3. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jehobak dena ongi ateratzen laguntzen dizu
«Dena ongi ateratzen zitzaion, Jauna berekin baitzuen» (HAS 39:2, 3).
sjj 30. KANTA Ene Jainkoa, Aita eta lagun mina
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. a) Zergatik ez gaitu harritzen probei aurre egin behar izateak? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
JEHOBA adoratzen dugunez, ez gaitu harritzen probei aurre egin behar izateak. Izan ere, Bibliak dio: «Larrialdi asko eraman behar dugu […] Jainkoaren erreinuan sartzeko» (Eg 14:22). Badakigu arazo batzuk ez direla mundu berria iritsi arte konponduko. Han bai ez dela «gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik» (Ap 21:4).
2 Jehobak ez gaitu probetatik babesten, baina hauen aurrean aguantatzeko indarrak ematen dizkigu. Begira zer idatzi zien Paulok Erromako kristauei denak pasatzen ari ziren proba batzuk aipatu ondoren: «Baina guztiotan erraz ateratzen gara garaile, maite izan gaituenari esker» (Erm 8:35-37). Zer esan nahi du honek? Jehobak, probak pasatzen ari garen bitartean, laguntzen gaituela. Horrela gertatu zen Joserekin. Jehobak dena ongi ateratzen lagundu zion eta gauza bera egin dezake zurekin ere. Ikus dezagun nola.
BAT-BATEKO ALDAKETAK
3. Nola aldatu zen Joseren bizitza bat-batean?
3 Jakoben seme zaharrenek argi ikusten zuten aitak Jose asko maite zuela (Has 37:3, 4). Horregatik oso jeloskor jarri ziren eta, ahal izan zutenean, anaia gaztea madiandar merkatari batzuei saldu zieten. Hauek Jose ehundaka kilometrotara eraman zuten, Egiptora. Han Potifarri, Faraoiaren guardiaburuari, saldu zioten. Joseren bizitza guztiz aldatu zen bat-batean. Bere aitaren seme kuttuna izatetik Egipton esklabo izatera pasa zen (Has 39:1).
4. Zer erronka izan ditzakegu?
4 Bibliak gauza txarrak guztioi gertatzen zaizkigula dio (Koh 9:11). Batzuetan, gizaki guztiok izan ditzakegun zailtasunak sufritzen ditugu (1 Ko 10:13). Beste batzuetan, Jesusen ikasleak izateagatik soilik egin behar diegu aurre proba batzuei. Adibidez, burlak, erasoaldiak, baita pertsekuzioa ere, izan ditzakegu (2 Tm 3:12). Zerrenda luzea izan daiteke, baina Jehobaren laguntzaz garaile atera gaitezke. Joseren kasuan, nola gertatu zen hori?
5. Zertaz konturatu zen Potifar Joseri buruz? (Hasiera 39:2-6)
5 Irakurri Hasiera 39:2-6. Potifarrek Jose oso azkarra eta langilea zela ikusi zuen. Bazekien, bai, zergatik: «Ohartu zen nagusia Josek berekin zuela Jauna eta denetan ongi ateratzen laguntzen ziola». b Denborarekin, etxezain eta bere ondasun guztien arduradun egin zuen. Ondorioz, Jehobak Egiptoarraren etxea bedeinkatu zuen.
6. Nola sentituko zen Jose egoera berrian?
6 Jarri gaitezen Joseren azalean. Zer izango zen munduan gehien nahiko zuena? Potifar berarekin pozik egotea eta saritzea? Ez. Ziur aski libre izan nahiko zuen aitarekin bueltatu ahal izateko. Azken batean han, Potifarren etxean, pribilegioak zituen, baina Jehoba adoratzen ez zuen gizon baten esklaboa besterik ez zen. Jehobak ez zuen Potifarrengandik libratu, eta gainera, handik gutxira egoerak okerrera egin zuen.
