5. ATALA
Magiari, sorginkeriari eta aztikeriari buruzko egia
1. Zenbateraino dago zabalduta magian, sorginkerian eta aztikerian sinestea?
AFRIKAKO erlijioari buruzko liburu baten arabera, ia afrikar gehienek aztikerian sinisten dute. Eskoladunek, eskolagabeek, baita islamaren eta kristau elizen buru askok ere sinisten dute magian, sorginkerian eta aztikerian.
2. Askoren ustez, nondik datoz botere magikoak?
2 Afrikan, pertsona askok indar edo botere espiritual bat dagoela sinisten dute. Jainkoak menderatzen du, baina hildakoen espirituek ere erabili dezakete. Gizaki batzuek ere badakite erabiltzen, gauza onak egiteko (magia zuria) edo gauza txarrak egiteko (magia beltza).
3. Zer da magia beltza, eta zer uste du jendeak egin dezakeela?
3 Magia beltza edo aztikeria etsaiak kaltetzeko erabili daiteke. Askoren ustez, botere hau duenak saguzarrak, hegaztiak, euliak edo beste animalia batzuk bidali ditzake pertsonak erasotzeko. Gainera, borrokak, antzutasuna, gaixotasunak eta heriotza ere eragin ditzakela sinisten dute.
4. Zer uste dute askok sorginei buruz, eta zer kontatu dute sorginak izandako batzuek?
4 Sorginkeria ere magia beltzarekin lotuta dago. Askoren arabera, gauean sorginek beraien gorputzak utzi eta hegan joaten dira beste sorgin batzuekin elkartzeko eta beraien biktimak hiltzeko. Sorginen gorputzek ohean lo jarraitzen dutenez, istorio hauen oinarria sorginkeria utzi dutenek esaten dutena da. Adibidez, Afrikako aldizkari batek sorginak izandako emakumeek esandakoa (gehienak nerabeak) aipatzen du: «150 pertsona hil nituen kotxe-istripuak eraginez». «Bost haur hil nituen beraien odola xurgatuz». «Hiru mutil-lagun hil nituen utzi egin nindutelako».
5. Zer da magia zuria, eta nola praktikatzen dute?
5 Magia zuria ustez gaiztakeriatik babesteko erabiltzen da. Hau praktikatzen dutenek eraztun edo besoko magikoak eramaten dituzte. Gainera, edari sendagarriak hartu edo gorputzean igurzteko ohitura dute. Beraien etxeetan edo zoruan babesteko boterea dutela uste duten objektuak izkutatzen dituzte. Eta Koranaren edo Bibliaren pasarteak dauzkaten amuletoetan sinesten dute.
Gezurrak eta engainua
6. Zer egin izan dute iraganean Satanas eta bere deabruek, eta zer pentsatu beharko genuke beraien botereez?
6 Egia da Satanas eta bere deabruak gizakientzat etsai arriskutsuak direla. Izan ere, gizakiaren adimen eta bizitzan eragina izateko boterea dute. Iraganean, giza eta animalia gorputzetan sartu eta menderatu izan dituzte (Mateo 12:43-45). Baina nahiz eta beraien boterea ez dugun gutxietsi behar, ez diogu garrantzi gehiegirik eman behar ere.
7. Zer sinestarazi nahi digu Satanasek, eta zer adibide jarri dezakegu hau ulertzeko?
7 Satanas engainuaren maisua da. Daukana baino botere handiagoa duela pentsarazten dio jendeari. Jarri dezagun adibide bat: Batzuetan, soldaduek soinu ekipamenduak erabili izan dituzte beraien etsaiak izutzeko. Eraso egin aurretik, artilleria astun eta tiroen grabaketak jarri dituzte bolumen izugarrian. Zertarako? Etsaiari arma boteretsu askorekin erasoa izaten ari dela pentsarazteko. Era berean, Satanasek jendeari mugarik ez duen boterea duela sinestarazi nahi dio. Jendea beldurtuz, bere nahia egin dezaten nahi du eta ez Jehobarena. Aztertu ditzagun Satanasek guk sinestea nahi duen hiru gezur.
8. Zein da Satanasek bultzatzen duen gezurretako bat?
8 Satanasek bultzatzen duen gezurretako bat hauxe da: Gauza txarrak ez dira kasualitatez gertatzen; norbaitek eragiten ditu, zuzenean edo botere magikoak erabiliz. Adibidez, demagun haur bat malariaz hiltzen dela. Agian amak badaki malaria eltxoen bidez transmititzen dela. Baina, beharbada, norbaitek aztikeria erabiliz eltxo bat bere haurrari heltzeko bidali duela ere sinesten du.
9. Nola erakusten du Bibliak Satanasek ez dituela arazo guztiak sortzen?
9 Satanasek arazo batzuk sortzeko boterea badu ere, ez dugu pentsatu behar arazo guztiak sortzen dituenik. Bibliak dio: «Zerbait gehiago ikusi dut eguzkipean: azkarrek ez dutela lasterketa beti irabazten, indartsuek ere ez dutela borroka beti irabazten, jakintsuek ere ez dutela ogia beti irabazten, buruargiek ere ez dituztela aberastasunak beti lortzen, eta ezagutza dutenei ere ez zaiela beti ondo joaten, guztiei iristen zaielako une txarren bat eta espero gabeko gertaeraren bat» (Kohelet 9:11, NWT). Lasterkari bat besteak baino azkarragoa izan arren, agian ez du lasterketa irabaziko. «Espero gabeko» gertaeraren batek galduarazi ahal dio. Adibidez, estropezu egin eta erori daiteke, zaintiratu bat izan dezake edo ondoezik sentitu daiteke. Horrelako gauzak edonori gerta ahal zaizkio. Ez ditu zertan Satanasek edo azti batek sortu; besterik gabe gertatu egiten dira.
