18. PASARTEA
Sasia sutan
Moises Madianen bizi izan zen 40 urtez eta bertan ezkondu eta haurrak izan zituen. Egun batean, Sinai mendian bere artaldea zaintzen ari zen bitartean, harrigarria zen zerbait ikusi zuen. Sasi bat sutan egon arren, ez zen erretzen! Ikustera gerturatu zenean, ahots bat entzun zuen sasi artetik honakoa esanez: «Moises, ez hurbildu! Erantzi oinetakoak, zauden lekua lur santua baita». Jehoba ari zitzaion hitz egiten aingeru baten bidez!
Moises beldurtu egin zenez, aurpegia estali zuen. Ahotsak esan zion: «Ikusi dut israeldarren atsekabea. Egiptoarren eskuetatik libratu eta lurralde on batera eramango ditut. Zu zara nire herria Egiptotik aterako duena». Nola sentitu ote zen Moises? Harriturik, noski!
Moisesek galdetu zion: «Zer esango dut jendeak nork bidali nauen galdetzean?». Jainkoak erantzun: «Esaiezu Jehobak, Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak bidali zaituela». Moisesek orduan: «Eta jendeak ez badit entzuten, zer?». Lagunduko ziola jakiteko, Jehobak froga bat eman zion. Makila lurrera botatzeko esan zion eta, bat-batean, makila suge bihurtu zen! Moisesek sugea isatsetik heltzean, makila bihurtu zen berriro. Jehobak, orduan, esan zion: «Mirari honek nik bidali zaitudala frogatuko du».
Moisesek esan zion: «Baina ni ez naiz hizketan trebea». Jehobak, hortaz, hau hitz eman zion: «Nik adieraziko dizut zer esan eta zure anaia Aaron bidaliko dut zuri laguntzeko». Jehoba bere alde zegoela jakinda, Moises Egiptora itzuli zen emaztea eta semeak harturik.
«Ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan» (Mateo 10:19).