75. PASARTEA
Deabruak Jesus tentatu zuen
Espiritu santuak basamortura zuzendu zuen Jesus bataiatu eta gero. Ez zuen ezertxo ere jan 40 egunez eta, azkenean, gose handia zuen. Orduan, Deabrua tentatzera joan zitzaion: «Benetan Jainkoaren Semea bazara, esan harri hauei ogi bihurtzeko». Baina Jesusek Idazki Santuetan idatzirik dagoena erantzun zion: «Gizakiak bizitzeko janaria baino gehiago behar duela dago idatzita. Jehobak esaten duen guztia entzun behar dugu».
Gero, Deabruak Jesusi erronka bota zion: «Benetan Jainkoaren Semea bazara, bota ezazu zeure burua tenpluko tokirik garaienetik behera. Izan ere, Jainkoak bere aingeruak zu besoetan eramateko bidaliko dituela dago idatzita». Baina Jesusek Idazkiak aipatu zituen berriro: «Ez dugula Jehoba tentatu behar dago idatzita».
Ondoren, Satanasek munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion, hauen aberastasun eta handitasunarekin. Esan zion: «Erreinu hauek guztiak eta euren handitasuna emango dizkizut behin bakarrik gurtzen banauzu». Baina, Jesusek erantzun zion: «Alde hemendik, Satanas! Jehoba bakarrik adoratu behar dugula dago idatzita».
Orduan, Deabrua joan egin zen eta aingeruak etorri ziren Jesusi janaria ekarriz. Handik aurrera, Jesusek Erreinuari buruzko berri onak predikatu zituen. Izan ere, hau izan zen Jehobak lurrean egiteko agindu zion lana. Jendeak Jesusek irakasten ziona asko atsegin zuen. Beraz, joaten zen leku guztietara jarraitzen zioten.
«[Deabruak] gezurra dioenean, bere-berea duenetik ari da, gezurti baita, eta gezurraren aita» (Joan 8:44).