EGOERAK OKERRERA EGITEN BADU
7. Nolatan egin zuen Joseren egoerak txarretik okerrera? (Hasiera 39:14, 15)
7 Hasiera liburuko 39. kapituluaren arabera, Potifarren emaztea Joserengatik erakarrita sentitu eta, behin eta berriz, seduzitzen saiatu zen. Josek beti ezetz esan zion. Azkenean emakume hura hainbeste haserretu zen, bera bortxatzen saiatzeaz salatu zuela (Irakurri Hasiera 39:14, 15). Potifarrek, hau jakin zuenean, Jose kartzelara bota zuen eta urte batzuk pasa zituen han (Has 39:19, 20). Kartzela hura ilun-iluna izango zen. Izan ere, Josek «kartzela» esateko erabilitako hitz hebrearrak «putzua» edo «zuloa» esan nahi du (Has 40:15). Han esperantzarik gabe sentituko zen. Gainera, Bibliak dio denbora batez oinak kateekin lotu zizkiotela eta lepoa burdin artean jarri ziotela (Sal 105:17, 18). Joseren egoerak txarretik okerrera egin zuen. Konfiantzazko esklabo izatetik, preso gizagaixoa izatera pasa zen.
8. Nahiz eta proba batek okerrera egin, zertaz egon gaitezke ziur?
8 Gertatu al zaizu inoiz horrelako zerbait? Egoera txar bat bizitzen ari zara eta bihotz-bihotzez egiten duzu otoitz. Baina gauzak hobetu beharrean, okerrera doaz. Horrelakoak gertatzen dira Satanas delako mundu honen agintaria eta Jehobak ez gaituelako arazoetatik babesten (1 Jn 5:19). Baina, hala ere, ez izan zalantzarik ondo baino hobeto ezagutzen duela zer pasatzen ari zaren, eta zutaz arduratzen dela (Mt 10:29-31; 1 P 5:6, 7). Are gehiago, honakoa promestu du: «Behin ere ez zaitut utziko, ez lagundu gabe edukiko» (Heb 13:5, Ur, euskara batura egokituta). Nahiz eta itxuran egoerak irtenbiderik ez izan, ziur egon Jehobak aguantatzen lagunduko dizula. Ikus dezagun Joserekin nola egin zuen.
9. Zerk erakusten du Jose kartzelan zegoenean Jehoba berarekin zegoela? (Hasiera 39:21-23)
9 Irakurri Hasiera 39:21-23. Kartzelan pasa zuen garai latzean ere Jehoba Joseren ondoan egon zen. Nola? Denborarekin kartzelako arduradunaren konfiantza eta errespetua irabazi zituen, Potifarrekin gertatu zen bezalaxe. Handik gutxira, kartzelako arduradunak gainontzeko presoak bere ardurapean jarri zituen. Izan ere, Bibliak dio: «Kartzelako arduradunak ez zion Joseri bere gain utzitako ezeren konturik eskatzen». Momentu horretan Josek espero ez zuen zerbait zuen: burua lanpetuta mantentzeko lan bat. Hau bai ezustekoa! Pentsa! Joseri jauregiko funtzionario baten emaztea bortxatzen saiatzea leporatu zioten eta kartzelan amaitu zuen. Orain, kartzelako konfiantzazko gizona zen. Nolatan izan zen hau posible? Aukera bakarra dago. Hasiera 39:23ak esaten duen bezala: «Berekin zuen, bai, Jauna, eta egiten zuen guztietan ongi ateratzen laguntzen zion».
10. Azaldu Josek zergatik ez zuen sentituko dena ongi ateratzen ari zitzaionik.
10 Jarri gaitezen berriro Joseren azalean. Salaketa faltsua jaso eta kartzelaratua izan ondoren, sentituko al zuen dena ondo ateratzen ari zitzaiola? Zer izango zen munduan gehien nahiko zuena? Kartzelako arduraduna berarekin pozik egotea? Ez. Kargurik gabe geratu eta aske izan nahiko zuen. Horretarako, libre geratzear zegoen preso bati Faraoiari bere alde hitz egiteko eskatu zion, kartzela ilun hartatik atera ahal izateko (Has 40:14). Baina, gizonak ez zuen berehala Faraoiarekin hitz egin eta Josek beste bi urte eman zituen kartzelan (Has 40:23; 41:1, 14). Hala ere, denbora horretan, egiten zituen gauza guztietan arrakasta izaten lagundu zion Jehobak. Nola?
