Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Erabili helburu espiritualak gure Sortzailea goresteko

Erabili helburu espiritualak gure Sortzailea goresteko

Erabili helburu espiritualak gure Sortzailea goresteko

«ZER portutara doan ez dakienarentzat ez dago haize lagungarririk». Hitz hauek lehen mendeko filosofo erromatar batek esan zituela uste da eta egia borobil bat adierazten dute: Biziak zentzua izan dezan, helburuak jarri behar dira.

Biblian, helburuak jarri zituzten pertsona askoren ereduak dauzkagu. Noek 50 urte inguruz lan egin eta «ontzia egin zuen etxekoak salbatzeko». Moises profetak «geroko sariari begiratzen» zion (Hebrearrei 11:7, 26). Josueri, Moisesen ondorengoari, Kanaango lurraldea konkistatzeko eginkizuna eman zion Jainkoak (Deuteronomioa 3:21, 22, 28; Josue 12:7-24).

Paulo apostoluak ondo ezagutzen zituen Jesusen ondorengo hitzak: «Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau, herri guztiek haren berri izan dezaten» (Mateo 24:14). Zalantzarik gabe, hitz hauek helburu espiritualak jartzera bultzatu zuten. Jesusek berak eman zizkion mezuak, ikuskariak eta bere izena ezagutarazteko eginkizuna. Hauei esker, Paulok Asia Txikian eta Europan zehar kristau kongregazioak ezartzen asko lagundu zuen (Eginak 9:15; Kolosarrei 1:23).

Historian zehar, Jehobaren zerbitzariek Jainkoari aintza emateko helburu bikainak jarri eta bete dituzte. Nola jarri ditzakegu guk helburu espiritualak? Zer helburu betetzen saiatu gaitezke? Eta zer pauso eman ditzakegu hauek betetzeko?

Motibazio egokia

Bizitzako ia arlo guztietan jarri daitezke helburuak eta mundua hori egiten duen jendez beteta dago. Baina, helburu teokratikoak eta munduak dituenak oso desberdinak dira. Jende askorentzat helbururik garrantzitsuena dirua, boterea eta ospea lortzea da. Akats larria izango litzateke helburu horien atzetik ibiltzea. Izan ere, Jainkoari aintza ematen dioten helburuak guk ematen diogun adorazioarekin eta Erreinuaren alde egiten dugunarekin lotutakoak dira (Mateo 6:33). Horrelako helburuak Jainkoari eta lagun urkoari diegun maitasunarengatik jartzen ditugu (Mateo 22:37-39; 1 Timoteori 4:7).

Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko eta gure ezaugarri kristauak hobetzeko helburua jarri behar dugu. Baina, gure motibazioa Jehobari eta besteei diegun maitasuna izan behar da. Hala ere, batzuetan helburuak egokiak izan arren, hauek betetzea zaila izan daiteke. Nola jarri ditzakegu helburuak eta zerk lagunduko digu hauek betetzen?

Helburuak betetzeko desira

Aztertu dezagun Jehobak nola bete zuen bere helburua unibertsoa sortzerakoan. Bata bestearen segidan zihoazen sorkuntza garaietan antolatu zuen lana eta garai bakoitzari egun deitu zion, honela adieraziz: «Horra hor arrats eta goiz» (Hasiera 1:5, 8, 19, 23, 31, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta, ortografia egokituta). Sorkuntza garai bakoitzaren hasieran, bazekien zer helburu zuen eta betetzea lortu zuen (Apokalipsia 4:11). Jehobak «zer nahi, hura egiten du[ela]» esan zuen Job patriarkak (Job 23:13). Jehoba oso pozik sentituko zen «egin zuen guztia oso ona zela» ikusi zuenean (Hasiera 1:31).

Gure helburuak betetzeko, benetan desiratu behar dugu hauek lortzea. Zerk lagunduko digu desira hori izaten? Hasieran nahas-mahas hutsa zen arren, Jehobak bazekien azkenean lurra toki zoragarria izango zela. Era berean, gure helburuak betetzearen emaitza onetan pentsatzen badugu, hauek betetzeko desira piztuko zaigu. Horixe da 19 urteko Tony-ri gertatutakoa. Ez du inoiz ahaztu Europako mendebaldeko sukurtsal batera egin zuen bisita. Handik aurrera, behin eta berriz galdetzen zion bere buruari: «Nolakoa izango ote da honelako toki batean bizitzea eta zerbitzatzea?». Beti jarraitu zuen aukera horretan pentsatzen eta gogor saiatu zen helburu hori betetzen. Zenbat poztu zen urte batzuk beranduago sukurtsalean zerbitzatzeko bere eskaera onartu zutenean!

Gure helburua betetzeko desira handitzeko beste modu bat, dagoeneko helburu hori bete dutenekin denbora pasatzea da. Jaysonek 30 urte ditu eta, gaztetxoa zenean, ez zitzaion predikatzea gustatzen. Baina, eskola bukatu zuenean, gogotsu hasi zen aitzindaritzan. Zerk lagundu zion Jaysoni aitzindari izateko desira lantzen? Honakoa dio: «Aitzindari izandakoekin hitz egiteak eta hauekin predikatzeak eragin handia izan zuen nigan».

Helburuak idatzi

Pentsatzen duguna argiago ikusiko dugu hitzekin adierazten badugu. Salomonen arabera, hitz egokiek bizitzan erabaki onak hartzen lagundu ahal digute (Kohelet 12:11). Hitz horiek idazteak eragin handia izan dezake gure pentsamendu eta sentimenduetan. Horregatik agindu zien Jehobak Israelgo errege guztiei legearen kopia bat idazteko (Deuteronomioa 17:18). Guk ere gure helburuak eta horiek betetzeko egin behar duguna idatzi dezakegu, baita aurkitu ditzakegun oztopoak eta nola gainditu ditzakegun ere. Gainera, gaiaren inguruan ikerketa egin eta besteei laguntza eskatzen badiegu, errazagoa egingo zaigu gure helburua betetzea.

