Saltatu edukira

27. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Prestatu orain pertsekuziorako

Prestatu orain pertsekuziorako

«Kristo Jesusen jarraitzaile zintzo bezala bizi nahi duten guztiek ere izango dituzte, bai, erasoaldiak» (2 TM 3:12).

sjj 129. KANTA Iraun dezagun

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zergatik da beharrezkoa pertsekuziorako prestatzea?

 HIL aurreko gauean Jesusek bere jarraitzaile izan nahi zuen edonor gorrotatua izango zela esan zuen (Jn 17:14). Garai horretatik gaurdaino, egiazko adorazioaren aurka daudenek kristau leialak pertsegitu dituzte (2 Tm 3:12). Eta sistema honen amaierara gerturatzen garen heinean aurkaritza hau areagotzea espero dugu (Mt 24:9).

2, 3. a) Zergatik da arriskutsua beldurra? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Nola prestatu gaitezke orain pertsekuziorako? Ez genuke gertatu daitezkeen gauza txar guztietan pentsatu behar. Hau eginez gero antsietateak eta beldurrek Jehoba zerbitzatzeari uztera eraman gaitzakete benetako probak iritsi baino lehen (Es 12:25; 17:22). Beldurra gure etsaia Deabruak gure aurka erabiltzen duen arma boteretsua da (1 P 5:8, 9). Nola prestatu gaitezke orain pertsekuzioari aurre egiteko?

3 Artikulu honetan Jehobarekin dugun adiskidetasuna nola sendotu dezakegun eta hau orain egitea zergatik den garrantzitsua aztertuko dugu. Gainera, ausartagoak nola izan gaitezkeen eta gure aurkarien gorrotoari nola egin ahal diogun aurre ikasiko dugu.

ZER EGIN DEZAKEZU JEHOBAREKIN DUZUN ADISKIDETASUNA SENDOTZEKO?

4. ⁠Hebrearrei 13:5, 6 pasartearen arabera, zertaz egon behar dugu konbentzituta, eta zergatik da hau garrantzitsua?

4 Konbentzituta egon Jehoba zurekin dagoela eta ez zaituela inoiz utziko (Irakurri Hebrearrei 13:5, 6). Duela urte asko, aldizkari honek hurrengoa esan zuen: «Jainkoa hobetoen ezagutzen duen pertsona proben aurrean Jehobarengan konfiantza gehien izango duena izango da». Hala da! Pertsekuzioari aurre egiteko Jehoba maitatu behar dugu eta berarengan konfiantza osoa izan. Berak maite gaituen ziurtasuna izan behar dugu (Mt 22:36-38; St 5:11).

5. Zerk lagunduko dizu Jehobaren maitasuna sentitzen?

5 Irakurri Biblia egunero Jehobarengana gehiago gerturatzeko helburuarekin (St 4:8). Irakurtzean Jehobaren ezaugarri politetan arreta jarri. Saiatu bere maitasuna sentitzen berak esan eta egin duena irakurtzean (Ir 34:6). Batzuei Jainkoak maite dituela sinestea zaila egiten zaie, ez dietelako inoiz maitasunik erakutsi. Hau zure kasua bada, zergatik ez duzu hurrengoa egiten? Saiatu egunero zerrenda bat egiten Jehobak errukia eta maitasuna erakutsi dizun moduekin (Sal 78:38, 39; Erm 8:32). Zure bizipenetan eta Jainkoaren Hitzean irakurritakoan hausnartzen baduzu, ziurrenik, Jehobak zure alde egin dituen gauza asko apuntatzeko gai izango zara. Jehobak egindakoa zenbat eta gehiago baloratu, berarekin duzun adiskidetasuna orduan eta sendoago bihurtuko da (Sal 116:1, 2).

6. ⁠94. Salmoa 17-19 pasartearen arabera, nola lagundu zaitzake bihotz osoz otoitz egiteak?

6 Otoitz egiteko ohitura izan. Imajinatu mutikotxo bat bere aita besarkatzen. Mutikotxoa seguru sentitzen denez, bere aitarekin egunean zehar gertatu zaizkion gauza on eta txarrei buruz modu irekian hitz egiten du. Zuk ere Jehobarekin harreman berdina izan dezakezu egunero bihotzez otoitz egiten badiozu (Irakurri 94. Salmoa 17-19). Jehobari otoitz egitean, «hustu ezazu bihotza» eta hitz egiozu zure kezka eta beldurrei buruz (Nk 2:19). Zein izango da emaitza? Bibliak azaltzen duen bezala, «pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakea» sentituko duzu (Flp 4:6, 7). Jehobari modu honetan zenbat eta gehiago otoitz egin, berarengandik orduan eta gertuago sentituko zara (Erm 8:38, 39).

