55. PASARTEA
Jehobaren aingeruak Ezekias babestu zuen
Asiriar Inperioak mendean hartua zuen Israelgo hamar tribuen erreinua. Orain, Senakeribek, Asiriako erregeak, Judako bi tribuen erreinua menperatu nahi zuen. Judako hiriak eraso eta hartzen hasi zen banaka-banaka. Baina gehien desiratzen zuen hiria Jerusalem zen. Hala ere, Senakeribek ez zekien Jehoba hiri hura babesten ari zela.
Ezekiasek, Judako erregeak, Senakeribi diru asko ordaindu zion Jerusalem bakean utzi zezan. Baina, nahiz eta Senakeribek dirua hartu, bere gudaroste boteretsua bidali zuen Jerusalem erasotzeko. Hiriko jendea beldurtuta zegoen asiriarrak geroz eta gertuago baitzeuden. Orduan, Ezekiasek esan zien: «Ez izan beldurrik. Asiriarrak indartsuak dira, baina Jehobak hauek baino indartsuago egingo gaitu».
Senakeribek bere ordezkari nagusia bidali zuen Jerusalemera jendeari iseka egiteko. Ordezkari nagusia hiriaren kanpoaldean gelditu eta oihukatu zuen: «Jehobak ezin zaituzte lagundu. Ez utzi Ezekiasek engaina zaitzaten. Ez dago gure eskuetatik babestuko zaituzten jainkorik».
Ezekiasek zer egin behar zuen galdetu zion Jehobari. Jehobak erantzun zion: «Ez beldurtu ordezkari nagusiak esan dituen hitzengatik. Senakeribek ez du Jerusalem hartuko». Ondoren, Ezekiasek Senakeriben gutun batzuk jaso zituen. Honakoa esaten zuten: «Amore eman. Jehobak ezin zaituzte libratu». Orduan, Ezekiasek otoitz egin zuen: «Jehoba, arren, salba gaitzazu jende guztiak jakin dezan zu zarela egiazko Jainko bakarra». Jehobak erantzun zion: «Asiriako erregea ez da Jerusalemen sartuko. Nik babestuko dut neure hiria».
Senakerib ziur zegoen Jerusalem laster menperatuko zuela. Baina gau hartantxe bertan, Jehobak aingeru bat bidali zuen soldaduak hiriaren kanpoaldean kanpatuta zeuden tokira. Aingeruak 185.000 soldadu hil zituen! Senakerib erregeak gudaririk ahaltsuenak galdu zituen. Ez zuen etxera, garaituta, bueltatzea baino beste erremediorik. Jehobak Ezekias eta Jerusalem babestu zituen promestu bezala. Jerusalemen egon izan bazina, izango ote zenukeen konfiantzarik Jehobarengan?
«Zaindari dago Jaunaren aingerua begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko» (34. Salmoa 8 [34:7, NW ]).