10. Zer esaten dute batzuek sorginei buruz eta zergatik dakigu gezurra dela?
10 Satanasek bultzatzen duen bigarren gezurretako bat honakoa da: Gauean sorginek beraien gorputzak utzi eta hegan joaten dira beste sorgin batzuekin elkartzeko eta beraien biktimak hiltzeko. Baina galdetu zeure buruari: «Sorginek hori egin badezakete, zer da gorputzetik ateratzen dena?». Arima pertsona bera da, ez da gorputzetik atera daitekeen zerbait. Gainera, espiritua gorputza funtzionarazten duen bizi-indarra da, baina ezin du ezertxo ere egin gorputzetik kanpo.
11. Zergatik dakigu sorginek ezin dutela beraien gorputzetik atera? Sinesten al duzu hala dela?
11 Ez arimak, ezta espirituak ere, ezin dute gorputzetik atera ezer egiteko, ez ona, ezta txarra ere. Beraz sorginek ezin dute beraien gorputzetik atera eta, ondorioz, ezin izan dute esaten dutena egin.
12. Nola lortzen du Satanasek jendeari zerbait egin duela sinestaraztea?
12 Nola azaldu dezakegu sorginkeria praktikatu dutenek esaten dutena? Satanasek norbaiti gertatu ez diren bizipenak izan dituela sinestarazi ahal dio. Ikuskarien bidez, gertatu ez dena ikusi, entzun eta egin duela imajinarazi ahal dio jendeari. Era honetara, pertsonak Jehobarengandik urruntzea eta hauei Biblia oker dagoela pentsaraztea lortu nahi du.
13. a) Ona al da magia zuria? b) Zer esaten du Bibliak magiari buruz?
13 Hirugarren gezur bat honakoa da: Magia zuriak beltza baliogabetzen du eta babestu egin gaitzake. Bibliak ez du bereizketarik egiten magia zuria eta beltzaren artean; magia guztia kondenatzen du. Aztertu ditzagun Jehobak Israelgo nazioari magiari buruz eman zizkion legeak:
-
«Ez jardun aztikeria eta sorginkeriatan» (Lebitarrena 19:26).
-
«Sorginkeria eta igarlekerietan jardun dagian gizon nahiz emakumea, heriotz-errudun izango da» (Lebitarrena 20:27, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta, ortografia egokituta).
-
«Ez bedi izan zuen artean geroa igartzeko magiazko baliabide, sorginkeria nahiz aztikeriarik erabiliko duenik, ez liluratzailerik, ezta espirituei edo hildakoei deika dabilkeenik ere» (Deuteronomioa 18:10-14).
14. Zergatik egin zituen Jehobak magiaren kontrako legeak?
14 Lege hauek argi utzi zuten Jainkoak ez zuela bere herriak magia praktikatzetik nahi. Maite zituelako eman zizkien Jehobak lege hauek bere zerbitzariei. Ez zituen beldurraren eta sineskeriaren esklabo izaten ikusterik nahi, ezta deabruen menpe ere
15. Nola erakusten du Bibliak Jehoba Satanas baino boteretsuagoa dela?
15 Nahiz eta Bibliak ez duen zehatz-mehatz esaten deabruek egin dezaketena, Jehoba Satanas eta deabruak baino askoz ere boteretsuagoa dela erakusten du. Adibidez, Satanas zerutik bota zuen (Apokalipsia 12:9). Eta Satanasek Job probatzeko baimena eskatu behar izan zion eta ez hiltzeko agindua ere bete behar izan zuen (Job 2:4-6).
16. Norengana jo behar dugu babes bila?
16 Esaera Zaharrak 18:10ak dio: «Jaunaren izena, gotorleku sendo; bertara joan eta babesten da zintzoa». Beraz, babesa lortzeko Jehobarengana jo behar dugu. Jainkoaren zerbitzariek ez dituzten amuletoak edo botika magikoak erabiltzen Satanas eta deabruengandik babesteko eta ez diote aztiek egin dezaketenari beldurrik. Bibliak esaten duena sinesten dute: «Zeren Jaunaren begiak, lur guztiari begira daude, eta indarra ematen die, bihotz osoarekin beragan sinesten dutenei» (2 Kronikak 16:9, Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta).
17. Zer ziurtatzen digu Santiago 4:7ak eta zer egin behar dugu?
17 Zuk ere ziurtasun hau izan dezakezu Jehoba zerbitzatzen baduzu. Santiago 4:7ak esaten du: «Jar zaitezte, bada, Jainkoaren menpean; egiozue aurre deabruari, eta ihes egingo du zuengandik». Benetako Jainkoa zerbitzatu eta obeditzen baduzu, Jehobak babestuko zaituen konfiantza izan dezakezu.