Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

28. PASARTEA

Balaamen astemeak hitz egin zuen

Balaamen astemeak hitz egin zuen

Israeldarrek ia 40 urte zeramatzaten basamortuan. Hiri indartsu asko zituzten garaituak. Orain, Moabeko lautadan zeuden kanpatuta Jordan ibaiaren ekialdean eta promestutako lurraldera sartzeko garaia heldu zen. Balak, Moabeko erregea, bere lurraldea israeldarren eskutan galduko zuenaren beldur zen. Beraz, Balaam izeneko gizona Moabera gonbidatu zuen israeldarrak madarikatu zitzan.

Baina Jehobak Balaami esan zion: «Ez madarikatu israeldarrak». Beraz, Balaam ez zen Moabera joan. Balak erregeak bigarren aldiz gonbidatu zuen eta nahi zuen edozer emango ziola promestu zion. Hala ere, Balaamek ez zuen joan nahi izan. Orduan, Jehobak esan zion: «Zoaz Moabera, baina nik adierazitakoa bakarrik esan behar duzu».

Abiatu zen Balaam Moab aldera asteme gainean. Israeldarrak madarikatzeko asmoa zuen nahiz eta Jehobak ez egiteko esana zion. Orduan, Jehobaren aingerua hiru aldiz azaldu zen bidean. Balaamek ezin izan zuen aingerua ikusi baina astemeak bai. Lehenengo aldian, astemea bidetik atera eta zelaian zehar joan zen. Gero, astemea harrizko pareta batera arrimatu zen Balaamen hanka hormaren kontra zanpatuz. Azkenik, astemea bide erdi-erdian etzan zen. Aldi bakoitzean Balaamek makilarekin jotzen zuen astemea.

Guzti hau gertatu ondoren, Jehobak hitz egiteko ahalmena eman zion astemeari. Astemeak Balaami galdetu zion: «Zergatik jotzen nauzu?». Balaamek orduan: «Egiten duzunarekin tentela dirudit. Hil egingo zintuzket ezpata banu!». Astemeak esan zion: «Ez al zaitut urtetan gainean eraman? Eta inoiz portatu al naiz honela zurekin?».

Ondoren, Jehobak Balaami aingerua ikusarazi zion. Aingeruak esan zuen: «Jehobak israeldarrak ez madarikatzeko esan zizun». Balaamek erantzun zion: «Oker jokatu dut. Etxera itzuliko naiz». Aingeruak orduan: «Moabera joan zaitezke, baina Jehobak adierazitakoa bakarrik esango duzu».

Ikasi ote zuen Balaamek lezioa? Ez. Izan ere, hau gertatu ondoren, Israel hiru aldiz madarikatzen saiatu zen, baina Jehobak madarikazioak bedeinkapen bihurtu zituen. Azkenik, israeldarrek Moab eraso eta Balaam hil zuten. Zein gaizki joan zitzaizkion gauzak Balaami Jehobak esandakoa hasieratik ez betetzeagatik, ezta?

«Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere» (Lukas 12:15).