Lukas 24:1-53

  • Jesus berpiztua (1-12)

  • Emausera bidean (13-35)

  • Jesus dizipuluei agertu (36-49)

  • Jesus zerura igo (50-53)

24  Asteko lehen egunean, goizean goiz, hilobira* joan ziren emakumeak, prestatu zituzten usain goxoko espeziak hartuta. 2  Baina hilobiko* harria biratuta zegoela ikusi zuten 3  eta, sartu zirenean, ez zuten Jesus Jaunaren gorpua aurkitu. 4  Zer pentsa ez zekitela geratu ziren eta, bat-batean, bi gizon agertu ziren beraien ondoan arropa distiratsuz jantzita. 5  Emakumeak izutu egin ziren eta lurrera begira geratu ziren, eta gizonek esan zieten: «Zergatik ari zarete bizirik dagoena hildakoen artean bilatzen? 6  Ez dago hemen, berpiztua* izan da. Gogoratu zer esan zizuen oraindik Galilean zegoenean, 7  beharrezkoa zela Gizonaren Semea bekatarien esku uztea, zutoinean exekutatua izatea eta hirugarren egunean berpiztua* izatea». 8  Orduan gogoratu zituzten emakumeek Jesusen hitzak. 9  Eta hilobitik* itzuli eta gauza guzti hauek kontatu zizkieten Hamaikei eta beste guztiei. 10  Emakume haiek Magdalako Maria*, Joana eta Maria —Santiagoren ama— ziren. Beraiekin zeuden beste emakume guztiek ere gauza hauek kontatzen zizkieten apostoluei. 11  Hala ere, beraiei gauza hauek txorakeriak iruditu zitzaizkien, eta ez zieten emakumeei sinetsi. 12  Baina Pedro altxatu eta korrika joan zen hilobira* eta, barruan begiratzeko makurtzean, lihozko oihalak besterik ez zituen ikusi. Beraz, handik joan zen zer gertatu ote zen pentsatzen. 13  Egun hartan bertan, bi dizipulu Emaus izeneko herrira joaten ari ziren oinez, Jerusalemetik hamaika kilometro ingurura*. 14  Eta beraien artean, gertatutako gauza guzti hauei buruz hitz egiten ari ziren. 15  Hizketan eta gauza hauek komentatzen ari ziren bitartean, Jesus bera hurbildu eta beraiekin ibiltzen hasi zen, 16  baina ez ziren* bera ezagutzeko gai izan. 17  Jesusek galdetu zien: «Zertaz ari zineten bidean hizketan?». Gelditu egin ziren eta beraien aurpegietan tristura nabari zen. 18  Kleopas izenekoak erantzun zion: «Jerusalemen bakarrik bizi den kanpotar bat al zara, egun hauetan zer gertatu den ez jakiteko?*». 19  Galdetu zien: «Zer gertatu da, ba?». Haiek, berriz: «Jesus Nazaretarrari gertatu zaiona. Honek Jainkoaren eta jende guztiaren aurrean hitzez eta ekintzez profeta boteretsu bat zela erakutsi zuen. 20  Gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatua izateko entregatu eta zutoinean iltzatu zuten. 21  Baina guk espero genuen gizon hau izango zela Israel askatuko zuena. Gainera, gaur, gauza hauek gertatu zirenetik hirugarren eguna da. 22  Bestalde, gure arteko emakume batzuek harrituta utzi gaituzte. Goizean goiz hilobira* joan dira 23  eta, bere gorpua aurkitu ez dutenean, itzuli egin dira eta esan dute aingeruak agertu zaizkiela* Jesus bizirik dagoela esaten. 24  Orduan, gurekin zeuden batzuk hilobira* joan dira eta emakumeek esan bezala aurkitu dute dena, baina ez dute Jesus ikusi». 25  Orduan, Jesusek esan zien: «Ai, zentzugabeak eta bihotzez motelak! Zergatik ez zenituzten profetek esandako gauza guztiak sinetsi? 26  Ez al zen beharrezkoa Kristok gauza hauek sufritzea eta bere aintzan sartzea?». 27  Eta Moises eta Profeta guztiekin hasita, Idazki guztiek berari buruz esaten zituzten gauzak azaldu* zizkien. 