Markos 2:1-28

  • Jesusek elbarritu bat sendatu (1-12)

  • Jesusek Lebiri deitu (13-17)

  • Barauari buruzko galdera (18-22)

  • Jesus, «Larunbataren Jauna» (23-28)

2  Baina egun batzuk beranduago Jesus Kapernaumen sartu zen berriro, eta etxean zegoela jakin zuen jendeak. 2  Izugarrizko jendetza bildu zenez, ez zegoen tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua predikatzen hasi zen. 3  Orduan, elbarritu bat ekarri zioten; lau gizonen artean zeramaten. 4  Baina jendetzarengatik ezin ziren Jesus zegoen tokira iritsi. Horregatik, teilatuan zulo bat egin eta elbarritua esku-ohe batean jaitsi zuten. 5  Beraien fedea ikustean, Jesusek elbarrituari esan zion: «Seme, barkatuta daude zure bekatuak». 6  Han, lege maisu batzuk zeuden eserita, eta pentsatzen ari ziren: 7  «Zer dio honek? Blasfematzen ari duk hau! Nork barkatu ditzake bekatuak, Jainkoak izan ezik?». 8  Baina Jesus segituan konturatu zen zer pentsatzen ari ziren, eta esan zien: «Zergatik pentsatzen duzue horrela? 9  Zer da errazagoa? Elbarrituari esatea: “Barkatuak daude zure bekatuak”, ala esatea: “Altxa, hartu esku-ohea eta ibili”? 10  Baina Gizonaren Semeak lurrean bekatuak barkatzeko autoritatea duela jakin dezazuen…», elbarrituari esan zion: 11  «Nik esaten dizut: altxa, hartu esku-ohea eta zoaz etxera». 12  Berehala, gizona denen aurrean altxatu, esku-ohea hartu eta oinez atera zen. Denak guztiz harrituta gelditu ziren, eta Jainkoa goraipatu zuten, esanez: «Ez dugu sekula horrelakorik ikusi». 13  Jesus itsasertzera hurbildu zen berriro. Jende asko etorri zen berarengana, eta irakasten hasi zitzaien. 14  Oinez zihoala, Lebi* ikusi zuen, Alfeoren semea, zerga bulegoan eserita, eta esan zion: «Izan nire jarraitzaile». Segituan jaiki eta jarraitu egin zion. 15  Beranduago, Jesus eta bere ikasleak Lebiren etxean jaten ari ziren*, eta beraiekin batera zergalari eta bekatari asko zeuden mahaian. Hauetako askok Jesusi jarraitzen zioten. 16  Baina fariseuen arteko lege maisuek, Jesus bekatariekin eta zergalariekin jaten ikustean, esan zieten Jesusen dizipuluei: «Nolatan jaten du zergalari eta bekatariekin?». 17  Hori entzutean, Jesusek esan zien: «Osasuntsu daudenek ez dute medikurik behar, baina gaixo daudenek bai. Ez naiz zuzenei deitzera etorri, bekatariei baizik». 18  Joanen dizipuluek eta fariseuek barau egiteko ohitura zuten. Horregatik, Jesusengana hurbildu ziren, eta galdetu zioten: «Joanen dizipuluek eta fariseuen dizipuluek barau egiteko ohitura dute. Eta zureek zergatik ez?». 19  Jesusek erantzun zien: «Senargaia beraiekin dagoen bitartean, senargaiaren lagunek ez dute barau egiteko arrazoirik, ezta? Ez dago ondo senargaia beraiekin dagoen bitartean barau egitea. 20  Baina, iritsiko da senargaia kenduko zaien eguna, eta egun horretan egingo dute barau. 21  Inork ez dio jantzi zahar bati oihal berriz egindako petatxu* bat josten. Hala egiten badu, oihal berria txikiagotzean*, zaharrari tira egingo dio eta zuloa handituko da. 22  Gainera, inork ez du ardo berria zahagi* zaharretan jartzen. Hala egiten badu, ardoak larrua lehertu, eta ardoa eta zahagia galduko dira. Horregatik, ardo berria zahagi berrietan jartzen da». 23  Larunbatez gari soroetatik pasatzen ari zela, dizipuluak galburuak eskuekin hartzen hasi ziren. 24  Orduan, fariseuek esan zioten: «Begira zertan ari diren! Zergatik desobeditzen dute Larunbataren legea?». 25  Jesusek, berriz: «Ez al duzue inoiz irakurri Dabidek zer egin zuen beharrean egon zenean, eta bera eta bere gizonak gose izan zirenean? 26  Abiatar apaizburuaren pasartearen arabera, Jainkoaren etxean sartu zenean, ez al zituen Dabidek ogi sakratuak jan? Legearen arabera hori debekatuta dago; apaizek bakarrik jan ditzakete. Gainera, Dabidek bere gizonei ere eman zien jaten». 27  Orduan esan zien: «Larunbata jendearentzat egin zen, eta ez jendea Larunbatarentzat. 28  Beraz, Gizonaren Semea Larunbataren Jauna ere bada».

Oharra

Mateoren beste izen bat da.
Edo «mahai aldera etzanda zeuden».
Edo «adabaki».
Edo «urak hartzean».