Korintoarrei lehena 11:1-34

  • «Imitatu nazazue» (1)

  • Autoritate printzipioa eta burua estaltzea (2-16)

  • Jaunaren Afariaren ospakizuna (17-34)

11  Imitatu nazazue, nik Kristo imitatzen dudan bezala. 2  Zoriontzen zaituztet gauza guztietan nitaz gogoratzen zaretelako eta tradizioei nik transmititu nizkizuen moduan tinko eusten diezuelako. 3  Baina zuek jakitea nahi dut gizon guztien burua Kristo dela, emakumearen burua gizona dela eta Kristoren burua Jainkoa dela. 4  Buru gainean zerbait jarrita otoitz egin edo profeta bezala hitz egiten duen gizonak bere burua lotsatzen du. 5  Baina buru gainean ezer jarri gabe otoitz egiten edo profeta bezala hitz egiten duen emakumeak bere burua lotsatzen du, zeren kaskamotz egotea bezala izango litzateke. 6  Izan ere, emakume batek ez badu burua estaltzen, ilea motz-motz moztu behar du. Baina berarentzat ilea motz-motz edo kaskamotz eramatea lotsagarria bada, burua estali behar du. 7  Gizonak ez du burua estali behar Jainkoaren irudi eta aintza delako; emakumea, aldiz, gizonaren aintza da. 8  Izan ere, gizona ez zen emakumearengandik etorri; emakumea da gizonarengandik etorri zena. 9  Are gehiago, gizona ez zen emakumearengatik sortua izan; emakumea da gizonarengatik sortua izan zena. 10  Horrexegatik eta aingeruengatik eraman behar du emakumeak sumisio* seinale bat buru gainean. 11  Hala ere, Jaunaren dizipuluen artean, emakumea ez da gizonik gabe existitzen eta gizona ez da emakumerik gabe existitzen. 12  Emakumea gizonarengandik datorren bezala, gizona ere emakumearengandik jaiotzen da. Baina gauza guztiak Jainkoarenak dira. 13  Zeuek epaitu: zuzena al da emakume batek burua estali gabe Jainkoari otoitz egitea? 14  Ez al dizue naturak berak erakusten ile luzea gizonarentzat lotsagarria dela, 15  baina ile luzea emakumearentzat aintza dela? Zeren berari ilea eman zaio burua estaltzeko. 16  Hala ere, norbaitek beste ohitura bat defendatu nahi badu, jakin dezala ez daukagula beste ohiturarik, ez guk, ezta Jainkoaren kongregazioek ere. 17  Baina jarraibide hauek ematean, ez zaituztet zoriontzen, zeren zuen bilerak, onerako baino, zuen kalterako dira. 18  Hasteko, kongregazioan elkartzen zaretenean, zuen artean zatiketak daudela entzun dut, eta neurri bateraino sinesten dut. 19  Zeren dudarik gabe zuen artean sektak egongo dira, eta horrela argi geratuko da zuetako nortzuk duzuen Jainkoaren aprobazioa. 20  Toki batean elkartzen zaretenean, ez da benetan Jaunaren Afaria jateko. 21  Izan ere, jateko garaia iristen denerako zuetako bakoitzak aldez aurretik afaldu du, horrela, bata gosetuta dagoen bitartean, bestea mozkortuta dago. 22  Ez al duzue etxerik jan eta edateko? Edota Jainkoaren kongregazioa mespretxatu eta ezer ez daukatenak lotsarazten dituzue? Zer esan ahal dizuet? Zorionak eman beharko nizkizueke? Honetan ez zaituztet zoriontzen. 23  Zeren Jaunarengandik jaso nuena erakutsi dizuet: traizionatua izango zen gauean, Jesus Jaunak ogi bat hartu 24  eta, Jainkoari eskerrak eman ondoren, zatitu eta esan zuen: «Honek nire gorputza irudikatzen du, zuen alde ematen dena. Segi hau egiten nire oroimenez». 25  Afaldu ondoren, gauza bera egin zuen koparekin ere, esanez: «Kopa honek itun berria irudikatzen du. Itun hau nire odolaren bidez balioztatuko da. Bertatik edaten duzuen bakoitzean, segi hau egiten nire oroimenez». 26  Orduan, ogi honetatik jan eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotzaren berri ematen jarraitzen duzue bera etorri arte. 27  Beraz, merezi gabe ogitik jan eta Jaunaren kopatik edaten duena errudun izango da, Jaunaren gorputza eta odola ez errespetatzeagatik. 28  Lehendabizi, aztertu dezala bere burua, egiten ari dena ondo dagoela ziurtatzeko, eta orduan bakarrik jan ahal izango du ogitik eta edan kopatik. 29  Zeren gorputza irudikatzen dutela ulertu gabe jan eta edaten duenak, bere buruaren aurkako kondena jan eta edaten du. 30  Horrexegatik zaudete zuetako asko ahul eta gaixo, eta kopuru eder bat heriotzan lo*. 31  Baina geure buruak arretaz aztertuko bagenitu, ez ginateke epaituak izango. 32  Hala ere, epaituak garenean Jehoba da diziplinatzen gaituena, horrela, munduarekin batera kondenatuak izan ez gaitezen. 33  Beraz, ene anaiok, afari hori jateko elkartzen zaretenean, itxaron batak besteari. 34  Norbait gose bada, bere etxean jan dezala, elkartzen zaretenean kondenatuak ez izateko. Gainontzeko kontuak, hara joaten naizenean konponduko ditut.

Oharra

Edo «autoritate».
Ematen duenez, heriotza espiritual bati buruz ari da.