Ausartak gara Jehobarengan eta Erreinuaren mezuan fede sendoa dugunean.

Stanley Jones anaiak bere fedea sendotu zuen Jainkoaren Erreinua benetakoa dela argi zuelako (Ikusi 7. paragrafoa).

7. Zergatik egon beharko zinateke konbentzituta Erreinuaren promesak beteko direla?

7 Konbentzituta egon Jainkoaren Erreinuaren bedeinkapenak egia izango direla (Zen 23:19). Promesa horietan duzun fedea ahula bada, errazagoa egingo zaie Satanas eta berarekin daudenei zu beldurtzea (Es 24:10; Heb 2:15). Nola sendotu dezakezu orain Jainkoaren Erreinuan duzun konfiantza? Denbora atera Erreinuaren promesetan hausnartzeko eta hauek beteko direla frogatzen duten arrazoietan sakontzeko. Nola lagunduko dizu honek? Ikus dezagun Stanley Jones anaiaren eredua. Bera zazpi urtez kartzelatua egon zen bere fedearengatik. b Zerk lagundu zion leial mantentzen? Berak dio: «Erreinuari buruz nuen ezagutzak, honetaz ziur egoteak eta inoiz zalantzarik ez egiteak indarrak eman zizkidan. Honi esker tinko mantendu ahal izan nintzen». Jainkoaren promesetan fede sendoa baduzu, Jehobarengana gehiago gerturatuko zara eta beldurrari aurre egin ahal izango diozu (Es 3:25, 26).

8. Zer uzten du agerian bilerekiko dugun jarrerak? Azaldu.

8 Bilera guztietara joan. Bilerek Jehobarengana gerturatzen laguntzen digute. Bilerekiko dugun jarrerak etorkizunean pertsekuzioari aurre egin ahal izango diogun agerian uzten du (Heb 10:24, 25). Zergatik diogu hau? Orain oztopo txikiengatik bileretara ez bagoaz, zer gertatuko da etorkizunean, anai-arrebekin biltzeko gure segurtasuna arriskuan egongo denean? Baina beste alde batetik, bileretara joateko erabaki sendoa hartzen badugu, etorkizunean gure aurkariek ez dute guk bilerak uztea lortuko. Beraz, orain da bilerekiko maitasuna garatzeko momentua. Bilerekiko maitasuna lantzen badugu, nahiz eta jendea gure aurka jarri edo gobernuek gure bilerak debekatu, Jehoba obeditzen jarraituko dugu gizakien aurretik (Eg 5:29).

Biblia aipuak eta kanta-liburuko kantak buruz ikasteak pertsekuzio garaian lagundu zaitzake (Ikusi 9. paragrafoa). e

9. Zergatik da Biblia aipuak buruz ikastea pertsekuziorako prestatzeko modu on bat?

9 Buruz ikasi Biblia aipu gustukoenak (Mt 13:52). Gure memoria ez da perfektua, baina Jehobak bere espiritu santua erabili dezake Biblia aipuak gogorarazteko (Jn 14:26). Ekialdeko Alemaniako kartzela batean isolatuta egon zen anaia batek hurrengoa dio: «Zein ondo etorri zitzaidan ehundaka Biblia aipu buruz ikasi izana! Honi esker, ezer egiteko ez nuen egun horietan Bibliari buruzko gai desberdinetan hausnartzeko aukera izan nuen». Aipu hauek anaia honi Jehobarengandik gertu egoten eta leial mantentzen lagundu zioten.

(Ikusi 10. paragrafoa) f

10. Zergatik ikasi beharko genituzke kantak buruz?

10 Buruz ikasi eta abestu Jehoba goresten duten kantak. Paulo eta Silas Filiposen kartzelatu zituztenean, buruz zekizkiten Jehoba goresteko kantak abestu zituzten (Eg 16:25). Sobietar Batasuneko gure anai-arrebek antzeko zerbait egin zuten euren fedea sendotzeko Siberian erbesteratuak izan zirenean. Mariya Fedun arrebak hurrengoa dio: «Buruz genekizkien kanta-liburuko kantak abestu genituen». Berak gogoratzen du kanta horiek abesteak guztiei animatzen ziela eta Jehobarengandik gertuago sentitzen laguntzen ziela. Sendotuta sentitzen al zara gustukoen dituzun bileretako kanta eta webguneko abestiak kantatzen dituzunean? Orain da momentua abesti horiek buruz ikasteko (Ikusi « Emadazu ausardia» taula).

ZER EGIN DEZAKEZU AUSARTAGOA IZATEKO?

