Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

3. KAPITULUA

Zein da Jainkoaren helburua gizakiontzat?

Zein da Jainkoaren helburua gizakiontzat?

 1. Zer helburu du Jainkoak gizakiontzat?

 JAINKOAK helburu zoragarria du gizakiontzat. Lehen gizon eta emakumea, Adam eta Eba, lorategi eder batean bizitzeko sortu zituen. Beraientzako zuen helburua seme⁠-⁠alabak izatea, lur osoa paradisu bihurtzea eta animaliak zaintzea zen. Bere helburua ez da aldatu (Hasiera 1:28; 2:8, 9, 15; ikusi 6. oharra).

 2. a) Nola jakin dezakegu Jainkoak bere helburua beteko duela? b) Zer dio Bibliak betiko bizitzeari buruz?

2 Noizbait paradisu batean biziko garela uste al duzu? Jehobak hau ziurtatzen digu: «Hala esan dut eta hala gertaraziko, hala erabaki eta hala egingo» (Isaias 46:9-11; 55:11). Bere helburua beteko du eta ez du ezerk geldiaraziko. Jehobak lurra arrazoi jakin batengatik sortu duela dio; «ez du hutsik egoteko sortu» (Isaias 45:18). Lur osoan jendea bizitzea nahi du. Baina zer⁠-⁠nolako jendea eta zenbat denbora bizitzeko? Bibliak dio: «Herrialdearen jabe izango dira zintzoak [edo esanekoak], eta beti bertan biziko» (37. Salmoa 29; Apokalipsia 21:3, 4).

 3. Jendea gaixotu eta hil egiten denez, zer galdera sortzen dira?

3 Baina gaur egun jendea gaixotu eta hil egiten da. Leku askotan gatazkak eta hilketak daude. Hau ez zen Jainkoaren helburua, noski. Zer gertatu zen orduan? Zergatik? Bibliak bakarrik erantzun ditzake galdera hauek.

JAINKOAREN ETSAIA

4, 5. a) Nork hitz egin zuen suge baten bidez Ebarekin Edengo baratzean? b) Nola bihurtu daiteke zintzoa lapur?

4 Bibliak Jainkoak etsai bat duela esaten du, «deabru eta Satanas deritzana». Satanasek suge bat erabili zuen Ebarekin hitz egiteko Edengo baratzean (Apokalipsia 12:9; Hasiera 3:1). Sugea mintzatzen ari zenaren itxurak egin zituen (Ikusi 7. oharra).

5 Orduan, Jainkoak sortu al zuen Satanas? Ez! Jainkoak lurra Adam eta Ebarentzat prestatzean zeruan aingeru ugari zegoen. Hauetako aingeru bat, denborarekin, aldatu eta Deabru bihurtu zen (Job 38:4, 7). Nola gertatu zen hori? Beno, nola bihurtu daiteke gizon zintzoa lapur? Inor ez da lapur jaiotzen. Baina norbaitek berea ez den zerbait bereganatu nahi badu eta horretan pentsatzen jarraitzen badu, desio txar hori handiagotu egiten da. Orduan, aukera sortzean, lapurtu egiten du. Horrela bihurtu daiteke zintzoa lapur (Irakurri Santiago 1:13-15; ikusi 8. oharra).

 6. Nola bihurtu zen aingeru bat Jainkoaren etsai?

6 Hori da aingeru harekin gertatu zena. Jehobak Adam eta Eba sortu zituenean seme⁠-⁠alabak izateko eta lurra betetzeko esan zien (Hasiera 1:27, 28). Aingeru hark agian pentsatuko zuen: «Jende guztiak ni gurtu nazake Jehoba gurtu ordez!». Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta handiagoa zen Jehobari dagokion gurtza bereganatzeko desioa. Ondorioz, Ebari gezurra esan eta engainatu egin zuen (Irakurri Hasiera 3:1-5). Hori egitean Satanas Deabrua bihurtu zen, Jainkoaren etsaia.

 7. a) Zergatik hil ziren Adam eta Eba? b) Zergatik zahartzen eta hiltzen gara?

7 Adam eta Ebak desobeditu eta Jainkoak galarazitako fruitua jan zuten (Hasiera 2:17; 3:6). Jainkoaren aurka bekatu egin eta, Jehobak esan bezala, denborarekin hil egin ziren (Hasiera 3:17-19). Adam eta Ebaren seme⁠-⁠alabak ere bekatariak zirenez hil egin ziren (Irakurri Erromatarrei 5:12). Hori ulertzeko jar dezagun adibide bat. Pentsa ezazu kolpe edo akats bat duen molde batean egiten duzula ogia. Molde horretan egiten den ogiak akats bera edukiko du. Adam Jainkoaren esaneko izan ez zenean bekatari bihurtu zen. Adamen ondorengoak garenez, bekatariak gara, bere akats bera dugu guztiok. Eta guztiok bekatariak garenez, zahartu eta hil egiten gara (Erromatarrei 3:23; ikusi 9. oharra).

