6. KAPITULUA
Non daude hildakoak?
-
Zer gertatzen zaigu hil ondoren?
-
Zergatik hiltzen gara?
-
Kontsolagarri ote zaigu heriotzari buruz egia zein den ezagutzea?
1-3. Zein galdera egiten ditu jendeak hildakoei buruz eta zein erantzun ematen dituzte hainbat erlijiok?
ANTZINA-ANTZINATIK jendeak egin izan dituen galderak dira hauek. Oso galdera garrantzitsuak dira. Galdera horien erantzunek eragina dute guztiongan, nor garen edo non bizi garen axola gabe.
2 Jesu Kristok eskainitako erreskateari esker, betiko bizitzeko bidea zabaltzen zaigula aztertu dugu aurreko kapituluan. Bibliak «heriotzarik [ez dela] izango» iragarri zuela ere ikasi dugu (Apokalipsia 21:4). Hori gertatu artean, gizaki guztiok hiltzen gara. «Badakite biziek hil beharra dutela» esan zuen Salomon errege jakintsuak (Kohelet 9:5). Ahalik eta gehien bizitzen saiatzen gara hala ere. Eta bien bitartean, jakin-mina pizten zaigu: «Zer gertatuko zaigu hil ondoren?».
3 Maite dugun norbait hildakoan, tristatu egiten gara eta, agian, honakoa pentsatzen dugu: «Zer gertatu zaio? Sufritzen ari ote da? Babesten al gaitu? Lagundu al dezakegu? Ikusiko al dugu berriz ere?». Munduan zehar dauden erlijioek erantzun desberdinak ematen dizkiete galdera hauei. Batzuek, zintzoak zerura eta gaiztoak infernura joango direla irakasten dute. Beste erlijio batzuek, berriz, hildakoak espirituen mundura doazela beraien arbasoekin batera diote. Eta beste batzuen arabera, hildakoak beste mundura doaz epaituak izatera, ondoren beste gorputz batean berriz jaiotzeko.
4. Zein oinarrizko ideian daude ados hainbat erlijio?
4 Erlijio-irakaskuntza horiek guztiak oinarrizko ideia batean ados daude: gure gorputzeko atal batek, gorputzaren heriotzaren ondoren, bizirik irauten duela. Bai antzinako eta bai gaur egungo erlijio gehientsuen ustez, betiko bizi gara nolabait eta ikusi, entzun eta pentsatzeko gaitasunak mantentzen ditugu. Baina posible ote da hori? Gure zentzuak, pentsamenduekin batera, gure garunaren menpe daude. Hil ondoren, garunak lana egiteari uzten dio. Eta noski, gure oroimen, sentimendu eta zentzuek ez dute modu misteriotsu batean lanean jarraitzen! Beraz, gure garuna hiltzen denean hauek ere hiltzen dira.
ZER GERTATZEN DA HIL ONDOREN?
5, 6. Zer da hildakoen egoerari buruz Bibliak irakasten duena?
5 Hil ondoren gertatzen dena ez da misteriotsua Jehobarentzako, garunaren sortzailearentzako. Berak, egia zein den badaki eta bere Hitzean, Biblian, hildakoen egoera adierazten du. Honakoa irakasten du argi eta garbi: pertsona bat hildakoan, existitzeari uzten dio. Heriotza bizitzaren aurkakoa da. Beraz, hildakoek ez dute ikusten, entzuten edo pentsatzen. Gorputza hil ondoren, ez dugu bizirik irauten duen atalik eta hortaz, ez dugu hil ezin daitekeen arima edo espiriturik. a
6 Bizidunek badakitela hilko direla adierazi ondoren, Salomonek hau idatzi zuen: «Hilek, ordea, ez dakite ezer». Jarraian, egia hori hobeto azaldu zuen. Berak esandakoaren arabera, hildakoek ezin dute ez maitatu ezta gorrotatu ere eta, gainera, ez dago ez «lanik, ez gogoetarik, ez zientziarik, ezta jakinduriarik ere» hilobian (Irakurri Kohelet 9:5, 6, 10). Era berean, gizakiei hildakoan gertatzen zaienari buruz, hau dio 146. Salmoa 4ak: «Akabo orduan haien egitasmoak». Hilkorrak gara eta gure gorputza hiltzean ez dugu bizirik irauten. Gure bizitza kandela baten sugarraren parekoa da. Sugarra itzaltzean, ez doa inora. Existitzeari uzten dio.