11, 12. a) 1 Samuel 17:37, 45-47 pasartearen arabera, zergatik izan zen Dabid ausarta? b) Zer irakaspen baliotsu ikasten dugu Dabiden eredutik?

11 Pertsekuzioari aurre egiteko ausardia behar duzu. Ezaugarri hau falta zaizula sentitzen baduzu, zer egin dezakezu? Gogoratu benetako ausardia ez dela gure tamaina, indarra edo gaitasunen araberakoa. Ikusi dezagun Dabiden eredua. Gaztea zenean Goliat erraldoiari aurre egin zion. Erraldoi honekin konparatuta Dabid txikiagoa eta ahulagoa zen. Gainera, ez zegoen gerrarako ondo armaturik. Ezpatarik ere ez zuen. Baina Dabid oso ausarta izan zen eta erraldoi harro horren aurka borrokatzera joan zen.

12 Zergatik izan zen Dabid hain ausarta? Ziur zegoelako Jehoba berarekin zegoela (Irakurri 1 Samuel 17:37, 45-47). Dabidek ez zuen arreta jarri Goliatek berarekin alderatuta zuen tamainan, baizik eta Goliatek Jehobarekin alderatuta zuen tamainan. Izan ere, Jehobaren aldean, zeharo txikia zen. Zer ikasten dugu pasarte honetatik? Ausardia izateko Jehoba gurekin dagoela eta gure aurkariak gure Jainko ahalguztidunarekin alderatuta oso txikiak direla argi izan behar dugula (2 Kro 20:15; Sal 16:8). Nola sendotu dezakegu gure ausardia orain, pertsekuzioa hasi aurretik?

13. Nola sendotu dezakegu gure ausardia? Azaldu.

13 Jainkoaren Erreinuko berri onak predikatzeak ausartagoak izaten lagunduko digu. Zergatik? Predikatzen dugunean Jehobarengan konfiantza izaten eta gizakiari beldur ez izaten ikasten dugulako (Es 29:25). Ausardia muskulu bat bezalakoa da. Muskuluak kirola egitean indartzen diren bezala, ausardia etxez etxe, publikoki, informalki eta negozioetan predikatzean indartzen da. Orain predikatzeko ausardia garatzen badugu, etorkizunean predikatzeko gai izango gara gobernuek predikazioa debekatzen badute ere (1 Ts 2:1, 2).

Nancy Yuen arrebak ez zion berri onak predikatzeari utzi (Ikusi 14. paragrafoa).

14, 15. Zer ikasten dugu Nancy Yuen eta Valentina Garnovskaya arreben ereduetatik?

14 Asko ikasi dezakegu ausardia paregabea erakutsi zuten bi arrebengandik. Alde batetik, Nancy Yuen-en eredua dugu. Berak 1,5 metro neurtzen zituen bakarrik, baina ez zen erraza bera kikiltzea. c Predikatzeari utzi ez zionez, hogei urte baino gehiago pasa behar izan zituen kartzelatuta Txinan. Galdeketa egin zioten funtzionarioek herrialdeko «pertsonarik burugogorrena» zela esan zuten!

Valentina Garnovskaya arreba ziur zegoen Jehoba berarekin zegoela (Ikusi 15. paragrafoa).

15 Beste aldetik, Sobietar Batasuneko Valentina Garnovskaya arrebaren eredua dugu. Bera hiru aldi desberdinetan kartzelatua izan zen eta guztira 21 urte baino gehiago pasa zituen kartzelan. d Predikatzen jarraitzeko erabakiari tinko eutsi zionez, funtzionarioek «bereziki arriskutsua den kriminala» deitu zioten. Nola lortu zuten bi arreba leial hauek hain ausart izatea? Ziur zeudelako Jehoba beraiekin zegoela.

16. Zein da benetako ausardiaren gakoa?

16 Ikusi dugun bezala, ausardia sendotzeko ez dugu gure abilezia eta gaitasunetan atentziorik jarri behar. Horren ordez, konbentzituta egon behar dugu Jehoba gurekin dagoela eta gure alde borroka egiten duela (Dt 1:29, 30; Za 4:6). Hori da benetako ausardiaren gakoa.

ZER EGIN DEZAKEZU JENDEAREN GORROTOARI AURRE EGITEKO?

17, 18. ⁠Joan 15:18-21 pasartearen arabera, zertaz ohartarazi zigun Jesusek, eta zergatik?

17 Besteek gu errespetatzea gustatzen zaigu, baina ez dugu pentsatu behar ez dugula ezertarako balio gaizki ikusiak bagaude. Jesusek hurrengoa esan zuen: «Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean» (Lk 6:22). Zer esan nahi zuen Jesusek?

