Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

4. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobak Oroitzapenean egoteko ahaleginak bedeinkatzen ditu

Jehobak Oroitzapenean egoteko ahaleginak bedeinkatzen ditu

«Egizue hau nire oroigarri» (LUKAS 22:19).

sn 8. KANTA Jaunaren azken afaria

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. Zergatik ospatzen dugu Oroitzapena urtero?

 DUELA ia 2.000 urte Jesusek bere bizia gure alde eman zuen. Honek betiko bizitzeko aukera ematen digu guztioi. Hil aurreko gauean, bere maitasun ekintza gogoratzeko agindu zien bere jarraitzaileei. Ospakizun sinple horretan, ogia eta ardoa erabili zituen (1 Ko 11:23-26).

2 Jesus asko maite dugunez, berak emandako agindua betetzen dugu (Jn 14:15). Oroitzapen garaia iristean, nola erakusten dugu gure esker ona? Adibidez, bere heriotzaren esanahian hausnartzeko denbora hartuz. Beste modu bat gehiago predikatzea eta ahalik eta jende gehiena ospakizun berezi honetara gonbidatzea izan daiteke. Ezer ez da oztopo izango. Kosta ahala kosta han egon nahi dugu.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Jehobaren herriak ahalegin handiak egin ditu Jesu Kristoren heriotzaren Oroitzapena ospatzeko. Artikulu honetan, egindako hiru esfortzu aztertuko dira: 1) Jesusek ezarritako eredua berreskuratzea, 2) jendea Oroitzapenera gonbidatzea eta 3) egoera zaila izan arren Oroitzapena ospatzea.

JESUSEK EZARRITAKO EREDUA BERRESKURATU ZEN

4. Zer galdera erantzuten dira Oroitzapenean urtero eta zergatik estimatu beharko genuke erantzuna jakitea? (Lukas 22:19, 20)

4 Urtero, Oroitzapenean, Biblian oinarritutako hitzaldi bat entzuten dugu eta galdera batzuk erantzuten dira. Adibidez, gizadiak erreskate bat zergatik behar duen eta gizon bakar baten heriotzak hainbeste bekatu nola ordaintzen dituen aztertzen dugu. Ogia eta ardoak zer irudikatzen duten eta nork parte hartu beharko lukeen ere ikusten dugu (Irakurri Lukas 22:19, 20). Eta lurrean bizitzeko esperantza dutenek izango duten etorkizun zoragarrian hausnartzen dugu (Is 35:5, 6; 65:17, 21-23). Asko estimatu beharko genuke hau guztia jakitea. Izan ere, milioika eta milioika pertsonek ez dituzte irakaspen hauek ezagutzen eta ez dute ikusten Jesusen sakrifizioa zein baliotsua den. Gainera, ez dute Oroitzapena Jesusek ezarritako eredua jarraituz ospatzen. Zergatik?

5. Apostolu gehienak hil zirenean, zer gertatu zen Jesusek ezarritako ereduarekin?

5 Jesusen apostolu gehienak hil eta gutxira, gezurrezko kristau batzuk sartu ziren kongregazioan (Mt 13:24-27, 37-39). «Irakaspen okerrak zabalduz, ikasleak beren atzetik» eramaten zituzten (Eg 20:29, 30). «Irakaspen oker» horietako bat Jesusen sakrifizioari buruzkoa da. Bibliak dio honi buruz: «Behin bakarrik izan zen oparitzat eskainia» (Heb 9:27, 28). Baina kristau faltsu horiek Jesusen sakrifizioa behin eta berriz egin behar dela esan zuten denborarekin. Gaur egun jende askok sinesten du honetan. Elizara astero joaten dira, batzuetan egunero, eliza katolikoak eukaristia deitzen duena ospatzeko. b Beste erlijioek Jesusen heriotza gutxiagotan ospatzen dute. Baina, hala ere, ez dute batere argi Jesusen sakrifizioak zer lortzen duen. Batzuek pentsatzen dute: «Benetan barkatuko ote dizkit Jesusen heriotzak nire bekatuak?». Horrelako galderak egiten dituzte, kasu batzuetan, ideia hori zalantzan jartzen dutenen eraginpean daudelako. Nola jokatu dute Jesusen benetako jarraitzaileek gai honen inguruan?

