Joan 17:1-26
17 Gauza hauek esan ondoren, Jesusek begiak zerura altxatu eta esan zuen: «Aita, iritsi da ordua. Eman aintza zure Semeari zure Semeak zuri aintza emateko.
2 Gizaki guztien* gain autoritatea eman diozu, eman dizkiozun guztiei berak betirako bizia eman diezaien.
3 Honek esan nahi du betirako bizia: zu, egiazko Jainko bakarra, eta zuk bidali duzun Jesu Kristo ezagutzeak*.
4 Nik aintza eman dizut lurrean eta egiteko eman didazun lana bukatu dut.
5 Orain, Aita, emadazu aintza zeure ondoan, mundua izan baino lehen zure ondoan nuen aintza bera.
6 «Zure izena ezagutzera eman diet mundutik eman zenizkidanei. Zureak ziren eta niri eman zenizkidan, eta zure hitzak obeditu dituzte.
7 Orain badakite eman didazun guztia zugandik datorrela,
8 zeren eman didazun mezua eman diet. Onartu egin dute, eta ziur-ziur dakite zure ordezkari bezala etorri naizela, eta zuk bidali nauzula sinetsi dute.
9 Beraien alde eskatzen dut; ez dut munduaren alde eskatzen, baizik eta zuk eman zenizkidanen alde, zureak baitira.
10 Nirea den guztia zurea da eta zurea nirea, eta aintza jaso dut beraien artean.
11 «Ni, dagoeneko, ez nago munduan, baina beraiek munduan daude, eta ni zugana noa. Aita santua, zaindu itzazu zeure izenagatik, eman didazun izenagatik, gu bat garen* bezalaxe beraiek ere bat izan* daitezen.
12 Beraiekin nengoenean, nik zaindu egiten nituen zeure izenagatik, eman didazun izenagatik; eta babestu egin ditut bakar bat ere suntsitua izan ez dadin, suntsipenaren semea izan ezik, Idazkiak bete daitezen.
13 Baina, orain, zugana noa, eta munduan nagoen bitartean esaten ditut gauza hauek, nik sentitzen dudan poza beraiek ere bete-betean sentitu dezaten.
14 Zure hitzak eman dizkiet, baina munduak gorrotatu egin ditu beraiek munduaren parte ez direlako, ni munduaren parte ez naizen bezalaxe.
15 «Ez dizut eskatzen hauek mundutik ateratzeko, Gaiztoarengandik babesteko* baizik.
16 Ez dira munduaren parte, ni munduaren parte ez naizen bezalaxe.
17 Santifikatu itzazu* egiaren bidez; zure hitza egia da.
18 Mundura bidali ninduzun bezalaxe, nik ere mundura bidali ditut.
19 Eta neure burua beraien alde santifikatzen dut beraiek ere, egiaren bidez, santifikatuak izan daitezen.
20 «Ez dut eskatzen hauen alde bakarrik; beraien hitzei esker nigan fedea jartzen dutenen alde ere eskatzen dut,
21 denak bat izan daitezen. Zu, Aita, nirekin bat eginda zauden bezala eta ni zurekin bat eginda nagoen bezala, beraiek ere gurekin bat eginda egon daitezela. Horrela, munduak zuk bidali nauzula sinetsiko du.
22 Eman zenidan aintza eman diet bat izan daitezen, gu bat garen bezalaxe.
23 Ni beraiekin bat eginda nago eta zu nirekin bat eginda zaude, guztiz bat eginda egon daitezen*. Horrela, munduak jakingo du ni bidali nauzula eta, ni maite nauzun bezalaxe, beraiek ere maite dituzula.
24 Aita, zuk eman dizkidazunak ni nagoen tokian nirekin egotea nahi dut, eman didazun aintza ikusi dezaten, zeren munduaren hasiera baino lehen maitatu ninduzun.
25 Aita zuzena, munduak benetan ez zaitu ezagutu, baina nik ezagutzen zaitut, eta beraiek zuk bidali nauzula jakin dute.
26 Nik zure izena ezagutzera eman diet eta ezagutzera ematen jarraituko dut, zuk erakutsi didazun maitasuna beraiengan egon dadin eta ni beraiekin bat eginda egon nadin».
Oharra
^ Lit. «Haragi guztiaren».
^ Edo «ezagutzen jarraitzeak». Hemen, aditz grekoak etengabeko ekintza adierazten du.
^ Edo «batasunean gauden».
^ Edo «batasunean egon».
^ Edo «zaintzeko».
^ Edo «Jarri itzazu aparte», «Santu egin itzazu».
^ Edo «batasun perfektua lortu dezaten».