Espirituak ez dira lurrean bizi eta hildako izakiak
Espirituak existitzen dira! Espirituen mundu ikusezinean, espiritu onak eta txarrak daude. Baina, lurrean bizi eta hil diren pertsonak al dira?
Ez. Pertsona bat hiltzen denean, ez da espirituen mundura joaten, pertsona askok uste duten moduan. Zergatik dakigu hau? Bibliak esaten duelako. Biblia benetako Jainko bakarrak, Jehobak, eman digun liburua da eta egia esaten digu. Jehobak gizakiak sortu zituen, beraz, ondo daki zer gertatzen zaien hiltzen direnean (2 Timoteori 3:16).
Jainkoak Adam, lehenengo gizakia, «lur-hautsez» sortu zuela dio Bibliak (Hasiera 2:7). Jainkoak paradisuan jarri zuen, Edengo lorategian. Adamek Jehobaren legea obeditzen bazuen, ez zen inoiz hilko. Oraindik lurrean bizirik egongo zen. Baina, Jainkoaren legea nahita hautsi zuenean Jehobak esan zion: «Zeure bekokiko izerdiz jango duzu ogia, lurrera itzuli arte, handik izan zara hartua eta: hautsa zara eta hautsera itzuliko zara» (Hasiera 3:19).
Zer esanahi du honek? Beno, non zegoen Adam Jehobak hautsetik sortu baino lehen? Inon ere ez. Ez zen zeruko jaio gabeko espiritu bat. Ez zen existitzen. Beraz, Jehobak Adami lurrera itzuliko zela esan zionean, hil egingo zela esan nahi zuen. Ez zen espirituen mundura joan. Hiltzerakoan, Adam berriz ere hasierako egoerara bueltatu zen, existitzeari utzi zion. Heriotza biziaren gabezia da.
Baina, zer esan dezakegu hil diren besteei buruz? Hauek ere existitzeari utzi al diote? Bibliak honakoa erantzuten du:
«[Gizakiak eta animaliak] toki berera doaz denak: hautsetik datoz eta hautsera itzuliko dira» (Kohelet 3:20).
«Hilek […] ez dakite ezer» (Kohelet 9:5).
«Bukatu ziren jadanik haientzat amodioa, gorrotoa eta grinak» (Kohelet 9:6).
«Ez baita lanik, ez gogoetarik, ez zientziarik, ezta jakinduriarik ere zu zoazen Hildakoen Egoitza horretan, [hilobian]» (Kohelet 9:10).
«[Gizakiak] azken arnasa emanik, hauts bihurtzen dira, eta akabo orduan haien egitasmoak» (146. Salmoa 4).
Zaila egiten al zaizu aipu hauek esaten dutena onartzea? Hala bada, pentsatu honetan: Familia askotan, senarrak bere familia mantentzeko dirua irabazten du. Baina, hiltzen denean, bere familiak askotan zailtasunak izaten ditu. Batzuetan, emazte eta haurrek ez dute nahiko diru izaten ere janaria erosteko. Baliteke senarraren etsaiek kalte egitea. Galdetu zeure buruari: «Gizon hori espirituen munduan bizirik baldin badago, zergatik ez du bere familia mantentzen jarraitzen? Zergatik ez du bere familia pertsona gaiztoengandik babesten?». Biblia bertset horiek egia esaten dutelako. Gizon hori ez dago bizirik, ezin du ezertxo ere egin (115. Salmoa 17).
Esan nahi al du honek hildakoak ez direla inoiz berriro biziko? Ez. Aurrerago berpizkundeari buruz hitz egingo dugu. Baina, honek ez du esan nahi hildakoek zuk egiten duzuna dakitenik. Ezin zaituzte ikusi, entzun ezta zurekin hitz egin ere. Beraz, ez diezu beldurrik izan behar. Ezin dizute lagundu ezta minik egin ere (Kohelet 9:4).