ZER ESAN ZUEN JESUSEK HERIOTZARI BURUZ?
7. Nola azaldu zuen Jesusek hildakoen egoera?
7 Jesu Kristok hildakoen egoeraz hitz egin zuen. Adibidez, Lazaro bere laguna hil zenean, bere ikasleei hau esan zien: «Lazaro gure adiskidea loak hartu du». Lazaro gaixo izango zela pentsatu zuten ikasleek. Eta horregatik, atseden hartzen lo zegoela uste zuten. Baina oker zeuden. Jesusek azaldu zien: «Lazaro hil egin da» (Irakurri Joan 11:11-14). Kontuan hartu Jesusek heriotza lo egitearekin konparatu zuela. Lazaro ez zegoen ez zeruan ezta infernuan ere. Ez zen aingeruekin edota bere arbasoekin elkartu. Eta ez zen beste gizaki bat bezala berriro jaio ere. Heriotzan atseden hartzen ari zen, lo sakonean egongo balitz bezala, baina amets egin gabe. Beste pasarte batean ere, Jesusek heriotza lo egitearekin parekatu zuen. Jesusek Jairoren alaba berpiztu zuenean, hau esan zuen: «Ez egin negarrik; ez dago hilda, lo dago» (Lukas 8:52, 53).
8. Nola dakigu Jehobaren asmoa ez zela pertsonak hil zitezela?
8 Baina Jehobaren asmoa al zen pertsonak hil zitezela? Ez horixe! Jehobak gizakia lurrean betiko bizitzeko sortu zuen. Liburu honetan lehenago ikusi dugun bezala, Jainkoak paradisu zoragarrian ipini zuen lehenengo bikotea osasun osoaz bedeinkatuz. Jehobak onena nahi zuen beraientzat. Pentsatu, nahiko al luke aita maitekor batek zahartzeak eta hiltzeak dakartzaten minak bere haurrek jasatea? Ezta pentsatu ere! Jehobak bere seme-alabak maite ditu eta lurrean betiko zoriontasunaz goza dezaten nahi du. Gizakiei buruz, Bibliak honakoa dio: Jehobak «eternitatea jarri du beraien bihotzean» (Kohelet 3:11, NW). Jainkoak betiko bizitzeko desioarekin sortu gintuen eta desio hori betetzeko bidea ireki du.
ZERGATIK HILTZEN GARA GIZAKIOK?
9. Zein debeku ezarri zion Jehobak Adami eta zergatik ez zen zaila agindu hori betetzea?
9 Orduan, zergatik hiltzen gara? Erantzuna aurkitzeko, lurrean gizon bat eta emakume bat soilik bizi ziren garaira itzuli behar dugu. Bibliak hauxe adierazten du: Jehobak «orotariko zuhaitzak sorrarazi zituen lurretik, ikusgarriak eta fruitu gozodunak» (Hasiera 2:9). Halere, debeku bat ezarri zuen. Adami honakoa esan zion Jehobak: «Baratzeko zuhaitz guztietatik jan dezakezu; baina ez jan dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik; hartatik jaten baduzu, hil egingo zara» (Hasiera 2:16, 17). Agindu hau betetzea ez zen zaila. Adam eta Ebak beste zuhaitz askotatik jan zezaketen. Eta orain aukera berezia zuten Jainkoari esker ona agertzeko, izan ere, zeukaten guztia, bizitza perfektua barne, eman baitzien. Esanekoak baziren, beraien Aitaren agintea errespetatzeaz gain, Berak maitasunez emandako argibideak jarraitu nahi zituztela ere erakutsiko zuten.
10, 11. a) Nola gertatu zen Adam eta Ebak Jainkoaren esana ez betetzea? b) Zergatik zen larria Adam eta Ebak Jainkoaren esana ez betetzea?
