21. PASARTEA
Hamargarren izurria
Moisesek ez zela berriz bera ikusten saiatuko hitz eman zion faraoiari. Baina joan aurretik hau esan zion: «Gauerdian, Egiptoko lehen-seme guztiak, faraoiaren lehen-semetik hasi eta esklaboaren lehen-semeraino, hil egingo dira».
Jehobak afari berezia egiteko esan zien israeldarrei: «Hil urtebeteko bildots edo antxume arra eta busti atearen gaina bere odolarekin. Erre haragia sutan eta jan ezazue legamia gabeko ogiarekin. Egon jantzita, oinetakoak ere ipinita, irteteko prest. Gau honetan bertan askatuko zaituztet». Imajina al dezakezu israeldarren zirrara?
Jehobaren aingerua Egiptoko etxe guztietara joan zen gauerdian. Ate gainean odolik ez zegoen etxeetan lehen-semea hil egin zen. Baina aingerua ez zen sartu ate gaina odolez bustita zuten etxeetan, aurrera egin zuen. Egiptoko familia guztiek, bai aberatsek, baita behartsuek ere, lehen-semea galdu zuten. Baina israeldarren haurrik ez zen hil.
Faraoiaren lehen-semea ere hil egin zen. Guzti hau jasanezina egin zitzaion faraoiari. Beraz, hau esan zien Moises eta Aaroni: «Alde hemendik! Zoazte zuen Jainkoa gurtzera. Hartu zeuen animaliak eta joan zaitezte!».
Ilbetea zen Egiptotik irten ziren gau hura. 600.000 gizon ziren, baita emakume eta haur asko ere, familia eta tribuetan antolatuta. Israeldar guzti hauekin batera, jende asko zihoan Jehoba gurtzeko asmoz. Azkenik, aske ziren!
Jehobak nola askatu zituen gogoratzeko, urtero afari berezi berdina egin behar zuten. Pazkoa deitu zitzaion, «aurrera egin» esan nahi baitu.
«Honetarako utzi zaitut bizirik: nire ahalmena erakusteko eta mundu osoak nor naizen jakin dezan» (Erromatarrei 9:17).