BIBLIAK BIZIAK ALDATZEN DITU
Orain besteak lagundu ahal ditudala sentitzen dut
JAIOTZE-URTEA: 1981
JATORRIZKO HERRIALDEA: GUATEMALA
HISTORIA: ZORITXARREKO HAURTZAROA
NIRE IRAGANA
Acul-en jaio nintzen, Guatemalako mendebaldeko mendietako herri isolatu batean. Nire familia maien ondorengoa den ixil talde etnikokoa da. Gaztelaniaz gain, gure herriko hizkuntza ere ikasi nuen. 36 urte iraun zituen Guatemalako gerra zibilaren garai ikaragarrian hazi nintzen. Gerra hartan ixil asko hil ziren.
Lau urte nituenean, zazpi urte zituen nire anaiari esku-granada bat lehertu egin zitzaion honekin jolasean zebilela. Ondorioz, ikusmena galdu nuen eta, tamalez, nire anaiak bizia galdu zuen. Handik aurrera, Guatemala hirian zegoen haur itsuentzako instituzio batean igaro nuen nire haurtzaroa. Bertan, braille irakurtzen ikasi nuen. Oraindik ez dakit zergatik, baina instituzioko langileek beste haurrekin hitz egitea debekatu zidaten eta nire ikaskideek ez zuten nirekin egon nahi. Bakarrik nengoen beti eta irrikaz itxaroten nituen amarekin etxean pasatzen nituen bi hilabeteak. Ama oso maitekorra zen beti nirekin. Zoritxarrez, hamar urte nituenean hil egin zen. Lur jota nengoen, maite ninduen pertsona bakarra galdu nuelako.
11 urterekin, herrira itzuli eta nire anaiordekoarekin eta bere familiarekin bizitzen hasi nintzen. Nire behar fisikoez arduratzen ziren, baina inork ezin izan zidan emozionalki lagundu. Batzuetan negar-zotinka Jainkoari galdetzen nion: «Zergatik hil zen nire ama? Zergatik geratu behar izan dut itsu?». Ezbehar horiek Jainkoaren nahia zirela esaten zidan jendeak. Horregatik, Jainkoa ez zela zuzena pentsatzeaz gain, krudela zela uste nuen. Ahal izan banu, neure burua hil izango nukeen.
Itsu egoteak, bai fisikoki, bai emozionalki, babesgabe utzi ninduen. Txikia nintzenean hainbat alditan bortxatu ninduten. Ez nituen inoiz delitu horiek salatu, inori ez zitzaiola axolako uste bainuen. Ia inork ez zuen nirekin hitz egiten. Etsita nengoen eta bakartia nintzen, ez bainuen inorengan konfiantzarik.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN
13 urte nituenean, Jehobaren lekuko zen bikote ezkondu batek nirekin hitz egin zuen jolas orduan nengoen bitartean. Nigatik errukia sentitzen zuen andereño batek esan zien niregana etortzeko. Bibliak hildakoak berpiztu egingo direla eta itsuek berriro ikusi egingo dutela promesten duela esan zidaten (Isaias 35:5; Joan 5:28, 29). Asko gustatu zitzaidan irakatsi zidatena, baina ez nuenez inorekin hitz egiteko ohiturarik, zaila egiten zitzaidan beraiekin elkarrizketan parte hartzea. Hala ere, hain lotsatia izan arren, oso atseginak izan ziren nirekin eta pazientzia handiz bisitatzen jarraitu ninduten Bibliari buruz irakasteko. 10 kilometro baino gehiago egiten zituzten oinez mendian zehar nire herriraino iristeko.
Itxuran diru asko ez zutela baina txukun-txukun jantzita zihoazela esan zidan nire anaiordeak. Hala ere, beti erakutsi zidaten nitaz arduratzen zirela opari txikiak eginez. Ziur nengoen benetako kristauek bakarrik egin zitzaketela horrelako sakrifizioak.
Braillezko argitalpenekin Biblia aztertu nuen. Nahiz eta ikasten ari nintzena ongi ulertzen nuen, baziren onartzeko zailak egiten zitzaizkidan gauza batzuk. Adibidez, Jainkoa nitaz benetan arduratzen zela sinestea kostatzen zitzaidan, baita besteek gauza bera egiten zutela pentsatzea ere. Jehobak denbora batez gaiztakeria izaten zergatik uzten duen ulertu nuen. Baina zaila egiten zitzaidan aita maitekor bat bezala ikustea.
Pixkanaka-pixkanaka Bibliatik ikasi nuenak nire ikuspuntua aldatzen lagundu zidan. Adibidez, sufritzen ari direnak ikustean Jainkoak mina sentitzen duela ikasi nuen. Tratu txarrak jasotzen ari ziren bere zerbitzariei buruz honakoa esan zuen Jainkoak: «Ongi ikusia dut nire herriaren atsekabea, ohartu naiz haien oinazeaz» (Irteera 3:7). Jehobaren ezaugarri maitekorrak ikusi nituenean, neure burua berari eskaintzea erabaki nuen. 1998an Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen.
Bataiatu eta urtebete ingurura, Escuintla hiritik gertu itsuentzako ikastaro bat egin nuen. Bertako kongregazioko adindun bat nire herritik bileretara joatea zenbat kostatzen zitzaidan konturatu zen. Izan ere, gertuen nuen kongregazioraino joateko, nirekin Biblia aztertu zuen bikoteak zeharkatzen zuen mendikate bera zeharkatu behar nuen. Niri laguntzeko, adindun hau Escuintlako anaia-arreba batzuekin harremanetan jarri zen eta beraien etxean hartu ninduten. Familia honek bileretara joaten lagundu zidan. Ordudanik, etxekoa banintz bezala zaintzen naute.
Kongregazioko anaia-arrebek beste era askotara erakutsi didate benetako maitasuna. Bizipen hauek guztiak argi erakusten didate Jehobaren lekukoekin benetako kristauen artean nagoela (Joan 13:34, 35).
NIRE ONERAKO IZAN DA
Dagoeneko ez naiz baliogabea sentitzen. Orain esperantza dut eta nire bizitzak zentzua du. Gainera, Jehobaren lekukoen denbora osoko zerbitzaria naiz eta nire ezintasun fisikoan arreta ipini beharrean, besteei Bibliako egia zoragarriak irakasten dizkiet. Honetaz gain, kongregazioko arduraduna naiz eta inguruko kongregazioetan biblia-hitzaldiak egiten ditut, baita milaka lagun joaten diren lurralde-biltzarretan ere.
2010ean Izendatuentzako entrenamendu eskolan (gaur Erreinuaren berri-emaileen eskola) graduatu nintzen El Salvadorren. Eskola honek kongregazioko eginkizunak hobeto betetzeko prestatu ninduen. Jasotako trebakuntzak Jehobak zenbat maitatzen eta balioesten nauen sentiarazi zidan. Izan ere, berak edonor trebatu dezake bere lanerako.
Jesusek honakoa esan zuen: «Zorion gehiago du emateak hartzeak baino» (Eginak 20:35). Gaur egun, benetan zoriontsua naizela esan dezaket. Eta sekula uste ez nuena egin dezaket: orain besteak lagundu ahal ditudala sentitzen dut.