugu lan familia zaintzeko. Baina ez ditugu inoiz gure familiakideen desioak Jehobak eskatzen digunaren aurretik jartzen (Mat. 10:35-37; 1 Tim. 5:8). Ondorioz, agian, gure senideak poztuko ez dituzten erabakiak hartu beharko ditugu Jehoba pozteko.
12. Zer egin zuen Alexandruk familian zuen egoera zail baten aurrean? Eta zer ez zuen egin?
12 Azter dezagun Alexandru eta bere emazte Dorinaren bizipena. Bikote honek Biblia urtebetez aztertu ondoren, Dorinak ikastaroa etetea erabaki zuen. Gainera, Dorinak Alexandruk gauza bera egitea nahi zuen. Hala ere, Alexandruk Biblia aztertzen jarraituko zuela esan zion lasaitasunez eta errespetuz emazteari. Baina Dorinari hau ez zitzaion batere gustatu eta gogor saiatu zen Alexandruk nola edo hala Biblia aztertzeari utz zezan. Alexandruk emaztea horrela sentitzearen arrazoia ulertzen saiatu zela dio. Hala ere, hau egitea ez zen erraza izan berarentzat. Batzuetan, Dorinak kritikatu eta zakarki erantzuten zionean, Alexandruk amore ematea eta Biblia ikastaroa uztea pentsatzen zuen. Baina Alexandruk Jehobari lehentasuna ematen jarraitu zuen, emazteari maitasun handia eta errespetua erakusten zion bitartean. Denborarekin, senarraren eredu onari esker, Dorinak Biblia ikastaroa berriro hasi eta, aurrerago, bataiatu egin zen (Ikusi Alexandru eta Dorina Văcar: «Maitasuna pazientziaduna eta bihozbera da» bideoa, jw.org webguneko «Egiak bizitzak aldatzen ditu» sailean).
13. Nola erakutsi ahal diegu maitasuna Jehobari eta familiari?
13 Jehobak familia sortu zuen eta guk familia zoriontsua izatea nahi du (Efe. 3:14, 15). Benetan zoriontsuak izan nahi badugu, gauzak Jehobaren modura egin behar ditugu. Ziur egon zaitezke Jehobak asko estimatzen dituela, zure familia zaindu eta hauek maitasunez eta errespetuz tratatzeaz gain, Bera zerbitzatzeko egiten dituzun sakrifizioak (Erm. 12:10).
ELKAR ANIMATU NAZAREOEN JARRERA ERAKUSTEKO
14. Nortzuk animatzen saiatu beharko ginateke bereziki?
14 Jehoba zerbitzatzea erabakitzen dutenek, Berari dioten maitasunak bultzatuta, sakrifizioak egiteko prest egon behar dute. Baina, batzuetan, hau egitea ez da erraza. Nola lagundu ahal diogu elkarri Jehobaren alde sakrifizioak egiten? Gure hitzen bidez elkar animatuz (Job 16:5). Ba al dago zure kongregazioan Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko bere bizimodua sinplifikatzen saiatzen ari den norbait? Ezagutzen al duzu eskolan besteengandik ausardiaz ezberdintzen den gazterik, nahiz eta hau egitea zaila izan? Ba al dago familia oposizioaren erruz leial mantentzeko zailtasunak izaten ari den Biblia ikastaro edo anai-arrebarik? Zure esku dagoen guztia egin hauek animatzeko. Esaiezu beraien ausardiarengatik eta Jehobaren alde egiten ari diren guztiarengatik eredugarriak direla (Flm. 4, 5, 7).
15. Nola lagundu diete batzuek denbora osoko zerbitzuan dauden anai-arrebei?
15 Denbora osoko zerbitzuan dauden anai-arrebei laguntza praktikoa eman ahal diegu (Esa. 19:17; Heb. 13:16). Hau da Sri Lankako adineko arreba leial batek egin zuena. Pentsioa igo ziotenez, aitzindari ziren bi arreba gazte lagundu nahi izan zituen. Horrela, zailtasun ekonomikoak izan arren, arreba gazte hauek aitzindari bezala zerbitzatzen jarraitu ahalko zuten. Adineko arrebak hilabetero beraien telefono gastuak ordaintzen laguntzea erabaki zuen. Zein jarrera ona erakutsi zuen arreba honek!
16. Zer ikasi dezakegu nazareoengandik?
16 Dudarik gabe, asko ikasi dezakegu nazareoen eredu bikainetik! Baina, honetaz gain, nazareo antolaketak gure zeruko Aita Jehobari buruz ere zerbait erakusten digu. Jehobak badaki bera bihotz-bihotzez poztu nahi dugula eta, gure eskaintza botoarekin bat eginik, sakrifizioak egiteko prest gaudela. Duintasunez tratatzen gaitu, berari diogun maitasuna erakusteko aukera emanez (Esa. 23:15, 16; Mar. 10:28-30; 1 Joan 4:19). Nazareo antolaketari esker, Jehobak bere alde zerbitzatzeko egiten ditugun sakrifizioak ikusi eta estimatzen dituela ikasten dugu. Beraz, izan dezagun Jehoba zerbitzatzen jarraitzeko determinazioa, gure onena emateko prest egonez.
ZER ERANTZUNGO ZENUKE?
-
Nola erakutsi zuten nazareoek sakrifizioak egiteko prest zeudela eta ausartak zirela?
-
Nola animatu dezakegu elkar nazareoen jarrera erakusteko?
-
Zer erakusten du nazareo antolaketak Jehobak bere zerbitzariengan duen konfiantzari buruz?
sjj 124. KANTA Beti leial izan
a Nahiz eta Jehobak nazareo batzuk aukeratu zituen, gehiengoak nazareo moduan zerbitzatzeko euren burua eskaini zuten israeldarrak ziren (Ikusi « Jehobak izendatutako nazareoak» taula).
b Batzuetan, gure argitalpenek nazareoak denbora osoz zerbitzatzen dutenekin konparatu dituzte. Hala ere, artikulu honetan hurrengoan jarriko dugu arreta: Jehobaren zerbitzari guztiok nazareo jarrera nola erakutsi dezakegun.
c Orokorrean, nazareo batek, antza denez, bere botoa betetzeko ez zuen lan egitea bezalako betebehar gehigarririk.
d Ikusi «Gure bizitza sinpleagoa izatea erabaki genuen» artikulua, jw.org webguneko «Jehobaren lekukoen bizipenak» sailean.
e Zenbakiak 6:5, NWT: «Bere nazareotza botoak irauten duen bitartean, ezin da bere burutik labanarik pasa. Santu jarraitu behar du ilea luzatzen utziz, Jehobarentzat bereizita igaro behar diren egunak bete arte».
f IRUDIAREN AZALPENA: Nazareo bat senide maite baten hileta prozesioa ikusten ari da teilatu batetik. Jehobari egin dion botoa betetzeko, ezin du hileta prozesioan parte hartu.