10 Tamalez, lehendabiziko bikoteak Jehobaren esana ez betetzea aukeratu zuen. Suge baten bidez hitz eginez, Satanasek galdetu zion Ebari: «Jainkoak debekatu egin dizue, beraz, baratzeko arbola guztietako fruituetarik jatea?». Ebak erantzun zion: «Ez, jan dezakegu baratzeko arboletako fruituetarik. Baratze erdian dagoen zuhaitzaz bakarrik esan digu Jainkoak: “Ez jan horretatik, ezta ukitu ere, hil nahi ez baduzue”» (Hasiera 3:1-3).
11 «Ez zarete inolaz ere hilko» esan zion Satanasek. «Ongi daki Jainkoak, hartatik jan dezazuenean, begiak zabalduko zaizkizuela, eta bera bezalako bihurtuko zaretela, dena ezagutzeko ahalmena lortuz» (Hasiera 3:4, 5). Fruitutik janez gero onurak aterako zituela sinestarazi nahi zion Ebari Satanasek. Berak esandakoaren arabera, Ebak zuzena eta okerra zer zen aukera zezakeen bere kabuz; nahi zuena egin zezakeen. Satanasek, gainera, Jehoba gezurtitzat salatu zuen. Nola? Fruitua jatearen ondorioei buruz gezurra esan zuela aditzera eman zuen. Ebak Satanas sinestu zuen. Beraz, fruituetariko bat hartu eta jan egin zuen. Ondoren, bere senarrari eman eta honek ere jan zuen. Ez zuten ezjakintasunez jokatu. Bazekiten Jainkoak ez egiteko agindu ziena, horixe egiten ari zirela. Baina fruitua jatean, nahita desobeditu zuten agindua, nahiz eta hau betetzeko erraza eta zentzuzkoa izan. Errespetu falta erakutsi zioten beraien Aita maitekorraren aginteari. Beraien Sortzailearen aurkako lotsagabekeria horrek ez zuen aitzakiarik!
12. Azaldu adibide batekin nola sentitu zen Jehoba Adam eta Ebaren jokabidearengatik.
12 Pentsa ezazu zuk hezi eta zaindu duzun seme edo alabak zure esana ez duela betetzen, zuri errespetu eta maitasun falta erakutsiz. Nola sentituko zinateke? Tristatuta, ezta? Eta Adam eta Ebak Jainkoak erakutsitakoaren kontrako bidea aukeratu zutenean, nola sentituko ote zen Jehoba? Bihozmindurik, noski!
13. Zer esan zion Jehobak Adami gertatuko zitzaiola hil ondoren eta zer esan nahi du honek?
13 Adam eta Eba esanekoak izan ez zirenez, Jehobak ez zituen zertan betiko bizitzen utzi behar. Hortaz, denborarekin hil egin ziren, Berak esan bezala. Baina ez ziren espirituen mundura joan. Adam eta Ebak existitzeari utzi zioten. Zergatik dakigu hau? Jehobak Adami kontuak eskatu zizkionean, honakoa esan ziolako: «Zeure bekokiko izerdiz jango duzu ogia, lurrera itzuli arte, handik izan zara hartua eta: hautsa zara eta hautsera itzuliko zara» (Hasiera 3:19). Jainkoak Adam lurreko hautsetik sortu zuen (Hasiera 2:7). Aurretik, Adam ez zen existitzen. Beraz, Jehobak Adam hautsera itzuliko zela esatean, Adam sortu aurreko egoerara berriz ere itzuliko zela esan nahi zuen. Beraz, ez zen existituko.
14. Zergatik hiltzen gara?
14 Adam eta Ebak bizirik jarrai zezaketen gaur egun. Baina Jainkoaren esana ez betetzea aukeratu zutelako eta, beraz, bekatu egin zutelako hil ziren. Eta gu, zergatik hiltzen gara? Adam bekatari bilakatu zen. Bekatua, heredatzen den gaixotasun latzaren parekoa da. Hartatik ihes egitea ezinezkoa da. Horregatik gu, Adamen ondorengoak garenez, bekatua eta, ondorioz, heriotza heredatu ditugu (Irakurri Erromatarrei 5:12). Heriotza ez da laguna, etsaia baizik. Madarikazioa da (1 Korintoarrei 15:26). Jehobak gu etsai bihozgabe horretatik askatzeko, erreskatea eman digu. Ez al genioke gure esker ona azaldu beharko? Bai horixe!