6. 1872⁠rako, zer ondoriotara iritsi zen Biblia ikasle talde bat?

6 1870⁠an, Biblia ikasle talde batek Charles Taze Russell anaiak zuzenduta, Jainkoaren Hitzaren azterketa sakona hasi zuen. Jesusen sakrifizioaren benetako esanahia zein den eta bere Oroitzapena nola ospatu behar den ulertu nahi zuten. Beraien azterketaren ondorioz, 1872⁠rako Jesusek gizaki guztien alde erreskatea eman zuela ondorioztatu zuten. Aurkitutakoa ez zuten beraientzako gorde. Mundu guztiarekin partekatu nahi izan zuten liburu, aldizkari eta egunkarien bidez. Eta handik gutxira oroitzapena urtean behin ospatzen hasi ziren lehen mendeko kristauek egiten zuten bezalaxe.

7. Zergatik eskertzen dugu Bibliaren ikasleek egindako ikerketa?

7 Asko eskertzen dugu duela hainbeste urte kristau talde honek egindako ikerketa. Zergatik? Jehobaren bedeinkapenarekin Jesusen sakrifizioak zer esan nahi duen eta zer lortzen duen argi eta garbi ulertzen dugulako (1 Jn 2:1, 2). Gainera, Biblian Jainkoarekin harreman estua duten gizakientzat bi esperantza mota daudela ikasi dugu. Gutxi batzuek bizitza hilezkorra jasoko dute zeruan eta beste milioika pertsona betiko biziko dira lurrean. Jehobak asko maite gaituela eta Jesusen sakrifizioak gutako bakoitzari laguntzen digula jakiteak, ez al gaitu Jehobarengana izugarri hurbiltzen? (1 P 3:18; 1 Jn 4:9). Beraz, iraganeko gure anai-arreba leialak bezala, Oroitzapena Jesusek ezarritako eredua jarraituz ospatzera gonbidatzen dugu jendea.

OROITZAPENERA GONBIDATZEKO AHALEGINAK

Zer egin dezakezu Oroitzapenera gonbidatzeko kanpainan buru-belarri aritzeko? (Ikusi 8-10 paragrafoak) e

8. Zer egin du Jehobaren herriak jendea Oroitzapenera gonbidatzeko? (Ikusi irudia)

8 Jehobaren herriak urte asko darama jendea Oroitzapenera gonbidatzen. 1881⁠ean Estatu Batuetako anai-arrebei anaia baten etxean Oroitzapena ospatzeko gonbidapena luzatu zitzaien. Ospakizun berezi hori Allegheny izeneko herrian izan zen, Pennsylvanian. Beranduago, kongregazio bakoitzak bere Oroitzapena ospatzen zuen. 1940⁠ko martxoan berriemaileek iragarki bat jaso zuten. Eremuan interesa erakusten zuen edonor gonbidatu ahal zuten. 1960⁠an Betelek lehen aldiz gonbidapenak inprimatu zituen kongregazioek banatzeko. Geroztik, milioika eta milioika gonbidapen banatu dira han eta hemen. Zergatik egiten dugu hainbeste ahalegin jendea gonbidatzeko?

9, 10. Nori laguntzen diote Oroitzapenera gonbidatzeko egiten ditugun ahaleginek? (Joan 3:16)

9 Oroitzapenera lehen aldiz etortzen direnek Jehobak eta Jesusek gu guztion alde egindakoa ulertzea nahi dugu (Irakurri Joan 3:16). Hori da gonbidatzeko daukagun arrazoietako bat. Oroitzapenean ikusi eta entzuten dutenak Jehobari buruz gehiago jakitera eta bere zerbitzariak izatera bultzatzea espero dugu. Baina Oroitzapena ez da lehen aldiz joaten direnentzat bakarrik lagungarria.