18 Jesusek ez zuen esan kristauoi gorrotatuak izatea gustatuko zitzaigunik. Ohartarazpen bat ematen ari zen. Mundu honen parte ez garenez, Jesusen irakaspenak jarraitzen ditugunez eta bere mezua predikatzen dugunez munduak gorrotatzen gaitu (Irakurri Joan 15:18-21). Guk Jehoba poztu nahi dugu. Ez dugu gaizki sentitu behar gure aita maitatzeagatik gorrotatzen bagaituzte.

19. Nola imitatu dezakegu apostoluen eredua?

19 Ez zaitez inoiz Jehobaren lekuko izateaz lotsatuta sentitu gizakiek esan edo egiten dutenagatik (Mi 4:5). Apostoluen eredua aztertzeak gizakiari diogun beldurrari aurre egiten lagunduko digu. Ikus dezagun zer egin zuten apostoluek Jesusen etsaiek bera hil ondoren. Apostoluek bazekiten judutar erlijio buruek kristauak gorroto zituztela (Eg 5:17, 18, 27, 28). Hala ere, egunero tenplura joaten jarraitu zuten eta Jesusen jarraitzaileak zirela erakusten jarraitu zuten predikatzean (Eg 5:42). Beldurrak ez zituen geldiarazi. Guk ere gizakiari diogun beldurrari aurre egin ahalko diogu beti Jehobaren lekuko bezala identifikatzen bagara, bai lanean, bai eskolan, baita auzokideekin ere (Eg 4:29; Erm 1:16).

20. Zergatik zeuden pozik apostoluak gorrotatuak izan arren?

20 Zergatik zeuden pozik apostoluak? Jehobaren nahia egiteagatik gaizki tratatuak izatea ohore bat bezala ikusten zutelako eta zergatik gorrotatzen zituzten ulertzen zutelako (Lk 6:23; Eg 5:41). Paulo apostoluak beranduago hauxe idatzi zuen: «Zuzen jokatzeagatik sufritu beharrean gertatzen bazarete, zorionekoak zuek!» (1 P 2:19-21; 3:14). Ondo dagoena egiteagatik gorrotatuak garela ulertzen badugu, ez dugu Jehoba zerbitzatzeari inoiz utziko jendeak gu gorrotatu arren.

ORAIN PRESTATZEA LAGUNGARRIA DA

21, 22. a) Zer erabaki duzu egitea pertsekuziorako prestatzeko? b) Zer aztertuko da hurrengo artikuluan?

21 Ez dakigu noiz pertsegituko gaituzten, ezta noiz debekatuko dituzten gure jarduerak ere. Baina badakigu orain prestatzeak etorkizunean leial izaten lagunduko digula. Nola prestatu gaitezke? Jehobarekin dugun adiskidetasuna indartzen, ausartagoak izateko lan egiten eta jendearen gorrotoari aurre nola egin ikasten.

22 Eta gure jarduerak debekatzen badira? Hurrengo artikuluan pertsekuzioaren aurrean Jehoba zerbitzatzen jarraitzen lagunduko diguten Biblia printzipioak aztertuko dira.

sjj 118. KANTA Eman, arren, fedea

a Jainkoaren zerbitzariok ez dugu gorrotatuak izan nahi. Baina lehenago edo beranduago pertsekuzioari aurre egin beharko diogu. Artikulu honek pertsekuzioari ausardiaz aurre egiten lagunduko digu.

b Ikusi 1966⁠ko otsailaren 15⁠eko La Atalaya, 116-126. orrialdeak (1966⁠ko apirilaren 1⁠eko La Tour de Garde, 212-224. orrialdeak).

c Ikusi 1979⁠ko abenduaren 1⁠eko La Atalaya, 4-7. orrialdeak. Ikusi ere El nombre de Jehová se dará a conocer bideoa JW Broadcasting®-en. ENTREVISTAS Y EXPERIENCIAS atalean aurkituko duzu (Ikusi 1979⁠ko urriaren 15⁠eko La Tour de Garde, 4-7. orrialdeak. Ikusi ere Le nom de Jéhovah sera connu bideoa JW Broadcasting®-en. INTERVIEWS ET TÉMOIGNAGES atalean aurkituko duzu).

e IRUDIAREN AZALPENA: Familia adorazioan, gurasoek txarteltxoak prestatzen dituzte haurrei Biblia aipuak buruz ikasten laguntzeko.

f IRUDIAREN AZALPENA: Bilerara kotxean doazela, familia batek kanta-liburuko kantak praktikatzen ditu.