Markos 5:1-43
5 Orduan, itsasoaren beste aldera iritsi ziren, gerasatarren lurraldera.
2 Eta Jesus txalupatik jaitsi eta berehala, espiritu gaizto* baten menpe zegoen gizon bat atera zen hilobi* artetik.
3 Hilobi artean bizi zen eta, ordura arte, inortxok ere ezin izan zuen lotuta mantendu, ezta katez ere.
4 Izan ere, askotan lotzen zizkioten eskuak eta oinak katez, baina berak kateak puskatu egiten zituen, eta inork ez zuen kontrolpean mantentzeko indarrik.
5 Etengabe, gau eta egun, hilobietan eta mendietan ibiltzen zen oihuka bere burua harriekin zaurituz.
6 Baina Jesus urrutitik ikustean, korrika batean hurbildu eta bere aurrean makurtu zen.
7 Orduan, ozen oihukatu zuen: «Zer nahi duzu nigandik, Jesus, Goi-goiko Jainkoaren Seme? Jainkoarengatik zin egin ez nauzula tormentatuko».
8 Izan ere, Jesus honakoa esaten aritu zitzaion: «Atera gizonarengandik, espiritu gaizto hori!».
9 Orduan, Jesusek galdetu zion: «Nola duzu izena?». Eta hark: «Nire izena Legio da, asko gara eta».
10 Eta espiritu hark lurralde hartatik ez botatzeko erregutzen zion Jesusi behin eta berriz.
11 Han, mendian, txerri-talde handi bat zebilen jaten.
12 Orduan, espirituek Jesusi erregutu zioten: «Bidali gaitzazu txerrietara, horrela, beraien barruan sartuko gara».
13 Jesusek baimena eman zien. Une hartan, espiritu gaiztoak gizonarengandik atera, eta txerrietan sartu ziren. Eta txerri-taldeak amildegitik behera itsasora salto egin zuen. 2.000 inguru ziren, eta itsasoan ito ziren.
14 Txerri zaintzaileek, berriz, ihes egin eta gertatutakoa kontatu zuten hirian eta landa inguruetan. Beraz, jendea hara hurbildu zen, zer gertatu zen ikustera.
15 Orduan, Jesusengana etorri eta deabruen menpe egondako gizona ikusi zuten, lehen deabruen legioa zuena. Eserita, jantzita eta bere onean zegoela ikusi zuten, eta asko beldurtu ziren.
16 Gainera, gertatutakoa ikusi zutenek, deabruen menpe zegoen gizonarena eta txerriena nola gertatu zen kontatu zioten jendeari.
17 Orduan, jendeak beraien lurraldetik alde egiteko erregutu zion Jesusi.
18 Orduan, Jesus txalupara igotzen ari zela, deabruen menpe egondako gizonak berarekin joaten uzteko erregutu zion.
19 Baina Jesusek ez zion utzi, eta esan zion: «Zoaz etxera zure familiarengana, eta kontaiezu Jehobak zure alde egin duen guztia eta erakutsi dizun errukia».
20 Joan zen, ba, gizona eta Dekapolis* osoan Jesusek bere alde egindako guztia kontatzen hasi zen, eta den-denak txundituta geratu ziren.
21 Orduan, Jesus txalupaz itsasoaren beste aldera pasa zen berriro eta, oraindik itsasertzean zegoela, jendetza handi bat elkartu zen bere inguruan.
22 Gero, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo izenekoa. Jesus ikustean, bere oinetara erori zen.
23 Behin eta berriz erreguka eskatzen zion: «Nire alabatxoa oso larri* dago. Mesedez, etorri eta jarri zure eskuak bere gainean, sendatu eta bizirik jarraitu dezan».
24 Orduan, Jesus berarekin joan zen. Bitartean, jendetza handi batek jarraitzen zion eta alde guztietatik estutzen zuen.
25 Bazen han 12 urtez odoljarioa jasaten ari zen emakume bat.
26 Mediku askoren erruz gorriak ikusi zituen*. Zeukan guztia gastatu zuen eta, hobera egin beharrean, okerrera egin zuen.
27 Jesusi buruz esaten zena entzun zuenean, jende artean sartu, atzetik hurbildu eta mantua ukitu zion,
28 bere buruari esaten baitzion: «Bere mantua ukitze hutsarekin sendatu egingo naiz».
29 Segituan gelditu zitzaion odoljarioa, eta hainbeste sufriarazten zuen gaixotasuna sendatu zitzaiola nabaritu zuen.
30 Berehala, Jesus berarengandik indarra atera zela konturatu zen. Orduan, jende artean buelta eman, eta galdetu zuen: «Nork ukitu ditu nire jantziak?».
31 Baina bere dizipuluek erantzun zioten: «Jendetza estutzen ari zaizula ikusten duzu, eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?».
32 Hala ere, ingurura begira jarraitu zuen nor izan zen ikusteko.
33 Emakumea, sendatu zela jakinda, beldurrez eta dardarka Jesusengana hurbildu, bere oinetara erori eta egia osoa aitortu zion.
34 Jesusek esan zion: «Ene alaba, zure fedeak sendatu zaitu. Zoaz bakean, hainbeste sufriarazten zintuen gaixotasunetik sendatuta».
35 Jesus oraindik hitz egiten ari zela, sinagogako buruzagiaren etxeko gizon batzuk etorri, eta esan zioten honi: «Hil da zure alaba! Ez duzu Maisua gehiago nekatu beharrik».
36 Baina Jesusek, esaten ari zirena entzunda, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik*; fedea erakutsi, besterik ez».
37 Ez zion inori berarekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik.
38 Sinagogako buruzagiaren etxera iritsi zirenean, Jesusek hango iskanbila ikusi zuen, jendea negarrez eta garrasika.
39 Sartu ondoren, esan zien: «Zergatik honenbesteko negar eta iskanbila? Neskatxa ez dago hilda; lo dago».
40 Hori entzutean, Jesusi barre egin zioten mespretxuz. Baina denak kanpora bidali ondoren, Jesus neskatxa zegoen tokira sartu zen, aita, ama eta berarekin zetozen dizipuluekin batera.
41 Orduan, haurrari eskutik hartuta esan zion: «Talita kumi». Itzulita, honakoa esan nahi du: «Neskatxa, esaten dizut: jaiki!».
42 Berehala, neskatxa altxatu eta ibiltzen hasi zen (12 urte zituen). Hori ikustean, denak zeharo harrituta geratu ziren, pozez gainezka.
43 Baina behin eta berriz* agindu zien inori ezertxo ere ez esateko. Gainera, neskatxari zerbait jaten emateko esan zien.
Oharra
^ Lit. «zikin; kutsatu».
^ Edo «oroitzapen hilobi».
^ Edo «Hamar Hirien eskualde».
^ Edo «hilzorian».
^ Edo «asko sufritu zuen».
^ Edo «utzi beldur izateari».
^ Edo «zorrotz».