28  Azkenik, joaten ari ziren herrira hurbildu ziren, eta Jesusek urrutiago joateko keinua egin zuen. 29  Baina beraiekin geratzeko eskatu zioten behin eta berriz, esanez: «Geratu gurekin, ia-ia gaua da, eta eguna bukatzen ari da». Orduan, etxean sartu eta beraiekin geratu zen. 30  Eta beraiekin afaltzen ari zenean*, ogia hartu, otoitz egin*, zatitu eta eman egin zien. 31  Orduan, begiak guztiz ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus beraien aurretik desagertu egin zen. 32  Eta elkarri esan zioten: «Ez al genuen bihotza sutan bidean hitz egiten ari zitzaigunean eta Idazkiak argi eta garbi azaltzen zizkigunean?». 33  Momentu hartantxe, altxatu eta Jerusalemera itzuli ziren, eta Hamaikak eta beraiekin bilduta zeudenak aurkitu zituzten, 34  esaten: «Egia da, berpiztua* izan da Jauna, eta Simoni agertu zaio!». 35  Orduan, bi dizipuluek bidean gertatutakoa eta ogia zatitzean ezagutu zutela kontatu zuten. 36  Gauza hauei buruz hitz egiten ari ziren bitartean, Jesus bera haien erdian aurkeztu zen, eta esan zien: «Bakea zuekin». 37  Baina izututa eta ikaratuta zeudenez, espiritu bat ikusten ari zirela pentsatu zuten. 38  Horregatik, esan zien: «Zergatik zaudete izututa? Eta zergatik sortu zaizkizue zalantzak bihotzean? 39  Begira nire eskuak eta oinak: ni neu naiz. Ukitu eta ikusi, zeren espiritu batek ez du ez hezurrik, ez haragirik; baina, ikusten duzuenez, nik bai». 40  Eta hau esaten zien bitartean, eskuak eta oinak erakutsi zizkien. 41  Baina harrituta eta pozaren pozez zeudenez, ezin zioten oraindik sinetsi. Orduan, Jesusek galdetu zien: «Ba al duzue jateko zerbait?». 42  Beraz, arrain erre zati bat eman zioten, 43  eta Jesusek hartu eta beraien aurrean jan zuen. 44  Ondoren, esan zien: «Hauek dira, oraindik zuekin nengoela, esan nizkizuen hitzak: Moisesen Legean, Profetetan eta Salmoetan niri buruz idatzita zegoen guztia bete behar zela». 45  Orduan, adimena guztiz zabaldu zien Idazkien esanahia ulertzeko, 46  eta esan zien: «Hau da idatzirik dagoena: Kristok sufrituko zuela eta hirugarren egunean hildakoen artetik berpiztuko* zela, 47  eta bere izenean, nazio guztietan —Jerusalemetik hasita—, bekatuen barkamenerako damutzea beharrezkoa dela predikatuko zela. 48  Zuek gauza hauen lekuko izan behar duzue. 49  Eta jakin nire Aitak promestutakoa bidaliko dizuedala. Baina zuek geratu hirian goitik datorren botereaz jantziak izan arte». 50  Orduan, Jesusek hiritik kanpora atera zituen, Betaniaraino, eta eskuak altxatuz bedeinkatu egin zituen. 51  Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik urrundu eta zerura eramana izan zen. 52  Dizipuluak bere aurrean makurtu ziren* eta Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik. 53  Eta tenpluan egoten ziren beti, Jainkoa goresten.

Oharra

Edo «oroitzapen hilobira».
Edo «oroitzapen hilobiko».
Lit. «altxatua».
Lit. «altxatua».
Edo «oroitzapen hilobitik».
Edo «Maria Magdalena».
Edo «oroitzapen hilobira».
Lit. «60 estadiora». Estadio bat 185 metroren parekoa zen.
Edo «beraien begiak ez ziren».
Edo agian «Zer gertatu den ez dakien Jerusalemeko bisitari bakarra al zara?».
Edo «oroitzapen hilobira».
Edo «aingeruen naturaz gaindiko ikuskari bat izan dutela».
Edo «oroitzapen hilobira».
Edo «interpretatu».
Edo «mahai aldera etzanda zegoenean».
Edo «bedeinkapen bat esan».
Lit. «altxatua».
Lit. «altxatuko».
Edo «Dizipuluek omendu egin zuten».