10 Jehobaren zerbitzuan inaktiboak direnak ere gonbidatzen ditugu. Jainkoak oraindik maite dituela gogoratzen diegu. Oroitzapenean ikusten ditugunean, gu izugarri pozten gara eta beraiek Jehoba zerbitzatzean zein zoriontsuak ziren gogoratzen dute. Adibidez, Monica izeneko arreba bat COVID-19⁠aren pandemian zehar, berriro predikatzen hasi zen. c 2021⁠eko Oroitzapenean egon ondoren, esan zuen: «Oroitzapen hau oso berezia izan da niretzat. 20 urteren ondoren predikatzeko eta jendea Oroitzapenera gonbidatzeko aukera izan dut. Gogor saiatu nintzen Jehoba eta Jesusek nire alde egindakoa asko eskertzen dudalako» (Sal 103:1-4). Batzuek ez dute gure gonbidapena onartuko. Baina, hala ere, ahal dugun guztia egiten dugu Jehobak gure esfortzuak kontuan hartzen dituela jakinda.

11. Nola bedeinkatu du Jehobak jendea Oroitzapenera gonbidatzeko ahalegina? (Ageo 2:7)

11 Jehobak izugarri bedeinkatu du jendea Oroitzapenera gonbidatzeko ahalegina. 2021⁠ean, nahiz eta COVID-19⁠aren ondorioz murrizketak eduki, inoiz baino jende gehiago elkartu ginen Oroitzapenean: 21.367.603 lagun. Mundu osoko lekukoen kopurua baino 2,5 aldiz gehiago. Noski, Jehobarentzat garrantzitsuena ez dira zenbakiak, pertsona bakoitzarengan du interesa (Lk 15:7; 1 Tm 2:3, 4). Ziur gaude jendea gonbidatzen dugunean, Jehobak bihotz onekoak bilatzen laguntzen digula (Irakurri Ageo 2:7).

OROITZAPENA OSPATU NAHIZ ETA EGOERA ZAILA IZAN

Jehobak Oroitzapenean egoteko gure ahaleginak bedeinkatzen ditu (Ikusi 12. paragrafoa) f

12. Zergatik izan daiteke zaila Oroitzapena ospatzea egoera zehatz batzuetan? (Ikusi irudia)

12 Jesusek azken egunetan zailtasun ugari izango genituela aurresan zuen: familiaren oposizioa, pertsekuzioa, gerrak, izurriteak eta abar (Mt 10:36; Mk 13:9; Lk 21:10, 11). Horrelako egoeretan zaila izaten da Jesusen heriotzaren oroitzapena ospatzea. Zer egin dute gure anai-arrebek ospatzen jarraitzeko eta nola lagundu die Jehobak?

13. Nola bedeinkatu zuen Jehobak Artemen ausardia eta determinazioa?

13 Kartzelan. Beraien fedeagatik preso diren gure anai-arrebek, ahal duten guztia egiten dute Jesusen heriotza oroitzeko. Horixe da Artem izeneko anaiak egin zuena. 2020⁠ko Oroitzapenaren garaian, 17 metro karratuko zelda batean sartu zuten. Hor lauzpabost preso egoten ziren. Ardoa eta ogia bezala erabiltzeko eskura zuena hartu eta Oroitzapeneko hitzaldia bere buruarentzat ematea pentsatu zuen. Baina beste presoek erre eta hitz itsusiak esaten zituzten. Zer egin? Ordu betez ez erretzeko eta hitz itsusirik ez esateko eskatu zien. Harrituta geratu zen, baina baietz esan zuten. Artemek dio: «Nahi bazuten, Oroitzapenari buruz hitz egingo niela esan nien». Ez zuten ezer jakin nahi izan, baina Artemek Oroitzapena nola ospatu zuen ikusi eta entzun ondoren, galdera asko egin zizkioten.