11. Zer gaitasun berezi eman zion Joseri Jehobak eta nola lagundu zion honek Bere helburua betetzen?
11 Jose kartzelan zegoenean, Faraoiak Jehobak eragindako bi amets izan zituen. Aztoratuta zegoenez, hauen esanahia jakiteko desesperatuta zegoen. Josek ametsak interpretatzeko gaitasuna zuela jakin zuenean, erregeak bere aurrera deitu zuen. Jehobaren laguntzari esker, Josek ametsak interpretatu zituen eta Faraoia harrituta geratu zen ondoren eman zizkion aholkuengatik. Jehoba gazte honekin zegoela ikustean, Faraoiak Egipto osoko janariaren administratzaile izendatu zuen (Has 41:38, 41-44). Beranduago, ikaragarrizko gosetea sortu zen Egipton, baita Joseren familia bizi zen Kanaaneko lurraldean ere. Zeukan ardurari esker, Josek bere familia salbatu eta horrela Mesiasengana eramango zuen lerroa babestu ahal izan zuen.
12. Zer modutan lagundu zion Jehobak Joseri dena ongi ateratzen?
12 Pentsatu Joseren bizitzan gertatutako gauza harrigarrietan. Noren eraginez jarri zuen Potifarrek arreta esklabo huts batengan? Nori esker eman zion ardura preso apal bati kartzelako arduradunak? Nork eragin zizkion ametsak Faraoiari eta nork eman zion Joseri hauek interpretatzeko gaitasuna? Nor zegoen Jose Egiptoko janari administratzaile izendatzeko erabakiaren atzean? (Has 45:5). Argi dago, Jehoba zegoen atzean. Jehobak Joseri dena ongi ateratzen lagundu zion. Nahiz eta Joseren anaiek bera hil nahi izan, azkenean, Jehobak bere borondatea bete ahal izateko erabili zuen egoera hura.
NOLA LAGUNTZEN DIZU JEHOBAK DENA ONGI ATERATZEN?
13. Esku hartzen al du Jehobak gertatzen zaizkigun gauza guztietan? Azaldu.
13 Zer ondorio atera dezakegu, orduan, Joseri gertatutakotik? Jehobak gertatzen zaizkigun gauza guztietan esku hartzen duela? Gure bizitzan gertatzen den guztia manipulatzen duela eta gauza txar bat gertatzen den bakoitzean arrazoi on batengatik izan behar dela? Ez, Bibliak ez du hori esaten (Koh 8:9; 9:11). Hala ere, hau argi esaten du: Jehobak pasatzen ditugun probak ikusten dituela eta laguntza eskatzen diogunean entzuten digula (Sal 34:16 [34:15, NWT]; 55:23 [55:22, NWT]; Is 59:1). Eta ez da hor geratzen. Zailtasunen aurrean aguantatzen ere lagundu gaitzake. Nola?
14. Nola laguntzen gaitu Jehobak garai latzetan?
14 Jehobak gu laguntzeko duen modu bat kontsolamendua eta animoa ematea da, askotan gehien behar dugun momentuan (2 Ko 1:3, 4). Horixe gertatu zitzaion Eziz izeneko Turkmenistango anaia bati. Bere fedeagatik bi urteko kartzela zigorra jaso zuen. Kontatzen du: «Epaiketaren egunean, anaia batek Isaias 30:15 (NWT) erakutsi zidan: “Zuen indarra lasai egotean eta konfiantza izatean dago”. Hitz hauek lasai mantentzen eta beti Jehobarengan konfiantza izaten laguntzen didate. Bertset honetan hausnartzeak asko lagundu zidan kartzelan pasa nuen denbora guztian». Seguru zuri ere Jehobak animoa eta kontsolamendua eman dizula gehien behar zenuenean. Gogoratzen al duzu horrelako momenturen bat?
