Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

79. PASARTEA

Jesusek mirari asko egin zituen

Jesusek mirari asko egin zituen

Jainkoaren Erreinuari buruzko berri onak zabaltzera etorri zen Jesus lurrera. Jehobak mirariak egiteko espiritu santua eman zion, era honetara, errege denean egingo duena azaltzeko. Edozein gaixotasun senda zezakeen. Gaixoak laguntza eske joaten zitzaizkion edonon zegoela eta Jesusek guztiak sendatzen zituen. Itsuek ikusi eta gorrek entzun egiten zuten. Gainera, elbarriak ibili egiten ziren eta deabruen menpean zeudenak askatu egiten zituen. Soinekoaren ertza ukitzea nahikoa zuten sendatuak izateko. Jendeak leku guztietara jarraitzen zuen Jesus. Bakarrik egon nahi zuenean ere, ez zuen inor alde batera uzten.

Behin, gizon elbarri bat eraman zuten Jesus zegoen etxera. Baina hainbeste jende zegoen etxean, ezin izan zutela barrura sartu. Beraz, teilatuan zuloa egin eta zulotik behera jaitsi zuten elbarria Jesusenganaino. Orduan, Jesusek honakoa esan zion gizonari: «Jaiki eta ibil zaitez». Jendea txunditurik gelditu zen oinez zebilela ikusi zutenean.

Beste behin, herri batean sartzerakoan, hamar gizon legendunek urrutitik oihu egin zioten: «Jesus, lagundu!». Garai hartan, legendunak ezin ziren jendearengana gerturatu. Jesusek tenplura joateko esan zien gizon haiei. Izan ere, legendunak sendatuak izan ondoren hori egin behar zutela esaten zuen Jainkoaren Legeak. Bidean zihoazela, sendatuak izan ziren. Legendunetariko bat hortaz ohartu zenean, Jesusi eskerrak eman eta Jainkoa goresteko itzuli zen. Hamar gizon haietatik honek bakarrik eskertu zion Jesusi egindakoa.

12 urte gaixo zeramatzan emakume batek nola edo hala sendatu nahi zuen. Jendetzaren artean atzetik hurbildu eta soinekoaren ertza ukitu zion Jesusi. Sendatua izan zen berehala. Hau gertatzean, Jesusek galdetu zuen: «Nork ukitu nau?». Emakumea izuturik zegoen, baina Jesusengana gerturatu eta egia aitortu zion. Jesusek honakoa esanez lasaitu zuen: «Ene alaba, zoaz bakean».

Jairo izeneko buruzagi batek Jesusi honakoa erregutu zion: «Etor zaitez nire etxera. Nire alaba txikia hilzorian dago». Baina Jesus Jairoren etxera heldu baino lehen hil zen neskatxa. Bertara iritsi zenean, jende asko familiarekin batera negar egitera etorria zela ikusi zuen. Honakoa esan zien: «Ez egin negarrik, neskatoa lo dago». Orduan, neskari eskutik helduz, esan zion: «Neskatxa, jaiki zaitez!». Berehala zutitu egin zen eta Jesusek neskatilari janari pixka bat emateko esan zien gurasoei. Nola uste duzu sentitu zirela guraso haiek?

«Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen» (Eginak 10:38).