Zergatik da garrantzitsua Edengo lorategiaren pasartea zuretzat?
Zergatik da garrantzitsua Edengo lorategiaren pasartea zuretzat?
ADITU batzuek Edengo lorategiaren pasarteari buruz jartzen duten eragozpen harrigarrienetariko bat honakoa da: Bibliak esaten duen beste guztia ez dator bat pasarte honekin. Adibidez, Paul Morris Erlijio Ikasketen Irakasleak honakoa idatzi zuen: «Biblian ez da berriz zuzenean aipatzen Edengo lorategiaren pasartea». Nahiz eta beste «aditu» asko berarekin ados egon, frogek beste norabide batera seinalatzen dute.
Biblian Edengo lorategia, Adam, Eba eta sugea askotan aipatzen dira *. Bestalde, aurreko adituek baino akats larri eta arriskutsuagoa egiten dute erlijioburu eta biblia-aditu batzuek paradisua ez zela existitu esatean. Zergatik esaten dugu hori? Biblia bera erasotzen ari direlako.
Edengo lorategian gertatu zena ulertu behar dugu Biblian esaten den beste guztia ondo ulertzeko. Jainkoaren Hitzak bizitzako galdera garrantzitsuenen erantzunak ematen ditu eta behin eta berriz erantzun horiek Edengo lorategian gertatu zenarekin lotuta daude. Ikus ditzagun adibide batzuk.
● Zergatik zahartzen eta hiltzen gara? Adam eta Ebak Jehoba obeditu izan balute, betiko biziko ziratekeen. Desobeditzen bazuten bakarrik hilko ziren. Beraz, matxinatu ziren egunetik aurrera hiltzen hasi ziren (Hasiera 2:16, 17; 3:19). Jadanik perfektuak ez zirenez, beraien ondorengoei bekatua eta inperfekzioa pasa zieten. Bibliak honela azaltzen du: «Gizon baten bidez sartu zen bekatua munduan, eta bekatuaren bidez heriotza; horrela, gizon-emakume guztiengana zabaldu zen heriotza, guztiek egin baitzuten bekatu» (Erromatarrei 5:12).
● Zergatik uzten du Jainkoak gaiztakeria izaten? Edengo lorategian Satanasek Jehoba gezurti bat zela eta ez zuela gizakientzat onena nahi esan zuen (Hasiera 3:3-5). Gainera, Jehobaren agintzeko eskubidea zalantzan jarri zuen. Adam eta Ebak Satanas jarraitzea erabaki zuten Jehobaren subiranotasuna baztertuz. Horrela gizakiak ondo eta gaizki dagoena erabaki dezakeela aditzera eman zuten. Jehoba oso jakintsua denez, bazekien erronka honi aurre egiteko modurik onena gizakiei euren burua gobernatzeko denbora ematea zela. Zein izan da ondorioa? Gaiztakeria parte handi batean Satanasek eraginda zabaldu da munduan. Eta honakoa argi gelditu da: gizakiak ezin du bere burua Jainkoaren laguntzarik gabe gobernatu (Jeremias 10:23).
● Zein da Jainkoaren helburua da lurrarentzat? Jehobak Edengo lorategian sortu zuenean, lur osoa nolakoa izatea nahi zuen erakutsi zuen. Adam eta Ebari seme-alabak izateko eta lurra zaintzeko esan zien, Edengo lorategia bezain ederra bihurtu zedin (Hasiera 1:28). Beraz, hauxe da Jainkoaren helburua lurrarentzat: paradisu bihurtzea eta Adam eta Ebaren ondorengoak perfektuak izatea bertan zoriontsu eta elkartuta biziz. Bibliak esaten duen ia guztia Jainkoaren helburuaren betetzearekin lotuta dago.