Geoffrey aitzindari berezia izan zen urte askotan Asiako lurralde isolatu batean eta, tamalez, bere emaztea bat-batean hil zen. Helburu espiritualak jartzeak oreka mantentzen lagundu zion. Geoffrey-k denbora behar izan zuen egoera berrira egokitzeko. Orduan, predikazioan lanpetuta egoteko helburuak jartzea erabaki zuen. Paper batean helburu horiek idatzi eta horren inguruan otoitz egin zuen. Hila amaitzerako hiru Biblia ikastaro hasi nahi zituen. Egunero egindakoan pentsatzen zuen, eta hamar egunero, egindako aurrerakuntzak aztertzen zituen. Bete al zuen bere helburua? Bai. Hilabetea bukatzerako lau Biblia ikastaro hasi zituen. Hori poztasuna Geoffrey-rena!

Helburu txikiak jarri

Hasieran, beharbada, helburu batzuek zailak dirudite. Lehen aipatutako Tony-rentzat Jehobaren lekukoen sukurtsalean zerbitzatzeak ametsa zirudien. Tony-k helburu hori betetzea ezinezkoa zela pentsatzen zuen bere bizimoduan aldaketa asko egiteko beharra zuelako eta, gainera, oraindik ez ziolako bere burua Jainkoari eskaini. Baina Tony-k beharrezko aldaketak egitea erabaki zuen bataiatu ahal izateko. Bataiatu ondoren, Tony-k aitzindari laguntzailea izatea eta, beranduago, aitzindari erregularra izatea erabaki zuen. Horretarako, egutegi batean aitzindaritza bakoitza noiz hasi nahi zuen idatzi zuen. Denbora batez aitzindari izan ondoren, sukurtsalean zerbitzatzeak ez zirudien hain helburu zaila.

Guk ere helburu handiak bete ditzakegu helburu txikiagoak jartzen baditugu. Helburu txikiak betetzean zenbat aurreratu dugun ikusiko dugu eta horrek aurrera egitera animatuko gaitu. Lortutakoa sarri berrikusteak gogor lan egiten jarraitzen lagunduko digu. Bestalde, Jehobari behin eta berriz gure helburuei buruz otoitz egiten badiogu, lagundu egingo digu. Izan ere, Paulo apostoluak honakoa egitera animatzen gaitu: «Egin otoitz aspertu gabe» (1 Tesalonikarrei 5:17).

Amore eman ordez aurrera egin

Hala ere, helburu batzuk ezinezkoak izaten jarraitzen dute nahiz eta hauek lortzeko desio handia izan eta antolakuntza on bat egin. Asko ikasi dezakegu Markosen eredutik. Berak Paulorekin joan nahi izan zuen bere bigarren misio-bidaian, baina Paulok ez zuen berarekin joan nahi izan. Honek asko desanimatuko zuen Markos (Eginak 15:37-40). Markosek egoera honetatik ikasi eta helburuak egokitu behar izan zituen. Argi dago halaxe egin zuela, beranduago, Paulok berari buruz ondo hitz egin zuelako. Gainera, Babilonian, Pedro apostoluarekin batera lan egiteko aukera izan zuen (2 Timoteori 4:11; 1 Pedro 5:13). Baina Markosek beste pribilejio zoragarri bat izan zuen: Jehobak Jesusen zerbitzu eta bizitzari buruz idazteko erabili zuen.

Gure helburuak lortzen saiatzen garen bitartean, erronkak izan ditzakegu. Arazoak agertzen direnean amore eman beharrean, ordurarte lortutakoa aztertu eta beharrezkoak diren aldaketak egin behar ditugu. Gure helburuak lortzeko, etsi gabe aurrera egin behar dugu. Salomon errege jakintsuak honakoa ziurtatzen digu: «Utzi Jaunaren esku zeure eginbeharra eta bete egingo dira zure egitasmoak» (Esaera Zaharrak 16:3).

Hala ere, batzuetan gure helburuak lortzea ezinezkoa izan daiteke, beharbada gaixotasun batengatik edo gure familiaz arduratu behar dugulako. Baina honakoa gogoratu behar dugu: gure azkeneko helburua betirako bizitza lortzea dela (Lukas 23:43NWT; Filipoarrei 3:13, 14). Bibliak sari hau lortzeko zer egin behar dugun azaltzen digu. Joan apostoluak honakoa esan zuen: «Jainkoaren nahia betetzen duenak, […] betiko irauten du» (1 Joan 2:17). Agian gure egoerak ez digu helburu zehatz bat betetzen uzten. Baina beti egin dezakeguna Jainkoari begirune izatea eta bere aginduak betetzea da (Kohelet 12:13). Helburu espiritualek Jainkoaren nahia betetzen zentratuta egoten laguntzen digute. Beraz, erabili ditzagun helburu espiritualak gure Sortzailea goresteko.

[Taula]

Helburu espiritual batzuk

○ Biblia egunero irakurri

Talaia eta ¡Despertad! (Réveillez-vous !) ale guztiak irakurri

○ Otoitz hobeagoak egin

○ Espirituaren fruitua erakutsi

○ Zure zerbitzua zabaldu

○ Predikazioan eta irakaskuntzan hobetu

○ Telefono bidez, informalki eta negozioetako predikazioan hobetu