Korintoarrei Bigarrena 4:1-18
4 Beraz, zerbitzu* hau erakutsi zaigun errukiari esker dugunez, ez dugu amore ematen.
2 Baina uko egin diegu ezkutuan egiten diren gauza lotsagarriei, eta ez dugu maltzurkeriaz jokatzen, ezta Jainkoaren hitza faltsifikatzen ere. Horren ordez, egia ematen dugu ezagutzera eta, horrela, geure buruak gomendatzen dizkiegu giza kontzientzia guztiei Jainkoaren aurrean.
3 Izan ere, ezagutzera ematen ditugun berri onak belo batez estalita badaude, suntsipenera doazenentzat* daude estalita,
4 sinesgabeentzat, sistema* honetako jainkoak adimena itsutu dienentzat, Kristori buruzko —hau da, Jainkoaren irudiari buruzko— aintzaz betetako berri onen argiak* beraiengan distirarik egin ez dezan.
5 Zeren ez gara geure buruari buruz predikatzen ari; horren ordez, Jesu Kristo Jauna dela eta gu Jesusengatik zuen morroi garela predikatzen dugu.
6 Zeren Jainkoa da hau esan zuena: «Argiak distira egin dezala iluntasunean». Eta berak distira egin du geure bihotzetan Kristoren aurpegiaren bidez, aintzaz betetako Jainkoaren ezagutzarekin beraiei argia emateko.
7 Hala ere, altxor hau buztinezko ontzietan dugu, normala dena baino haratago doan indarra Jainkoarengandik etor dadin eta ez guregandik.
8 Alde guztietatik zapaltzen gaituzte, baina ez gaituzte estutzen mugitu ezinik gelditu arte; zer egin ez dakigula gaude, baina ez irteerarik gabe*;
9 pertsegitzen gaituzte, baina ez gaude abandonaturik; lurrera botatzen gaituzte, baina ez gaituzte suntsitzen.
10 Jesusi heriotza eragin zion tratu bera jasaten dugu etengabe gure gorputzean, Jesusen bizia gure gorputzean ere agerian jarri dadin.
11 Zeren gu bizi garen bitartean, hiltzeko arriskuan gaude beti Jesusengatik, Jesusen bizia gure gorputz hilkorretan ere agerian jarri dadin.
12 Beraz, guregan heriotza ari da eragiten; zuengan, berriz, bizia.
13 Hala ere, fedearen espiritu berbera dugu eta honi buruz honakoa idatzi zen: «Fedea nuen eta horregatik hitz egin nuen». Beraz, guk ere orain fedea dugu eta horregatik hitz egiten dugu,
14 jakinda Jesus berpiztu* zuenak Jesusekin egoteko gu ere berpiztuko* gaituela eta zuekin batera aurkeztuko gaituela.
15 Guzti hau zuen onerako da, merezigabeko eskuzabaltasuna are gehiago handitu dadin, zeren askoz ere pertsona gehiago daude eskerrak ematen Jainkoaren aintzarako.
16 Beraz, ez dugu amore ematen. Nahiz eta kanpotik garen pertsona gastatzen joan, zalantzarik gabe, barrutik garen pertsona egunetik egunera berritzen doa.
17 Zeren zailtasunak* une batekoak eta arinak izan arren, zailtasunek handitasun* paregabeko aintza sortzen dute gugan, betirako den aintza.
18 Beraz, begiak ez ditugu ikusten diren gauzetan jartzen, ikusten ez diren gauzetan baizik. Zeren ikusten diren gauzak denbora baterako dira; ikusten ez direnak, berriz, betirako.
Oharra
^ Lit. «ministerio».
^ Edo «hiltzen ari direnentzat».
^ Edo «argitasunak».
^ Edo agian «ez gaude etsita».
^ Lit. «altxatu».
^ Lit. «altxatuko».
^ Edo «probak».
^ Lit. «pisu».