● Zergatik etorri zen Jesu Kristo lurrera? Edengo lorategiko matxinadaren ondorioz, Adam, Eba eta beraien ondorengoek heriotza zigorra jaso zuten. Baina gure Jainko maitekorrak esperantza eman zuen bere Semea lurrera ordainsari moduan bidaliz (Mateo 20:28). Zer esan nahi du honek? Jesusek, Bibliak «azkeneko Adam» deitzen dionak, Adamek ez bezala Jehobaren esana bete zuen beti. Gero, bere bizia ordainsaritzat eskaini zuen. Horrela, leialak zirenek bekatuen barkamena jaso zezaketen, baita etorkizunean Adam eta Ebak Edenen zuten bizimodu berdina ere (1 Korintoarrei 15:22, 45; Joan 3:16). Beraz, Jesusen eskaintzari esker, ziur gaude Jainkoak lurrarentzat duen helburua beteko dela.
Jainkoaren helburua ez da abstraktua edo ulertzeko zaila. Benetakoa eta ulertzeko erraza da. Edengo lorategia eta bertako animaliak eta jendea benetakoak izan ziren bezala, Jainkoaren etorkizunerako promesa ere benetakoa da eta laster beteko da. Promesa hau betetzen ikusi nahi al duzu? Neurri handi batean zeure esku dago. Jainkoak etorkizun hau gizaki guztiei eskaintzen die, baita oker dauden gauzak egin dituztenei ere (1 Timoteori 2:3, 4).
Hil baino lehentxeago, Jesusek aldamenean zuen gaizkile batekin hitz egin zuen. Gizon horrek hiltzea merezi zuen arren, Jesusengana jo zuen itxaropen eta kontsolamendu bila. Orduan, Jesusek paradisuan berarekin egongo zela esan zion (Lukas 23:43). Jesusek gizon hura paradisuan bizi zedin nahi bazuen, ziur egon zaitezke berak eta bere Aitak zu ere han bizitzea nahi dutela! Etorkizun hori izan nahi baduzu, ahal duzun guztia egin ezazu Edengo lorategia sortu zuen Jainkoa ezagutzeko.
[Oin-oharra]
^ § 3 Ikusi, adibidez, Hasiera 13:10; 1 Kronikak 1:1; Isaias 51:3; Ezekiel 28:13; 31:8, 9; Lukas 3:38; Erromatarrei 5:12-14; 1 Korintoarrei 15:22, 45; 2 Korintoarrei 11:3; 1 Timoteori 2:13, 14; Apokalipsia 12:9.
[Taula]
BIBLIA BATERATZEN DUEN PROFEZIA
«Elkarren etsai egingo zaituztet hi [sugea] eta emakumea, hire eta haren ondorengotza; honek burua zapalduko dik eta hik orpotik helduko diok» (Hasiera 3:15).
Hauxe da Biblian aurkitzen dugun lehenengo profezia, Jainkoak Edenen esandakoa. Nortzuk dira emakumea, honen ondorengotza, sugea eta honen ondorengotza? Zer modutan dira etsaiak?
SUGEA
Satanas Deabrua (Apokalipsia 12:9).
EMAKUMEA
Aingeruz osatutako Jehobaren erakundearen zeruko alderdia (Galaziarrei 4:26, 27). Isaiasek emakumeari buruz hitz egin zuen, etorkizunean nazio espiritual bat erdituko zuela aurresanez (Isaias 54:1; 66:8).
SUGEAREN ONDORENGOTZA
Satanasen nahia egitea aukeratzen dutenak (Joan 8:44).
EMAKUMEAREN ONDORENGOTZA
Honen parte nagusiena Jesu Kristo da, Jehobaren erakundearen zeruko alderditik zetorrena. Zeruan agintzen duten Jesusen anaia espiritualak ere «ondorengotza» honen parte dira. Kristau gantzutu hauek nazio espiritual bat osatzen dute, «Jainkoaren Israel» (Galaziarrei 3:16, 29; 6:16; Hasiera 22:18).
ORPOKO ZAURIA
Jainkoaren Semea lurrean egon zenean, Satanasek hil zezaten lortu zuen. Hura kolpe mingarria izan zen arren, ez zen iraunkorra izan, Jesus berpiztua izan baitzen.
BURUKO ZAURIA
Jesusek heriotza-kolpea emango dio Satanasi betiko suntsitzen duenean. Hori egin baino lehen, Edengo matxinadarekin Deabruak egindako kalte guztiak konponduko ditu (1 Joan 3:8; Apokalipsia 20:10).
[Irudia]
Adam eta Ebak bekatuaren ondorio latzak sufritu zituzten