HERIOTZARI BURUZ EGIA ZEIN DEN JAKITEA LAGUNGARRI ZAIGU
15. Zergatik baretzen digu bihotza hildakoen egoerari buruz egia zein den ezagutzeak?
15 Bibliak hildakoen egoerari buruz irakasten duenak bihotza baretzen digu. Jada aztertu dugun bezala, hildakoek ez dute ez sufritzen ezta minik jasaten ere. Ez daukagu zertan beraien beldur izan behar, ezin baitigute min eman. Ez dute gure laguntzaren beharrik eta ezin digute lagundu. Ezin dugu beraiekin hitz egin, ezta haiek gurekin ere. Hainbat erlijio-buruk hildakoak lagundu ditzaketela esaten dutenez, gezur horiek sinestuta, jendeak dirua ematen die. Baina egia zein den ezagutzen badugu, gezur horiek irakasten dituztenen trikimailuetatik libratuko gara.
16. Nork eragin du erlijio askoren irakaskuntzan eta zein eratara?
16 Bat al dator zure erlijioa Bibliak hildakoei buruz irakasten duenarekin? Gehienak ez datoz bat. Zergatik? Beraien irakaskuntzek Satanasen eragina jasan baitute. Deabruak erlijio faltsua erabiltzen du, hil ondoren, espirituen munduan bizitzen jarraituko dutela sinestu dezaten pertsonek. Hau, noski, gezurra da. Baina Satanasek gizakiok Jehobarengandik aldentzeko erabiltzen du, beste gezur batzuekin batera. Nola egiten du hori?
17. Zergatik iraintzen du infernuaren irakaskuntzak Jehoba?
17 Aurrez aztertutakoaren arabera, erlijio batzuek gaiztoak hil ondoren infernura, betiko sufritzera, doazela irakasten dute. Irakaskuntza honek Jehoba iraintzen du, Jainko maitekorra izanik, inoiz ez bailituzke pertsonak modu horretan zigortuko (Irakurri 1 Joan 4:8). Gizon batek bere haurra esanekoa ez izateagatik eskuak errez zigortuko balu, zer pentsatuko zenuke gizon hartaz? Izango al zenioke errespeturik? Ezagutu ere nahiko al zenuke? Inondik ere ez! Bihozgabea dela pentsatuko zenuke, ziur. Satanasen nahia horixe bera da: Jehobak infernuan milioika urtez, betiko, pertsonak sufriarazten dituela guk sinestea!
18. Zein gezurretan dago oinarrituta hildakoen gurtza?
18 Satanasek hildakoak espiritu bilakatzen direla irakasteko erabiltzen ditu erlijio batzuk. Beraien ustez, espiritu horiek errespetatu behar dira, baita ohoratu ere. Irakaskuntza honen arabera, hildakoen espirituak lagun boteretsu edo etsai beldurgarri bilaka daitezke. Askok gezur hori sinesten dute eta, beraz, hildakoen beldur dira. Ohoratu eta gurtu egiten dituzte. Baina Bibliak hildakoak lo daudela eta Jehoba bakarrik gurtu behar dugula irakasten digu, bera baita benetako Jainkoa, gu sortu eta guztia eman diguna (Apokalipsia 4:11).
19. Heriotzari buruz egia zein den ezagutzeak, zein beste biblia-irakaskuntza ulertzen laguntzen digu?
19 Hildakoei buruz egia zein den ezagutzeak erlijioen gezurretatik babesten gaitu. Bibliako beste irakaskuntza batzuk ulertzen ere laguntzen digu, esate baterako, lurrean izango den paradisuan betiko bizitzeko promesa. Itxaropen honek benetako zentzua izango du, hildakoak espirituen mundura bizitzera ez doazela jakiten dugunean.
20. Zein galdera aztertuko dugu hurrengo kapituluan?
20 Duela asko, Job gizon zintzoak honakoa galdetu zuen: «Baina hildako gizakia berpiztuko ote da?» (Job 14:14). Heriotzan lo daudenak berriz ere biziko al dira? Bibliak gai honi buruz irakasten duenak bihotza baretzen digu. Hori da hurrengo kapituluan aztertuko duguna.
a «Arima» eta «espiritu» hitzei buruz gehiago jakiteko, jo ezazu eranskinaren «Zer esan nahi dute «arima» eta «espiritu» hitzek?» artikulura.