15, 16. Zer ikasten duzu Toriren bizipenetik?
15 Askotan, proba pasa denean bakarrik konturatzen gara Jehobak nola lagundu digun. Hala izan zen Tori izeneko arreba baten kasuan ere. Mason, bere semea, sei urtez aritu zen minbiziaren aurka borrokan hil zen arte. Normala den bezala, Tori zeharo lur jota geratu zen. Berak dio: «Ama izanda, ezin dut ezer okerragorik imajinatu. Askoz gogorragoa da zure semea sufritzen ikustea zuk zeuk sufritzea baino. Seguru guraso direnak nirekin ados daudela honetan».
16 Kolpe izugarria izan zen. Baina gero, Torik prozesu osoan zehar Jehobak nola lagundu zien pentsatu zuen. Gure arrebak dio: «Atzera begira, nire semearen gaixotasunean zehar, Jehobaren laguntza goxoa jaso genuela ikusten dut. Adibidez, nire semea bisitak jasotzeko gaixoegi zegoenean ere, anai-arrebek bi orduz bidaiatzen zuten ospitalera gerturatzeko. Itxarongelan beti zegoen norbait animoa eta laguntza emateko prest. Gainera, laguntza materiala jaso genuen. Momentu zailenean ere, beharrezko guztia eduki genuen». Jehobak aurrera egiteko behar zuena eman zion Toriri, eta gauza bera egin zuen Masonekin (Ikusi « Jehobak behar genuen huraxe eman zigun gehien behar genuenean» taula).
KONTUAN HARTU JEHOBA NOLA LAGUNTZEN ARI ZAIZUN
17, 18. Zerk lagunduko digu probak pasatzen ari garenean Jehobaren laguntza jasotzen ari garela ikusten? (40. Salmoa 6)
17 Irakurri 40. Salmoa 6 [40:5, NWT]. Mendizalearen helburua gailurrera iristea da. Hala ere, bidean geldialdiak egin eta paisaiaz gozatzeko aukera asko ditu. Era berean, sarritan, gelditu eta Jehobak probei aurre egiten nola laguntzen digun pentsatzeko denbora hartu behar dugu. Egunaren amaieran pentsatu: «Nola bedeinkatu nau Jehobak gaur? Nahiz eta arazoak hortxe segi, nola laguntzen ari zait aurrera egiten?». Saiatu gutxienez Jehobaren bedeinkapen bat identifikatzen.
18 Agian, zure proba amaitzeko otoitz egiten ari zara. Hori ulergarria eta egokia da (Flp 4:6). Baina ez ahaztu orain dituzun bedeinkapenak kontuan hartzea. Azken batean, Jehobak proben aurrean aguantatzeko indarra promestu digu. Beraz, estimatu beti Jehobak ematen dizun laguntza. Horrela, nahiz eta probak latzak izan, Joserekin egin zuen bezala, Jehoba dena ongi ateratzen laguntzen ari zaizula konturatuko zara (Has 41:51, 52).
sn 27. KANTA Jarri Jehobaren alde
a Proba baten ondorioz estu eta larri sentitzen garenean, zaila izan daiteke «dena ongi ateratzen» ari zaigula edo arrakasta izaten ari garela pentsatzea. Izatekotan, proba amaitu eta gero pentsa dezakegu hori. Baina Josek bizitakoak beste gauza bat irakatsiko digu: proba bat pasatzen ari garen bitartean ere Jehobak arrakasta izaten laguntzen digula.
b Biblian Joseren esklabotzaren hasieran gertatutakoa bertset gutxi batzuetan kontatzen da, baina agian urte batzuetan zehar gertatutakoa deskribatzen dute.