Otoitza: Noiz eta non?
MUNDUKO erlijio nagusi gehienek otoitzerako leku eta ordutegi zehatzak ezartzen dituzte. Baina, mugatzen al ditu Bibliak gure otoitzak leku eta momentu zehatzetara?
Otoitzerako momentu egokiak badaudela erakusten du Bibliak. Adibidez, bere jarraitzaileekin otordu egin aurretik, Jesusek eskerrak eman zizkion Jainkoari otoitzean (Lukas 22:17). Eta bere ikasleak Jainkoa gurtzeko elkartzen zirenean ere, otoitz egiten zuten. Baina hau ez zen ohitura berri bat. Sinagoga judutarretan eta Jerusalemgo tenpluan aspaldidanik egiten zen otoitz. Izan ere, Jainkoak tenplua herri guztientzat «otoitz-etxe» izatea nahi zuen (Markos 11:17).
Jainkoaren zerbitzariak elkartu eta otoitz egiten dutenean, Jehobak beraien eskariak entzuten ditu. Jainkoak asko atsegin du bere zerbitzariak pentsamenduan elkarturik eta biblia-printzipioekin bat datozen otoitzak egiten dituztenean. Gainera, otoitz horiek, Jainkoak bestela egingo ez zukeena egitera bultzatu dezakete (Hebrearrei 13:18, 19). Jehobaren Lekukoek euren bilera guztietan egiten dute otoitz. Otoitz hauek entzun nahi badituzu, gertuen duzun bilera-areto batera joatera gonbidatuta zaude.
Hala ere, Bibliak ez du esaten momentu edo leku zehatzetan bakarrik otoitz egin daitekeenik. Jainkoaren zerbitzariek edozein momentutan eta toki askotan otoitz egiten zutela ikusi dezakegu Biblian. Jesusek honakoa esan zuen: «Otoitz egiteko, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egin otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina» (Mateo 6:6).
Edozein momentu eta tokitan egin dezakegu otoitz
Unibertsoko Subiranoarengana, noiznahi, bakarrik gaudenean ere, hurbildu gaitezke bere arreta osoa edukiko dugun segurtasunarekin. Ez al da hori zoragarria? Ez da harritzekoa, hortaz, Jesusek askotan bakardadean otoitz egitea. Adibidez, behin, gau osoa igaro zuen Jainkoari otoitzean erabaki garrantzitsu baten aurrean gida eskatzeko (Lukas 6:12, 13).
Erabaki garrantzitsu eta erronka serioei aurre egin behar izan zieten beste gizon-emakume batzuen otoitzak ere agertzen dira Biblian. Batzuetan ozen egiten zuten otoitz eta beste batzuetan isilean. Taldean nahiz bakarka ere zuzentzen ziren Jainkoarengana. Baina garrantzitsuena, otoitz egiten ziotela zen. Jainkoak bere zerbitzariak honakoa egitera gonbidatzen ditu: «Egin otoitz aspertu gabe» (1 Tesalonikarrei 5:17). Bere nahia egiten dutenak beti entzuteko prest dago. Ez al da hori gonbidapen maitekorra?
Hala ere, sinesgogorra den gaurko mundu honetan, jende askok otoitzak zerbaiterako balio ote duen galdetzen dio bere buruari. Baliteke zuk ere galdera bera egitea.