14. Nola ospatu zuten Oroitzapena Jehobaren zerbitzariek COVID-19⁠aren pandemia agertu arren?

14 COVID-19⁠aren pandemian. Izurrite hau agertu zenean, Jehobaren zerbitzariok ezin izan genuen Oroitzapena aurrez aurre ospatu. Baina ospatzeko beste modu batzuk bilatu ziren. d Internetera konektatzea posible zuten anai-arrebek bideokonferentziaz egin zuten. Baina zer gertatu zen Internetik ez zutenekin? Herrialde batzuetan telebista edo irrati bidez eman zen hitzaldia. Gainera, sukurtsalek 500 hizkuntza baino gehiagotan grabatu zuten hitzaldia toki isolatuetan ere Oroitzapena ospatu ahal izateko. Gero, anaiek grabaketak toki urrun horietara eraman zituzten.

15. Zer ikasi dezakegu Sue izeneko Biblia ikasle baten eredutik?

15 Familiaren oposizioa izatean. Batzuentzat sekulako erronka da hau. Begira zer gertatu zitzaion Sue izeneko Biblia ikasle bati. 2021⁠eko Oroitzapenaren bezperan, etxean zuen oposizioaren ondorioz, ezin izango zela Oroitzapenean egon esan zion bere Biblia irakasleari. Gure arrebak Lukas 22:44 irakurri zuen. Zailtasunak izatean, Jesusen eredua jarraitu behar dugula azaldu zion, Jehobari otoitz eginez eta berarengan konfiantza osoa jarriz. Hurrengo egunean, Suek ogia eta ardoa prestatu zituen eta goizean jw.org-n zegoen Goizeko Adorazio programa berezia ikusi zuen. Ilunabar hartan, bere logelan bakarrik zegoela, Oroitzapena entzun zuen telefono bidez. Gero, bere irakasleari idatzi zion: «lzugarri animatu ninduzun atzo. Ahal nuen guztia egin nuen Oroitzapenean egoteko eta Jehobak gainerako guztia egin zuen. Ez dakizu zein pozik eta eskertuta nagoen!». Antzeko egoera bat bizitzen ari bazara, Jehobak lagundu zaitzakela uste al duzu?

16. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak Oroitzapenean egoteko egiten ditugun ahaleginak bedeinkatuko dituela? (Erromatarrei 8:31, 32)

16 Jehobak izugarri estimatzen ditu Oroitzapenean egoteko egiten ditugun ahaleginak. Gure alde egindakoa eskertzen dugula frogatzen dugunean, ziur berak bedeinkatuko gaituela (Irakurri Erromatarrei 8:31, 32). Beraz, aurten ere egon gaitezen Oroitzapenean eta, garai honetan, ahalegindu gaitezen Jehobaren zerbitzuan gehiago egiten.

sjj 18. KANTA Eskaintzarengatik esker ona

a 2023⁠ko apirilaren 4⁠an, asteartean, mundu osoan zehar milioika pertsona elkartuko dira Jesu Kristoren heriotzaren Oroitzapena ospatzeko. Askorentzat lehen aldia izango da. Jehobaren zerbitzuan inaktibo bilakatu diren batzuk ere gurekin egongo dira berriro. Beste batzuek oztopo handiak gainditu behar izango dituzte hor egoteko. Zure egoera zein den axola gabe, ziur egon Jehoba oso pozik egongo dela Oroitzapena ospatzeko egiten dituzun ahaleginak ikusita.

b Erritu honetan ogia eta ardoa Jesusen benetako gorputza bihurtzen dela sinesten dute. Beraz, parte hartzen duten bakoitzean, sakrifizio hau gertatzen dela pentsatzen dute.

c Izen batzuk aldatuak izan dira.

d Ikusi jw.org-ko «Conmemoración del 2021» («Le Mémorial de 2021») artikuluak ere

e IRUDIEN AZALPENAK: 1960. urtetik hona Oroitzapenaren gonbidapenen itxura hobetu da eta gaur egun paperean eta elektronikoki ditugu.

f IRUDIEN AZALPENAK: Antzezpena: Anai-arreba talde bat Oroitzapena ospatzen ari da kalean istiluak dauden bitartean.