8, 9. a) Zer nahi zuen Satanasek Adam eta Ebak pentsatzea? b) Zergatik ez zituen Jehobak errebeldeak berehala hil?

8 Satanasek Jehobaren aurkako matxinada hasi zuen. Adam eta Ebarengan eragin zuen Jainkoa desobeditu zezaten. Adam eta Ebak Jehoba gezurtia eta agintari txarra dela pentsatzea nahi zuen, ez zuela beraientzako hoberena nahi. Zer gehiago eman nahi izan zien aditzera? Alde batetik, Jainkoak gizakiei zer egin behar duten ez diela zertan esan behar. Bestetik, Adam eta Ebak euren kabuz ongi eta gaizki dagoena erabaki zezaketela. Zer egingo zuen Jehobak? Errebeldeak hil eta matxinada bukatu zezakeen. Baina frogatuko ote zuen horrela Satanas gezurtia dela? Ez.

9 Jehobak ez zituen errebeldeak berehala hil. Horren ordez, euren buruak gobernatzeko denbora eman zien. Honek Satanas gezurtia dela eta Jehobak gizakiontzako hoberena zer den dakiela frogatuko zuen. Honi buruz 11. kapituluan ikasiko dugu gehiago. Baina zer iruditzen zaizu Adam eta Ebaren erabakia? Arrazoirik ote zuten Satanasi sinetsi eta Jehoba desobeditzeko? Zuten guztia Jehobak emana zen. Bizitza perfektua, bizitzeko toki ederra eta gozatzeko moduko lana eman zien. Baina Satanasek ez zuen inoiz beraien alde ezer onik egin. Han egon izan bazina, zer egingo zenukeen?

10. Zer erabaki garrantzitsu hartu behar du gutako bakoitzak?

10 Gaur egun, gutako bakoitzak antzeko erabakia hartu behar du. Gure bizia hartutako erabakiaren baitan dago. Jehoba gure agintari izatea eta obeditzea erabaki dezakegu Satanas gezurtia dela frogatzen lagunduz. Edo gure agintaria Satanas izatea aukeratu dezakegu (73. Salmoa 28; irakurri Esaera Zaharrak 27:11). Mundu honetako oso jende gutxi da Jainkoaren esaneko. Izan ere, bera ez da mundu honen agintaria. Baina Jainkoa ez bada, nor ote da?

NOR DA MUNDUKO AGINTARIA?

Lurreko erreinu guztiak Satanasenak ez balira, nolatan eskainiko zizkion Jesusi?

11, 12. a) Zer ikasten dugu Satanasek Jesusi egindako eskaintzatik? b) Zer pasartek erakusten dute Satanas dela munduko agintaria?

11 Jesusek bazekien nork gobernatzen duen mundua. Behin, Satanasek «munduko erreinu guztiak beren handi⁠-⁠ederrean erakutsi» zizkion. Orduan, honakoa promestu zion: «Hori guztia emango dizut, ahuspezturik gurtzen banauzu» (Mateo 4:8, 9; Lukas 4:5, 6). Erreinu horiek Satanasenak ez balira, Jesusi eskaintzerik izango ote zuen? Ez. Gobernu guztiak Satanasenak dira.

12 Agian pentsatuko duzu: «Nola izan daiteke Satanas munduko agintaria? Ez al da Jehoba unibertsoa sortu zuen Jainko Ahalguztiduna?» (Apokalipsia 4:11). Bai, hala da. Baina Jesusek Satanas «mundu honetako buruzagia» dela esan zuen argi eta garbi (Joan 12:31; 14:30; 16:11). Paulo apostoluak Satanas Deabrua «mundu honetako jainkoa» dela esan zuen (2 Korintoarrei 4:3, 4). Eta Joan apostoluak «mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela» idatzi zuen (1 Joan 5:19).

SATANASEN MUNDUAREN AMAIERA

13. Zergatik behar dugu mundu berri bat?

13 Mundu hau gero eta arriskutsuagoa da. Gerra, ustelkeria, itxurakeria eta biolentzia besterik ez ditugu ikusten. Berdin da zenbat saiatzen diren, gizakiak ezin dira arazo hauetaz libratu. Baina Jainkoak mundu gaizto hau suntsituko du laster Harmagedonen eta bizitza hobea ekarriko digun mundu berri batekin ordezkatuko du (Apokalipsia 16:14-16; ikusi 10. oharra).

14. a) Nor aukeratu du Jainkoak Erreinuko errege izateko? b) Zer aurresan zuen Bibliak Jesusi buruz?

14 Jehobak Jesu Kristo aukeratu zuen zeruko bere gobernu edo Erreinuko errege izateko. Milaka urte lehenago, Jesus «Errege bake⁠-⁠emaile» izango zela eta bere agintea ez zela inoiz amaituko aurresan zuen Bibliak (Isaias 9:6, 7). Jesusek gobernu honen alde otoitz egiten irakatsi zien bere jarraitzaileei: «Etorrarazi zeure erregetza; betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala» (Mateo 6:10). Zortzigarren kapituluan, Jainkoaren Erreinuak munduko gobernuak ordezkatuko dituela ikasiko dugu (Irakurri Daniel 2:44NW ). Orduan, Jainkoaren Erreinuak lurra paradisu bilakatuko du (Ikusi 11. oharra).

