Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

38. PASARTEA

Jehobak indartsu egin zuen Samson

Jehobak indartsu egin zuen Samson

Israeldar asko irudiak gurtzen hasi ziren berriz ere. Horregatik, Jehobak israeldarren lurra menderatzen utzi zien filistearrei. Hala ere, bazeuden Jehoba maite zuten israeldar batzuk. Horietako bat Manoah zen. Emazteak eta biek ez zuten seme-alabarik. Behin, Jehobak aingeru bat bidali zuen emaztearengana honakoa esatera: «Semea izango duzu eta israeldarrak filistearren eskuetatik salbatuko ditu. Gainera, nazireua izango da». Ba al dakizu nortzuk ziren nazireuak? Jehobaren zerbitzari bereziak ziren eta ezin zuten ilerik moztu.

Handik denbora batera haurra jaio zen, Samson. Hazi zenean Jehobak oso indartsu egin zuen. Lehoia esku hutsez hiltzeko gai zen! Behin batean, Samsonek 30 filistear hil zituen berak bakar-bakarrik. Filistearrek gorroto ziotenez, hiltzeko aukera bila hasi ziren. Samson Gazan lotan zegoen gau batean, hiriko ateetara joan eta bertan itxaron zuten goizean hiltzeko asmoz. Baina, gauerdian, Samson jaiki, hiriko sarrerara joan eta ateak harresitik indarrez atera zituen. Hauek bizkarrean hartuz, Hebrondik gertu dagoen mendi baten gailurreraino igo zen.

Beranduago, filistearrak Samsonen andregaiarengana, Dalilarengana, joan eta esan zioten: «Zilarrezko milaka txanpon emango dizkizugu Samsonek halako indarra nolaz duen jakiten baduzu. Harrapatu eta atxilotu egin nahi dugu». Dalilak dirua nahi zuenez, baietz esan zien. Hasiera batean, Samsonek ez zion esan zergatik zen hain indartsua. Baina nazkatzeraino galdezka aritu zitzaionez, sekretua esan zion: «Ilea ez dut sekula moztu nazireua naizelako. Ilea moztuko banu, indarra galduko nuke». Samsonek akats galanta egin zuen hori esan zionean, ezta?

Dalilak berehala esan zien filistearrei: «Badakit sekretua!». Beraz, Samson bere magalean loarazi eta, ondoren, norbaiti deitu zion Samsoni ilea mozteko. Orduan, Dalilak garrasi egin zuen: «Samson! Hemen dira filistearrak!». Samson altxatu eta indarrik gabe zegoen! Filistearrek indarrez harrapatu, itsutu eta presondegian sartu zuten.

Behin batean, Dagon jainkoaren tenpluan bilduta zeuden milaka filistearrek garrasika esan zuten: «Gure jainkoak Samson eskura eman digu! Ekar ezazue bere kontura barre egin dezagun!». Bi zutaberen artean utzi eta burlaka hasi ziren. Orduan, Samsonek esan zuen: «Ene Jehoba, emadazu indarra beste behin». Ordurako Samsonek ilea luzea zuen berriro. Hortaz, tenplua eusten zuten zutabeak bere indar guztiekin bultzatu zituen eta eraikin guztia behera etorri zen! Horrela, bertan zeuden guztiak hil ziren, baita Samson ere.

«Jainkoa dut salbatzaile! Harengan dut uste on eta ez naiz beldur. Jauna dut indar eta babes, bera salbatzaile» (Isaias 12:2).