77. PASARTEA
Putzu ondoko emakumea
Pazkoa ospatu eta denbora batera, Jesus eta bere jarraitzaileek Samarian zehar bidaiatu zuten Galileara itzultzeko. Sikar izeneko hiritik gertu, Jakoben putzua izeneko tokian gelditu zen Jesus atseden hartzeko. Bitartean, jarraitzaileak hirira joan ziren janaria erostera.
Hortan, emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion: «Emadazu edaten». Emakumeak orduan: «Zergatik hitz egiten didazu? Samariar emakumea naiz. Juduek ez duzue samariarrekin hitz egiten». Jesusek erantzun zion: «Nor naizen jakingo bazenu, edatekoa eskatuko zenidake eta bizia ematen duen ura emango nizuke». «Zer esan nahi duzu? Ez duzu ura ateratzeko ontzirik» jarraitu zuen emakumeak. Jesusek orduan: «Nik emango diodan uretik edango duena, ez da sekula egarri izango». Hortaz, emakumeak esan zion: «Emadazu ur horretatik».
Jesusek esan zion: «Ekar ezazu senarra putzura». Emakumeak erantzun: «Ez dut senarrik». Jesusek orduan: «Egia esaten ari zara. Bost aldiz egon zara ezkondua, baina orain ezkondua ez zauden gizon batekin bizi zara». Emakumeak esan zion: «Profeta zarela ikusten dut. Nire herriak Jainkoa mendi honetan gurtu dezakegula sinesten du, baina juduek Jerusalemen soilik gurtu dezakegula esaten dute. Badakit Mesias etortzen denean, non gurtu behar dugun irakatsiko digula». Jarraian, Jesusek inori esan ez zion zerbait adierazi zion: «Ni naiz Mesias».
Emakumea hirira joan zen laster batean eta honakoa esan zien bertakoei: «Mesias aurkitu dudala uste dut. Guztia daki nitaz. Zatozte ikustera!». Orduan, putzura jarraitu zioten eta Jesusek irakasten zuena entzun zuten.
Samariarrek hirian gelditzeko eskatu zioten Jesusi. Bi egunez egon zen han irakasten eta jende askok fedea ipini zuen berarengan. Honakoa esan zioten emakume samariarrari: «Gizon honi entzun ondoren, badakigu hauxe dela munduaren salbatzailea».
«“Zatoz!” Egarri dena betor, eta har beza doan, nahi badu, biziaren ura» (Apokalipsia 22:17).