MUNDU BERRIA HURBIL DAGO!

15. Zer da «lur berria»?

15 Bibliak promes hau egiten du: «Zeru⁠-⁠lur berrien zain gaude; han dena Jainkoaren nahiaren arabera izango da» (2 Pedro 3:13; Isaias 65:17). Bibliak «lurra» aipatzen duenean, lurrean bizi den jendeaz ari da batzuetan (Deuteronomioa 32:1). Beraz, «lur berria» Jainkoaren esaneko izango den jende guztiak osatuko du. Hauek Jehobaren bedeinkapena izango dute.

16. Zer opari zoragarri emango die Jainkoak mundu berrian biziko direnei eta zer egin behar dugu opari hori jasotzeko?

16 Jainkoaren mundu berrian bizi direnei «betiko bizia» emango zaiela promestu zuen Jesusek (Markos 10:30). Zer egin behar dugu opari hori jasotzeko? Irakurri Joan 3:16 eta 17:3 erantzuna aurkitzeko. Ikus dezagun nolakoa izango den bizitza lurrean izango den paradisuan Bibliaren arabera.

17, 18. Nola dakigu lur osoan bakea egongo dela eta babesturik sentituko garela?

17 Gaiztakeria, gerra, delitua eta biolentzia desagertuko dira. Munduan ez da jende gaiztorik geratuko (Esaera Zaharrak 2:21, 22). Jainkoak «mundu osoan guduak geldiarazi» egingo ditu (46. Salmoa 10 [46: 9, NW ]; Isaias 2:4). Lurra Jainkoa maite duen eta bere esaneko den jendez beterik egongo da. Bakea egongo da betiko (72. Salmoa 7).

18 Jehobaren herria babesean biziko da. Biblia garaian israeldarrek Jainkoa obeditzen zutenean, lasai bizi ziren berak babesten zituelako (Lebitarrena 25:18, 19). Paradisuan ez gara inoren ez ezeren beldur izango. Seguru sentituko gara beti! (Irakurri Isaias 32:18; Mikeas 4:4).

19. Zergatik egon gaitezke ziur Jainkoaren mundu berrian janari ugari egongo dela?

19 Janari ugari egongo da. «Izan bedi gari ugari lurraldean, mendi gainetan kulunkan» (72. Salmoa 16). Jehobak, «gure Jainkoak», bedeinkatuko gaitu eta «lurrak bere fruitua» emango du (67. Salmoa 7 [67:6, NW ]).

20. Nola dakigu lurra paradisu bihurtuko dela?

20 Lur osoa paradisu bihurtuko da. Jendeak etxe eta lorategi ederrak edukiko ditu (Irakurri Isaias 65:21-24; Apokalipsia 11:18). Lur osoa Edengo baratzea bezain ederra izango da. Jehobak behar dugun guztia emango digu beti. Bibliak berari buruz dio: «Eskua zabaldu eta bizidun oro onginahiz asetzen duzu» (145. Salmoa 16).

21. Nola dakigu gizaki eta animaliak bakean biziko direla?

21 Gizaki eta animaliak bakean biziko dira. Animaliek ez diete gizakiei minik egingo. Haur txikiak lasai ibiliko dira gaur egun arriskutsuak diren animalien ondoan ere (Irakurri Isaias 11:6-9; 65:25).

22. Zer egingo du Jesusek gaixo daudenen alde?

22 Inor ez da gaixotuko. Jesusek jende asko sendatu zuen lurrean egon zenean (Mateo 9:35; Markos 1:40-42; Joan 5:5-9). Baina Jainkoaren Erreinuaren Errege izanik mundu guztia sendatuko du. Inork ez du «gaixo nago» esango (Isaias 33:24; 35:5, 6).

23. Zer egingo du Jainkoak hildakoen alde?

23 Hildakoak berriro biziko dira. Jainkoak hil diren milioika pertsona berpiztuko dituela promesten du. «Zuzenen eta zuzenak izan ez zirenen berpizkunde bat egongo da» (Irakurri Joan 5:25; Eginak 24:15NW ).

24. Zer iruditzen zaizu paradisuan bizitzeko aukera?

24 Guztiok aukeratu behar dugu: Jehobari buruz ikasi eta bera zerbitzatu, edo nahi duguna egin. Jehoba zerbitzatzea aukeratzen badugu, etorkizun paregabea izan dezakegu. Gizon batek hil ondoren bera oroitzeko eskatu zionean, Jesusek hitzeman zion: «Nirekin izango zara paradisuan» (Lukas 23:43). Ezagutu dezagun gehiago Jesu Kristo, baita Jainkoaren promesa zoragarriak nola beteko dituen ere.